2026-01-21
Blog Page 400

Garbiñe Aranburu: “Bizitza berreskuratzen ari garenean, mobilizazio ziklo bati ekitea garrantzitsua da Madrilen eta hemengo erakundeetan eragiteko”

LABeko idazkari nagusia elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko “Faktoria” programan, pandemiarekin lotutako neurri murriztaile gehienak bertan behera geratu diren egunean egindako saio berezian. Hala, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du, pandemiaren fase berri honetan, erronka handiak ditugula; Greba Orokorra, kasu. “Pandemiaren beste fasean sartu garen honetan, bizitza berreskuratzen ari garenean, mobilizazio ziklo bati ekitea garrantzitsua da Madrilen eta hemengo erakundeetan eragiteko”, adierazi du.

Hain zuzen ere, azaldu du mobilizazio ziklo berri hori ezinbestekoa dela irekita dauden borrokak hauspotzeko, etorkizunerako baldintza hobeak sortzeko eta instituzioei mezu argi bat luzatzeko. Azken batean, mobilizaziorako unea da, “Madrilen gertatzen denaren zain egon gabe”.

Aktualitateko beste gai batzuk ere jorratu dituzte; Tubacex-eko gatazka, esaterako. Borroka eredugarria izan dela berretsi du, eta bertako langileak Euskal Herriko mugimenduaren historiara pasa direla esan du. Patronalaren asmoak zeintzuk diren agerian  geratu dela nabarmendu du; hots, soldatak eta langileen lan eskubideak murriztea. Bide horretan, enpresak Jaurlaritzaren babes osoa izan duela deitoratu du, eta borrokaren balioa azpimarratu du. “Harro gaude, baina adi ere bagaude, enpresak langileen kontrako neurriak berriro hartuko balitu, berriro erantzuteko”, ohartarazi du.

UPV/EHU-k ez duela jardunaldi partzialeko irakasleek egiten duten lana bere osotasunean ordaintzen salatu dugu

LAB sindikatutik salatzen dugu UPV/EHUk ez dituela aitortzen ezta ordaintzen lanaldi partzialeko irakasleek egiten duten lana bere osotasunean. Izan ere, unibertsitateak eskola- eta tutoretza-orduak besterik ez dizkie aitortzen lanaldi partzialeko kontratua duten irakasleei; ez, ordea, ikasgaien prestakuntzarik, egin beharreko kudeaketa-lanik edo formaziorik. Hori dela eta, 1.000 pertsona inguruk osaturiko kolektibo honen egoera ezagutarazteko eta salatzeko kanpaina bat martxan jarri dugu hiru campusetan.

Gaur egun, UPV/EHUn klaseak ematen diharduten 4.386 irakasletatik %21.8k lanaldi partzialeko kontratua du, nahiz eta, aitortutako lan-orduetatik haragoko dedikazioa eskatzen duen, gehienetan, beren ardurak behar bezala betetzeak. Eskola- eta tutoretza- orduetatik kanpo, kontratu partziala duten irakasleek ordaindu gabeko orduetan egiten dituzte ezinbesteko hainbat ataza, besteak beste, irakasgaien eta eskola-materialaren prestaketa, ikasleen ebaluazioa, kudeaketa-lanak, gradu amaierako lanen tutorizazioa, material didaktikoa egokitzeko formazioa, eta abar luzea, hori guztia hilean 391 eta 781 euro bitarteko soldata gordinaren truke.

Irakasle hauen egoera ezagutzeko asmoz, LABetik kaltetuei galdeketa egin diegu. Emaitzen arabera, ordaindutakoaren lanordu bikoitza egin behar dute batez beste dagokien lana betetzeko. Jardunaldi partzialean dauden 955 irakasleetako batzuek enpresa edo erakunderen batean lan egiten duten arren, beste batzuk, unibertsitatean karrera akademikoa egitea dute helburu, eta hau da beraien diru iturri bakarra. Gainera, ordezkapen kontratuak kateatuz, irakasle hauen egoera prekarioa urteetan luzatzen da, sarritan.

Hori gutxi balitz, lanaldi partzialean dauden irakasleei ez zaie aitortzen egindako ikerketa lana, nahiz eta hori izan lanpostu iraunkorra lortzeko bide bakarra. Aitortu ez arren, ordea, UPV/EHU ikerketa hauetaz baliatzen da bere kapital zientifikoa indartzeko, eta, adibidez, nazioarteko rankingetan gora egin eta mantentzeko.

Ordaindu gabeko lanari, prekarizazioari eta ikerketaren aitortza-ezari irakasle hauek jasaten duten diskriminazioa gehitu behar zaie, irakaskuntza edota ikerkuntza osagarriak lortzeko aukera ere ukatu egiten baitiete UPV/EHUk eta Unibasq-ek.

