2026-11-07
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Posible egin dezagun Euskal Herrian Madrilen posible ez dena"

Garbiñe Aranburu: “Posible egin dezagun Euskal Herrian Madrilen posible ez dena”

Programa Sozioekonomikoaren aurkezpenean jakinarazi bezala, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren alde borroka egiteko unea da, bai lantokiz lantokiko borroken bidez, baita mobilizazio orokorren bidez ere. Norabide horretan ekarpena egiteko, mobilizazioa egin dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitza eta Iberdrola Dorrearen artean. Amaiera ekitaldian, borrokaren adibide diren zenbait ordezkariren aldarrien ostean, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitza hartu du.

Hain zuzen ere, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako Greba Orokorra egiteko garaia dela azpimarratu du: “Posible egin dezagun Euskal Herrian Madrilen posible ez dena. Euskal Herrian borroka dezagun, Jaurlaritza eta CONFEBASK, Nafarroako Gobernua eta CEN, presionatzeko eta langileen mesedetan izango diren erabaki eta politika publikoak garatzeko”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “ziklo mobilizatzaile berri bat irekitzeko arrazoiak soberan daude, greba orokor berri baterako arrazoiak soberan daude. Greba Madrilera begira, bai, greba Madrileko erabakietan eragiteko helburuarekin, bai, baina greba, batez ere, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat”.

Irekitzen ari garen mobilizazio ziklo berriak emaitzak emango dituen ziurtasun osoarekin bagoaz Grebara. “Bagoaz Grebara irekiak ditugun borroka sindikal eta sozialei babesa eta bultzada berri bat emateko, etorkizunean borroka gehiago pizteko baldintza berriak sortzeko. Greba Orokorrak bestelako herri mugimenduekin elkarlana sustatzeko aukera ere ematen digu; pentsionistak, mugimendu feminista, gazteak, migranteen eskubideen defentsan ari direnak… Bagoaz Grebara, Madrilen eta Euskal Herrian eragin asmoz, Patronalari eta bere menpeko Gobernuei abisu argi bat bidaltzeko”, adierazi du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.