2026-01-21
Blog Page 390

Euskal unibertsitate publiko zein diru-kutxa publikoen kontrako eraso larri bat gauzatu dute

Euneiz sortzea ahalbidetzen duen legea onartu dute Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Lege honek Euneiz unibertsitate egitasmo pribatuari finantziazio publikoa eskura jarri dio.

LAB, STEILAS, CCOO, ELA, CGT/LKN, ESK, UOV/EHUko Ikasle Kontseilua eta Ernairen ohar bateratua, Legebiltzarraren aurrean egindako mobilizazioaren harira:

Gaur diru-kutxa publikoen kontrako eraso larria bete dute EAJ-PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta VOX alderdiek, Legebiltzarreko osoko bilkuran onartu baitute Euneiz sortzea ahalbidetzen duen legea. Izan ere, lege honek Euneizunibertsitate egitasmo pribatuari finantziazio publikoa eskura jarri dio. 

2017an zalaparta handiz Querejeta, Ramiro Gonzalez, Gorka Urtaran eta EUSES eta ENTI ikerketa-zentroen zuzendariek Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua aurkeztu zutenean, etorriko zenaren kontziente izan ginen. Argi dago Querejetak hariak ondo mugitu dituela agintari politiko batzuekin, zeren eta irabazi-asmoko unibertsitate honek hasiera-hasieratik jaso baitu erakundeen bultzada agerikoa, diru publikoaren injekzioen iragarpenarekin batera.

Behin baino gehiagotan salatu dugunez, unibertsitate honen izaera elitistari (neurri handi batean atzerriko familia dirudunen ikasleei zuzenduta egongo dena) hemen jada eskaintzen diren ikasketa batzuk bikoiztea gehitu behar diogu. Izan ere, Euneizek eskainiko dituen bi gradu eskaintzen dira jada EHUn (horietako bat Deustuko unibertsitate pribatuan ere), eta beste hiruren antzeko ikasketak unibertsitarioak ez diren hezkuntza-zentro batzuetan badaude ere. Era berean, Euneizek eskainiko lituzkeen bi masterren edukiak jasotzen dituen bi master eskaintzen ditu EHUk. Euskal jendartearen eskaerak ez du beraz justifikatzen ikasketa berri hauen eskaintza. Edozein kasutan, ikasketa berrien eskaera antzematen bada, unibertsitate publikoaren bidez eskaintzea dago, beharrezkoa den finantzaketa emanez. Euneizen inguruan egindako txosten ofizialek erakutsitako gabeziaz gain, kezka handia daukagu euskarari emango zaion tratamenduagatik (ikasketetan zein presentzia izango duen ez dago zehaztuta), baita langileen lan-baldintzengatik ere (arduraldi-erregimena, aukeraketa-prozedurak eta beste alderdi asko ez dira publiko…).

Diru publikoa zein ikasleak lortzeko UPV/EHUrako Euneizek suposatzen zuen lehiaz ohartuta, EHUko zuzendaritza taldeari jarrera irmoa eskatu genion egitasmo honen aurrean, ondoriorik gabeko epeltasunean geratu dena. Era berean, sindikatuok zein ikasleen antolakundeok martxan jarri ginen proiektu hau salatzeko eta bertan behera geratzeko eskatzeko, bereziki funts publikoak ez jasotzeko exijentziarekin. Gaia EHUko Gobernu kontseilura eraman genuen, erakundetik lortu ez genuen adierazpen baten bila. Euneiz oinarri duen Innovaraba egitasmoaren aurkezpena egin zenean elkarretaratzea burutu genuen Gasteizko Europa Jauregiaren aurrean, baita EHUko 2021-22 ikasturtearen hasiera-ekitaldian, Lehendakaria eta Hezkuntza sailburua han egon zirela. Komunikatuak eta iritzi artikuluak zabaldu ditugu ere, arrisku honetaz jendartea ohartaraziz, nahiz eta hedabide batzuetan Euneizen aurkako ekimen hauek guztiak isilarazita izan diren.

