2026-01-21
Blog Page 389

Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu gara, kolektibitateetako langileen lan-baldintzak hobetzeko beharrezko neurriak eskatzeko

Joan den ikasturtearen amaieran, LAB sindikatuak lan-osasunari buruzko inkesta bat egin zuen kolektibitateetako langileen artean, hots, eskola-jangela eta enpresa-jantokietako langileen artean. 700 langile inguruk erantzun zuten inkesta, eta euren laneko arrisku nagusiak honako hauek zirela adierazi zuten: zarata (%81,6), mugimendu errepikatuak (%63,1), jarrera behartuak (%60,8), lan-erritmoa (%51,3) eta arrisku psikosozialak (%42,4). Gaur, mobilizazioa egin du LABek Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, langileen osasuna jokoan dagoela salatu eta Hezkuntza Saila, Osalani eta kolektibitate-enpresei exijitzeko errealitate horren aurrean kolektibo honetako langileen lan-baldintzak hobetzeko beharrezko neurriak martxan jar ditzatela. 

Kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituen sektorea izateaz gain, langileek euren osasunarekin ordaintzen dute sektorea kudeatzen dituzten enpresen irabaziak.

Nabarmentzekoa da langileen %27,5 soilik egon dela bajan arrazoi horiengatik, eta horrek azaltzen du sektore horretan, prekarizazioa dela eta (soldata baxuak, behin-behinekotasuna, etab.) gehienak ezin direla medikuarengana joan baja eman diezaieten, eta beste sekotre batzuetan orokortzen ari den bezala, medikazioaz abusatzen dutela lan-erritmoa jasateko.

Inkesta honek agerian jartzen du arriskuak sortzen dituzten lan-baldintzak daudela, eta arrisku horiek kalteak eragiten dituztela; hau da, diru pixka baten truke, langileak direla lan egitea euren osasunarekin ordaintzen ari direnak, eta enpresak langileen osasunaren kontura aberasten ari direla. 

Enpresei, langileek jasoten dituzten arriskuak ezabatu edo murriztuko dituzten prebentzio-neurriak ezartzea eskatu die LABek.  Eusko Jaurlaritza eta Osalani, aldiz, honako neurriak eskatuko dizkie :

  • Osasunaren ikuspegitik ratioak kontuan hartzea, eta konpromisoa hartzea Osalan-eko teknikariekin ad hocazterketa bat egiteko.
  • Enplegu duina eta kalitatezkoa, EAEko segurtasun- eta osasun-plan estrategikoetan langile horiek pairatzen dituzten enplegu- eta lan-baldintzak kontuan hartzea eta prebentzio-ahaleginak areagotzea.
  • Osalanek kolektibitateen sektorerako lantokietara bisitak egiteko programa-kanpaina bat garatu ahal izatea (kalitatezko arriskuen ebaluazioak eta osasunaren zaintza, prebentzio-neurriak gomendatzea eta arriskuak eta kalteak antzemateko programa bat egitea.
  • Osasun- eta lan-arloko agintarien arteko koordinazioa, bai eta Osalanen eta Laneko Ikuskaritzaren artekoa ere.
  • Prebentzio-zerbitzuen zeregina kontrolatzea.
  • Eusko Jaurlaritzako arloekin eta arlo horretan erantzukizunak dituzten beste administrazio publiko batzuekin koordinatzea
  • Enpresen gaineko kontrol handiagoa, erregistroak egitea eta jarduera hori egiten duten enpresen kontrol- eta jarraipen-ekintzak areagotzea.
  • Arriskuen ebaluazioak kontrolatzeko eta aholkatzeko metodoak garatzea, prebentzio-rola bete dezaten; gainera, genero-alderdiak kontuan hartu beharko dira, desberdintasunak eta desberdintasunak kontuan hartuta.

Pentsio sistema publiko eta propioaren alde mobilizatu gara, pentsiodunen mugimenduarekin bat

Pentsiodunen mugimenduak manifestazioak egin ditu Hego Euskal Herrian, pentsio duinen alde. Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Eibarren izan dira mobilizazioak eguerdian. Bilbokoa, berriz, arratsalderako deitu zuten astelehenean egindako agerraldian.

LABek bat egin du mobilizazio egunarekin, eta manifestazioetan izan da bere aldarri propioekin. Izan ere, ezinbestekotzat jotzen dugu pentsio sistema publiko eta propioaren alde mobilizatzea, guztion etorkizunaren defentsan. LABeko ordezkaritza zabal batek hartu du parte, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru. Donostiako protestan izan da bere kasuan.

