2026-01-25
Blog Page 386

Erreformek lan eta bizi baldintzen prekarizazio orokor bat ekarri dutela ondorioztatu dute azaroko “Ikusmiran” txostenean

Ipar Hegoa Fundazioak “Ikusmiran” berri bat aurkeztu du, Euskal Herriko langileriaren lan eta bizi baldintzei buruz. Azaroko azterlanak ondorio nagusi hau ekarri du: 2010 eta 2013 artean ezarritako erreformek indarrean jarraitzen dutela eta horrek lan eta bizi baldintzen prekarizazio orokor bat ekarri dutela.

Gainera, pandemiaren ondorioz sorturiko krisiari aurre egiteko hartu diren erabakiek ez dute langileria jarri erdigunean, ehun produktiboa baizik. Ondorioz kolektibo zabalak geratu dira babesgabe.

Hemen eskuratu daiteke txostena.

“Lan munduan egunero ematen dira erasoak; gure lana da espazio seguruak sortzeko baldintzak exijitzea”

Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Egunaren bezperan, sindikatuko kideei zuzendutako jardunaldi bat antolatu dugu Iruñean, eta, bertan, solasaldia egin dugu LABek borroka honetan dituen tresnak, baliabideak eta alternatibak mahai gainean jartzeko. Horretaz gain, lehen mailako hizlariek euren esperientziaren berri eman digute. Hain zuzen ere, honako hauek hartu dute parte hitzaldian: Ana Pinto, Jornaleras de Huelva en Lucha-ko kideak; Miren Beltran Lantegi Batuak-eko langileak; Aitzole Araneta sexologo, berdintasun- teknikari eta trans ekintzaileak; eta Elixabete Etxeberria LABeko Idazkaritza Feministako idazkariak.

Azken honek lantokietan indarkeria matxistari aurre egiteko LABek landutako protokoloari buruz hitz egin du. Sindikatuak argi du indarkeria matxistarekin amaitu behar dela, eta, bide horretan, lantokietan protokoloak diseinatu behar direla. Horretarako sortu eta berritu dugu aipatutako tresna.

Idazkaritza Feministaren esanetan, “lan munduan egunero ematen dira erasoak. Emakumeak* askotan babesik gabe sentitzen dira. Ezinbestean neurriak eskatu behar ditugu. Gure lana da espazio seguruak sortzeko baldintzak exijitzea”. Beti ere gure ardura zein den argi izango dugularik, “patronalaren ardura da protokoloak egitea. Asko dugu egiteko indarkeria matxistarekin bukatzeko. Gure lantokiak eraso sexistarik gabeko espazioak izan behar dira”.

Otzanak nahi gaituzte

Indarkeria matxista sistema heteropatriarkalaren tresna da emakumeok* zapalduta edukitzeko, inposatzen dizkigun rolak bete ditzagun (zaintzaileak, ama onak…), isilarazteko eta otzanak izan gaitezen.

Kapitalismoak, gainera, indarkeria matxista erabiltzen du doan egiten dugun lanaz jabetzeko eta, lan munduan, esplotazio hutsezko enpleguetara lotuta izateko, mehatxuen bitartez baldintza hobeak lortzeko protesta ez dezagun edo esplotazio hori sala ez dezagun.

Lan munduan jazotzen den indarkeria matxista bizi garen jendartearen isla da. Eta gure jendartea, hain zuzen ere, hierarkietan eta botere harremanetan oinarritzen denez, generoen arteko desberdintasunak emakumeon diskriminazio iturburu bihurtzen ditu.

Lantokietako indarkeria matxista ezkutuan gelditzen den errealitatea da: lanik gabe gelditzeko mehatxua beti dago horren atzean, horregatik indarkeria ez da behar beste salatzen, ezta aditzera ematen ere. Mehatxuak eta zigorrak anitzak dira: kaleratzeak, ordutegi aldaketak, kontziliaziorako neurriak ez baimentzea, lanpostuz inoiz ez aldatzea, lekualdaketak, jazarpen sexuala eta sexista, gure lanaren gutxiespena…

Honetaz gain, lantokietan botere harreman desberdinak gurutzatzen dira: sexu, arraza, jatorria, klasea, dibertsitate funtzionala… Horrexegatik, hain justu, lantokiak indarkeria matxistarako leku “aproposa” dira, hainbat lagun zapalkuntza ardatz batek baino gehiagok zeharkatzen dituelako eta honek ahulezia eta babesgabezia egoera larriagoan jartzen ditu.