Gaur, beste elkarretaratzea egin dugu, oraingoan Legebiltzarraren aurrean, interes pribatuek euskal jendarte osoari sartu dioten gol erabakigarria salatzeko. Izan ere, EAJ-PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta Vox-ek Euneiz Euskal Unibertsitate Sisteman sartu dute, UPV/EHUrekin zein Mondragon Unibertsitatea eta Deustoko unibertsitate pribatuekin batera. Irabazi-asmoko eragile berri honek diru publikoak eskatu eta jaso ahal izango ditu hemendik aurrera, aipatutako alderdien eta Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Eusko Jaurlaritzaren erabateko sostenguarekin. Beste lehiakide bat guztion diru publikoak bereganatzeko lehian.Hori bai, gutxi batzuen onerako, batez besteko 8.000 euroko matrikula urtekoordaindu ahal dutenen onerako. Hori guztia, unibertsitate publikoak EAEko aurrekontuetatik urtero jasotzen duen finantzazioa kalitateko hezkuntza-unibertsitarioa eta langile guztien lan-baldintza duinak bermatzeko nahikoa ez den bitartean. Gaurko erabakiak argi uzten du hezkuntza unibertsitarioari dagokionez, EAJ/PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta Vox-en lehentasunak hezkuntza pribatuan daudela.

Ikuspegi juridikotik egin duten mugimendu bakarra 2021eko abuztuan indarrean sartu zen unibertsitateak sortzeko Errege Dekretuak ezarritako baldintzak musu-huts uzteko izan dira. Izan ere, legeak gutxienez 10 gradu, 6 master eta 2 doktorego-programa eskatzen ditu, gutxienez 3 jakintza arlotan. Euneizek hau betetzetik urrun dagoenez EAJ-PNV eta PSE-k emendakinak aurkeztu zituzten legearen aurreproiektuan aipatzen ziren ikasketa zehatzak kentzeko, modu honetan oztopo legalik ez egoten saiatzeko. Aipatzen dute 2022ko udazkenean hasiko direla klaseak Euneizen, baina argi dago momentu horretan ez duela beteko legeak ezarritakoa. Presa handia eta direnak eta ez direnak egin dituzte ekimen elitista hau ahalik eta azkarren martxan jartzeko.

Euskal unibertsitate publiko zein diru-kutxa publikoen kontrako eraso larri bat gauzatu dute gaur.

Sindikatuok mobilizaziora deitu dugu abenduaren 1erako, lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde

LAB, ELA, STEILAS, ESK, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuon ohar bateratua, gaur egin dugun agerraldiaren harira:

Hainbat erakundek erabaki dugu aldarri multzo bat osatu eta horiek lortzeko mobilizazio bateratuari ekitea. Bat gatoz garrantzi handiko unea dugula hau. Europar funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira, eta hori inola ere ezin dugu onartu. Hasieratik argi geratu zen funtsen truke galdegingo zizkigutela doikuntza sozialeko neurriak eta austeritatezko aurrekontu-politikak. Urte bukaerarako hartu nahi dituzten erabakien araberakoak izango dira etorkizuneko gure bizi- eta lan-baldintzak. Lan erreforma eta pentsioen erreforma ezinbesteko baldintza dira beltzez jantzitako gizon berriek argi berdea eman diezaioten espainiar Estaturako funtsen transferentziaren bigarren zatiari. Eta ez batean, ez bestean, inongo kasutan ez zaio erantzunik ematen Euskal Herriko mugimendu sindikal eta sozialen eskariei.

Pentsioen erreformarako lege-proiektuan erretiro aurreratuan murrizketak ezarri nahi dira; ez da inola ere bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsiorik, ez eta genero arrakala gainditzen ere. Gutxi dakigu, baina dakigun horren argitan aurreko urteetan ezarritako murrizketak ez dira indargabetuko, eta pentsio-sistema publikoa ere ez da sendotuko. Lan erreformaren nondik norakoak are ilunagoak dira, baina ez dirudi Euskal Herrian gure lan-hitzarmenak negoziatzeko eskubidea bermatuko denik, edota indargabetuko direnik aurreko erreformen funtsezko puntuak, esaterako kaleratzeko erraztasuna. Erreforma hauek baldintzatu nahi ditugu, eta mobilizazioa da horretarako hautatu dugun bidea.

