2026-04-25
Blog Page 397

Lan baldintza duinen alde borrokatzeagatik auzipetutako Bizkaiko Metalgintzako hiru langileri elkartasuna adierazi diegu

Metalgintzako hiru langile modu bidegabean epaitu dituzte euren eskubideak eta lan-baldintza duinak defendatzeagatik. Kartzela zigorra eskatzen dute haientzat.

Epaiketa hau dela eta, beste gatazka batzutan auzipetutako hainbat langilek mobilizazioa egin dute Bilbon, epaitegiaren aurrean, sindikatuon babesarekin, epaituei elkartasuna adierazi eta lan-baldintza duinen alde borroka egitea delitua ez dela adierazteko, duela bi aste agerraldi baten bitartez egin bezala.

Urtarrilaren 27 eta 30ean kalera irtetzeko deia egin du Garbiñe Aranburuk, lan erreforma honen kontra eta lan harremanen euskal esparruaren alde

Garbiñe Aranburu idazkari nagusia Naiz Irratian izan da, aktualitateko zenbait gairi buruz hitz egiteko; lan erreformari buruz, bereziki. Zentzu honetan, Madrilgo Kongresuan hartu beharreko erabakian eragiteko kalera irtetzearen garrantziaz hitz egin du, eta urtarrilaren 27an LABek eskualdeetan antolatutako Aldarrikapen Eguna eta urtarrilaren 30ean euskal gehiengo sindikalak Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitutako manifestazioak ekarri ditu lehen lerrora.

Idazkari nagusiak adierazi du oraindik badagoela partida jokatzeko, eta, partidaren zati bat Madrilgo jokalekuan izaten ari den arrean, nabarmendu du eztabaida Euskal Herritik eta Euskal Herrirako egin beharra dagoela; alegia, euskal bide bati ekin behar zaiola Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egin ahal izateko. Izan ere, lan-harremanak eraldatzea dugu erronka, eta eraldaketa hori ez da posible izango Madrilen. Hortaz, lan duina bermatzeko ezinbestekoa da lan-harremanen berezko esparru bat.

Garbiñe Aranburuk azaldu du lan erreformarekin hasieratik esaten genuena gertatu dela: “Elkarrizketa Sozialeko Mahai horretatik patronala atera da garaile. Lan erreforma ez da indargabetu eta lan harremanetan ez dago inolako eraldaketarik. Gure ustez, lan erreforma honi ezezkoa eman behar zaio, ezin zaio bide eman”.

LABeko arduradunaren esanetan, “guretzat badaude zuzendu beharreko eta lehentasuna duten gai batzuk. Estatalizazioaren aldeko apustua Zapateroren erreformak egin zuen, eta bere horretan jarraitzen du. Bertako hitzarmenak, izan sektorekoak, izan herrialde zein autonomikoak, lehenetsi behar dira. Oso garbi jaso behar da Estatuko hitzarmenen gainetik egon behar dutela. Aldi berean, badaude beste elementu batzuk garrantzitsuak direnak; kaleratzeei dagokiena, adibidez. Kaleratzeak oso merkeak eta ia libre izaten jarraituko lukete, eta honek esan nahi du azken hilabeteotan herri honetan ikusi ditugun ERE-ak posible izango liratekeela; Tubacex, ITP, H&M… Azken batean, ikusten duguna da prekarizazioa eta pobretzea ekartzen duten lan harremanetan ez dagoela sakoneko aldaketarik, eta hobekuntzarako tartea egon beharko luke”.

Garbiñe Aranburuk aldarrikatutakoaren arabera, “eragin nahi dugu, eta eragiteko kalera ateratzea dagokigu”.

