2026-01-26
Blog Page 401

Oraingoan ere Espainiako Gobernuak administrazio publikoetako langileei soldata igoera inposatu nahi die

Gaur goizean Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorraren bilera izan da eta Gobernuak enplegu publikoan eragin zuzena izango duten neurri atzerakoiak proposatu ditu. Hala nola, Estatu osorako gehienez %2ko soldata igoera izatea proposatu du, baita deialdi publikoak egiterakoan birjartze tasa mantentzea ere. Horren harira, LAB sindikatuak ondokoa adierazi nahi du: 

•          Madrilen Hego Euskal Herriko administrazioetan izango den soldata igoera inposatzea ez dugu onartzen. Argi eta garbi, negoziazio kolektiboaren eskubidearen kontrako neurri bat da, onartezina erabat. 

•          Igoera hori gauzatzen bada, langile publikoek eros ahalmena galduko dute, KPIaren azpitik dagoen igoera baita. Espainiako Gobernuak, beraz, langile publikoak pobretu nahi ditu, erregaien edota argiaren prezioaren igoeren aurrean. 

•          Birjartze tasa mantentzea oso larria dela deritzogu. Gaur egun euskal administrazioetan deialdi publikoak mugatzea zerbitzu publikoen pribatizazio estrategia hauspotzea da. 

Hau guztia esanda, LABek Euskal Herriko administrazio guztietan negoziazio kolektiborako eskubidea aldarrikatuko du. Hori horrela gauzatu dadin, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari Mahai Orokorrak deitu ditzaten exigitzen diegu. Madrilek ezartzen dituen mugak gainditzeko, mahai horietan benetako negoziazio prozesuak eman daitezen eskatzen dugu; Euskal Herriaren beharretara egokitutako premiak betetzeko, hain zuzen ere.

Euskal Herritik eta Euskal Herrirako greba orokor bat egiteko beharra berretsi dugu

“Burujabetza bizitza duinerako. Vamos hacia el cambio” leloarekin, Nafarroako delegatuen batzarra eta mobilizazio bat egin ditugu Antsoainen, Bilbon joan den astean egindako manifestazio eta ekitaldiaren ildoan.

Hain zuzen ere, Programa Sozioekonomikoaren aurkezpenean jakinarazi bezala, sindikatuaren ustez, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren alde borroka egiteko unea da, bai lantokiz lantokiko borroken bidez, baita mobilizazio orokorren bidez ere. Norabide horretan ekarpena egiteko, delegatuen batzarra egin dugu gaurkoan, eta, gero, manifestazioa abiatu dugu Nafar Lansareren Iturrondo agentziaren egoitzaraino.

Baionan mobilizatu gara, lan duinaren eta eskubide sozialen defentsan

Urriaren 5aren etorrerarekin, greba eta mobilizazio eguna antolatu dute Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan, eta LAB sindikatuak sektore pribatu eta publikoko langileak deitu ditu mobilizatzera. “Sektore pribatuko zein publikoko langileak, prekario daudenak, langabeak, erretiratuak eta ikasleak, batera, elkartu eta blokea osatu behar dugu”, adierazi dugu.

Hala, Baionan egindako manifestazioan hartu dugu parte, eskubide sozialen alde eta Frantziako Gobernuak gauzatutako politiken aurka. Zerbitzu publikoak indartzeko eta pentsio eta langabeziaren erreformak eteteko exijitu dugu, baita Euskal Herrian erabaki behar dugula aldarrikatu ere. Aberastasuna eta lana banatzea guztientzako enplegu eta errenta duinak bermatzeko aterabidea dela nabarmendu dugu. Bestalde, osasun ziurtagiriaren eta txertaketaren derrigorrezkotasuna bertan behera uztea eskatu dugu.

Arabako Eraikin eta Lokalen Garbiketa sektoreko aurreakordioan ez dira jasotzen langileen aldarrikapen nagusiak

LAB sindikatuaren ustez, ez da nahikoa patronalak eta CCOO, UGT eta USO sindikatuek Arabako Eraikin eta Lokalen Garbiketako Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioan joan den urriaren 1ean egindako azken bileran lortu zuten aurre-akordioa.