Bestalde, Hego Euskal Herriko erakundeek ez dute ezer jakin nahi ereduaren oinarrizko zutabeak aldatzeko aukeraz, esaterako, osasun, hezkuntza edo zaintza sistema publikoari dagokionez, edo premiazko erreforma fiskalari ekiteaz, zeinak zeharo gehituko dituen enpresa- eta kapital-errentek ordaintzen dituzten zergak, batik bat enpresen etekinek, ondareak eta fortuna handiek. Confebaskek eta CENek erabakitzen dituzte politika hauek.

Aurrekontu-politika zekenen jarraipenak, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aldeko politikak eta gizarte-prestazioak areago murriztu nahiak (horixe da EAEko DSBEaren erreformaren xedea), krisian dagoen tokiko merkataritza babesteko neurririk ezak… honek guztiak adierazten du 2008ko krisialdian eta koronabirusaren pandemian zehar ikasitakoa ez dutela aintzat hartu nahi. Halaber, krisi sanitarioaren kudeaketak agerian utzi du sistema autonomikoa zein hauskorra den: nahi duenean, Estatuak bere irizpideak inposatzeko ahalmena du.

Esan bezala, guk mobilizatzeko erabakia hartu dugu. Deialdi hau bultzatzen dugun sindikatuok beharrezko deritzogu bat egiteari, esaterako Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako azaroaren 13ko mobilizazioak babestuz.

Greba orokor baten erreferentzia ere aipatu izan dugu; honi buruz bakoitzak bere iritzia eman izan du. Gaur kalera gatoz esateko beharrezko jo dugula testuinguru honetan abenduaren 1ean mobilizazio egun bat deitzea. Egun horretan kalera irtengo dugu, goizean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta arratsaldean eskualdeetan, gure aldarriak defenditzeko, “Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez. Soberanía para una vida digna” leloarekin.

Dei egiten diegu gizarte-mugimendu guztiei gurekin bat egin dezaten eta elkarrekin lan egin dezagun abenduaren 1eko mobi- lizazioa ahalik zabal eta handiena izan dadin.

USOAn eraginkortasun mugatuko hitzarmena sinatu dela salatu dugu

LAB sindikatutik salatu nahi dugu eraginkortasun mugatuko hitzarmenak langileen kolektiboarentzat kaltegarriak direla, ez baititu plantillako ordezkaritza guztiak barne hartzen. Horrek esan nahi du langile bakoitzak banaka sinatu eta atxikitu behar dela hitzarmenari, baldintza berriak aplikatu ahal izateko.

Egoera hau larriagotu egiten da, USOA Barakaldoko Udalaren menpeko enplegu-zentro berezia izanik. Irizpide horiekin, hitzarmen kolektiboaren edukia ez ezik, haren defentsa bera ere arriskutsua dela uste dugu. USOAko komiteko gutxiengoak inposatu du hitzarmenaren sinadura, Barakaldoko Gobernu Taldearen (EAJ-PSOE) laguntzarekin. Gogorarazi nahi dugu LABek USOAren ordezkaritzaren %60 duela. Komite bateko gehiengo sindikalak errespetatu egin behar dira, plantillak berak babestu baititu.

CCOO, UGT eta Ekintza sindikatuek gutxiengoan sinatu dute hitzarmena. Eredu sindikal hori oso urrats arriskutsua da. Izan ere, sinaduraren erabakia langileen asanbladen kontra hartu dute. Are gehiago, gutxiengoan sinatzea espresuki hiru sindikatu hauek eskatu dute.

Horregatik, LABek erabat salatzen du CCOO, UGT eta EKINTZAren jarrera, USOAko plantillari iseka egiteagatik, alde bakarreko erabakia hartzeagatik eta langile gehienen lan-baldintza psikosozialei kalte egiten dien zerbait sinatzeagatik. Gobernu Taldearen (EAJ–PSOE) gezurrak ere salatzen ditugu, hainbeste promesaren ondoren LABen atal sindikala eta plantilla bera manipulatu besterik ez baitute egin. Hitzarmen hau ez sinatzeko erabakian berresten gara, ez zaigulako ez bidezkoa ez nahikoa iruditzen.

Oso larria iruditzen zaigu Gobernu Taldeak (EAJ–PSOE) eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat onartzea eta babestea, hori langileen aurkako erasoa baita, langileen kolektiboaren lan-baldintzen artean aldea sortuz.

