2026-04-25
Blog Page 403

Sindikalgintza eraldatzailetik Espainiako Estatuaren lan erreforma proposamena errefusatu dugu

Estatuko gobernu aurrerakoienak ez badu lan erreforma indargabetzeko eta langile klasearen nahiz herri sektoreen aldeko politikarik egiteko gaitasunik, garbi geratzen da, eredua eraldatzeko bide bakarra, baita Espainiako Estatuan ere, herrien erabakitzeko eskubidea aitortu eta praktikara eramatea dela.

Halaxe ondorioztatu dugu, adierazpen baten bitartez, honako sindikatuok: LAB Sindikatua Euskal Herria, ConfederaciĂłn Intersindical Galega, Central Unitaria de Traballadoras de Galiza, Colectivo Unitario de Trabajadoras y Trabajadores AragĂłn, Corriente Sindical d’izquierdas Asturies, ELA Euskal Herria, ESK Euskal Herria, Coordinadora Obrera Sindical PaĂŻsos Catalans, Intersindical Alternativa de Catalunya, Intersindical Canaria, Intersindical de Catalunya, Intersindical Valenciana, OSTA AragĂłn, Sindicato Andaluz de Trabajadores y Trabajadoras, Sendicato d’os Treballadors e Treballadoras d’Aragon-Sindicato Obrero Aragones, STEI Balears, STEILAS Euskal Herria.

112 telefonoa, kolapsatzeko zorian Nafarroan

Seigarren olatu honetan, Oinarrizko Osasun Laguntza gainditua dago eta, horren ondorioz, 112 larrialdietarako telefonoan milaka dei jasotzen ari dira azkeneko asteotan Covid-19a dela eta. Egunero-egunero gero eta dei gehiago jasotzen dira, lineak gainezka egiten ari dira, eta larriena dena, ehunka eta ehunka dei erantzun gabe gelditzen dira, egun batzuetan 1.000 inguru: sekulan ikusi gabeko egoera.

Jakina, jasaten ari garen deien saturazioak berekin dakar benetako larrialdien arreta atzeratzea: COVID kontsultengatik hainbeste dei izanik, premiazko deiak esperoan gelditzen dira eta batzuetan berandu erantzuten dira, eta benetako arriskua dago larrialdiren bat atenditu gabe gelditzeko eta hil edo biziko kasu larri batengatik egiten den dei bati ez erantzuteko. SOS Nafarroa 112 zentroa ez dago prestatua halako eskariari erantzuteko, eta ez da inolako errefortzu neurririk edo neurri alternatiborik hartu.

Baliabideak falta dira eta informazioa falta da
Osasunbidea ez da behar bezala prestatu, eta ez du ahalmenik gaur egun dagoen eskaerari erantzuteko; osasun eta administrazio langileak lanez gainezka daude; herritarrei ez zaie komunikazio edo mezu garbirik ematen, eta azkenean osasun zentroetako telefonoak kolapsatu egiten dira kontsulta edo hitzordu eske, edo jende-ilara luzeak sortzen dira Covid probak egiteko. Ez geunden seigarren olatu honetarako prestatuak, eta ez dute jakin nola erreakzionatu.

Eta gauza bera gertatzen da 112 telefonoan, hau da, larrialdietarako telefonoan. Izan ere, zerbitzu hori azken baliabidea bihurtu da bere osasun etxearekin edo koronabirusaren arretarako telefonoekin harremanetan jartzea lortzen ez duten milaka pertsonarentzat. Horren ondorioz, lineak Covid kontsulta-deiekin betetzen dira, eta, askotan, larrialdi kasuek itxaron behar izaten dute.

“Badakit ez nukeela 112 telefonora deitu beharko, baina beste inork erantzuten ez duenez…”, horixe da egun hauetako deietan behin eta berriz entzuten den esaldia: ehunka dei horrela hasten dira. Herritarrek ez dute ez informaziorik ez jarraibide argirik olatu berri honen aurrean. Ez dakite nola jokatu kontaktu estuen, sintoma arinen eta emaitza positiboen aurrean. Birus-aldaera hau desberdina da. Seigarren olatua desberdina da. Askoz ere eragin handiagoa du, baina jarraibideak betikoak dira: deitu ezazu zure osasun etxera probak egiteko eta hitzordua eskatzeko. Baina, egiazki, badakigu ezinezkoa dela Oinarrizko Osasun Laguntzak halako eskaera handiari erantzutea.

