2026-09-20
HomeEkintza SindikalaPrekaritatea ere indarkeria matxista dela salatu dugu Bermeon, Salica kontserberaren aurrean

Prekaritatea ere indarkeria matxista dela salatu dugu Bermeon, Salica kontserberaren aurrean

Indarkeria matxistaren kontrako egunaren bezperetan, Bizkaiko kontserberak indarkeria matxistarik gabeko lantokiak izatea aldarrikatzeko agerraldia egin du LABek Bermeon, Salica enpresaren aurrean. Zaloa Ibeas Idazkaritza Feministako kidea eta Olga Gil Salica-ko LABeko delegatuak egin dute agerraldia. Jendartearen gehiengoak indarkeria sexista indarkeria fisiko, psikologiko edota indarkeria sexualarekin lotzen badu ere, indarkeria sexista harago doa. Indarkeria sexistak milaka aurpegi ditu, horietako bat lan munduan emakumeok jasan behar dugun prekaritatea izanik. Sektore honetako langileek greba egingo dute azaroaren 30ean hitzarmen duin baten alde.

Emakumeok pairatzen dugun prekaritatea ez da kasualitatea, sistema heteropatriarkalak ondo diseinatutako estrategiaren ondorio zuzena baizik. Sistemak emakumezkoak prekaritatera kondenatu gaitu menpeko nahi gaituelako. Gure bizitza proiektuak modu aske batean garatu ahal izatea baldintzatu nahi du.

Hau da gaur kontserberetako emakume langileekin batera salatu duguna, sektorean bizi duten prekaritate basatia. Itsasoari eta arrantzari loturiko sektore hau historikoki emakumeen lanaren adierazle gordina izan da, gizonen lanaren osagarri bezala gaizki kontsideratua eta prekaritatea eta lan gogorraren aitortza ezarekin uztartzen dena.

Kontserberetako langileek 700-800 euroko soldatak dituzte batez-besteko, eta gehienek kontratu aldizkako finkoak Hortaz, ez dute urte osoan lan egiten eta langabeziara bidaltzen dituzten garaiak daude. Soldata oso baxuetatik aparte, behin-behinekotasun tasa ikaragarria dute, eta osasun arazo larriak izaten dituzte lanaren ondorioz, gaixotasun profesional modura aitortzen ez direnak. Guzti honek ondorio larriak dakartza langileen bizitza eta gorputzetan. Gaurko agerraldiarekin, LABek salatu du kontserberetako emakume langileak egunero erasotuak izaten direla haien lan baldintzen bitartez.

Bada garaia emakume hauen lan baldintzak duintzeko eta lan merkatuak emakume eta gizonen artean birproduzitzen dituen desoreka guzti hauekin behingoz amaitzeko, emakumeok pairatzen dugun diskriminazioan sakondu besterik ez dutelako egiten.

Bide horretan, kontserberetako langileek datorren azaroaren 30ean hitzarmen duin baten aldeko greba eguna deitua dute. Patronalaren itxikeriaren aurrean, lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta haien kontra patronalak sistematikoki erabiltzen dituen gehiegikeriak amaitu daitezen exijitzeko.

Gaurko agerraldiarekin, LABek aldarrikatu du lan zentruak indarkeria matxistarik gabeko gune askeak izan behar direla guztiontzat. Eta patronalari dei egin dio, behingoagatik, emakume hauekin duen zor historikoa kitatzeko eta prekaritatera kondenatzen dituen lan baldintzekin amaitzeko. Bestetik, sektoreko emakume guztiei dei egin die LABek haien lan eskubideen alde borrokan jarraitzeko, prekaritatea indarkeria delako eta hortik ateratzea euren eskubidea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.