LAB Osakidetzako kide Raul Castillok eta Ana Fran Astigarragak osasungintza publikoaren egoera larriari buruz idatzi dute, eta igandeko manifestaziorako deia egin dute (Bilbo, 12:00):

Osakidetzako administrazio-kontseiluak 2010eko abenduaren 13an sortu zuen EAEko lehenengo osasun erakunde integratua, Bidasoko ESIa hain zuzen ere. Osasun antolakuntza modu berri horrek arreta espezializatuaren eta lehen mailako arretaren arteko koordinazioa hobetuko zuela iragarri zuten Osakidetzako buruek. Ordutik aurrera EAE osoan ezarri ziren aipaturiko osasun zerbitzu horiek. Orduan sistema horren ontasunei buruzko zalantza handiak izan arren, osasun zerbitzuen antolaketa berri hori ez zen negoziatu sindikatuekin. Osakidetzak, berriz ere, bere kabuz hartutako erabakia izan zen.

Eta geroztik, Osakidetzaren hondamendia. Ospitale zentrismoa nagusitu egin da eta Lehen Arreta bakarrik eta abandonatuta utzi dute. Ikusi dugu ESI sistema horrek ez dituela benetan herritarren zein langileen beharrak bermatzen. Begiratu besterik ez dago azken bolada honetan biderkatu egin direla herritarrek zein Osakidetzako langileek egindako mobilizazioak EAE osoan, anbulatorioen aurrean edo ospitaleetan, grebak barne.

Herritarrei gertatzen zaien bezala, langileak ere erreta daude. Lan kargak onartezinak dira zerbitzu batzuetan; Lehen Mailako Arretako langileek, udaran, kontziliazio arazoak dituzte arreta ordutegien murrizketak direla eta; Osakidetzak ez die langileei ordaintzen haiekin duen zorra; hautaketa eta mugikortasun prozesuak bukaezinak dira; langileen ordezkariekin negoziazio falta dago; mediku kategoria batzuetako EPE prozesuetan iruzurra izan da eta horiek geldiarazi dira…

EAEko beste administrazioetan negoziazioa egin da sindikatuekin. Zaila izan den arren, aurrerapausoak eman dira, baina azken bolada honetan Osakidetzako zuzendaritza bere baitan itxi da, eta hartutako erabaki guztiak bere kabuz hartu izan ditu sindikatuekin kontrastatu gabe. Gaur egun ez dago negoziaziorik Osakidetzako buruekin; tartean, kontsolidazio prozesua dago, hain garrantzitsua dena erakunde honetan lanpostuak finkatzeko eta behin-behinekotasun tasa altuak bukatzeko. Bestalde, garapen profesionala oraindik ordaindu gabe dago, nahiz eta pasa den urtetik sindikatuekin sinatuta egon. Mugikortasun eta azken EPE prozesuak ere amaitu gabe daude eta, azkenik, Mahai sektoriala, negoziatzeko gure esparru naturala, edukirik gabe utzi dute.

Eta kezkagarriena izan daitekeena, sindikatuok ez dugu ezta zirrikitu bat ere aurreikusten negoziazio prozesu serio eta sakon bat hasteko edo jarraitzeko. Kontuan hartu behar dugu Osakidetzako langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioa 2009. urtean iraungi zela. Oraindik, krisiaren aitzakiarekin, 2012-2013 urteetan aplikatu ziren murrizketa batzuk ez ditugu berreskuratu gaur egun. Osakidetzako plantilla zahartuta dago, eta ez da aurreikusten hainbeste jubilaziori aurre egiteko planik, ezta plantilla gaztetzeko planik ere. Gaur egun, tamalez, sindikatuok ez daukagu negoziatzeko aukerarik. Osakidetzako buruek temati jarraitzen dute, haurrek bezala, baina oraina ere tematia da, eta gogoratu behar dugu atzeko atetik kargugabetuta ateratzen diren zuzendariek, Darpon jaunak kasu, osasun pribatuan amaitzen dutela. Kasualitatea?

Arazo horien guztien ondorioak honakoak dira: osasun zerbitzuen narriadura eta horrek dakarrena, erabiltzaile eta pazienteak kaltetuta, itxarote zerrenda bukaezinak, etengabeko arretako guneen itxiera, larrialdi zerbitzuen gainezkatzea eta, azkena, pandemiaren kudeaketa penagarria.

Hori guztia gutxi izango balitz bezala, Osasun sailburuaren pasa den asteko adierazpenak ditugu, azken finean denok ezagutzen genuena adierazten dutenak: Lehen Mailako Arretaren desagerpena edo suntsiketa, batez ere landa eremuetan. Sagardui andrea! Osasun publikoari egingo zeniokeen mesederik handiena zure kargua uztea izango litzateke.

Hori guztia ez da kasualitatea: osasun publikoa pixkanaka desegiteko aldez aurretik diseinatutako plan baten parte da, EAJ-PSOEk burutu nahi duena, Arabako Unibertsitate Ospitalea egitasmoarekin gertatu zen bezala. Protesten aurrean bertan behera utzi zuten, baina berriro ekin diote, eta horren adibide garbia da Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzuaren erdi-itxiera. Logika neoliberalaren ikuspuntutik, kalitatezko Lehen Mailako Arreta mantetzea eta hornitzea ez da errentagarria; makro-ospitaleak edota ospitale multzoak, ordea, bai. Hortik datoz eraikuntza erraldoiak, mantentze lanen kanporatzea (azpikontratatzea), zerbitzu batzuen pribatizazioa (garbiketa, kafetegiak), anbulantziak gaur egun pribatuak izatea, kontzertazio eta autokontzertazioa… Azken finean, denon osasuna negozio bihurtu dute eta bitartean osasun pribatua aberasten ari da, inoiz baino aseguru pribatu gehiago egiten ari dira EAEko biztanleak.

ESI osasun erakunde integratuen ezarpenak ez du osasun arreta hobetzea ekarri. Gogoeta sakon bat egin beharko genuke ea zer osasun sistema behar dugun Euskal Herrian, ikuspuntu soziosanitario batetik eta neoliberalak diren tesiak urrunduz. Bitartean, osasun publiko, sendo, unibertsal eta kalitatzkoaren alde borroka egitea besterik ez zaigu geratzen.

Horrexegatik dei egiten diegu langile zein herritar guztiei ekainaren 26an Bilbora, 12:00etan Jesusen Bihotzetik abiatuko den manifestazioan parte hatzera.

Goazen langileok eta herritarrok, elkarrekin, inposatu nahi diguten osasun sistema honi buelta ematera. Goazen argi eta garbi esatera ez dugula pribatizazio gehiago nahi. Goazen eredu neoliberal honetan bizi nahi ez dugula aldarrikatzera. Goazen Euskal Herriak behar duen eredu soziosanitario berri baterantz.