Premiazkoa da neurriak bermatzea hau guztia modu seguruan salatu ahal dezagun, gure hitzak eta salaketak ezbaian jar ez daitezen eta kontuan har daitezen.

Honi guztiari aurre egiteko, ezinbesteko tresnak dira indarkeria matxistaren aurkako protokoloak. Hauek langileen parte hartzearekin diseinatu behar dira, edukiak zabaldu, kontzientziazio lana egin, eta ondo aplikatu. Ezin ditugu utzi emakumeak babesik gabe eta bermerik gabe indarkeria matxista salatzeko orduan. Hori erabakigarria izango da salatzen ausartzeko.

LAB sindikatuaren konpromisoa eta apustua irmoa da lantokiak indarkeria matxistarik gabeko gune libreak izan daitezen. Eta horrela izan dadin, protokoloak martxan jartzeko exijituko diegu enpresa guztiei.

Mobilizazioa egingo dugu Agurainen, GTOko bi kaleratuen berronartzea eskatzeko

Grupo Trans Onuba (GTO) enpresak bi langile kaleratu ditu Agurainen duen lantegian. Pasa den urtetik hona, eta lehenengo hauteskunde sindikalak egin eta gero, enpresa honetako langile kopurua txikitzen ari da. Lehenengo, aldi baterako langileak izan ziren kalera joan zirenak, eta orain langile mugagabeak.

Enpresak, Arabako langileak kaleratzen dituen bitartean, Huelvako lantegiko langileak Agurainera lekualdatzen jarraitzen ditu. Lan Ikuskaritzan salatu dugunez, Huelvako langile lekualdatuek lanaldi luzeak egiten dituzte eta Huelvako garraio-hitzarmena aplikatzen zaie.

LABen ustez, onartezina da GTOren zuzendaritzak langile bi kaleratzea ekoizpen eta antolaketa arrazoiengatik eta, aldi berean, Huelvatik lekualdatutako langileak Aguraingo instalazioetan mantentzea. Ezin gara geldirik egon enpresak langileak erabili eta botatzeko objektuak izango balira bezala tratatzen dituela ikusita, eta urteak lanean eman ondoren, kaleratu egiten dituztela. Horregatik, LABek enpresari eskatzen dio gaia ordezkari sindikalarekin lantzea eta kaleratutako bi langileak lanera itzultzeko akordio batera iristea.

Langile kaleratuen berronartzea eskatzeko, mobilizazioa egingo du LABek larunbatean, azaroaren 27an, 12:30ean, Aguraingo San Juan plazan.

Azaroaren 25ean indarkeria matxista gabeko lantokiak aldarrikatuko ditugu emakume* guztiontzat

LABek urteak daramatza indarkeria matxista lantokietan salatzen eta hauek indarkeriarik gabeko gune askeak izan daitezen aktiboki borrokatzen. Aurten, beharrezkoa ikusi dugu indarkeria matxistaren ikuspegi intersekzionalari heltzea, eta berau lan munduan nola gauzatzen den ikusaraztea, hau da, honek sortzen dituen zapalkuntza anitzak nola elkar gurutzatzen diren. Eta, horren ondorioz, ezkutuan geratzen diren hainbat errealitate ezberdinak ikustaraztea, emakume* migratu, aniztasun funtzionala duten edo LGTBI+ kolektibokoetako kide direnei indarkeria matxistak nola eragiten dien mahaigaineratuz.

Horrekin batera, beharrezkoa iruditzen zaigu, egun, zer nolako alternatibak, tresnak eta baliabideak dauzkagun horren kontra borroka egiteko mahai gainean ipintzea ere. Guzti hau lantzeko, datorren azaroaren 24an militantziarentzako barne-jardunaldia egingo du LABek Iruñean. Bertan parte hartuko dute Ana Pinto eta Najat Bassit-ek (Jornaleras de Huelva en Lucha-ko kideak), Miren Beltran Lantegi Batuak-eko langileak, Aitzole Araneta sexologo, berdintasun- teknikari eta trans ekintzaileak eta Elixabete Etxeberria LABeko Idazkari Feministak.