LAB sindikatutik aspaldidanik daukagu gai hau aldarrikapenen artean, lanaldi partzialean kontrataturiko irakasle-ikertzaileen soldata eskatzen zaien betebeharrei egokitzeko. LAB- en eskaerak argiak dira:

-Soldataren igoera, egiten diren jarduera guztiak aitortuz (41/2008 dekretua aldatuz).

-Irakaskuntza eta ikerkuntza merituak errekonozitzea eta ordaintzea (5 urteko eta 6 urtekoak).

-Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, behar beharrezkoak soilik utziz.

-Irakasle elkartuaren figurarekin dagoen iruzurrarekin bukatu. EHUtik kanpoko profesionalak beharrezkoak direnean kontratatuz bakarrik, ikasgai zehatzak emateko eta hutsik geratzen badira lanpostu horiek ordezkapen-poltsetatik bete gabe.

-Karrera akademikorako sarrera bideak ongi definitzea, lanpoltsek bide horretan duten lekua kontuan hartuz.

Argindarraren prezioaren igoera salatu dugu, eta egunotako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dugu

Gaur, ekintza baten bitartez, LABeko kideok Donostiako Antigua auzoan Iberdrolak duen bezeroen arretarako bulego bat okupatu eta bertako argindarra herritarren esku jarri dugu. Oligopolio elektrikoak langileon pobretze energetikoan duen erantzukizuna salatu eta datozen egunotan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi izan dugu horrela.

Sistema kapitalista krisian dago, eta, gainera, planetaren muga biofisikoekin topo egiten ari da. Sindemiak azkarturiko krisi honetan elite ekonomikoek aberasten jarraitu nahi dute, eta, horretarako, langileok are eta pobreago eta prekarioago behar gaituzte. Argindarraren prezioaren igoera adibiderik agerikoena bihurtu zaigu. Iberdrola bezalako enpresen irabaziak gorantza doaz, pobrezia energetikoa hedatzen duten bitartean.

Energia, bermatu beharreko eskubidea da, eta bizitzeko energia modu jasangarrian eskuratzeko aukerak bermatua beharko luke. Horretarako, oligopolio energetikoari boterea mugatu behar zaio eta sektore energetikoaren jabetza eta kontrol publikoan oinarrituko den sistema energetiko propioa eraiki, ezinbestekoa den trantsizio energetikorako tresna izan behar duena, gainera; beharrezkoa ez den energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarri deszentralizatuak garatuz. Norabide horretan, elektriketatik desentxufatu eta eta energia burujabetzan oinarritutako proiektuak indartzeko apustua egiten dugu.

Gaurko ekimena FSMko (Federación Sindical Mundial) gainontzeko sindikatuekin egindako elkarlanaren emaitza da. Halaber, LAB sindikatutik kalean mobilizazio soziala indartzekoa ezinbestekotasuna azpimarratu nahi dugu. Horregatik, dei egiten dugu datozen egunetarako deituta dauden ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera:

-Urriaren 8an, 22:00etatik 22:30era, Estaturik gabeko nazioetako alderdi soberanistek deitutako itzalaldia eta kazerolada.

-Hainbat eragile sozialek deitutako hiriburuetako mobilizazioak:

Urriaren 7an, 19.00etan Bilbon, “No al tarifazo de la luz. Energia eskubidea da. Publifikazioa orain” leloarekin.

Urriaren 8an, 18.00etan, Iruñean, “Argi dugu. Vuestros beneficios, nuestra oscuridad” leloarekin.

Urriaren 15ean, 19:00etan, Gasteizen, “Gure pobrezia eta naturaren explioa zuen aberastasuna” leloarekin.

Amaitzeko, langileon lan- eta bizi- baldintzen aurkako egiturazko eraso honen aurrean, eta datozen hilabeteetan hartuko diren erabakiak baldintzatzeko, mobilizazio orokorragoak sustatzeko garaia dela uste dugu. Denok batera mahai gainean kolpe bat jotzeko garaia da: orain Greba Orokorra!

Oraingoan ere Espainiako Gobernuak administrazio publikoetako langileei soldata igoera inposatu nahi die

Gaur goizean Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorraren bilera izan da eta Gobernuak enplegu publikoan eragin zuzena izango duten neurri atzerakoiak proposatu ditu. Hala nola, Estatu osorako gehienez %2ko soldata igoera izatea proposatu du, baita deialdi publikoak egiterakoan birjartze tasa mantentzea ere. Horren harira, LAB sindikatuak ondokoa adierazi nahi du: 

•          Madrilen Hego Euskal Herriko administrazioetan izango den soldata igoera inposatzea ez dugu onartzen. Argi eta garbi, negoziazio kolektiboaren eskubidearen kontrako neurri bat da, onartezina erabat. 

