2025-04-22
HomeEkintza SindikalaGrebara joatea erabaki dugu Bizkaiko metalgintzan, aho batez, hitzarmen duin baten defentsan

Grebara joatea erabaki dugu Bizkaiko metalgintzan, aho batez, hitzarmen duin baten defentsan

LAB sindikatuko Bizkaiko metalgintzako delegatuek batzarra egin dugu asteartean, eta bertan erabaki dugu, aho batez, grebara joatea. Borrokarako prest gaudela berretsi dugu horrela, patronalak eman nahi ez duen hitzarmen duina lortzeko.

Bizkaiko metalgintzako gainontzeko sindikatuok ere grebaren aldeko apustua egin dute, FVEM patronalaren egoitza aurrean gaur egin dugun agerraldi bateratuan azaldu dugun bezala.

Hauxe da sindikatuok egin dugun irakurketa:

Gaur, ekainak 8, asteazkena, Bizkaiko metalgintzako hitzarmena negoziatzeko mahaia osatzen dugun 4 sindikatu nagusiek (ELA, CCOO, LAB, UGT) eta sektoreko gainerako sindikatuek (ESK, USO, CGT, CNT) Bizkaiko metalgintzako patronalaren egoitzaren aurrera deitu dizuegu.

Izan ere, FVEMen egoitzaren aurrean deitu izana ez da kasualitatea. Joan den maiatzaren 26an izan genuen azken negoziazio bilera. Bertan, patronalak ezetz erantzun zien sindikatuek batera planteatutako 17 puntuei. FVEMek mespretxatu egin zuen Bizkaiko metalgintzako langile klasea. Bilera horretan, sindikatuek FVEMi adierazi genion beste proposamenik izanez gero bilera batera deitu behar gintuela. Ez dugu haien berririk izan.

Bada, patronalaren blokeo horren ondorioz, ELA, CCOO, LAB, UGT eta ESK, USO, CGT eta CNT sindikatuek publikoki adierazi nahi dugu:

-3 greba egun deitu ditugu Bizkaiko metalgintzan.
-Greba egunak ekainaren 23an eta 30ean eta uztailaren 1ean izango dira.

Grebak Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari jakinarazi zaizkio jada, eta prentsaurreko hau amaitzen denean deialdiak patronalean, FVEMen, erregistratuko ditugu.

Sektorean mobilizazio eta sozializazio dinamika duela aste batzuk hasi zen. Lantokietan mozioak jasotzen ari dira, eta Bizkaiko metalgintzako enpresei zuzendutako idazkiak erregistratzen, enpresak interpelatuz, FVEMekin harremanetan jar daitezen negoziazioa desblokeatu dadin.

Joan den ostiralean, ekainaren 3an, sindikatuetako militanteek hainbat elkarretaratzetan parte hartu genuen patronalaren batzorde exekutiboko kide diren enpresa batzuen aurrean (Tecuni, ITP Aero, Arteche, Astilleros Murueta, Sidenor, Eldu edo Ormazabal). Enpresa horiek FVEMen parte hartzen dute eta blokeoaren erantzule direla salatu genuen. Egun horretan, Patronalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak mobilizazio horiei (baketsuak eta aldez aurretik jakinaraziak) emandako erantzuna pertsona ugari identifikatzea eta isunak eta salaketak jartzeko mehatxua izan zen. Badirudi hori dela gure eskubideen alde mobilizatzea erabaki dugun langileontzat nahi duten errezeta.

Hemendik aurrera, Bizkaiko metalgintzan ordezkaritza duten sindikatuok badakigu oso egun intentsoak geratzen direla greba lantzeko. Ehunka batzar izango dira lantokietan. Sozializazio dinamika desberdinak eskualdeetan. Eta datorren ekainaren 13an, Barakaldoko BECen egingo den Makina Erremintaren Bienala dela eta, manifestazio bat egingo dugu Bizkaiko Metalgintzaren Hitzarmen bat eskatzeko, hobekuntza nabarmenekin.

Bizkaiko metalgintzako enpresek oso urte ona izan zuten 2021ean emaitzei dagokienez. 2022 hau ere oparoa izango da. Sektorean lan karga handia dago. Hala ere, patronalak negoziazio mahaian eskaintzen diguna eros ahalmena galtzea da, eta ez du jakin nahi sindikatuek proposatutako beste hobekuntza batzuen berri. FVEMen jarrera arduragabe horren aurrean, gurena denaren alde borrokatzeko garaia dela uste dugu. Bada garaia sortzen den aberastasunaren banaketa justua eskatzeko. Bizkaiko metalgintza grebara joateko ordua da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.