2024-12-03
HomeEkintza SindikalaAdministrazioek agenda politikoan kokatu behar dute, lehentasunez, lan heriotzen odolustea

Administrazioek agenda politikoan kokatu behar dute, lehentasunez, lan heriotzen odolustea

Bost eguneko epean hiru langile hil dira. Abenduaren 19an hil zen Donostian, Barceló Costa Vasca hoteleko 63 urteko G.G.A. langilea, istripu hilgarri ez traumatiko baten ondorioz. Eta atzo hil zen Donostiako Argilun Iluminación SLko 53 urteko J.M.A.O., lan-istripu ez traumatiko batean, eta, gaur, 45 urteko R.P.L., Bravo Lanak SL enpresako langilea, Portugaleteko bosgarren solairu bateko estalkitik erori dena, zorroten bat konpontzen ari zela. Aurten, gutxienez 57 langile hil dira Euskal Herrian lan-istripu baten ondorioz (7 Araban, 20 Bizkaian, 13 Gipuzkoan eta 17 Nafarroan).

Portugaleteko lan heriotza salatzeko mobilizazioa egingo dugu, euskal gehiengo sindikaletik deituta, ostiralean, 11:00etan, Portugaleten bertan, Karlos VII.aren metro geltokian.

Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu hiru langile horien familiei, ingurukoei eta lankideei.

Traumatikoak ez diren lan-istripuen arrazoiak agerikoak dira: testuinguru soziala, non modu esponentzialean areagotu diren faktore psikosozialek eragindako osasun-arazoak, medikazioa hartzea, osasun mentaleko espezialistei kontsultak egitea eta istripu kardio edo zerebrobaskularrek eragindako heriotzak. Argi dago lan- eta bizi-baldintzak funtsezko elementuak direla osasuna, bizitza eta heriotza bereizteko.

Eta zer esan eraikuntzaren sektoreaz, oro har, eta altuerako erorketez, bereziki. Aurten Hego Euskal Herrian izan den mota honetako zazpigarren lan-istripu hilgarria izan da Portugaletekoa. Non dago 2013an elkarrizketa sozialeko mahaitik saltzen ziguten kanpaina? Bere hitzetan, “Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk LOTU eman dute ezagutzera gaur, eraikuntzaren sektorera bideratutako programa bateratua (…) eraikuntzaren sektorean laneko osasuna eta segurtasuna bultzatzeko tresna berria”. 8 urte geroago, berdin jarraitzen dugu, prebentzio-neurririk jarri gabe jarraitzen dugu, presak, epeak eta abar nagusitzen dira, azken batean, lan-baldintza txarrak, prekaritatea nagusi da sektore honetan ere.

Lan-istripuak eta gainerako osasun-galerak diren gaitz pertsonal, familiar eta sozial horrekin benetan amaitu nahi bada, benetan eragin behar da horiek eragiten dituzten oinarrizko kausetan, lanaren antolamendu eskasean edo ezean, eta eskubideak galarazten dituzten baldintza prekarioetan. Hauek eragina dute lan egiteko moduan eta baita bizi edo hiltzeko moduan ere.

Hau ez da kasualitatea, ezta izurrite edo zigor jainkotiar bat ere. Errealitate da egunero ordaintzen ditugula langileok gutxi batzuen onurak osasunez, odolez eta, batzuetan bizitzaz. Patronala da arduraduna, baina ezin ditugu ahaztu administrazio publiko itsu, gor eta mutu horiek. Ziur gaude gaur ere ez diogula entzungo Urkullu jaunari heriotza berri hauengatik adierazpenik egiten, existituko ez balira bezala.

Hori dela eta, gure eskubideen bermatzaile teoriko diren aldetik, sektore guztietan hedatutako gaitz honekin amaitzeko premiazko neurriak eskatzen dizkiegu berriro administrazioei. Langile guztiok gaude arrisku larrian. Administrazioek arazo hau agenda politikoan kokatu behar dute, behingoz eta lehentasunez. Beste aldera begiratzeari utzi behar diote. Ezin dugu horrela jarraitu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko Metalaren Merkataritzako hitzarmena lortzeko mobilizatu gara Bilbon

Hitzarmena iraungita dago 2019ko abenduaren 31tik.

Sortzen ari den enplegua prekarioa da

Langabeziaren beherakada ez da erregimen orokorreko afiliazioaren igoerarekiko proportzionala.

Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dugu

Langileek mobilizazioa egin dute Bilbon, Plaza Eliptikotik abiatuta, eta mobilizazioaren amaieran erregistratu dute deialdia, Lan Harremanen Kontseiluan.