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza eta Barne Zuzendaritza Nagusia desagerturik
Seigarren olatua da jada, eta ez dute ezer ikasi. 112 telefonoan lehenengo olatuan baino bitarteko eta langile gutxiago daude. Langile-txandak minimoetan daude, ez dago errefortzuko langilerik, eta langileriaren arloan ez da inolako neurririk aurreikusi.

Eta bestelako neurririk ere ez da aurreikusi: ez dago telefono alternatiborik, ez arretarako beste puntu edo telefonorik, ez eta herritarrentzako informazio-mezu berririk ere. Deus ez. Egoera berri honi aurre egiteko arreta-protokolorik ez da prestatu, eta aurrekoak ez dira eguneratu; beraz, langileek ahal duten moduan erantzuten diete deiei, aurreko olatuetako protokoloekin eta jarraibideekin, eta, hala, jadanik gainezka dauden osasun etxeetara eta arreta-telefonoetara bideratzen dituzte dei horiek guztiak.

Honelako pandemia bat –eta, bereziki, honelako olatu bat eta honelako aldaera bat–, herritarren artean izaten ari den eraginari begiratuz gero, babes zibileko larrialdi bat ere bada, baina barne arazoetarako arduradunek ez dute ezer egiten. SOS Nafarroa 112 zentroak hilabete inguru darama saturazio-egoeran, baina ez da inolako neurririk hartu, eta ez dago ezer aurreikusita datozen asteetarako, ezpada langileei eskatzea aparteko orduak egiten jarrai dezatela. 112ko langileak (operadoreak, aretoko buruak, medikuak eta EUDak) muga-mugan ari dira lanean, eta hala jarraituko dute, baina horrekin ez da nahikoa.

Iaz, lehen olatuaren ondoren, Barne Zuzendaritzak iragarri zuen pandemia egoeretarako plan berezi bat lantzen ari zirela. Gaur den egunean, ez dakigu ezer plan horri buruz. Urtebete pasatuta, hasieran baino okerrago gaude. Non dira Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza eta Barne Zuzendaritza Nagusia?

112 telefonoa larrialdietarako da. Ongi erabili
SOS Nafarroa 112 Zerbitzuko langileek, gure arduradunek deus ere egiten ez dutenez, herritarrei eskatzen diegu 112 telefonoa eta larrialdietako zerbitzuak arduraz erabil ditzatela. Norbait larrialdi egoera batean baldin badago, edo kasuren bat presazkoa den edo ez zalantzan badago, ez izan zalantzarik 112 telefonora deitzeko, baina saia zaitezte 112 telefonoa erabiltzen benetan larriak diren kasuetan eta itxaron ezin duten egoeretan, lineak mugatuak baitira.

Elecnor enpresak langileak erabili eta botatzeko baliatzen dituela salatu dugu

Elecnor multinazionala, Telefonica-ko eta orain ere Euskaltel-eko azpi-kontratak, 4 langile kaleratu ditu Gabonen bezperan

Langileen ordezkaritzak, LAB eta ELA sindikatuek osatuta, ELECNOR enpresak burututako kaleratzeak salatzen ditugu, bat-batekotasunean, kaleratze gutun motzekin eta inongo zehaztapen edota oinarririk gabekoak. Modu honetan bertan lan egiten duten langileen baldintzen prekarizazioan beste pausu bat eman da.

Gogoratu behar dugu enpresa honen web orrialdean jasota dagoela “2021eko lehen 9 hilabeteetan irabazi netoak 60.9 milioi izatera iritsi direla”. Hau dena miseriazko lan baldintzak aplikatuz, eta instituzio zein gobernu ezberdinen oniritziarekin, enpresa hau kontratatzen baitute aplikatzen dituen lan balditzetan erreparatu gabe. Horrela, enpresak nahiago izan du kontratu mugagabea zuten 4 langile kaleratu eta aldi baterako kontratuak burutzen jarraitu. Erabili eta botatzeko langileak

Gogorarazi behar dira ELECNOR-ek pilatzen dituen ez betetzeak. Besteak beste: lan osasunean (Gasteizko lantegiko komunek ez dute pisontzirik), gehiegizkoa izateagatik bertan bera utzi zioten ERTE-a Alarma Egoeran, batzuek burutzen dituzten gehiegizko ordu extrak direla eta jasotzen dituen etengabeko isunak (300 ordu baino gehiago), edota erregistro sistema guztiz irregularra dela. Hori bai, enpresak milioiak erabiltzen ditu bere aurpegia zuritzeko.

