2026-10-02
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzak prekaritate endemikoaren, lehen mailako arretako murrizketen eta autoritarismoaren aldeko apustua egin...

Osakidetzak prekaritate endemikoaren, lehen mailako arretako murrizketen eta autoritarismoaren aldeko apustua egin du Urdulizko txandakotasunaren gatazkari eta Transfusioen Euskal Zentroaren ekiparazioari dagokienez

Gaur Osakidetzak behin-behinekotasunari buruzko azterketaren lehen fasearen emaitzak aurkeztu ditu. Zenbakietatik haratago, Osakidetza hasi da onartzen milaka lanpostu iruzur egoeratik atera behar direla eta kontratazio eredu hau kolapsaturik dagoela.

Duela 3 urte, LABek txosten sakona argitaratu zuen. Osakidetzak egindako 300.000 kontratu inguru aztertu ondoren, 3.000tik gora lanpostu prekarizazio eta iruzur egoeran zeudela ikus zitekeen. Ohiko lana aurrera ateratzeko behar diren lanpostuak, aldi baterako eta behin-behineko kontratuekin betetzen zirenak. Txosten hori argitaratu ondoren, ospitale eta zentro berriak ireki dira, eta horiek ere ehunka koderen esleipendun izan beharko lukete, 2019an detektatutako 3.000 horiei gehitu beharko litzaizkiekeenak. Postu hauetaz gain,ospitale zein zerbitzu berriak martxan jarri dira, beraz, sortutako lanpostu berri hauek ere gehitu behar zaizkio zifra horri. Egoera kezkagarri horrek erakundearen funtzionamendua eta pazientearekiko kalitate- eta segurtasun-estandarrak arriskuan jartzeaz gain, pertsona finkoei mugikortasun-aukerak eta EPEra aurkezten diren behin-behineko langileei plaza-aukerak kentzen dizkie.

Argitu nahi dugu Osakidetza gaur mahai gainean jartzen ari dena errespetu falta dela LABentzat lehentasunezkoa den gai honetan lantzen ari garen negoziazio-hilabeteekiko. Gai honek lotura zuzena du prekaritatearekin eta behin- behinekotasunarekin, eta gaur egun baieztatzen dugu Osakidetzak osasun-sistema prekarioaren alde egiten duela. Hain da argia hori, non Osakidetzak argi eta garbi onartu baitu 2019an plantilla handitzeko espediente bat egin geroztik, 953 kode horiek guztiak tiradera batean gorde eta ez zirela erabili. 2019ko plantilla handitze horren barnean egon behar luketen 953 langileek 2 urte gehiago daramatzate egoera prekarioan, justifikazio onargarririk gabe. Langileen aurkako erasoa da Osakidetzan aldi baterako kontratuak ugaritzen ari diren bitartean ezkutatutako plaza- kodeak izatea. Osakidetzaren arduragabekeria beldurgarria da.

Osakidetza adarra jotzen ari zaie langileei eta hauen ordezkari diren Mahai Sektorialeko ordezkaritzari; 2021eko behin-behinekotasunari buruzko txostenak helarazi ditu, 2019rako sortuta zeuden kodeak barnean sartuz.

Kontratazio-eredua behin-behinekotasunak agortuta dago, iruzurrak konprometituta, kontrol faltak deslegitimatuta, eta Osakidetzako zuzendaritza arduragabea eredu hau blindatu nahian dabil.

Osakidetzak plantillaren egonkortze-neurriak planteatu ditu, kontratazioaren arloko kaosa oraindik konpondu ez denean eta defizitak oso nabarmenak direnean. LAB sindikatuaren ekintza sindikala gezurrezko irteera posibleei ateak ixten saiatzera bideratuko da, horretarako esku artean ditugun datuekin, gutxi ez direnak.

EAJ eta PSE, Osakidetza modu honetan zuzenduaz, betirako prekarietate egoerara kondenatzen ari dira osasungintza publikoa. Herritarrengan eragin latza izango du egoera honek. Osasungintza publiko ahula izango dugu, herritarren eskaerak asetu ezinik ibiliko dena, kalitate eta segurtasun urriarekin. Zalantzarik gabe, Osakidetzaren hondatze hau EAEko klase herritarrek pairatuko dute.

Osasun zentroei dagokienez, Osakidetzak lehen arretaren eraispenean sakontzen du pazienteek aseguru pribatuetara ihes egiten duten bitartean, eta modu argian abandonatzen ditu herritarrak, ordutegiak mugatuz oporraldietan eta murrizketa horiek profesionalen atsedenak betetzeko justifikatzen ditu, aurreko puntuan salatu ditugun kontratazioaren egiturazko arazoak konpontzea alde batera utzita. Erabaki hauek zerikusi handia dute Darpon bezalako sailburu oihek osasuna merkantilizatzen duten multinazionaletan amaitzearekin, Keralty-n kasu. Lehen mailako arretari egindako erasoa nabaria da eta herritarrak mobilizaziora eta protestara deitzen ditugu, gizarte osoaren, eta batez ere ahulenen osasun indizeak gutxitzen dituzten neurrien aurrean.

Trasfusioen Euskal Zentroari dagokionez, onartezina da bertako lankideen soldatak parekatzeko erakutsitako pasibotasuna. Grebarako deialdia barne hartzen duten ekimenak planteatu ditugu datozen asteetarako.

Urdulizgo txandakotasun edo turnizitateari dagokionez, Osakidetzak Uribeko ESIaren esku utzi du gai hau, nahiz eta akordioaren interpretazioak egiteko gaitasuna duen bakarra mahai sektoriala izan. Osakidetza egoera hau maneiatzen ari da mahai honen gaitasunak dinamitatzeko eta etorkizuneko negoziazioak baldintzatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.