USOAko gerentziak, PSOEk, EAJk eta aipatutako hiru sindikatuek hitzarmen bidegabe eta diskriminatzaile bat sinatu dute USOA tailerrerako, plantillan ezinegona eta ziurgabetasuna sortuz.

Laugarren mobilizazio astea, Arabako esku-hartze sozialaren sektorean

Hauxe da sindikatuon ohar bateratua, gaurko mobilizazio egunaren harira:

Arabako Esku-hartze Sozialaren sektorean ordezkaritza duten ELA-COO-LAB-ESK-UGT sindikatuok hiru mobilizazio egun arrakastatsuren ondoren, AISA patronalaren proposamen bat jaso genuen, negoziazio-mahaia berriro martxan jartzeko, patronalaren arabera, erakundeen finantziazio faltagatik blokeatuta baitzegoen.

Atzo, azaroak 9, negoziazio mahaiaren bilera berri horretan, AISAk planteamendu orokorra egin zigun, zehaztasunik gabekoa, eta, gainera, duela hilabete mahaian genuena baino eskasagoa, mobilizazioak eragin zituena baino are kaskarragoa. Argi eta garbi adierazi digute erakundeek, orain arte ez bezala, finantzaketa-bermeak eman dizkietela, baina sektorearen baldintzak hobetzeko proposamenak urrun daudela gure aldarrikapenetatik, eta ez daudela beste mugimendurik egiteko prest.

Hori onartezina da sektoreko langileentzat, 11 hilabetez negoziatzen aritu ondoren!

Bilera amaitzeko, AISAk konpromisoa hartu du ahalik eta lasterren proposamen argi eta zehatz bat egiteko mahai gainean dauden puntu guztietan.

Jarraian, sindikatuok Emilio Sola Gizarte Politiketako diputatuarekin eta haren lantaldearekin bildu gara. Aldundiak Esku-hartze Sozialaren aldeko apustua egin dutela jakinarazi digu, sektoreko langileen aldetik Hitzarmena aurrera ateratzeko borondatea duela, “bideratzaile” gisa agertu dela eta hori guztia hurrengo negoziazio-mahaian gauzatuko delaren itxaropenarekin utzi gaitu.

Sola jauna, ekintzak nahi ditugu, ez itxaropenezko borondateak!

Gaur, azaroak 10, laugarren asteazkenaz jarraian, Arabako Esku-hartze Sozialeko langileok mobilizazioekin jarraitzen dugu, eta areagotu egingo ditugu patronalak eta erakundeek, ekintzekin, sektoreko lan- eta laguntza-baldintzak hobetzeko apusturik egiten ez badute.

Legasako Arcelor Mittalen gertaturiko istripua saihets zitekeen

Iragan ostiralean Legasako Arcelor Mittalen gertatu zen lan istripuaren harira, ezer baino lehen, LAB sindikatuak bere elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die istripua izan zuen langileari eta haren gertukoei, eta behar duten guztian laguntzeko prest dagoela ere adierazi nahi die.

Istripu larria izan zuen langileak, eskuan kalte larriak eragin dizkiona. Baina LABen ustez halakorik ez zen gertatu behar. Lan-erritmo altuek, prestakuntzan dauden gabeziek edo langilearen behin-behinekotasun egoerak eragin negatiboa dute, eta joan den ostiralekoa bezalako lan istripuak eragiten dituzte.

LABek istripuaren ikerketa zorrotza eskatzen du, eta multinazionalari kontratazio berriei prestakuntza hobea emateko eta lan-erritmo altuak bertan behera uzteko eskatzen dio, horretarako beharrezkoak diren baliabide pertsonal eta materialak jarriz. Izan ere, Legasako faktorian lan-karga handia duten arren, langile gutxi daude, multinazionalak urteetan enplegua ikaragarri suntsitu baitu.

Azkenik, LABek deitoratu behar du ezin izan zaiola lan-istripu larri honi behar bezalako erantzunik eman, gainerako sindikatuen ezezkoagatik. Nolanahi ere, LABek langileen laneko segurtasuna eta osasuna defendatzen jarraituko du, etekin ekonomikoaren gainetik.