Horregatik, Gasteizko langileek gaur, abenduaren 28a, asanblada burutu dute eta urtarrilaren 13rako 2 orduko mobilizazioa adostu dute, 10:30etik 12:30era, Lakuako Telefonikaren aurrean, kaleratze bidegabe hauek salatu eta kaleratuekin elkartasuna adierazteko.

LAB eta ELAtik guztiz arbitrarioak diren kaleratze hauek salatzen ditugu, multinazionalaren gose ase ezinari erantzuten diotenak soilik, langileon lanaren kontura bere mozkinak hobetzea bilatzen duena.

Kaleratze bidegabeak doakoak izaten jarraitzen duten heinean, eta langilea lanera itzultzeko aukerarik gabe, multinazional hauek nahi dutena egiten jarraituko dute, haien mozkinak loditzeko langileak nahieran erabiliz.

Epaitegiak baliogabetzat jo du SDA Factory enpresak ezarritako Enplegua Eteteko Espedientea #LortuDugu

SDA Factory enpresak aurtengo uztailean Enplegua Eteteko Espedientea (EEE) ezarri ondoren, LABek inpugnatu zuen eta orain Gasteizko epaitegi batek baliogabetu du. Epaiak argudiatzen du enpresak ez zuela fede onez negoziatu eta beharrezkoa zen dokumentazioa ezkutatu zuela. LABek langileak zoriondu nahi ditu eta enpresari dei egiten diogu benetako negoziazio bati ekiteko, industria proiektua, enplegua eta lan baldintza duinak bermatzea oinarri hartuta. Bide horretan, erakundeen esku hartze aktiboa eskatzen dugu.

Aurtengo uztailean, SDA Factoryk Enplegua Eteteko Espediente bat aurkeztu zuen langileen kontratuak eteteko irailaren 2tik maiatzaren 31ra arte. Hasieratik, LABek salatu zuen aurreko 2 urte eta erdian B&B Trends taldea Gasteizko lantegia ekonomikoki husten ari zela (ia 20 milio euro atera baititu dibindenduetan, maileguetan eta zerbitzu-kontratu baten bidez) eta EEEa enpresaren estrategiaren beste fase bat zela, eskubideak dituen lantegi bat bersortzeko, prekarizazioan, murrizketetan eta diskriminazioan oinarrituta egongo zen beste bat bihurtuz. 

Kontsultaldian enpresaren negoziatzeko borondate falta argi gelditu zen: hitzarmena ez aplikatzeko mehatxua mahaigaineratu zuen (irailaren 30ean bete zuen), murrizketak ezinbestekoak zirela errepikatu, dokumentazio garrantzitsua ezkutatu zuen, komitearen proposamen guztiak alboratu zituen… Hori gutxi balitz, prozesuan ohartu ginen Taldeak beste enpresa bat sortu zuela hilabete batzuk lehenago, helbide berean, lantegiaren funtzio batzuk bereganatzeko, plantillari eta bere ordezkariei ezer esan gabe.

Azkenik, enpresak espedientea alde bakarrez ezarri zuen uztail bukaeran eta horri erantzuteko LABek inpugnatu zuen EEEaren arrazoiak ukatuz eta enpresaren negoziazio borondate falta eta dokumentazioa ezkutatzea argudiatuz. Orain, Gasteizko epaitegiak arrazoia eman digu eta espedientea baliogabetu du. Epaileak berresten du enpresak negoziatzeko fede ona urratu eta informazio garrantzitsua ezkutatu zuela, informazio horrek kolokan jar zitzakeelako EEEren arrazoiak eta enpresaren industria proiektua bera.