Dekalogo bat aurkeztu dugu EAEko Hezkuntza Itunerako proposamen gisa

Hezkuntza Itunaren inguruko eztabaida ireki da EAEn eta, era berean, gogoeta Euskal Herri osora zabaltzeko ekimenak abian jarri dira. Honen aurrean, LABetik egiten dugun irakurketa plazaratu dugu Bilbon egindako agerraldian, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Irakaskuntzako arduradun Irati Tobarren eskutik. Hala, akordioari begirako LABen dekalogoa aurkeztu dugu. Segregazioa gainditzea, murgiltze eredu orokortua ezartzea, ituntze unibertsalarekin amaitu eta finantziazio publikoa baldintzatzea, titularitatean eragitea eta hezkuntza langileen baldintzak hobetzea dira LABen eskakizun nagusienak.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propio eta burujabea eraikitzea da gure helburua, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa sortzea dugu ortzi-mugan. Herri eta auzo eskolaz osatutako sare bakarraren aldeko apustua egiten dugu. Autonomian eta parte hartzean oinarritutako dena, titularitate publikokoa. Diru publikoz osoki finantzatua, familia guztientzat, jaiotzetik hezkuntza-prozesu osoa bermatuko duena. Herritar guztiei hezkuntza feminista, laikoa, inklusiboa, euskalduna, antiarrazista eta berdintzailea bermatuko diena. Euskal Curriculumean oinarrituta egongo dena”.

78ko itunen ondorioz, Espainiako Estatuan Estatu ezarri zen hezkuntza sistema duala eta hizkuntza eredua gainditu beharra dagoela adierazi dute Garbiñe Aranburuk eta Irati Tobarrek. Egun indarrean dagoen eredu dualetik sare bakarrerako bidea konfluentziatik sortu behar dela iritzi dugu LABetik. Bide bat egin behar da. Sare bakarrerako trantsiziorako ezinbestekotzat hurrengo urratsak ditugu:

Hezkuntza sistema dualaren oinarrian dagoen kontzertazio unibertsalarekin bukatu egin behar da

Finantziazio publikoa jasotzen duen ikastetxeak baldintza batzuk bete behar ditu: ezin du kuotarik kobratu, doakotasuna bermatu beharko luke eta bestelako betebeharrak ere bete behar ditu. Segregazio oro gainditu eta inklusiboak izatea, euskarazko murgiltze eredua bermatzea, laikoa izatea, hezkidetza egiturazko izatea, edota parte hartzea bultzatzea.

Administrazio publikoaren finantziazioa jasotzen duten ikastetxeetan, horrek isla izan behar du ikastetxe hauen titularitatean. Sare bakarra ortzimugan, nortasun juridiko propioa duten eskolen kasuan, titularitate partekaturantz urratsak eman beharko dira.

Honela, trantsizio gisa, baldintza eta betebehar berberak izango lituzketen ikastetxez osatutako sistema berria sortuko litzateke. Batzuk titularitate publikoa izango lukete eta besteak titularitate mistoa, baina denak egongo lirateke udal eta eskualde mailako planifikazio publiko bateratuan txertatuta. Matrikulazioekin dagoen lehiarekin nahiz segregazio joera ororekin amaitzeko, udal mailako planifikazio eta eskolaratze prozedura bateratua martxan jarriz. Doakotasun erreala bermatuz, kuotak desagerraraziz.

Eskola publikoa ardatz duen publikotasun berri baten alde egin behar da 

Egungo egoeran, eskola publikoarekiko desoreka egin behar du administrazioak, baliabidez hornitu eta erdigunean jartzeko garaia da.

Egun administrazioa ez da behar besteko inbertsiorik egiten ari eskola publikoan. Deszentralizazioan sakondu eta eskola bakoitzak hezkuntza egitasmo iraunkor, autonomo, parte hartzaile eta eraginkorrak garatu ahal izateko, plantillak egonkortzea lehentasunezko neurria da.

Euskalduntzen duen eredu orokortu bat ezarri behar da  

Hezkuntza Akordioa mugarria izan beharko luke euskalduntzeari dagokionez. Euskararen murgiltze eta mantentze eredu orokortu bat beharrezkoa dugu. Euskalduntze prozesua ataka batean dago, politika publikoen gabezien ondorioz eta erdaraz mintzo diren teknologi berrien eraginez ere. Hizkuntza ereduak gainditu beharra dago, ez dutelako euskalduntzen eta baita segregazio aldagai direlako. Euskalduntze politika ausart, integral eta erradikalak behar ditugu.