Honetaz gain, azaroaren 22an, Bizkaiko kontserberetan indarkeria matxistarik gabeko lantokiak aldarrikatzeko mobilizazioa egingo du LABek Bermeon, 11:00etan Salica enpresaren aurrean. Izan ere, indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu eta horietako bat lan munduak emakumeok* jasan behar dugun prekaritatea da. Sektore honetako langileek greba egingo dute azaroaren 30ean hitzarmen duin baten alde.

Ekimen propio hauez gain, Euskal Herriko Mugimendu Feministak “Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain. Autodefentsa feminista antolatu dezagun” lemapean azaroaren 25ean antolatutako mobilizazioekin bat egiten du LABek. Zehazki, Baionan 18:00etan izango da manifestazioa Moracin plazatik hasita; Bilbon 19:30ean Jesusen Bihotzetik; Donostian, arratsaldeko 19:30ean Bulebarretik hasiko da manifestazioa; Gasteizen, 19:00etan Iparralde Gizarte Etxetik, eta Iruñean 20:00etan Baluartetik. Hiriburuetakoez gain, herri eta eskualdeetan ere hainbat mobilizazio egingo da egun horretan.

Osakidetzak prekaritate endemikoaren, lehen mailako arretako murrizketen eta autoritarismoaren aldeko apustua egin du Urdulizko txandakotasunaren gatazkari eta Transfusioen Euskal Zentroaren ekiparazioari dagokienez

Gaur Osakidetzak behin-behinekotasunari buruzko azterketaren lehen fasearen emaitzak aurkeztu ditu. Zenbakietatik haratago, Osakidetza hasi da onartzen milaka lanpostu iruzur egoeratik atera behar direla eta kontratazio eredu hau kolapsaturik dagoela.

Duela 3 urte, LABek txosten sakona argitaratu zuen. Osakidetzak egindako 300.000 kontratu inguru aztertu ondoren, 3.000tik gora lanpostu prekarizazio eta iruzur egoeran zeudela ikus zitekeen. Ohiko lana aurrera ateratzeko behar diren lanpostuak, aldi baterako eta behin-behineko kontratuekin betetzen zirenak. Txosten hori argitaratu ondoren, ospitale eta zentro berriak ireki dira, eta horiek ere ehunka koderen esleipendun izan beharko lukete, 2019an detektatutako 3.000 horiei gehitu beharko litzaizkiekeenak. Postu hauetaz gain,ospitale zein zerbitzu berriak martxan jarri dira, beraz, sortutako lanpostu berri hauek ere gehitu behar zaizkio zifra horri. Egoera kezkagarri horrek erakundearen funtzionamendua eta pazientearekiko kalitate- eta segurtasun-estandarrak arriskuan jartzeaz gain, pertsona finkoei mugikortasun-aukerak eta EPEra aurkezten diren behin-behineko langileei plaza-aukerak kentzen dizkie.

Argitu nahi dugu Osakidetza gaur mahai gainean jartzen ari dena errespetu falta dela LABentzat lehentasunezkoa den gai honetan lantzen ari garen negoziazio-hilabeteekiko. Gai honek lotura zuzena du prekaritatearekin eta behin- behinekotasunarekin, eta gaur egun baieztatzen dugu Osakidetzak osasun-sistema prekarioaren alde egiten duela. Hain da argia hori, non Osakidetzak argi eta garbi onartu baitu 2019an plantilla handitzeko espediente bat egin geroztik, 953 kode horiek guztiak tiradera batean gorde eta ez zirela erabili. 2019ko plantilla handitze horren barnean egon behar luketen 953 langileek 2 urte gehiago daramatzate egoera prekarioan, justifikazio onargarririk gabe. Langileen aurkako erasoa da Osakidetzan aldi baterako kontratuak ugaritzen ari diren bitartean ezkutatutako plaza- kodeak izatea. Osakidetzaren arduragabekeria beldurgarria da.

Osakidetza adarra jotzen ari zaie langileei eta hauen ordezkari diren Mahai Sektorialeko ordezkaritzari; 2021eko behin-behinekotasunari buruzko txostenak helarazi ditu, 2019rako sortuta zeuden kodeak barnean sartuz.