Ebazpen honek, aurreko gehien-gehienekin batera, erakusten du enpresaren benetako jarrera: poltsikoak bete ondoren, inposaketa eta langileen eskubideak urratzea. Gauzak horrela, SDA Factoryko langileak zoriondu nahi ditugu, garaipen judizial hau beraiena baita, eta gure konpromisoa berretsi nahi dugu langileen eskubideen defentsan, beraien borroka babestuz, bai arlo sindikalean baita juridikoan ere.

Urtarrilaren 27an lantokietan deitua dugun Aldarrikapen Eguna baliatuko dugu lan erreforma honi ezezkoa emateko

Madrileko Elkarrizketa Sozialeko Mahaian, estatuko Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuak eta CEOE patronalak lortutako akordioari buruz adierazi nahi dugu sindikatu honek hasieratik esan duena bete dela. Lan erreformarik ez da indargabetu. Gobernuarentzat lehentasun bat izan da CEOE akordio horretara erakartzea, beraz patronalari beto eskubidea eman zaio hasieratik. Estatuko sindikatuek uko egin diote mobilizazioari eta presiorik gabe patronalaren neurriko erreforma adostu dute.

Langile klaseak dituen arazo larriei ez diete erantzunik ematen. Konkretuki, kalerapenen inguruan 2012ko lan erreformak ezarritako araudia ez aldatzea oso larria iruditzen zaigu. Azken urteetan ikusi dugunez, patronalak araudi hori langileak aldebakartasunez kaleratzeko erabili du, langileentzat inongo bermerik gabe. Langile borroka izan da kalerapen gehiago saihestu duena (Tubacex, ITP, H&M……)

Horrekin batera, eta euskal langileei dagokionez, 2010 eta 2012ko lan erreformek ezarritako negoziazio kolektiboaren estatalizazioa zuzentzeko ez da neurririk hartzen. Beraz euskal langileok gure sektore hitzarmenak estatuko sektore hitzarmenen azpitik jarraituko dute, prekarizazioari bide emanez.

Beste gai batzuei buruz (ultraaktibitatea, enpresa eremuaren lehentasuna) gure irakurketa emateko, dekretua publikatuta egon arte itxarongo dugu, hemen ere susmoak baititugu publikoki saltzen ari direna guztiz beteko ez dela.

Argi eta garbi esan behar dugu egin diren moldaketek ez dietela euskal langileriak egiten dituen aldarrikapen eta eskaerei erantzuten. Baina Madrilen oraindik badago partida jokatzeko eta euskal alderdiek beraien bozkak Euskal Herriko langileen interesen mesedetan jartzeko aukera baliatu behar dute.

LABek argi du euskal langileria duen arazoen konpontzea ez dela Madriletik etorriko. Horregatik defendatzen dugu mobilizazio ziklo berri bat abiatzeko beharra. Hain zuzen ere, urtarrilaren 27an lantokietan deitua dugun aldarrikapen eguna baliatuko dugu lan erreforma honi ezezkoa emateko, patronalari ez dezala aplikatu exijitzeko eta enplegu duinaren alde egiteko.

Momentua da euskal bide orriari ekiteko. Eta baditugu bide horretan aurrera egiteko proposamenak, besteak beste, Euskal Lan Kodearena. Bertan jasotzen diten proposamenekin Euskal Herriko langileen enplegua duintzeko akordio bat egiteko eskaera egin diegu CONFEBASK eta CEN patronalei.

Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernua, Urkullu eta Chivite, interpelatzen ditugu Madrileko elkarrizketa sozialeko mahaiak aldatu ez duena Euskal Herrian aldatzeko akordioak bultzatu ditzaten, patronalak inposatzen ari den aldebakartasuna eta prekarizazioarekin amaitzeko.

Murrizketa berriekin erantzun die Osakidetzak lehen mailako arretaren aldeko mobilizazioei

Gaur egin da mahai sektorialaren bilera eta bertan, atzo Lehen Mailako Arreta osoa mobilizatu eta biharamunean, Osakidetzak mahai gainean jarri ditu datozen asteetako ordutegi berriak eta kontsultategi eta osasun-zentro batzuen itxierak.

Duela hilabete batzuk 4.000 profesional kaleratu zituzten eta gaur egun ez dugu Lehen Mailako Arreta zabalik mantentzeko langilerik. Osakidetzako lan-taldea handitzea eta egonkortzea premiazkoa da, behin-behinekotasun-tasa lotsagarria da, eta lan-baldintzak hain dira eskasak, ezen gure profesionalek beste autonomia-erkidego batzuetara edo sektore pribatura jotzen baitute.