Hezkuntza langileen aitortza eta baldintzen hobekuntza

Hasi irakasleetatik garbitzaile, jantokiko begirale edota sukaldarietara. Lan baldintza okerren dituzten eta prekarizaturik dauden kolektibo feminizatu horiekiko zor bat dauka Hezkuntza Sailak eta hezkuntzako patronalek, eta bada ordua ordain dezaten.

Era berean, irakasle-ikasle zein hezitzaile-ikasle ratioen jaitsiera orokorra aldarrikatu dugu, ikasle bakoitzari eskainitako hezkuntza arreta eta hezkuntza kalitatea hobetzeko eta jaiotze tasen beherakadaren aurrean enpleguari eusteko. Pribatizazioarekin eta azpikontratazioaren amaitu behar dela azpimarratu dugu. Hain zuzen ere, jangileen egonkortasunarekin eta kontziliazio neurriekin batera, prestakuntzan arreta jartzea eskatu dugu LABetik, bereziki egiturazko jotzen ditugun euskalduntze eraginkorrerako estrategietan, hezkidetzan, inklusio eta aniztasunaren trataeran zein pedagogia kritikoetan oinarrituriko berrikuntza metodologikoetan.

Lan baldintzei dagokienez, eremu publikoan zaharkituta dauden lan hitzarmenak adostasunez berritzea eta eremu itunduan homologazio prozesuak abiatzeko eskatu dugu, hezkuntza langile guztiek baldintza berberak izateko norabidean. Era berean, kontrol publiko eta sindikala izango duen sarbide sistema bakarrerantz urratsak ematea eskatu dugu; hautagaien aukera berdintasun, gaitasun eta merituetan oinarrituriko prozesu gardenak izan behar dituena.

Harrerarako politika, aurrekontu eta azpiegitura integralak exijitu ditugu berriro

Joan den asteazkenean Galdakaoko Ibaizabal ibaian adingabe baten gorpua agertu izanak agerian uzten du Hego Euskal Herriko harrera politika eta azpiegituren gabeziak.

Migrazio-politikak, auzoen militarizazioak, pertsonen zirkulazio askerako eskubidearen urraketak, etnia eta arraza-profilaren araberako kontrol selektiboek eta bizitza, prestakuntza eta lan aukeren faltak beren oinarrizko eskubideak urratzeko zirkuituen eraginpean jartzen dituzte bereziki atzerritar jatorriko gazteak.

Estigmatizazioa eta kriminalizazioa ke-gortinak dira, eta egoera horren benetako arrazoiak ezkutatzen dituzte: indarkeria instituzionala eta soziala, bizitegi-aukera urriak eta harrera-zentro urriak eraistea.

Bilboko Udalak Atxuri auzoko aterpedun kantxak itxi berri ditu, non egunero ia ehun gazte adingabe lo egiteko babesten ziren. Auzo-mugimenduak salaketa irmoa egin du, gizartearen eta herritarren babes handiarekin.

Hego Euskal Herriko udalek eta aldundiek erantzukizun politikoak saihesten jarraitzen duten bitartean eta aukerak ukatzen jarraitzen duten bitartean, auzoetako gazte hauek kondenatuta jarraituko dute.

Eskubideak pertsona guztientzat! Harrerarako politika, aurrekontu eta azpiegitura integralak!

Kalitatezko osasungintza publiko baten defentsan hartu ditugu kaleak

Osakidetzako sindikatuok, langileek eta herritarrek gure haserrea kaleratu dugu Gasteiz, Bilbo eta Donostian, osasungintza publikoaren egoera larria dela eta. Lehen mailako arretaren kolapsoa eta ospitaletako gainkarka pandemiaren aurreko egiturazko arazo baten ondorio direla salatu dugu, eta konponbideak exijitu ditugu.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan egindako manifestazioek asteotan egindako mobilizazio dinamikari jarraipena eman diote, egoera jasanezina dela ohartarazteko. Sindikatuok nbarmendu dugun bezala,  gaur egungo osasun krisiak are gehiago larriagotu du pandemiaren aurreko egiturazko egoera bat. 2019an, lehen arretako langileek hiru greba egun egin zituzten orduan bizi zen egoeraren larritasuna salatzeko. 2022. urtean, okerrera egin du egoerak.