Aurreakordio hori alde bakoitzak bere baitan berrestearen mende dago. Hauek lirateke aurreakordioaren nondik-norako nagusiak:

Soldata-igoerak

2020: izoztea

2021: % 1,3

2022: % 2

2023: % 2

2024: % 2

Lizentziak

2. mailarainoko ahaideak medikuarengana laguntzeko baimena

Eszedentziak

Urtebetera murrizten da, aurrekoa amaitzen denetik, beste bat eskatzeko epea.

Berme sindikalak

Langileen ordezkarien hileko ordu-kreditua urtero metatzeko aukera

LAB sindikatuak proposamenarekin ados ez gaudela adierazi du, izan ere, ez dira jasotzen langileen aldarrikapen nagusiak, horiek izan zirenean, gainera, uda aurretik sektorea mobilizatzeko arrazoia: 1.200 euro garbiko gutxieneko soldata, eta sektorean dagoen partzialitate handia mugatzea (% 80). Gainera, hitzarmenaren indarraldiaren amaiera negoziazio-mahaian planteatzen ari zena baino urtebete gehiago luzatu denez, aurreakordio honek 2025era arte prekaritatean jarraitzera kondenatzen gaitu.

Gure ustez, akordioa azkenean gauzatzen bada, behingoz gure lan-baldintzak duintzeko galdutako aukera berri baten aurrean egongo ginateke. Pandemiaren ondorioz, lehen aldiz gure lanari balioa eman zitzaion. Txaloak eta ahozko errekonozimenduak, baldintza duinetan bihurtzea eskatzen eta aldarrikatzen aritu gara. Orain, norabide horretan borrokan jarraitzeko unea zen, baina, tamalez, patronalek prekarietatera kondenatu nahi gaituzte, eta sindikatu batzuek amore eman dute.

Ez da ezer bukatu: langileek erakutsitako indarrarekin, enplegua eta lan baldintzen defentsan borrokan jarraituko dugu Tubacex-en

Gaurkoan Tubacexeko Langile Batzordearen bileran, gehiengoak Eusko Jaurlaritzak onartutako proposamena onartzea erabaki du.

Otsailaren 15ean, Tubacexeko langileek greba mugagabea hasi zuren euren lanpostuak eta lan-baldintzak defendatzeko. 236 egun igaro dira. 236 eguneko mobilizazioak, porterietan. Gure aldarrikapenak Euskal Herriko toki guztietara eramateko 236 egun, azken batean 236 borroka egun. Langileria eta enpresa batzordea bat eginda egon diren borroka. Aiaraldeako eskualdeak lagundu digun borroka. Gazte, pentsiodun eta feministekin partekatu dugun borroka. Borroka horrek beste borroka batzuekin bat egin du, eta aliantzak sortu dira langileriaren artean; PCB, Aernnova, Alestis, Bilboko Argiak, Petronor, H&M… Borroka horretan Euskal Herriko langileriaren elkartasuna eta babesa jaso dugu, eta mugak gainditu ditugu.

Gaur, 7 hilabeteko borrokaren ondoren, harrotasunez esan dezakegu: borrokak merezi du, eta Tubacex-en inor ez dago soberan. Hau izan da gure leloa hilabete luze hauetan, eta lelo hori errealitate bihurtu da. Tubacex bezalako multinazional batek amore eman behar izan du. Kaleratzeak egiteari uko egin behar izan dio. Tubacexeko zuzendaritzak egoera koiunturala erabili nahi izan du langileak kaleratzeko, baina ez edozein langile kaleratzeko: seme-alabak zaintzeko lanaldi-murrizketa zuten emakume langileak, osasun- arrazoiengatik lanpostuak egokituta zituzten langileak eta “gogaikarriak eta deserosoak” omen direnak kaleratu nahi zituen. Borrokari esker, lanean dira berriro.