Lan-taldea egonkortzeko egiten ari diren proposamenak ez dira nahikoak. 3.000 lanpostu-kode berri sortu behar dira Osakidetzaren egituran, lanpostu horiek guztiak iruzurretik ateratzeko eta prekarizazioari aurre egiteko, baina, era berean, premiazkoa da langile gehiago kontratatzea, lan-kargei aurre egiteko. Ezin dira onartu Osakidetzak egiten dituen planteamenduak, Mahai Sektoriala informazioa transmititzeko gune bihurtu baitute, mahaiaren beste aldean daudenen harrokeriak gizarte osoaren aurka jokatzen duelarik.

Orain Osakidetzan dagoen zuzendaritzak ez du Lehen Mailako Arreta indartzeko asmorik, hau da, seigarren olatuari aurre egiteko, Osakidetzak betikoa planteatzen du, Lehen Mailako Arreta murriztu edo ixtea.

Kontuan izan behar da orain osasun-sistemaren oinarriak mugitzen ari direla, eta LABek uste du gizartearen interesen aurka egiten ari direla. Osasun-baliabideak kudeatzeko ezartzen ari diren politiken onuradun bakarrak gure osasuna merkantilizatzen duten enpresa pribatuak dira.

Estrategia oso argi dago, ez dute Lehen Mailako Arreta indartu nahi. Mahai Sektorialean egiaztatu dugu enegarren aldiz murrizketa berriak ezarriko direla, eta negoziazio mahaia erabili dute informazio hori emateko.

Argi dago egungo zuzendaritzak ez duela gizarte osoaren osasuna zaintzeko gaitasunik, argi dago egungo zuzendaritzak ez duela langileen baldintzak hobetzeko asmorik, argi dago Osakidetzak ez duela osasun publikoa indartu, eta argi dago gizartea berriro mobilizatu behar dela, ahal bada, gure osasun-eskubidea zapaldu nahi duten politikak geldiarazteko. Osasun-langileok prest gaude politika horiei aurre egiteko, atzo asteazkenez egindako mobilizazioetan erakutsi genuen moduan.

Arabako sektore sozio-sanitarioko langileak borrokan berretsi dira Foru Aldundiaren aurrekontuen aurrean

APDEMA eta INDESAko enpresa-batzordeek eta Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen eta esku-hartze sozialeko langileek mobilizazioa egin dute gaur Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Salatu dute foru erakundearen aurrekontuak ez direla nahikoak eta ez dakartela hobekuntzarik azpikontratatutako, feminizatutako eta prekarizatutako gizarte-zerbitzuetako langileentzat.

Aurrekontu horien bidez, Aldundiak oztopatu egiten du benetako negoziazio kolektibo errealaren aukera, hobekuntza ekonomiko eta sozialak Foru Gobernuak berak negoziazio-mahaietatik kanpo hartzen dituen erabakietara baldintzatuz. Aldundiak ez du parte hartzen negoziazio mahaietan baina blokeatu egiten ditu finantzazio faltarekin.

“Aro berri bat dator. Aurrekontu inbertitzaileenak dira, pertsonentzat gehien erabiltzen direnak, beraz, Araban etapa berri bat ireki dute, ilusio aro bat”, adierazi zuen Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak foru erakundearen aurrekontuen aurkezpenean. “Izan ere, diru-bilketaren hazkundeari, Europako finantzaketari eta defizitari esker, kontu handinahiak eta ilusionagarriak izango ditugu”, gaineratu zuen. Hori da herritarrei komunikabideetan agertzen zaien errealitatea, baina aurrekontuak eragiten dien langileen errealitatea oso bestelakoa da.

Enpresa pribatuek Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gasteizko Udalarekin egindako kontratuen edo lankidetza-hitzarmenen bidez kudeatutako baliabide publikoez ari gara. Osasun-krisiaren ondorioak gehien pairatu dituzten baliabideak dira, eta ez dira gelditu. Publikoki aitortu zaie egindako lana, baita txaloekin ere. Pandemian funtsezkoak izan dira, ezinbestekoak, baina orain ikusezinak dira. Sektoreko langileak nazkatuta daude egoera honekin eta erakundeen tratu txarrarekin.