Bikaintasuna langileen lan-baldintza duinetan oinarritu behar dela aldarrikatu dugu Kursaalen, Lanbide Heziketari buruzko kongresuaren aurrean

Jaurlaritzak EAEko Lanbide Heziketako bikaintasuna harrotasunez erakusten badu ere, sektoreko arazoak konpontzeko inolako urratsik ematen ez duela salatu du gaur LAB sindikatuak, Kursaalean Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresuaren inaugurazio-ekitaldian. Besteak beste, irakasle teknikoen egoera salatu dugu: 260 langileren etorkizuna kolokan egon liteke lehenbailehen irtenbidea eskaini ezean.

Gaur eta bihar, “Lanbide heziketa gizatasunaren, teknologiaren eta adimenaren aroaren aurrean” izenburuko biltzarrean, EAEko Lanbide Heziketaren goi-maila eta kalitatea goraipatuko den bitartean, EAEko Hezkuntza Sailak ahaztu egiten du bikaintasun horren atzean pertsonak daudela, horien artean, irtenbidea behar duten irakasle teknikoak.

Irakasle teknikoen arazoari irtenbidea emateko asmoz, uztailaren 28an batu ginen langileen Blanca Guerrero kudeaketa zuzendari eta Nikolas Sagarzazu Lanbide Heziketako plangintza eta antolakuntza arduradunekin. Orduan, irtenbide proposamen bat jaso genuen 16 espezialitate ez-singularretako ordezko irakasle teknikoentzat (2019an itxialdietan egon ziren irakasle teknikoen kolektiboko kideak), baita, langile guztiontzako soluzio egokiak erdiesteko asmoz irailean egitekoa zen bilera baterako proposamena. 

Bilera horren deialdia heltzen ez zela eta irakasle teknikoen arazoaren urgentzia ikusita, gaia lantzeko saiakera gehiago egin ditu LABek, baina ez dugu erantzunik jaso. Horretaz gainera, ez dugu berririk jaso formakuntza pedagogikoari buruz (CAP delakoa) eta ez da LEParen inguruko proposamenik jarri mahai gainean.

LABetik argi dugu gatazkaren konponbidea ezin dela gehiago atzeratu. Izan ere, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak erakutsitako asmoen artean, 2023rako Lanbide Heziketarako LEP deialdia badago, oraindik zalantza batzuk erantzuteke daude: LOMLOEk ezarritako marko berrian, zer gertatzen da LEPa gainditzen ez duten irakasleekin? Zerrendetatik kanpo geratuko lirateke? LABetik langile guztien alde egingo dugu berriz ere, eta deialdietan guztiak aurkeztu ahal izatea gutxieneko baldintza gisa borrokatuko dugu. 

Testuinguru honetan, Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresuaren aurrean “Bikaintasunik ez langilerik gabe! Irakasle teknikoak borrokan” lemapean kontzentrazioa egin dugu, oso argi baitugu Hezkuntza Sailak ezin duela heziketaren bikaintasunaz aritu 260 langileren etorkizuna jokoan jartzen duen bitartean. Mezu argia adierazten jarraituko dugu bai Lakuan, bai eskoletan, eta baita edozein kongresutan ere. Langile guztiak gara beharrezkoak!

CCOO eta UGT sindikatuek negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren alde egin dute berriz

LABek jakin ahal izan du CCOO eta UGTk Espainiako Metalgintzako Hitzarmena sinatu dutela. LABetik akordio hori gaitzetsi nahi dugu, eta eskatzen dugu hitzarmen hori Hego Euskal Herrian ez aplikatzea. Lan erreforma indarrean egotearen ondorio nagusienetariko bat estatuko hitzarmenek lehentasuna izatea da, Espainiako patronala den Confemetalek, CCOO eta UGTk pozik baliatu duten bezala.

Ez sinistekoa da LABentzat Estatuko Metaleko negoziaketa horretan, bilera bakarrean erdietsi izana akordioa, eta, sinatu dutela jakinarazi duten arren, sinatutako testua publiko ez egin izana. Zer ezkutatu nahi dute? Hau da, zer inposatuko diete metalgintzako langileei? Gardentasun ezan eta menpekotasunean oinarritzen den sindikalismoaren beste adibide bat da sinadura hau.