Garaipen handi hau eskuratu arren, LABeko afiliazioak akordioa ez onartzea erabaki du. Arrazoia, guretzat ordaindu ezinezkoa den ordainsaria inposatu digutela izan da.

Borrokaldi eredugarri baten hurrengo fasean sartzear gaude Tubacexen, LABen arabera. LABek enplegua eta lan baldintzak defendatzen segiko du, eta badakigu zein den horretarako bidea: langileon indarra, batasuna, antolakuntza eta borroka.

Joseba Alvarez gure kideari eta Moussa kale saltzaileari babesa erakutsiko diegu asteazkenean, Donostiako epaitegien aurrean

Donostiako Udalak eta Fiskaltzak urtebeteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa eskatu dute bientzat, euren eskubide sozial, zibil eta politikoak bortxatu eta gero. Hala salatu dute Donostiako Udalaren aurrean egindako agerraldian. Asteazkenean, 10:30ean, epaiketa egunean, elkarretaratzea egingo da Egiako epaitegien aurrean, “Arrazakeriarik ez, epaiketarik ez” leloarekin.

“Udaltzainen jokabidea onartezina, arrazista eta biolentoa aztertu bejarrean, Eneko Goia alkateak Joseba Alvarez eta Moussaren aurka bi epaiketetan akusazio partikular gisa aritzea erabaki du. Hiru urteotan Udaltzaingoak ez du ikertu nahi izan gertatutakoa, eta autoritatearen aurkako eraso bat egon zen asmatu du Moussaren atxiloketa justifikatzeko eta Joseba Alvarez zigortzeko”, adierazi dute agerraldian.

2018ko ekainaren 24an izan zen gertakaria, Donostiako Parte Zaharrean, Abuztuaren 31ko kalean. Moussa kale saltzailea bertan zen lanean, eta bi udaltzainek oso modu bortitzean atxilotu zuten. Horren aurrean, Joseba Alvarezek erasotzaileei aurre egin zien modu ez biolentoan, nor ziren eta zertan ari ziren galdetuz. Udaltzaingoak LABeko kidea salatu zuen horregatik.

Sortutako enpleguaren ezaugarriek ez digute baikortasunerako tarterik uzten: iraileko kontratu berrien %92 behin-behinekoak dira

Irailak abuztuak baino datu hobeak erakutsi dizkigu langabeziari dagokionez. Izan ere, hilabete honetan, Hego Euskal Herrian 4.133 gutxiago daude langabeziaren zerrendetan.

Langabezia orokorrean gutxitu bada ere, gazteen langabeziak gorantz egin duela esan beharrean gaude. Nafarroako Foru Erkidegoan 25 urte azpiko langabetu gutxiago badaude ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren igoera handiak Hego Euskal Herrian aurreko hilean baino %2,74 gazte langabe gehiago izatea eragin du.

Urte arteko datuei erreparatuz ere, langabeziak beherantz egin du nabarmen, baina iazko urtea enpleguari begira oso berezia eta eskasa izan zela kontuan izanik, 2019ko datuekin alderatzea lehenetsi dugu. Datu horien arabera, enplegua oraindik sindemia aurreko datuetara iritsi gabe dago, izan ere, %5,63 altuagoa dugu langabezia, eta gazteen artean portzentai hori %20,79 arte igotzen zaigu.

Sektoreen araberako langabezia datuei so eginez, enpleguaren berreskurapen handiena zerbitzuetan eman bada ere, 2019ko datuekin alderatuz sektore berean aurtengo Irailean baino 6.000 langile gehiago zeuden lanean data horietan.

Gaurko titular gehienek enpleguaren errekuperazioan jarri ahal dute azpimarra, baina sortu den enpleguaren ezaugarriek ez digute baikortasunerako tarterik uzten, izan ere, Irailean egin diren kontratu berri guztietatik %92 behin-behinekoa baitzen. Hego Euskal Herrian enpleguaren eremuan dugun prekaritate maila eskandaluzkoa da. Egungo sistema neoliberalaren helburua ez da inolaz ere kalitatezko eta nahiko enplegu eskaintzea euskal jendarteari.