Senatuak sektore publikoan behin-behinekotasunarekin amaituko ez duen lege proiektua onartu izana salatu nahi dugu

Espainiako Gorteetan onartu den lege proiektuak ez ditu enplegu kontsolidazio prozesuak egiteko behar adina neurri jasotzen, eta euskal administrazioetan dagoen behin-behinekotasunari ez dio inondik inora ere erantzuten.

Atzo Espainiako Senatuan sektore publikoko behin-behinekotasun onartezinarekin amaitu nahi zuen 14/2021 Dekretuaren lege-prozeduraren azkeneko izapideari bide eman zaio. Hori horrela izanda, legearen edukiak bere horretan mantenduko direla garbi dago, Diputatuen Kongresuan onartu zen edukia hain zuzen ere. Urteetan iruzurrean zerbitzu publikoetan lanean aritu diren bitarteko langileentzat kontsolidazio prozesuak egiteko prozedura bereziak arautu badira ere, LABetik ez-nahikoa iruditzen zaigu legean jasoko den edukia. Hori guztia gutxi balitz, lege horrek zerbitzu publikoak Euskal Herrian antolatzeko gaitasuna geroz eta murritzagoa izango dela uste dugu, legeak zentralizazio estrategian nabarmen sakontzen baitu. Hauexek dira legeari buruz esan ditzakegunak:

  • Sektore publikoan egun existitzen diren behin-behinekotasun tasak berriz gerta ez daitezen neurri berriak proposatzen ditu. Aitzitik, Birjartze Tasa mantenduko da, azken urteetan sortu den behin-behinekotasunaren aldagai nagusia, hain zuzen ere.
  • Oposizio faserik gabeko hautapen prozesuak arautzen badira ere, horiek mugatuak izango dira, soilik ezaugarri batzuk betetzen dituzten plazak finkatzeko erabiliko dira eta. Hori horrela izanda, iruzurrean diren langile askoren aukerak murritzak izango dira.
  • Euskal administrazioetan behin-behinekotasunak askotariko ezaugarriak ditu, hala nola hainbat kolektibotako egoerari ez die lege proposamenak jasotzen duen finkapenerako bideak inolaz ere mesede egiten. Halaber, irakasle edo osasun langileen kontsolidaziorako bestelako arauak onartu behar dira; egun dugun informazioaren arabera, zentralizazioan are eta gehiago sakontzeko erabiliko direnak.
  • Beste behin ere estatuak inposizioa besterik ez du proposatzen. Nafarroaren ildo beretik, EAEn ere administrazio publikoak kudeatzeko gaitasun osoa beharko genuke, zerbitzu publikoak geure beharretara antola ditzagun.

Langile Publikoen Estatutua berritzen duen lege honek dituen gabeziak agerikoak dira. Era berean, agerikoa da langileen kontsolidaziorako negoziazio kolektiboan indarrak jarri beharko ditugula. LABen helburua izango da datozen urteetan beharrezkoak diren plaza guztiak hautapen prozesuen bidez finkatzea, beti ere, kontsolidazio prozesuak lehenetsiz.

Gabonetako ipuin berri bat: Olentzero eta Mari Domingi banatzaileak dira

Digitalizazioarekin batera lan berriak sortzen ari dira. Algoritmo baten aginduetara daude langileak. Arautze espezifikorik gabeko lan berri hauetan enpresa handiek langileak esplotatzen dituzte. Eta Olentzero eta Mari Domingi ere ez daude prekarizaziotik salbu.

Gabon hauetan zure opariak etxera iristeko ehunka banatzaile ibiliko dira atsedenik gabe Euskal Herriko errepide eta kaleetan zehar. On-line merkataritza %25a baino gehiago hazi da azken urtean. Erosi duzun produktuaren prezio merke hori, banaketaz arduratzen diren langileen prekarizazioaren ondorioa ere bada. Ipuina berridazten ari da: Olentzero eta Mari Domingi banatzaileak dira.

Langileen eskubideen aurkako erasoa formaz aldatzen ari den honetan, guk argi dugu lehen lerroan jarraituko dugula. Ipuina aldatzen ari da bai, baina betikoa da garaipenerako errezeta: ANTOLATU ETA BORROKATU!