•          Igoera hori gauzatzen bada, langile publikoek eros ahalmena galduko dute, KPIaren azpitik dagoen igoera baita. Espainiako Gobernuak, beraz, langile publikoak pobretu nahi ditu, erregaien edota argiaren prezioaren igoeren aurrean. 

•          Birjartze tasa mantentzea oso larria dela deritzogu. Gaur egun euskal administrazioetan deialdi publikoak mugatzea zerbitzu publikoen pribatizazio estrategia hauspotzea da. 

Hau guztia esanda, LABek Euskal Herriko administrazio guztietan negoziazio kolektiborako eskubidea aldarrikatuko du. Hori horrela gauzatu dadin, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari Mahai Orokorrak deitu ditzaten exigitzen diegu. Madrilek ezartzen dituen mugak gainditzeko, mahai horietan benetako negoziazio prozesuak eman daitezen eskatzen dugu; Euskal Herriaren beharretara egokitutako premiak betetzeko, hain zuzen ere.

Euskal Herritik eta Euskal Herrirako greba orokor bat egiteko beharra berretsi dugu

“Burujabetza bizitza duinerako. Vamos hacia el cambio” leloarekin, Nafarroako delegatuen batzarra eta mobilizazio bat egin ditugu Antsoainen, Bilbon joan den astean egindako manifestazio eta ekitaldiaren ildoan.

Hain zuzen ere, Programa Sozioekonomikoaren aurkezpenean jakinarazi bezala, sindikatuaren ustez, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren alde borroka egiteko unea da, bai lantokiz lantokiko borroken bidez, baita mobilizazio orokorren bidez ere. Norabide horretan ekarpena egiteko, delegatuen batzarra egin dugu gaurkoan, eta, gero, manifestazioa abiatu dugu Nafar Lansareren Iturrondo agentziaren egoitzaraino.

Baionan mobilizatu gara, lan duinaren eta eskubide sozialen defentsan

Urriaren 5aren etorrerarekin, greba eta mobilizazio eguna antolatu dute Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan, eta LAB sindikatuak sektore pribatu eta publikoko langileak deitu ditu mobilizatzera. “Sektore pribatuko zein publikoko langileak, prekario daudenak, langabeak, erretiratuak eta ikasleak, batera, elkartu eta blokea osatu behar dugu”, adierazi dugu.

Hala, Baionan egindako manifestazioan hartu dugu parte, eskubide sozialen alde eta Frantziako Gobernuak gauzatutako politiken aurka. Zerbitzu publikoak indartzeko eta pentsio eta langabeziaren erreformak eteteko exijitu dugu, baita Euskal Herrian erabaki behar dugula aldarrikatu ere. Aberastasuna eta lana banatzea guztientzako enplegu eta errenta duinak bermatzeko aterabidea dela nabarmendu dugu. Bestalde, osasun ziurtagiriaren eta txertaketaren derrigorrezkotasuna bertan behera uztea eskatu dugu.

Arabako Eraikin eta Lokalen Garbiketa sektoreko aurreakordioan ez dira jasotzen langileen aldarrikapen nagusiak

LAB sindikatuaren ustez, ez da nahikoa patronalak eta CCOO, UGT eta USO sindikatuek Arabako Eraikin eta Lokalen Garbiketako Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioan joan den urriaren 1ean egindako azken bileran lortu zuten aurre-akordioa.

Aurreakordio hori alde bakoitzak bere baitan berrestearen mende dago. Hauek lirateke aurreakordioaren nondik-norako nagusiak:

Soldata-igoerak

2020: izoztea

2021: % 1,3

2022: % 2

2023: % 2

2024: % 2

Lizentziak

2. mailarainoko ahaideak medikuarengana laguntzeko baimena

Eszedentziak

Urtebetera murrizten da, aurrekoa amaitzen denetik, beste bat eskatzeko epea.

Berme sindikalak

Langileen ordezkarien hileko ordu-kreditua urtero metatzeko aukera

LAB sindikatuak proposamenarekin ados ez gaudela adierazi du, izan ere, ez dira jasotzen langileen aldarrikapen nagusiak, horiek izan zirenean, gainera, uda aurretik sektorea mobilizatzeko arrazoia: 1.200 euro garbiko gutxieneko soldata, eta sektorean dagoen partzialitate handia mugatzea (% 80). Gainera, hitzarmenaren indarraldiaren amaiera negoziazio-mahaian planteatzen ari zena baino urtebete gehiago luzatu denez, aurreakordio honek 2025era arte prekaritatean jarraitzera kondenatzen gaitu.

