2026-10-14
HomeEkintza SindikalaEpaitegiak baliogabetzat jo du SDA Factory enpresak ezarritako Enplegua Eteteko Espedientea #LortuDugu

Epaitegiak baliogabetzat jo du SDA Factory enpresak ezarritako Enplegua Eteteko Espedientea #LortuDugu

SDA Factory enpresak aurtengo uztailean Enplegua Eteteko Espedientea (EEE) ezarri ondoren, LABek inpugnatu zuen eta orain Gasteizko epaitegi batek baliogabetu du. Epaiak argudiatzen du enpresak ez zuela fede onez negoziatu eta beharrezkoa zen dokumentazioa ezkutatu zuela. LABek langileak zoriondu nahi ditu eta enpresari dei egiten diogu benetako negoziazio bati ekiteko, industria proiektua, enplegua eta lan baldintza duinak bermatzea oinarri hartuta. Bide horretan, erakundeen esku hartze aktiboa eskatzen dugu.

Aurtengo uztailean, SDA Factoryk Enplegua Eteteko Espediente bat aurkeztu zuen langileen kontratuak eteteko irailaren 2tik maiatzaren 31ra arte. Hasieratik, LABek salatu zuen aurreko 2 urte eta erdian B&B Trends taldea Gasteizko lantegia ekonomikoki husten ari zela (ia 20 milio euro atera baititu dibindenduetan, maileguetan eta zerbitzu-kontratu baten bidez) eta EEEa enpresaren estrategiaren beste fase bat zela, eskubideak dituen lantegi bat bersortzeko, prekarizazioan, murrizketetan eta diskriminazioan oinarrituta egongo zen beste bat bihurtuz. 

Kontsultaldian enpresaren negoziatzeko borondate falta argi gelditu zen: hitzarmena ez aplikatzeko mehatxua mahaigaineratu zuen (irailaren 30ean bete zuen), murrizketak ezinbestekoak zirela errepikatu, dokumentazio garrantzitsua ezkutatu zuen, komitearen proposamen guztiak alboratu zituen… Hori gutxi balitz, prozesuan ohartu ginen Taldeak beste enpresa bat sortu zuela hilabete batzuk lehenago, helbide berean, lantegiaren funtzio batzuk bereganatzeko, plantillari eta bere ordezkariei ezer esan gabe.

Azkenik, enpresak espedientea alde bakarrez ezarri zuen uztail bukaeran eta horri erantzuteko LABek inpugnatu zuen EEEaren arrazoiak ukatuz eta enpresaren negoziazio borondate falta eta dokumentazioa ezkutatzea argudiatuz. Orain, Gasteizko epaitegiak arrazoia eman digu eta espedientea baliogabetu du. Epaileak berresten du enpresak negoziatzeko fede ona urratu eta informazio garrantzitsua ezkutatu zuela, informazio horrek kolokan jar zitzakeelako EEEren arrazoiak eta enpresaren industria proiektua bera.

Ebazpen honek, aurreko gehien-gehienekin batera, erakusten du enpresaren benetako jarrera: poltsikoak bete ondoren, inposaketa eta langileen eskubideak urratzea. Gauzak horrela, SDA Factoryko langileak zoriondu nahi ditugu, garaipen judizial hau beraiena baita, eta gure konpromisoa berretsi nahi dugu langileen eskubideen defentsan, beraien borroka babestuz, bai arlo sindikalean baita juridikoan ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.

Maiatzetik gaur arte izan diren 14 lan heriotza berri azaleratu ditugu, datu ofizialetan ezkutatuta zeudenak

Azaleratutako datu berriek 60 hildakotan kokatu dute 2026ko kontagailua, eta, hala, azken urteetako datu lazgarriak berretsi dira.

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.