2026-08-02
HomeEkintza SindikalaSenatuak sektore publikoan behin-behinekotasunarekin amaituko ez duen lege proiektua onartu izana salatu...

Senatuak sektore publikoan behin-behinekotasunarekin amaituko ez duen lege proiektua onartu izana salatu nahi dugu

Espainiako Gorteetan onartu den lege proiektuak ez ditu enplegu kontsolidazio prozesuak egiteko behar adina neurri jasotzen, eta euskal administrazioetan dagoen behin-behinekotasunari ez dio inondik inora ere erantzuten.

Atzo Espainiako Senatuan sektore publikoko behin-behinekotasun onartezinarekin amaitu nahi zuen 14/2021 Dekretuaren lege-prozeduraren azkeneko izapideari bide eman zaio. Hori horrela izanda, legearen edukiak bere horretan mantenduko direla garbi dago, Diputatuen Kongresuan onartu zen edukia hain zuzen ere. Urteetan iruzurrean zerbitzu publikoetan lanean aritu diren bitarteko langileentzat kontsolidazio prozesuak egiteko prozedura bereziak arautu badira ere, LABetik ez-nahikoa iruditzen zaigu legean jasoko den edukia. Hori guztia gutxi balitz, lege horrek zerbitzu publikoak Euskal Herrian antolatzeko gaitasuna geroz eta murritzagoa izango dela uste dugu, legeak zentralizazio estrategian nabarmen sakontzen baitu. Hauexek dira legeari buruz esan ditzakegunak:

  • Sektore publikoan egun existitzen diren behin-behinekotasun tasak berriz gerta ez daitezen neurri berriak proposatzen ditu. Aitzitik, Birjartze Tasa mantenduko da, azken urteetan sortu den behin-behinekotasunaren aldagai nagusia, hain zuzen ere.
  • Oposizio faserik gabeko hautapen prozesuak arautzen badira ere, horiek mugatuak izango dira, soilik ezaugarri batzuk betetzen dituzten plazak finkatzeko erabiliko dira eta. Hori horrela izanda, iruzurrean diren langile askoren aukerak murritzak izango dira.
  • Euskal administrazioetan behin-behinekotasunak askotariko ezaugarriak ditu, hala nola hainbat kolektibotako egoerari ez die lege proposamenak jasotzen duen finkapenerako bideak inolaz ere mesede egiten. Halaber, irakasle edo osasun langileen kontsolidaziorako bestelako arauak onartu behar dira; egun dugun informazioaren arabera, zentralizazioan are eta gehiago sakontzeko erabiliko direnak.
  • Beste behin ere estatuak inposizioa besterik ez du proposatzen. Nafarroaren ildo beretik, EAEn ere administrazio publikoak kudeatzeko gaitasun osoa beharko genuke, zerbitzu publikoak geure beharretara antola ditzagun.

Langile Publikoen Estatutua berritzen duen lege honek dituen gabeziak agerikoak dira. Era berean, agerikoa da langileen kontsolidaziorako negoziazio kolektiboan indarrak jarri beharko ditugula. LABen helburua izango da datozen urteetan beharrezkoak diren plaza guztiak hautapen prozesuen bidez finkatzea, beti ere, kontsolidazio prozesuak lehenetsiz.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.