Hain zuzen ere, sistema publikoaren aurka Madrildik etor daitezkeen erasoen aurrean, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua indartzearen aldeko urratsak aldarrikatu ditugu, LABeko Helduen eta Pensiodunen Arloaren urteroko batzarrean urrian jakinarazi genuen bezala.

Gizarte Segurantzako Legea, erretiroa 60 urtera aurreratzea, 1.080 eurotik beherako pentsioak kopuru horretaraino osagarritzea eta gizon eta emakumeen artean dagoen pentsio-arrakala ezabatzeko neurriak hartzea dira pentsioen inguruan sindikatuak dituen proposamenak, guztiak gure Programa Sozioekonomikoan jasotakoak.

EAJ-k eta PSOE-k Gasteizen eta Madrilen beste txapuza bat egin dute milaka behin-behineko langileen bizi egitasmoekin

Behin-behineko langileen egoerari konponbide serio eta adostu bat bilatu ordez, EAEko agintariek atzo kidego eta eskalen legearen xedapen gehigarria onartzea lortu zuten Gasteizko parlamentuan. Honela, administrazio ezberdinetan ematen diren kasuistika ezberdinei (sarbidea, aukera berdintasuna, titulazioak, sektore feminizatuak, adina…) muzin egin eta lanpostuen kontsolidazioa lortzeko “merezimenduak baloratuz lortu ahal izatea” onartu zuten.

Esku batekin untxi hori ateratzen zuten bitartean, Madrilen beste eskuarekin zartada eman zuten, eta zuzenean bost urtez etengabe beteta izan diren lanpostuak merezimendu lehiaketa bidez finkatzea adostu dute. Berriro ere, behin-behineko langileen egoera alde batera gelditu da Madrileko Kongresuko pasiloetan. Irakurtzen dugunaren arabera, akordio honen bidez ez dira pertsonak kontsolidatuko, lanpostuak baizik. Bada, euskal administrazioetan sor dezakeen anabasa itzela izan daitekeela uste dugu.

Argi gelditzen da Gasteizko eta Madrilgo agintariei bost axola zaizkiela langileak eta euren ordezkariak, eta soilik erantzuten dietela Europatik edo epaitegietatik etor daitezkeen aginduei. Horrela, bi astakeria onartu eta langileen kexuei entzungorrarena egingo diote berriro ere.

Arazoa errepikatu egingo da urte gutxiren buruan, erretiro kopuruak handitzen direlako eta neurririk hartu nahi ez delako. Kontrakoa, bai, ordea, sektore publikoa husten eta pribatizatzen jarraitzen dute administrazioek, PNVrentzat eta PSOErentzat negozioa estrategikoa delako.

LABek behin eta berriro aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko du geure lege propioak Euskal Herrian adosteko, geure zerbitzu publikoak definitzeko eta indartzeko. Bide honetan ezinbestekoa da langileon egonkortasuna, eta horretarako administrazio eta enpresa publiko bakoitzaren errealitatearen arabera langile egiturak adostu eta urteetan behin-behinekotasunean dauden lanpostu guztiak behar bezala kontsolidatzeko.

Eserialdia egin dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, helduen egoitzetako gatazka konpontzeko bilera bat exijitzeko

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek beste greba egun bat egin dute, eta, Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu dira, orain arteko bilera eskaerek jasotako ezezkoak salatzeko. Hori dela eta, eserialdia egin dute, Aldundiaren barruan sindikatuetako ordezkariek beste bilera eskaera bat erregistratzen zuten bitartean. Datarik ez digute eman, berriro ere. Deituko digutela esanda agurtu gaituzte, kanpoan zirenei atea itxi eta gero.

Hain zuzen ere, Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñarekin bildu nahi dugu, helduen egoitzetako langileen eta bertako egoiliarren egoera jasanezina baita. Premiazkoa da gatazkari konponbide bat ematea, premiazkoa da lan baldintza eta zerbitzu duina bermatuko dituen hitzarmen bat adostea.

Gatazka honen oinarria zerbitzu publikoen pribatizazioa eta lan feminizatuen errekonozimendu sozial eta ekonomiko eza direla salatu dugu gaurkoan ere. Diru publikoz finantzatutako enpresak aberasten ari dira menpeko helduen eskubideen eta langileen esplotazioaren kontura, eta egoera hau onartezina da. Zaintza lanak aitortu eta duindu behar dira.

Emakume, neskatila eta LGBTIQA+ pertsonen asilo arrazoi espezifikoen benetako onarpenaren aldeko kanpainarekin egin dugu bat

Europan asilo eske diharduten pertsonen alde borrokatzen diren zenbait ekintzailek eta erakundek sustatutako sinadura bilketa abian da, eta LAB bultzatzaileen artean dago. Sinatzeko, hemen.