Pandemia, aitzakia

Kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arreta kalitatea areago prekarizatzeaz gain, pandemia aitzakia bihurtu da Osakidetzak murrizketak aplikatu eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko. Horrekin guztiarekin batera, plangintzarik eza, errefortzurik eza eta inbertsiorik eza eta pandemiaren kudeaketak eragindako lan kargaren igoera esponentziala direla eta, lehen arreta soken kontra jarri du. Lehen arreta eraisteko programatutako estrategiak aurrera jarraitzen du, eta Osakidetzak COVID 19a erabiltzen jarraitzen du egiturazko defizita estaltzeko.

Horrela bakarrik ulertzen da, lehen olatutik ia bi urtera, seigarren olatuari baliabiderik, antolakuntzarik eta plangintzarik gabe aurre egitea; duela hilabete batzuk Osakidetzak 4.000 profesional alde batera uztea erabaki izana; hilabeteotan egoiliarrei doan lan egitea eskatzen ari izatea; plantillaren behin-behinekotasun-tasa % 60koa izatea; txertaketa- eta miaketa-ekipoak desegin izana; bajak, oporrak eta bestelako absentziak ez ordezkatzea; kutsatzeak gora izanik, lehen arretako zentroen ordutegiak murriztea erabaki izana; eta abar luze bat.

Egoera kezkagarria izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez du urratsik egin aipatutako arazo larriak konpontzeko.

Premiazkoa da Osakidetzaren aurrekontua handitzea Europako Batasuneko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz; plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoz hornitzea kategoria guztietan, milaka plaza sortuz aldi baterako milaka langile finkatzeko, gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzeko eta lan-kargak arrazionalizatzeko; gainera, premiazkoa da lehen egunetik absentzia guztiak ordezkatzea; azken batean, osasun publikoa eta, bereziki, lehen arreta lehenestera eta indartzera bideratutako estrategia bat, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegite programatuarekin alderatuta.

Arabako patronalaren aurrean salatu dugu azken lan heriotza

Euskal gehiengo sindikalak deituta, Gasteizen mobilizatu gara azken lan heriotza salatzeko, SEA patronalaren egoitzaren aurrean. Hain zuzen ere, asteazkenean, Maderas Melchor Gomezeko langile bat hil zen Pipaoneko mendietan lanean zegoen bitartean.

Urtea hasi besterik ez den honetan, lau langile hil dira, gutxienez, lan istripu baten ondorioz. Prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu elkarretaratzean, eta patronalari erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu diogu, baita erakundeei beste alde batera begiratzeari utz diezaioten exijitu ere.

Izadi eta preso dauden bere gurasoen eskubideak errespeta ditzatela eskatu dugu Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT, CNT, EHNE eta HIRU sindikatuok salbuespenezko kartzela politikaren kontrako hileroko mobilizazioa egin dugu Bilbon, Plaza Eliptikoan, Sareren “Izan bidea” dinamikaren bitan.

Oraingoan, Izadi umearen egoeraren berri eman dugu. Hain zuzen ere, Izadik, urtarrilaren 23an, 3 urte betetzen dituenean, gurasoengandik banatuko dute.

EAEko Hezkuntza Sailak ez ditu ikasle zaurgarrienen beharrak asetzen

EAEko ikasle zaurgarrienak eta euren familiak behar duten arreta ez direla jasotzen ari salatzen dugu LAB sindikatutik. Urtea hasi denetik, Heziketa Berezian eta Haurreskolak Partzuergoan, hamarnaka dira betetzen ez diren ordezkapenak. 2018tik ordezkapenak lehen egunetik betetzea adostua dagoen arren, Hezkuntza Sailak ez du neurri hori betetzen.

Heziketa bereziaren kasuan, arazorik larriena Bizkaian dago. Gaur egun, 10 eskola baino gehiagotan falta dira Hezkuntza Laguntzako Espezialistak, hau da, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleei arreta ematen dieten langileak. Hutsune hau ez da egun bakarrekoa eta, ondorioz, egunetik egunera eskoletako egoera okerrera doa. Bertan dauden gainontzeko hezitzaileen lan-zama izugarri handitzen ari da eta ezin dute lana normaltasunez aurrera atera. Hori dela eta, lanaren kalitatea eta hain garrantzitsua den inklusioa kinka larrian jartzen ari da.

