2026-10-02
HomeEkintza SindikalaBorrokaren bidez enplegua bermatu dugu Tubacex-en, eta enpresa gezurretan ibili dela agerian...

Borrokaren bidez enplegua bermatu dugu Tubacex-en, eta enpresa gezurretan ibili dela agerian utzi dugu

Tubacexeko gatazkaren parte diren hiru aldeek bilera egin dute gaur: Tubacexeko Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzak eta Enpresa Batzordeak. Bilera horretan, Eusko Jaurlaritzak behin betikotzat jo duen proposamen bat helarazi du. Ondoren, enpresa batzordearen gehiengoak hasierako akordio bat sinatu du. LABek ez du sinatu.

Lehenik eta behin, esan nahi dugu hasierako akordio honek ez duela nahitaezko kaleratzerik aurreikusten, eta LABentzat garaipen hori Tubacexen plantillaren eta Enpresa Batzordearen batasunaren eta Aiaraldeko eskualdearen eta gurekin batera egon den Euskal Herriko langileen arteko borrokaren eta konpromisoaren emaitza da.

7 hilabeteko borrokaren ostean, enpresak amore eman behar izan du eta kaleratzeak egiteari uko egin behar izan dio. Tubacexeko zuzendaritzak unearen araberako egoera bat erabili nahi izan du langileak kaleratzeko, eta, borrokari esker, langile horiek beren lanpostuetara itzuli ahal izan dira.

Argi eta garbi esan nahi dugu enpresak ezin izango zuela kaleratzeko erabakia hartu Eusko Jaurlaritzaren babesa izan ez balu. Gatazka honetan, langileek Euskal Herriko eskualde oso bat eta langileria izan dituzte bidelagun, eta Tubacexeko zuzendaritzarekin, berriz, Eusko Jaurlaritza egon da. Eusko Jaurlaritzak ez dagokion domina bat zintzilikatu nahi du, eta LABek ez du onartuko.

Lotsagarria da Eusko Jaurlaritzak gatazka honetan guztian izan duen zeregina, batez ere azken bi aste hauetan: Lan eta Enplegu Sailarekin izandako bileretan, Eusko Jaurlaritza Tubacexeko Zuzendaritzarekin lerrokatuta egon da. Horren erakusgarri da, behin betikotzat jo zuen proposamen bat helarazi ondoren, Zuzendaritzak proposamena aldatzea onartu zuela, nahitaezko kaleratze batzuk onartuz eta murrizketa berriak gehituz, urte honetako abenduaren 31 arte indarrean zegoen hitzarmena ez aplikatzeagatik.

Lehen proposamenean jadanik lanaldia 40 ordu luzatzea jasotzen zen 2022, 2023 eta 2024an. LABentzat, guztiz onartezina da, hain zuzen ere, Lan eta Enplegu Sailak lanaldia handitzea proposatzea langileak kaleratu nahi izan dituen eta azken urtean langile guztientzat lan-falta argudiatutako bi ERTE aplikatu dituen enpresa batean. 

Salatu egiten dugu, halaber, langileak sobera omen zeuden lantokietan lanaldia handitzea eta lan karga areagotzea enpresen bideragarritasunerako alternatiba moduan planteatzea.  Eusko Jaurlaritzak bere egin du planteamendu hau. Inork ez du esango Tubacex gezurretan ibili dela?

Horregatik guztiagatik, eta nahitaezko kaleratzeei uko egiteak dakarren garaipena kontuan izanda ere, LABek hasierako akordio hau gure afiliazioari helaraziko diogu, eta hark erabakiko du zein izango den LABen azken jarrera akordio honen aurrean.

Azkenik, LABeko atal sindikalaren azken erabakiaren berri emateko, prentsaurrekoa egingo dugu, afiliatuen batzarra amaitu ondoren, bihar ostirala, urriaren 1ean, 16:00etan, Bilboko gure egoitzan (Errekalde Zumarkalea, 62).

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.