Gure ustez, akordioa azkenean gauzatzen bada, behingoz gure lan-baldintzak duintzeko galdutako aukera berri baten aurrean egongo ginateke. Pandemiaren ondorioz, lehen aldiz gure lanari balioa eman zitzaion. Txaloak eta ahozko errekonozimenduak, baldintza duinetan bihurtzea eskatzen eta aldarrikatzen aritu gara. Orain, norabide horretan borrokan jarraitzeko unea zen, baina, tamalez, patronalek prekarietatera kondenatu nahi gaituzte, eta sindikatu batzuek amore eman dute.

Ez da ezer bukatu: langileek erakutsitako indarrarekin, enplegua eta lan baldintzen defentsan borrokan jarraituko dugu Tubacex-en

Gaurkoan Tubacexeko Langile Batzordearen bileran, gehiengoak Eusko Jaurlaritzak onartutako proposamena onartzea erabaki du.

Otsailaren 15ean, Tubacexeko langileek greba mugagabea hasi zuren euren lanpostuak eta lan-baldintzak defendatzeko. 236 egun igaro dira. 236 eguneko mobilizazioak, porterietan. Gure aldarrikapenak Euskal Herriko toki guztietara eramateko 236 egun, azken batean 236 borroka egun. Langileria eta enpresa batzordea bat eginda egon diren borroka. Aiaraldeako eskualdeak lagundu digun borroka. Gazte, pentsiodun eta feministekin partekatu dugun borroka. Borroka horrek beste borroka batzuekin bat egin du, eta aliantzak sortu dira langileriaren artean; PCB, Aernnova, Alestis, Bilboko Argiak, Petronor, H&M… Borroka horretan Euskal Herriko langileriaren elkartasuna eta babesa jaso dugu, eta mugak gainditu ditugu.

Gaur, 7 hilabeteko borrokaren ondoren, harrotasunez esan dezakegu: borrokak merezi du, eta Tubacex-en inor ez dago soberan. Hau izan da gure leloa hilabete luze hauetan, eta lelo hori errealitate bihurtu da. Tubacex bezalako multinazional batek amore eman behar izan du. Kaleratzeak egiteari uko egin behar izan dio. Tubacexeko zuzendaritzak egoera koiunturala erabili nahi izan du langileak kaleratzeko, baina ez edozein langile kaleratzeko: seme-alabak zaintzeko lanaldi-murrizketa zuten emakume langileak, osasun- arrazoiengatik lanpostuak egokituta zituzten langileak eta “gogaikarriak eta deserosoak” omen direnak kaleratu nahi zituen. Borrokari esker, lanean dira berriro.

Garaipen handi hau eskuratu arren, LABeko afiliazioak akordioa ez onartzea erabaki du. Arrazoia, guretzat ordaindu ezinezkoa den ordainsaria inposatu digutela izan da.

Borrokaldi eredugarri baten hurrengo fasean sartzear gaude Tubacexen, LABen arabera. LABek enplegua eta lan baldintzak defendatzen segiko du, eta badakigu zein den horretarako bidea: langileon indarra, batasuna, antolakuntza eta borroka.

Joseba Alvarez gure kideari eta Moussa kale saltzaileari babesa erakutsiko diegu asteazkenean, Donostiako epaitegien aurrean

Donostiako Udalak eta Fiskaltzak urtebeteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa eskatu dute bientzat, euren eskubide sozial, zibil eta politikoak bortxatu eta gero. Hala salatu dute Donostiako Udalaren aurrean egindako agerraldian. Asteazkenean, 10:30ean, epaiketa egunean, elkarretaratzea egingo da Egiako epaitegien aurrean, “Arrazakeriarik ez, epaiketarik ez” leloarekin.

“Udaltzainen jokabidea onartezina, arrazista eta biolentoa aztertu bejarrean, Eneko Goia alkateak Joseba Alvarez eta Moussaren aurka bi epaiketetan akusazio partikular gisa aritzea erabaki du. Hiru urteotan Udaltzaingoak ez du ikertu nahi izan gertatutakoa, eta autoritatearen aurkako eraso bat egon zen asmatu du Moussaren atxiloketa justifikatzeko eta Joseba Alvarez zigortzeko”, adierazi dute agerraldian.

2018ko ekainaren 24an izan zen gertakaria, Donostiako Parte Zaharrean, Abuztuaren 31ko kalean. Moussa kale saltzailea bertan zen lanean, eta bi udaltzainek oso modu bortitzean atxilotu zuten. Horren aurrean, Joseba Alvarezek erasotzaileei aurre egin zien modu ez biolentoan, nor ziren eta zertan ari ziren galdetuz. Udaltzaingoak LABeko kidea salatu zuen horregatik.