Horrez gain, ikasturtea hasi denetik EAEko hiru lurraldeetan Zeinu Hizkuntzako Interpreteen falta ikaragarria da. Gipuzkoan 68 egunez ez da Zeinu Hizkuntzako Interpreterik egon; Araban 240 egunez, eta Bizkaian 156 egunez. Okupazio Terapeuten eta Fisioterapeuten ordezkapenetan ere huts egiteak nabarmenak izaten ari dira. Araban, adibidez, urritik gaur egunera arte Okupazio Terapeuta baten hutsunea dago.

Haurreskolak Partzuergoan, ordezkapenak eskatzen direnean erantzuna da zentroaren egoera aztertu dutela eta, ondorioz, ez dutela ordezkapena beteko, edo haurren matrikula kopurua igo eta aurreikusita egon behar ziren kontratazioak momentuz ez direla indarrean jarriko. Ordutegia bete ahal izateko, kasuren batean, aparteko orduak egitea edo familiei haurrak haurreskolara ez eramatea proposatu da zerbitzua bermatzeko hezitzailerik ez zegoelako.

Egun dagoen ordezkapen kopuruak banatzeko, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzetako eta Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa arloko langileen eta baliabide materialen falta oso handia da. Bizkaiko lurralde ordezkaritzan ez dago lan hori aurrera eramateko langilerik, eta beste bietan lan-zama izugarria dute eta kaosetik oso gertu gaude.

Hezkuntza Sailak, batetik, ez du egoera aurreikusi, eta, bestetik, ordezkapenak kudeatzeko irakasleekin erabiltzen duen programa informatikoa oraindik ez du martxan jarri gainontzeko kolektiboetan.

Jaurlaritzak egun daukagun egoera aintzat hartu eta Hezkuntzara diru gehiago bideratu behar du. Kalitatezko euskal hezkuntza sisteman, aurrez aurreko eskolak bermatzeko, langile-kolektibo guztietan beharrezkoak diren neurri guztiak jarri behar dira. Inklusioa, zaintza, hezkuntza, kontziliazioa… ez daitezen hitz politetan gelditu!

Eta administrazioari ohartarazten diogu egoera konpontzen ez bada, mobilizazioetara jotzea baino ez zaigula geratuko.

Mercedeseko ABEEaren aurrean, langileen lan baldintza duinak aldarrikatzen ditugu

Gaur, urtarrilak 20, Mercedes-Benzeko zuzendaritzak ABEEa aurkeztu du Gasteizko lantegiko langileentzat. Horren aurrean, LABek argi utzi nahi du Mercedeseko langileek, kontratetakoek eta enpresa hornitzaileetakoek ezin dutela euren gain hartu aipatutako arazoa eta enpresak berak hartu behar duela bere gain.

Gaurko bileran enpresako zuzendaritzak ABEEaren prozedura ireki du, dokumentazioa aurkeztuz eta neurria azalduz. Arrazoi produktiboekin arrazoitzen du neurria enpresak eta 6 hilabetez luzatuko zen, langile bakoitzari gehienez 30 egun aplikatuz.

Lehenengo balorazio honetan, LABek argi adierazi nahi du langileek ezin dutela ordaindu enpresak argudiatzen duen arazoa. Gogorarazi nahi dugu Mercedesek 276 milio euroko etekina lortu zuela iaz, aurtengo produkzioaren aurreikuspena inoizko handiena izan dela, soldata eskala bikoitza aplikatzen jarraitzen dutela,… Gainera, hilabete hauetan ehunka aparteko ordu egin dituzte, aktibatzeko egunetan lan egin dute,… beraz, gure susmoa da enpresak ABEEa aurkeztu duela erabateko malgutasuna lortzeko.

Testuinguru honetan, LABen helburua izango da langileen lan baldintzak mantentzea eta enplegu duina bermatzea, bai orain baita ABEEa bukatzen denean ere. Aldi berean, exijitzen dugu Mercedesek konpromisoak hartzea azpikontratetan eta enpresa hornitzaileetan enplegua eta lan baldintzak bermatzeko, ABEE honek milaka langileri eragin ahal dielako.