Kontratazio-eredua behin-behinekotasunak agortuta dago, iruzurrak konprometituta, kontrol faltak deslegitimatuta, eta Osakidetzako zuzendaritza arduragabea eredu hau blindatu nahian dabil.

Osakidetzak plantillaren egonkortze-neurriak planteatu ditu, kontratazioaren arloko kaosa oraindik konpondu ez denean eta defizitak oso nabarmenak direnean. LAB sindikatuaren ekintza sindikala gezurrezko irteera posibleei ateak ixten saiatzera bideratuko da, horretarako esku artean ditugun datuekin, gutxi ez direnak.

EAJ eta PSE, Osakidetza modu honetan zuzenduaz, betirako prekarietate egoerara kondenatzen ari dira osasungintza publikoa. Herritarrengan eragin latza izango du egoera honek. Osasungintza publiko ahula izango dugu, herritarren eskaerak asetu ezinik ibiliko dena, kalitate eta segurtasun urriarekin. Zalantzarik gabe, Osakidetzaren hondatze hau EAEko klase herritarrek pairatuko dute.

Osasun zentroei dagokienez, Osakidetzak lehen arretaren eraispenean sakontzen du pazienteek aseguru pribatuetara ihes egiten duten bitartean, eta modu argian abandonatzen ditu herritarrak, ordutegiak mugatuz oporraldietan eta murrizketa horiek profesionalen atsedenak betetzeko justifikatzen ditu, aurreko puntuan salatu ditugun kontratazioaren egiturazko arazoak konpontzea alde batera utzita. Erabaki hauek zerikusi handia dute Darpon bezalako sailburu oihek osasuna merkantilizatzen duten multinazionaletan amaitzearekin, Keralty-n kasu. Lehen mailako arretari egindako erasoa nabaria da eta herritarrak mobilizaziora eta protestara deitzen ditugu, gizarte osoaren, eta batez ere ahulenen osasun indizeak gutxitzen dituzten neurrien aurrean.

Trasfusioen Euskal Zentroari dagokionez, onartezina da bertako lankideen soldatak parekatzeko erakutsitako pasibotasuna. Grebarako deialdia barne hartzen duten ekimenak planteatu ditugu datozen asteetarako.

Urdulizgo txandakotasun edo turnizitateari dagokionez, Osakidetzak Uribeko ESIaren esku utzi du gai hau, nahiz eta akordioaren interpretazioak egiteko gaitasuna duen bakarra mahai sektoriala izan. Osakidetza egoera hau maneiatzen ari da mahai honen gaitasunak dinamitatzeko eta etorkizuneko negoziazioak baldintzatzeko.

Administrazioek agenda politikoan kokatu behar dute, lehentasunez, lan heriotzen odolustea

Bost eguneko epean hiru langile hil dira. Abenduaren 19an hil zen Donostian, BarcelĂł Costa Vasca hoteleko 63 urteko G.G.A. langilea, istripu hilgarri ez traumatiko baten ondorioz. Eta atzo hil zen Donostiako Argilun IluminaciĂłn SLko 53 urteko J.M.A.O., lan-istripu ez traumatiko batean, eta, gaur, 45 urteko R.P.L., Bravo Lanak SL enpresako langilea, Portugaleteko bosgarren solairu bateko estalkitik erori dena, zorroten bat konpontzen ari zela. Aurten, gutxienez 57 langile hil dira Euskal Herrian lan-istripu baten ondorioz (7 Araban, 20 Bizkaian, 13 Gipuzkoan eta 17 Nafarroan).

Portugaleteko lan heriotza salatzeko mobilizazioa egingo dugu, euskal gehiengo sindikaletik deituta, ostiralean, 11:00etan, Portugaleten bertan, Karlos VII.aren metro geltokian.

Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu hiru langile horien familiei, ingurukoei eta lankideei.

Traumatikoak ez diren lan-istripuen arrazoiak agerikoak dira: testuinguru soziala, non modu esponentzialean areagotu diren faktore psikosozialek eragindako osasun-arazoak, medikazioa hartzea, osasun mentaleko espezialistei kontsultak egitea eta istripu kardio edo zerebrobaskularrek eragindako heriotzak. Argi dago lan- eta bizi-baldintzak funtsezko elementuak direla osasuna, bizitza eta heriotza bereizteko.