Datu horiei Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Txostenen (EABET) eraginpean dauden langile horiek guztiena gehitu behar diegu gainera. Langile horien kopurua iazko hilabete okerrenetatik urrun badago ere, oraindik 11.335 langile daude EABET baten eraginpean, horien %55 emakumeak izanik.

Azken egunetan onartu berri du Espainiako Estatuko Gobernuak EABET-en luzapena 2022ko Otsailaren 28 arte. Ordurako, dagoeneko ia bi urte luze igarota egongo dira sindemia egoeraren ondoriozko EABET-en lehen dekretua onartu zenetik. Eta bi urteren ondoren oraindik 11.335 langilek jarraitzen dute hari batetik zintzilik, euren lanpostura itzultzeko aukerarik izango ote duten segurtasunik gabe.

Tubacex-eko gure sail sindikalak ezezkoa eman dio Eusko Jaurlaritzak enpresan aurkeztutako proposamenari

233 egun daramatzagu. 233 eguneko mobilizazioak, atezaindegietan egotekoak. Gure aldarrikapenak Euskal Herriko txoko guztietara eramateko 233 egun, finean  233 borroka egun. Langileria eta Enpresa-Batzordea bat eginda egon diren borroka bat, Aiaraldea eskualdeak lagundu digun borroka bat. Gazte, pentsiodun eta feministekin partekatu dugun borroka bat. Gaurkoan EZ esan diogu aldi berean harro eta atsekabetuta sentiarazten gaituen proposamen bati. 

7 hilabeteko borrokaren ondoren, harrotasunez esan dezakegu: borrokak merezi du. Tubacexen inor ez dago soberan, hilabete luze hauetan erabili dugun leloa errealitate bihurtu da, azken proposamenean kaleratzerik ez baitago. 

Hala ere, nahiz eta lorpen garrantzitsu hori eskuratu, LABen afiliazioak erabaki du akordioa ez sinatzea. Arrazoia da bidesari bat ordaintzea eskatzen digutela, guretzat onartezina dena eta sen ona urratzen duena:

– Akordioan soldatak ia 4 urterako izoztea planteatzen da, 2025ean galdutako erosteko ahalmena berreskuratuko dugunaren bermerik gabe.

– Enplegu-berme bat planteatzen da, langile-kopuruari buruz hitz egiten duena, baina ez pertsonei buruz.

– Eta onartezinena dena: lanaldia 3 urtez lanaldia 40 orduz luzatzea planteatzen du. Horrek, langileen lan-baldintzak okertzeaz gain, hurrengo 3 urteetan 50 lanpostu baino gehiago sortzeari uko egitea da. Aiaraldeko eskualdeko lanpostuak dira, eta horregatik LABek ezin du akordioa babestu. Guztiz lotsagarria da Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak langileak kaleratu nahi izan dituen eta azken urtean langile guztientzat lanik eza argudiatu duten bi ERTE aplikatu dituen enpresa batean lanaldia handitzea proposatzea.

Amaitzeko, gure hasierako ideia berretsi nahi dugu: borrokak merezi du. Antolaketa, langileen arteko aliantza eta borroka dira lanpostuak, lan-baldintza duinak eta, azken batean, bizitza duina defendatzeko bidea.

Prekaritateak lehorrean zein itsasoan hil egiten duela salatu dugu Ondarroan

Arrantzale bat hil da aste honetan Frantziako Estatuko uretan, eta, berriro ere, agerian geratu da armadoreen interes ekonomikoen gainetik babestu beharra dagoela langileen bizia. Hildako arrantzaleak 40 urte zituen, senegaldarra zen jaiotzez eta Ondarroan zuen bizitokia. Hain zuzen ere, Ondarroako portuan egin dugu protesta, euskal gehiengo sindikalak deituta, Chemaipa enpresaren bulegoen aurrean, azken lan heriotz hau salatzeko.