Edukiak publiko egiten dituztenean baloratuko dugu xehetasun gehiagorekin, baina onartezina deritzogu Estatu mailako akordio horrek, CCOOk eta UGTk azaldu duten bezala, hitzarmenaren atal batzuk beretzat gordetzea, hau da, herrialdeko eremutan eduki hori negoziatzea debekatzen dute. Lan harremanak eta negoziazio kolektiboa bertan erabakitzea aldarrikatzen dugu, horretarako eskubidea dugulako, eta estatuko hitzarmenek prekarizazioa dakartelako.

Hemen lan egin, hemen erabaki! Egin dezagun Euskal Herrian Madrilen egin ezin dena.

Jaurlaritzak bi anbulantzia gehiago kendu ditu, eta beste 20 langile gehiago kaleratu

Urriaren 8an, Eusko Jaurlaritzak Covid-19ak kutsatutako pazienteak lekualdatzen zituzten 6 anbulantzia kendu zituen osasun-garraioko zerbitzutik, eta, horrekin batera, 60 langile inguru kaleratu zituen, guztiak zaintzeko lehen lerroan lanean aritu direnak.

Pandemia baino lehen ere ez zen nahikoa asistentziazko eta ez-asistentziazko osasun-garraioa Euskadin. Hobekuntza bat behar zuen: dauden baliabideen kopurua handituz zerbitzu hobea emateko, bai anbulantzia asistentzialetan, bai ez-asistentzialetan.

Erabaki horri erantzuteko, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok elkarretaratzeak deitu genituen hiru lurraldeetan, gure desadostasuna adieraziz eta garraio sanitarioko zerbitzua hobetzeko eskatuz, publifikazioaren bidez, eta Gotzone Sagarduy osasun-sailburuarekin eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin bilerak eskatuz. Gaur beste elkarretartaze bat egin dugu sindikatuok, Donostia Ospitalearen aurrean oraingoan.

Bada, azaroaren 4an, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen Bizkaiko lurraldean oraindik zerbitzua ematen zuten 2 baliabideak alde batera uztea, eta horrek langileak kaleratzea ekarri zuen.

Pandemiaren bilakaerari buruzko datuekin: txertaketa masiboaren, covid kasuen jaitsieraren eta askok dena amaitu dela pentsatzearen ondoren, Eusko Jaurlaritzak kaleratzea erabaki du, zerbitzua hobetu beharrean.

Erabaki hori onartezina iruditzen zaigu, eta, beraz, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek salatu nahi dugu pandemiaren 18 hilabete hauetan ez dela ezer ikasi; izan ere, osasunean inbertitutakoa mantendu beharrean, erretiratu egiten da eta pandemia aurreko prekaritate-egoera berera itzultzen da, ez da osasun publikoa indartzen, lehentasun osoa izan behar duela ikusi denean.

Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia herritarren zerbitzura egongo den osasun publiko indartsua sustatzearen aurkakoa da, eta ez arlo horretan negozioa egin nahi duten enpresen interes ekonomikoen zerbitzura egongo dena. Horregatik guztiagatik, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok urriaren 26an bilera eskaera bat erregistratu genuen Gasteizen, eta aste honetan bertan, gai horri heltzeko premiazko bilera eskatu diegu Gasteizko Legebiltzarreko alderdi politikoei, Osasun Sailak oraindik ez baitigu idazkiari erantzun.

Bilera egitea eskatzen diogu publikoki Osasuneko sailburuari, EAJ ez beste alderdi guztiak gurekin harremanetan jarri baitira bilera bat egiteko, eta ez da ulergarria gaur egun, bilera eskatu zenetik 10 egun baino gehiago igaro ondoren, gurekin harremanetan jarri ez izana.

Langileak berriz hartzeko eta ezabatutako 8 anbulantziak berriro martxan jartzeko eskatzen dugu, eta, era berean, Administrazioak zerbitzu garrantzitsu hori benetan eta zuzenean kontrolatzeko eskatzen dugu, anbulantzia asistentzialak eta ez-asistentzialak publifikatuz. 

Espainiako Gobernuari zuzenduko gatzaio, lan erreforma bertan behera uzteko promesa bete dezan eta pentsio publiko duinak berma ditzan eskatzeko

LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldia egin dute, Madrilen lan erreforma eta pentsioen erreformaren inguruan datozen egunotan har ditzaketen erabaki garrantzitsuenen harira.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “LAB mobilizazio-ziklo berri bat irekitzeko lanean ari da, Greba Orokor bat ortzi-mugan. Madrili begira, bai, baina Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko izaerarekin. Bide orri propio bat elikatu behar dugu, Euskal Bidea”.

Hala, langileek lana, pentsioa eta bizitza duina izan dezaten, azken urteetan erreformen bitartez eraikitako egitura guztia bertan behera utzi eta indargabetu behar dela nabarmendu du; hots, lan-harremanak eta pentsio-sistema eraldatu eta erreformatu behar direla.

Idazkari nagusiaren arabera, “azken urteetako politikak erabateko eraldaketa bateruntz zuzendu behar dira. Eraldaketa horretarako, LABek bi lege-proiektu aurkeztu ditu: euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren lege propioa; Gasteiz eta Iruñeko Parlamentuetan erregistratu ditugun proposamenak, hain justu”.

Bada, datozen asteotan erabaki garrantzitsuak hartuko dira lan erreforma eta pentsio-erreformen inguruan, eta, hortaz, sindikatuaren ustez, orain da unea Madrilen irekitako eztabaidetan eragiteko. “LABek eta Euskal Herriko gehiengo sindikalak ez dute ordezkaritzarik lan erreforma indargabetzeko edo pentsioen itun berri baterako eztabaida horietan. Horregatik, gutun bana helaraziko diegu Madrilgo Gobernua osatzen duten PSOE eta Podemos alderdiei”, iragarri du Garbiñe Aranburuk.

Zer eskatuko diegu?

-Lan erreforma indargabetzeko emandako hitza betetzea. Indargabetzea indargabetzea da, eta ez dugu onartuko hitzekin jolastea.

-Pentsio publiko duinak bermatzeko eskatzen diegu. Diru-sarrerak handitu behar dira, soldatak hobetuz eta gutxieneko soldata igoz, eta kotizazioen bidez diru-sarrerak handitu behar dira, kotizazioari mugak kenduz eta patronala gehiago zergapetuz. Horrekin nahikoa ez bada, aurrekontuen eta fiskalitatearen bidez.

-Lehenengo bi eskaerak betetzeko, CEOEren aurrean amore ez ematea eskatzen diegu. Indargabetzea eta patronalarekin adostasunak lortzea ez da uztargarria; pentsio publikoak bermatzea eta patronalarekin adostasunak lortzea ezta ere. Hori patronalari beto eskubidea ematea litzateke.

-Eskutitz horretan, halaber, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua edukiz hornitzeko dugun eskubidea errespetatzeko eskatuko dugu, gure lan eta bizi baldintzei buruzko inolako esku-sartzerik gabe erabakitzeko dugun eskubidea errespetatzeko.

EH Bildu eta EAJri ere

EH Bildu eta EAJri ere bidaliko dizkiegu gutunak: EAJri eskatuko diogu langileok ez dugula AHTrik behar, lan eta bizi baldintza duinak behar ditugula, eta EH Bilduri lan erreforma indargabetzeko akordioa defendatzeko eskatuko diogu.Azken finean, botoak Euskal Herriko langileen zerbitzura jartzea eskatzen diegu, erreformak indargabetzeko eta murrizketa gehiago saihesteko.

Garbiñe Aranburuk nabarmendu bezala, “klase politikoa interpelatu behar dugula uste dugu. Horixe egin zuen LABek Gasteizko eta Iruñeko Parlamentuetan, eta horixe egingo dugu eskutitz hauekin. Izan ere, akatsa litzateke hartuko diren erabakien zain geratzea. Akatsa da Elkarrizketa Sozialetik aterako denaren zain egotea, beto-gaitasuna duen patronalarekin eta presio sozialerako inolako gaitasunik ez duen Estatuko sindikalismoarekin”.

Mobilizazioak patronalaren aurrean

Orain da unea. Kalera irten behar dugula berretsi du idazkari nagusiak: “Euskal Herrian dagoen gehiengo sindikal eta sozialak kalera irten behar du denbora gehiago galdu gabe. Orain mobilizazioan urrats berriak emateko unea da, irmotasunez jokatzea dagokigu”.

Honen harira, LABek mobilizazioak egingo ditu azaroaren 17an, CONFEBASK eta CEN patronalen aurrean, “Madrili begira presioa egitea dagokigulako, bai, baina baita Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko ere”.