2026-10-02
HomeEkintza SindikalaSindikatuok Osakidetzarekin Lan Harremanen Kontseiluan biharko deitutako bilera deialdiari eutsi diogu

Sindikatuok Osakidetzarekin Lan Harremanen Kontseiluan biharko deitutako bilera deialdiari eutsi diogu

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzarekin hitz egiteko daukagun borondatea berretsi nahi dugu, baina benetako negoziazio serio eta zintzo batera eramango gaituen elkarrizketa eskatzen dugu, langileentzako konponbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Urteak daramatzagu Osasuneko Mahai Sektorialean pairatzen ari garen egoera salatzen, eta egoera horrek okerrera egin du azken hilabeteetan: eduki, negoziazio eta gardentasun erabateko falta, alde bakarreko inposaketak eta bertan lortutako akordioak ez betetzea. Edukirik gabeko bilerak, propaganda-kutsu argia dutenak. Gainera, Osakidetzaren inposaketak gero eta gehiago dira.

Egoera desblokeatzeko eta edukien negoziazioan, zein hori gidatu behar duten joko-arauetan aurrera egiteko, pasa den ostiralean, Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egiteko deia egin genion Osakidetzari, bihar, goizeko 11etan. Sailburuak atzo publikoki jakinarazi zuen ez zirela bilera horretara joango, eta gehitu zuen, gainera, Mahai Sektoriala baliagarria izan dela gaur arte, eta berriro azpimarratu zuen sindikatuok bilera bakoitzeko gai-zerrendako bi puntu ezartzen ditugula. Baina adierazpen horiek ez datoz bat Mahai Sektorialean egunerokoan gertatzen denarekin.

Paraleloki, Mahai Sektoriala biltzeko deialdia egin zuen Osakidetzak, egun eta ordu berdinerako. Hala ere, adierazi behar dugu, bi greba-egunen ondoren, ezin dugula berriro onartu Mahai Sektorialean parte hartzea, Mahai horrek behin eta berriz salatu ditugun formei eta edukiei eusten dielako, eta hori izan zelako, hain zuzen ere, foro hori uztera eraman gintuena:

• Bilera telematikoa da berriz ere: Osakidetzak ez du aurpegia eman nahi eta pantaila baten atzean ezkutatzen da berriro ere. Onartezina da, lan zentroetan bizi den egoeraren larritasuna ikusita, deitutako mobilizazioen jarraipena masiboa izanik, osasun-larrialdia bertan behera geratu den momentu honetan, eta Administrazioaren beste negoziazio-mahaiak aurrez-aurrekoak direnean (Mahai Orokorra, Hezkuntzako Mahaia, Administrazio Orokorreko Mahaia, etab.), Osakidetzak, sindikatuekiko erabateko gutxiespena erakutsiz, 2020ko martxotik aurrera egin izan duen bezala, bilera telematikoa planteatzea.

• Gai-zerrendak ez ditu gure aldarrikapenak barneratzen: Sailburuak egindako adierazpenak gorabehera, eta azken bi asteotan berariaz eskatu badugu ere hainbat alditan, gure aldarrikapenak ez daude jasota iragarritako gai zerrendan. Azpimarratu nahi dugu aldarrikapen horiek premiazkoak eta ezinbestekoak direla Osakidetzak bizi duen egoera iraultzeko.

• Ez digute aldez aurreko dokumentaziorik bidali: bileratik 24 ordu eskasera, berriz ere, puntu bakarreko dokumentazioa aurreratu digute, eta beste hiruretatik ez dago inolako dokumentaziorik. Horietako bati buruz, gainera, adierazten da dokumentazioa bilera eta gero entregatuko zaigula.

Adierazitako guztia kontuan hartuta, ondorioztatzen dugu Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bilera, inoiz baino beharrezkoagoa dela: Mahai Sektorialaren aurreko bilera bat, non, aurrez aurre, foro hori negoziazio-eremu gisa berreskuratzeko bideak bilatuko ditugun, baita langileen aldarrikapen eta behar nagusiei premiaz heltzeko tresna gisa ere. Kutsatutako girotik kanpoko elkarrizketa bat, non ados jarriko garen, Mahai Sektoriala bi aldeentzat baliagarria eta konfiantzazkoa izan dadin.

Negoziatzeko deia egiten dugu, baina Osakidetzari ohartarazi nahi diogu ez dugula xantaiarik, ez propaganda ekitaldirik onartuko. Negoziazioa benetakoa izan behar da, mamia duena; irtenbide eta hobekuntza konkretuak behar ditugu. Bide horretan aurrera egin ezean mobilizazioei eutsiko diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.