Kanpainako atarian azaldu bezala, indarkeria sexual eta sexistek (besteak beste, etxeko indarkeriak, sexu-esplotazioak, norberaren borondatearen aurkako ezkontzek, mutilazio genitalek, emakumeen salerosketak, baztertzaileak diren legeek, haurrak kentzeak) emakume, neska eta LGBTIQA+ kolektiboko kide asko bultzatzen dituzte beren herrialdeetatik ihes egin eta Europan asiloa eskatzera.

Pertsona horiek ia sistematikoki pairatzen dituzte indarkeria eta esplotazioa migrazio-bidaia osoan zehar, besteak beste: indarkeria sexuala, mugalarien edo errefuxiatu-esparruetan dauden beste batzuen eskuetan; esplotazio sexuala, edo igarotzen diren herrialdeetako emakumeen salerosketa-sareetan preso erori eta beren borondatearen kontra lan egitera derrigortzea (baita Europako herrialdeetan ere); mehatxuak, traumak eta beren haurrek bizi dituzten arriskuak.

Behin Europara iritsita, egokitu gabe dauden prozedurekin egiten dute topo, eta harrera duina ere ez zaie egiten. Egungo asilo-prozedurek ez dute aukerarik ematen generoagatiko indarkeriaren biktimak edo emakumeen salerosketaren biktimak identifikatzeko, ostatu emateko azpiegiturak ez daude egokituta eta ez dago babes-neurri nahikorik. Eta, gainera, askotan ez zaie aitortzen asilorako arrazoi espezifikoak dituztenik, nahiz eta Europako zuzentarau ugaritan eta Istanbulgo Hitzarmenean aitortu egiten den emakumeek pairatzen duten generoagatiko indarkeria nazioarteko babesa jasotzeko eskubidea ematen duen jazarpen-mota bat dela.

Hortaz, kanpainaren sustatzaileek, Europako eta munduko herritar gisa, hauxe eskatzen diegu Europako Batzordeari, Europako Parlamentuari, Europako Kontseiluari eta Schengengo esparruko gobernu nazionalei:

-Berma diezaietela nazioarteko babeserako eskubidea emakumeei, neskei eta LGBTIQA+ kolektiboko kideei, berezkoak zaizkien asilo-arrazoi guztien benetako aitorpena eginez.

-Ezar dezatela Europako instantzia bat, Istanbulgo Hitzarmenaren 60. eta 61. artikuluak eta Gizakien salerosketaren aurkako borrokari buruzko hitzarmenaren 10. artikulutik 16. artikulura bitartekoak benetan aplikatzen direla zaintzeko.

-Berma dezatela Europako herrialdeetan asilorako eskubidea baliatu ahalko dutela emakumeek, neskek eta LGBTIQA+ kolektiboko kideek.

Bilbon mobilizatu gara, Bizkaiko kontserberetako negoziazio mahaian izandako aurrerapausorik ezaren aurrean

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuon ohar bateratua:

Dagoeneko 7 hilabete dira Bizkaiko Kontserben sektorean negoziazioak hasi zirenetik. Sektore hori, gogora dezagun, funtsezkotzat jo zen pandemiaren garaian, gizartea beren etxeetan sartuta zegoen bitartean, kontserba-langileek beren osasuna arriskuan jartzen zuten lanpostuetan.

Sektore feminizatu honetan, enpresaburuek historikoki “bigarren soldata” gisa tratatu izan dituzte soldatak, hau da, senarraren soldatari “osagarri” gisa.

Gaur egun, patronalak es gma hori mantendu nahi du. Negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuok sektoreko langileen beharrak jorratzen dituzten plataformak aurkeztu ditugun arren, patronalaren erantzuna soldatak izoztea eta erosteko ahalmena galtzea izan da.

Sektorean ezkutuan dagoen prekarietateari aurre egiteko, hitzarmena aplikatzea bermatzeko, lan-osasunaren arloan aurrera egiteko eta langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko elementuei buruz aritu beharrean, patronalak malgutasun elementu ugari dituen sektorea are gehiago malgutu nahi du, behin-behinekoak, aldizkako nkoak, ordu poltsa, ERTEak, etab.

Euskadin % 5,5eko KPIa dugun testuinguru honetan, patronalak soldatak izoztea eta erosteko ahalmena nabarmen galtzea ekarriko lukeen soldatak eguneratzea baino ez du proposatzen.

Patronalak negoziatzeko borondaterik ez duela erakutsi du, eta, beraz, negoziazioen blokeo honen aurrean mobilizazioen bidea besterik ez digu utzi. Gaur egin dugu lehenengoa, eta behar diren guz ak egingo ditugu soldatak eta miseriazko lan baldintzak dituen sektorea duintzeko.