Eta zer esan eraikuntzaren sektoreaz, oro har, eta altuerako erorketez, bereziki. Aurten Hego Euskal Herrian izan den mota honetako zazpigarren lan-istripu hilgarria izan da Portugaletekoa. Non dago 2013an elkarrizketa sozialeko mahaitik saltzen ziguten kanpaina? Bere hitzetan, “Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk LOTU eman dute ezagutzera gaur, eraikuntzaren sektorera bideratutako programa bateratua (…) eraikuntzaren sektorean laneko osasuna eta segurtasuna bultzatzeko tresna berria”. 8 urte geroago, berdin jarraitzen dugu, prebentzio-neurririk jarri gabe jarraitzen dugu, presak, epeak eta abar nagusitzen dira, azken batean, lan-baldintza txarrak, prekaritatea nagusi da sektore honetan ere.

Lan-istripuak eta gainerako osasun-galerak diren gaitz pertsonal, familiar eta sozial horrekin benetan amaitu nahi bada, benetan eragin behar da horiek eragiten dituzten oinarrizko kausetan, lanaren antolamendu eskasean edo ezean, eta eskubideak galarazten dituzten baldintza prekarioetan. Hauek eragina dute lan egiteko moduan eta baita bizi edo hiltzeko moduan ere.

Hau ez da kasualitatea, ezta izurrite edo zigor jainkotiar bat ere. Errealitate da egunero ordaintzen ditugula langileok gutxi batzuen onurak osasunez, odolez eta, batzuetan bizitzaz. Patronala da arduraduna, baina ezin ditugu ahaztu administrazio publiko itsu, gor eta mutu horiek. Ziur gaude gaur ere ez diogula entzungo Urkullu jaunari heriotza berri hauengatik adierazpenik egiten, existituko ez balira bezala.

Hori dela eta, gure eskubideen bermatzaile teoriko diren aldetik, sektore guztietan hedatutako gaitz honekin amaitzeko premiazko neurriak eskatzen dizkiegu berriro administrazioei. Langile guztiok gaude arrisku larrian. Administrazioek arazo hau agenda politikoan kokatu behar dute, behingoz eta lehentasunez. Beste aldera begiratzeari utzi behar diote. Ezin dugu horrela jarraitu.

Zahar egoitzetako eredu berri faltsu bati buruzko patronalaren jardunaldi batzuen aurrean mobilizatu gara, eta langile batzuek beren egoera prekarioa salatu dute barnean

Gaur goizean, LARES zahar egoitzetako patronalak antolaturiko jardunaldi batzuk egin dituzte Burlatako Kultur Etxean, eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek parte hartu dute —bertzeak bertze, Maria Txibite lehendakariak, Inés Francés Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendariak eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialen kontseilariak—, zerbitzuetan pertsonak artatzeko eredu berri bati buruz hitz egiteko. LAB sindikatuak elkarretaratze bat antolatua zuen kanpoan, hain zuzen ere, salatzeko zahar egoitzetako enpresen eredua diruan oinarritzen dela, eta ez pertsonengan. Gainera, zahar egoitzetako langile batzuek lortu dute barnean hitz egitea eta beren egoera salatzea.

Jardunaldien aurkezpenean parte hartu duten sektoreko langileek argi utzi nahi izan dute zein den egoitzen errealitatea, eta Gobernuari eskatu diote egoitza horietara joan dadin, bertatik bertara errealitatea ezagutzeko. Parte hartu ondoren, langileek alde egin dute, eredu faltsu berriari buruzko diskurtsoari muzin egiten diotela erakutsi nahian, eta, kanpora atera direlarik, Foruzaingoak zehapena ezarri die.

LAB sindikatuak egiaztatu du aspalditik ari direla zerbitzuaren kalitatea hobetuko duen arreta-eredu berri bati buruz hitz egiten, ustez zerbitzu pertsonalagoa eskainiko duena, ustez erabiltzaile bakoitzari begira egonen dena. Eta, dirudienez, eredu berri horren ezarpenari esker, Nafarroako Gobernuak Europatik etorritako diru-laguntzak eskuratu ahal izanen ditu. Baina hori guztia baliabiderik eman gabe egin nahi dute, eta kontua da gaur egun egoitzetan neurriz kanpoko lan-kargak hartzen ari direla, langile-eskasiagatik, eta horrek kalte egiten diola langileen osasun fisiko eta psikikoari.

