2026-01-27
Blog Page 404

[ARGAZKI GALERIA] Gipuzkoako helduen egoitzetako gatazka desblokeatzeko garaia dela aldarrikatu dugu

Bi greba egun deitu ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetan ostegun eta ostiralerako, lan baldintzak duindu eta zerbitzua hobetzea eskatzeko, joan den kurtsoan egindako mobilizazio eta greba egunei jarraipena emanez. 

Lehen greba egunean, manifestazioa egin dugu Donostian, Sagues eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregiaren artean, Zinemaldiko egoitza nagusietatik igarota. Hala, helduen egoitzen gatazka eta langileen egoera larria are eta gehiago jendarteratu dugu.

Hain zuzen ere, langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan irten gara kalera, helduen egoitzetao gatazkari behin betiko amaiera jar diezaioten: “Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, Osasun Larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta Administrazio Publikoari zein patronalari langileek merezi duten aitortza sozial eta ekonomikoa exigitzeko momentua da”. 

Egungo sindemia eta krisi ekologiko testuinguruan ekosozialismoaren aldeko apustuan berresten gara, aldatzeko garaiz gaudela iritzita

Irailaren 24an klimaren aldeko ekintza globala dago deituta, eta, bizi dugun sindemia eta krisi ekologiko testuinguruan, trantsizio ekosozialista eta feministaren aldeko apustuan berretsi da LAB, Donostian elkartu den Nazio Biltzarrean. Norabide honetan mobilizazioetan parte hartzera dei egin du sindikatuak.

Klima larrialdiaren alarma guztiak piztuta abiatzen dugu ikasturtea, udan Kanadan egondako muturreko beroa eta Mediterraneoko suteak adierazle argiak dira. IPCCren txostenaren berri izan dugu gainera: Klima aldaketa errealitate bat dela eta jada atzera ezinezko aldaketak eman direla aipatu du. Datorren hamarkadan negutegi efektuko gasen erroko murrizketa bat ematen ez bada berotze globalak 1,5 edo 2 graduak gaindituko ditu. Hori gutxi balitz, planetaren muga biofisikoak gainditzen ari gara: erregai fosilen edota material kritikoen agortzea, ekosistemen degradazioa… larrialdi ekologikoa ertz askotakoa da.

Kapitalismo heteropatriarkal eta ekozidaren bilakaerak ekarri gaitu honaino, eta gainera, desberdintasun sozialak areagotzea ere badakar: migrazio behartuak eta pobrezia energetikoa dira bi adibide. Elite ekonomiko eta politikotik sustatzen ari diren berdez margoturiko proposamenak ez dira inolaz ere alternatiba, europar funtsekin ikusten ari garelarik nola kapitala erreproduzitzeko bide berriak diren helburua eta ez krisi ekologikoari aterabide sozial eta demokratiko bat ematea. Argindarraren prezioaren igoerarekin milaka langileren bizitzak estutzen ari direnei zuzenduriko funtsak ez dira alternatiba bat.

Argi diogu: egungo sistema ez da bateragarria ez planetaren muga biofisikoekin ez eta justizia sozialarekin. Aldaketak gertatu gertatuko dira, horiek zein norabidetan ez zeinen mesedetan emango diren da disputan dagoena. Gure iritziz beharrezkoa da langile klasea erdigunean jarriko duen trantsizio ekosozialista eta feminista bat bultzatzea. Erroko aldaketa bat beharrezkoa da, lan produktibo eta erreproduktibo guztiak berrikusiko dituena eta bizitza bizigarriak erdigunean jarriko dituena: Gutxiago lan egin, denok lan egin; beharrezkoa produzitu eta erreproduzitu energia kontsumo eta hondakin ahalik eta gutxienarekin; dena (lana, zaintza, ondasunak…) birbanatu. Trantsizio horri heltzeko sektore estrategikoen kontrol publikoa eta burujabetza ezinbesteko zutabeak dira. Euskal Herrian beharrezkoak ditugun energia eredua, elikadura sistema, zerbitzu publiko-komunitarioak, lan-harreman eredua, zaintza sistema… erabakitzeko tresnak behar ditugu. LABen Programa Sozioekonomikoan bide hori jorratzeko proposamenak jaso ditugu. 

Era berean, beharrezkoa ikusten dugu aldaketa horiek bultzatzeko agenda sozial bat eraikitzea Euskal Herriko mugimendu soziosindikal guztiarekin batera. Ez dago denborarik, eta Euskal Herritik ere orain ekin behar diogu. LABetik bide horretan jarraitzeko konpromisoan berresten gara. Aldatzeko garaiz gaude, langileok ekosozialismoa!

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek Gasteizko Legebiltzarrera eraman dituzte euren aldarriak

Osakidetzako garbitzaileen lan baldintzak jasanezinak dira. Aurreko kurtsoan egoera hau salatzeko hainbat mobilizazio eta greba deialdi egin genituen. Bada, gatazka honen berri emateko, Gasteizko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agerraldi bat finkatu da gaurko.

Egoerak ez du hobera egin eta mobilizazioekin jarraitzeko hautua egin dugu sindikatuetatik. Horregatik, agerraldia baliatuz, elkarretaratzea egin dugu Legebiltzarraren kanpoaldean, eta azpikontratazioa eta praktika honen ondorioz baimentzen diren jarrera mafiosoak salatu ditugu.

Arabako helduen egoitzetako mahaia, osatzeko bidean

Bi urte eta erdiko borrokaren ostean, Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen lan-baldintzak negoziatzeko mahaia osatzeko bidean dago. Hain zuzen ere, enpresaburuen elkarteek sindikatuok egindako deiari erantzun diote, eta PRECOn ezarritako bileran izan dira. Patronalak zein ordezkaritza izango duen zehazteko dago oraindik, baina enpresaburuen elkarteek jakinarazi dute hurrengo bileran mahaiaren osaketa finkatuko dutela. Urriaren 13an izango da bigarren bilera, herrialdeko hitzarmen duin bat helburu.

Huerta de Peralta: sindikalismo borrokalaria nagusi!

Hauteskunde sindikalak izan dituzte Huerta de Peraltan, eta langileek sindikatuarekiko konfiantza berretsi eta areagotu dute. Lehen indarra gara alde handiarekin berriro, ordezkari bat gehiago lortuta. Enpresaren jarrera oldarkorraren aurrean, sindikalismo borrokalaria garaile!

Lan Ikuskaritzak UDAPA-ren aurkako zigor-prozedura administratiboa irekitzea ebatzi du prebentzio-arloko arau-hausteengatik #LortuDugu

Joan den abenduan UDAPAko langile batek lan-istripu bat izan zuen Gasteizko lantokian gaizki seinaleztatutako eta irekita zegoen zanga batera erorita. Erorikoaren ondorioz, langilea larri zauritu zen. Enpresa-batzordeak (ordezkari guztiak LABekoak dira) salaketa jarri ondoren, eta ikuskapen-jarduerak amaitu ondoren, Lan Ikuskaritzak UDAPAren aurkako zehapen-prozedura administratiboa hastea ebatzi du.

Ekainean, OSALANek egindako txostenean, honek ez zuen leku egokian uzten enpresaren prebentzio-ekintza; zehazten zuen ez zela behar bezala gauzatu lantoki berean bi enpresa edo gehiagotako langileek jarduerak egiten dituztenean Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean aurreikusitako eta beharrezkoa den “jardueren koordinazioa”. Langile guztiei ez zitzaizkien jakinarazi zangak eragindako arriskuak, eta, beraz, ez zitzaien jakinarazi beste maila batera erortzeko arriskua. Zeuden seinaleak kontraesankorrak ziren; izan ere, alde batetik, behin-behineko seinale batekin pasatzea debekatzen zuten, eta, bestetik, irteera horretatik ebakuazio-bidea adierazten zuten.

OSALANek egindako ikerketatik hurrengoa ondorioztatzen da: enpresak, prebentzio-ekintzari dagokionez, teorikoki espedientea formalki bete besterik ez zuela egin, baina egiaren orduan, praktikan ez zuela garatu edo aplikatu behar zuen bezala.

Era berean, Lan Ikuskaritzak istripua izan duen langilearentzako prestazioen errekargu-proposamena egin dio Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari, enpresak laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak urratu dituelako.

Uste dugu UDAPA kooperatiba bat den heinean, eta saltzen dituen balioen gainetik, langileen segurtasunari eta osasunari dagokienez, ohiko edozein enpresa pribatuk bezala jokatzen duela; langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik, produktibitateari eta epe laburreko onura ekonomikoari ematen dio lehentasuna. LABen ustez, beharrezkoa da prebentzioan inbertitzea. Istripua gertatu zenean jada publikoki salatu genuen. Norabide-aldaketa bat behar dugu, eredu-aldaketa bat, non langileen osasuna eta bizitza izango den elementu nagusia.

Garbiñe Aranburu: “Urkullu eta gu herri desberdinetan bizi garela ematen du”

LABeko idazkari nagusia Bizkaia Irratian elkarrizketatu dute, eta aktualitateko hainbat gairi buruz hitz egin du. Hemen elkarrizketa osorik entzuteko aukera.

Arabako helduen egoitzetako enpresaburuen elkarteak bilerara deitu ditugu PRECOn, irailaren 21erako

2 urte eta erdi baino gehiagoz astean 17 greba eta elkarretaratze egin ondoren, Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen lan-baldintzak aldarrikatzen jarraitzen dugu LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok. Hala, agerraldia egin dugu Gasteizen, egoeraren berri emateko.

Hain zuzen ere, 30 hilabete hauetan bilerak egin ditugu Arabako Foru Aldundiarekin, egoitzen sektoreko hainbat ordezkarirekin eta Eusko Jaurlaritzako Lan Sailarekin, baina oraindik ere lan baldintzak eta zerbitzua hobetuko dituzten neurrien zain gaude.

Agerraldian jakinarazi dugun bezala, “alderdi politikoetako kideek diote jendartearentzako funtsezko zerbitzua garela eta gure lanpostuak ezinbestekoak direla, konfinamenduan zehar izandako txalo zaparrada ospetsuen ildotik. Demagogia hutsa eta prekarietate bera. Pandemiaren aurretik ikusezinak ginen, orain bere propaganda politikoaren tresnak besterik ez gara. Horregatik, sindikatuek dei egiten diegu sektoreko enpresaburuen elkarteei datorren asteartean, irailak 21, 12:00etan PRECOn bilera bat egiteko”.

Datu esanguratsu bat eman dute euren baldintzen argazkia azaltzeko: Bizkaiko lankideek baino 200 ordu gehiago lan egiten dute urtean, hilean 400 euro gutxiago, eta, gainera, lanbide-kategorien arabera ez dagozkien zereginak egiten dituzte. Hau guztia esanda, herrialdeko hitzarmenaren aldeko aldarrian berretsi diar egoitzetako langileak.

Presoen eskubideen alde mobilizatu gara Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, euskal presoen eskubideen alde. Hain zuzen ere, udan egindako etenaldiaren ostean, hileroko dinamikari eman diogu jarraipena, eta Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan egin dugu mobilizazioa, Plaza Eliptikoan, Espainiako Delegaritzaren aurrean.

Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela adierazi, eta Espainiako Gobernuari salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko exijitu dugu. Hain justu, 2018ko abenduaren hasi genuen dinamika hau, indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko helburuarekin.

Neurri hauek lehenbailehen martxan jartzea eskatzen dugu: euskal preso guztiak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzea; gaixorik dauden presoak eta adinez nagusienak berehala kaleratzea; gradu aldaketa eta ohiko kartzela legerian aurreikusitako kartzela onurak eskura izatea inolako diskriminaziorik gabe eta salbuespen legeria oro gainditzea.

Aipatu neurriok premiazkoak dira eta ezin da gehiago itxaron. Kartzeletako salbuespen-egoerak, oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, bizikidetza demokratikoan aurrera egitea zailtzen du eta sufrimendu gehiago sortzen du.