Hamarkadetako behin-behineko kontratazioan abusua zigortzeko Kidego eta Eskalen legea ezerezean geratu da

Gaurko Gasteizko legebiltzarreko osoko bilkuran, EAJ eta PSOEk ezerezean utzi dute behin-behineko kontratazioaren abusuarekin amaitzeko Eusko Jaurlaritzaren tresna legal bakarra omen zena.

Gaur, ezezko borobila eman zaio administrazioaren axolagabekeriak eraiki duen salbuespenezko egoera honi salbuespenezko neurriak indarrean jartzeari. Ezezkoa eman zaio administrazioan lan egiteko sarbidea egiaztatuta duten herri langileentzako edota epai bidez kontratu mugagabedun ez finkoak diren langileentzako ezohiko merezimendu-lehiaketaren bidez finkatzeko salbuespenezko prozesua abiarazteari.

Ezezkoa eman zaio ere, hautaketa prozesu gabe edota sententziarik gabe, hiru urte baino gehiagoz dagokion sailkapen–taldeetan beteta daukaten aldi baterako kontratazioaren abusua pairatzen ari diren herri langileentzako, oposizio-faseko proba ez-baztertzaileak ahalbidetzeari.

Ukatutako salbuespenezko neurriok EH Bilduk aurkeztutako emendakinetan zeuden jasota, besteak beste, legebiltzarrean ordezkaritza duten EAJ, EH Bildu, PSOE eta Elkarrekin-Podemos alderdiekin atal sindikal honek salbuespenezko kontsolidaziorako prozedura bereziak ahalbideratzeko ekimen legegile bat partekatu izanaren ondorioz.

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak hankamotz zein besomotz jarraitzen du geldi, Madriletik zer etorriko den zain, soilik bere arduragabekeriak eraikitako abusuzko egoera endemiko honi aterabiderik eman gabe.

Kontsolidazio lege propioa orain. Guk geure legea!

Osakidetzak itxi egin du lan-eskaintza publikoaren inguruko negoziazioa, eta agerian utzi du filtrazioen aurka guk geuk aurrera eramandako ekintzen ondorioz duen bakardadea

Gaur egiaztatu denez, Osakidetza inoiz baino bakartuagoa dago beste Enplegu Publikoko Eskaintza (EPE) bat hastear duenean. EPE honetan, milaka profesionalen lan etorkizuna jokoan izango da. Osakidetzak ez du ia babesik, ezta prosezua garantiaz burutuko duen konfidantzarik.

Osakidetzaren egungo egoera salbuespenezkoa da, duen behin-behinekotasun handiagatik eta planteatutako EPEak aurre egiten ez dion plazen defizitagatik, baina baita ere gaur egun agerian geratu direnen aurrekaririk gabeko egoeragaitik. Oraingo deialdia arautzen duen EPE akordioa baliorik gabe utzi dute sinatzaile gehienek, eta deialdi horretan parte hartu behar zuen HAEEk bide erdian utzi du ontzia. Horrekin, Osakidetzak amaitutzat eman du hurrengo egunetan deituko duen lan-eskaintza publikoaren ustezko negoziazioa.

EAJ-k eta PSE-k agerian uzten dute ez dutela Osakidetzaren EPEaren kudeaketan erantzunkizunik hartu nahi. Hain agerikoa da saihestu daitezkeen arriskuak hartzen ari direla, ezen ezin daitekela bestela ulertu HAEEk prosezuan parte hartzeari uko egin izana, EPE egiteko edozein inplikaziotatik ihes eginez, baina era berean, Osakidetzako epaimahai kalifikatzaileetan deskargatuzgertadaitekeenarenerantzukizunosoa.

Gaur negoziazioa amaitutzat eman duen Osakidetzako egungo zuzendaritza da gerta daitezkeen egoera irregularren lehen erantzulea. Proposatzen den planteamendua ez da baliozkoa, epaimahaiei azterketak idazteko eta zuzentzeko ahal guztia emanez. Ausartegia, egungo egoeratik abiatuta.

Bestalde, Osakidetzari eskatzen diogu erantzukizuna har dezala azken EPEak utzitako milaka langileren egoeraren aurrean; lan-eskaintza publikoak geldirik daude 13 kategoriatan, dagozkien mugikortasun-prozesuekin. Osakidetzak ukatzen jarraitzen duen errealitate batetik abiatzen den EPE eredu bat eskatzen jarraitzen dugu. Filtrazioen errealitatetik zintzoki abiatuko den azterketa baten ondoren soilik sor daiteke benetako bermea izango duen EPE eredu berri bat.