Gaur egun, enpresa-hitzarmen propiorik ez duten egoitzen langileek urtean 1.792 orduz hiru txandatan lan egitera behartzen dituen estatuko hitzarmen bat dute, hilean asteburu bat libratzeko eskubidea dute, gaueko lanaren plusa 1,97 € gordinekoa da, eta gerokultore baten oinarrizko soldata 997,16 € gordinekoa da.

LABen iritziz, lan-baldintza horiek ez dute inoiz zerbitzu ona eskaintzeko aukerarik emanen, eta zinez tamalgarria da, langile horiei egiten duten lana gustatzen baitzaie. Eta porrot egin duen sistema hau pairatzen duten pertsonekin lan egiten dutelako eta beren bokazioa horixe delako, eman beharko luketena baino anitzez gehiago ematen dute, erabiltzaileen alde.

Gaurko jardunaldietan parte-hartzaileetako batek erran du “aldaketa posible dela, nahikoa dela egin nahi izatea”, baina LAB sindikatuak gaineratu nahi du aldaketa ez dela inoiz posible izanen Nafarroako Gobernuak zerbitzu horien kudeaketa uzten badu erabiltzaileen eta langileen osasuna baino lehen mozkinak lehenesten dituzten enpresen esku.

Kalitatezko zerbitzua eskaintzeko benetako borondatea balego, Nafarroako Gobernuak zaintza-sistema unibertsal eta publiko bat ezarriko luke, behar duten guztiei kalitatezko zerbitzua bermatuko liekeena, langileen osasuna eta lan-baldintza duinak bermatuko lituzkeena.

Taludes Bilbao ABEEko langileak kalera atera dira sektoreko lan-baldintzak parekatzea eskatzeko

Taludes Bilbao ABEEko langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko udaletxearen aurrean hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Bilboko Udalak azpikontratatutako Urbaser S.A. eta Cycasa Canteras y Construcciones S.A. enpresek osatzen dute ABEE hau, eta ezpondetan lorezaintza-lanak eta hiriko hiri-altzarien eta haur-parkeen mantentze-lanak egiten dituzte.

Arrazoi askorengatik erabaki dute langileek batzarrean mobilizazioekin jarraitzea. Urtebete daramate hitzarmen kolektiboa negoziatzen, baina urrun daude beren baldintzak lan beretsuak egiten dituzten udalerri mugakideetako gainerako langileekin parekatzetik. Lanaldi luzeena eta %20ko soldata-aldea dute; gainera, hainbat baldintza ezberdin dituzte enpresa barruko lorezaintzan aritzen diren langileen eta altzarien mantenuan diharduten langileen artean.

Zuzendaritzak baldintzak duindu nahi ez dituela ikusita, Bilboko Udalari eskatu diote ez dezala beste aldera begiratu eta adierazi diote gaiari buruz hitz egiteko ordua iritsi dela.

Nafarroako hainbat eragilek bat egin dute abenduaren 1eko mobilizazioekin

Herri mugimenduko hainbat eragilek eta kolektibok agerraldia egin dute Iruñean, abenduaren 1erako Hego Euskal Herrian sindikatuok deitutako mobilizazio egunarekin bat egin dutela adierazteko, joan den astean Bilbon egindako agerraldiaren harira. Hain zuzen ere, egun horretan, Nafarroari dagokionez, goizean Iruñean mobilizatuko gara, 11.00tan, CEN-tik abiatuko den manifestazioa burutuz. Arratsaldean berriz, hitzordua 18.00etan izango da, Parlamentuan. Lizarran, 18.30ean, PSN-PSOEren egoitzatik abiatuko gara eta Tafallan, 19.30ean, Plaza Navarratik. Tuteran ere kaleak hartuko ditugu.

Iruñean egindako agerraldian, besteak beste, honako eragileak egon dira presente: Martes al Sol, Parlamentu Soziala, Nafarroako Osasun Plataforma, AHT gelditu Nafarroa, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Iruñeako Pentsiodunen Mugimendua, Oneka, Ernai, Bilgune Feminista eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak.