2026-01-25
Blog Page 385

Bilboko Udalaren aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatu eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatu dugu

Gaur, azaroak 29, Bilboko Udalak 2022ko aurrekontu proiektua onartu du. Aurrekontuak herritarren beharrei erantzun beharko lieke, kalitatezko zerbitzu publikoen garapena lehenetsiz, denon artean sortutako aberastasunaren banaketa zuzena ziurtatuz. Gaur onartu den aurrekontuak ez du helburu hori betetzen eta honen aurrean, mobilizazioa egin dugu, Bilboko Udalaren aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatu eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatzeko.

Onartutako aurrekontuek ez diete erantzungo gai hauei:

– Udaleko langileekin hartutako konpromisoei.

– Osoko Bilkuran onartutako Gizarte Politiken Itunari, ez duelako behar adina diru bideratzen itun hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko.

– Herritarren eta udaleko langileen hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planari, ez baitute Plan hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko behar adinako aurrekontu-zuzkidura ematen.

– Ez du emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egiten. Berdintasun saila sortu zutenetik berdintasun teknikari bakarra dago. Berdintasun-planak eta ordenantzak onartzea baliabide nahikorik ipini barik marketing eta iruzurra hutsa besterik ez da.

Aldiz, aurrekontu hau bai erabiliko direla Bilbao-SAMUR, Udal Anbulantziaren Zerbitzua ixteko, 18 lanpostu suntsituz, eta baita Basozaintza Zerbitzua pribatizatzeko, enplegu publikoa suntsitu eta lan prekarioa sortuz. Ikusten dugu Udalak ez duela bere gain hartu nahi enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna.

Egun, kontrata askotan lana prekarizatuta dago, are gehiago sektore feminizatuetan (lanaldi partzialak, behin-behinekotasuna…), kasu batzuetan ez baitira betetzen Langileen Estatutuaren oinarrizko alderdiak, hala nola atsedenerako eskubidea.

Udalak adi egon behar du eta espedientea egin behar die lan arloko araudia betetzen ez duten kontratei. Honekin lotuta, aipamen berezia egin nahi diogu Taludes Bilbao ABEEko langileen borrokari. Lorezaintza kontratako langileen soldata baino %20 gutxiago kobratzen dute eta azken egunotan, ekiparazioa eskatzeko borroka hasi dute. Lau mobilizazio egun egin dituzte dagoeneko, eta abenduaren 1ean kaleak hartuko dituzte berriro.

Garaia heldu da udalaren zein udal enpresen kontratazioen baldintza-agirietan, langileen lan-baldintzak prekarioak izan ez daitezen beharrezkoak diren klausulak sartzeko.

  • 1.400 eurotako gutxieneko soldata.
  • Herrialdeko lan hitzarmena betetzea.
  • Subrogazioa.
  • Kontratu mugagabeen kopurua saritzea.
  • Lanaldi osoen kopurua saritzea
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-irizpideak sartzea, soldata arrakala gainditzekoak besteak beste.

Beste urte batez, Udal Gobernuak ez du bere gain hartzen enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna. Udal Gobernu honek enpresen etekina lehenesten jarraitzen du, pertsonen bizi-kalitatearen gainetik. Gero eta langile pobre gehiago sortzen laguntzen ari da enpresa pribatuen etekinak handitzeko.

Irmotasunez eta sektore osoko lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko konpromisoarekin ekiten diogu Bizkaiko metalgintzako hitzarmen berriaren negoziazioari

Gaur osatu da Bizkaiko metalgintzako hitzarmen berriaren negoziazio-mahaia, azkena sinatu zenetik bi urte igaro direnean.

Azken hitzarmenaren kasuan, akordioa 10 greba egunen ostean etorri zen, maila laboral eta sozialean borroka historikoa izan ondoren. Borroka bateratuan, gehiengoa eta gutxiengoa duten sindikatu guztiek, hainbat gizarte-mugimendurekin batera, indarrak batu genituen kalera irten eta Bizkaiko metalgintzan lan-baldintza duinak dituen hitzarmen baten alde borrokatzeko. 

Borroka honen ondorioz, inputatu ugari eta zigor ekonomikoak izan ziren. Gaur egun, 5 langile daude espetxe-eskaerekin, eta Mozal Legea aplikatzeagatik epaituko dituzte. Salaketa horien guztien atzean dagoena salatu nahi dugu: grebarako eskubidea kriminalizatzea da helburua. Lan- eta bizi-baldintza duinak babesteko egiten diren borroka guztiak kriminalizatzeko nahia dago. Horregatik, langileen aurka irekitako prozesu judizial bertan behera uzteko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari.

Azken bi urte hauetan hainbat eraso jasan dugu sektorean pandemiaren aitzakian, enpleguaren suntsiketa lan-baldintzak prekarizatzeko etengabeko ahaleginak… Horregatik, LABek irmotasunez ekiten dio negoziazio berri honi, eta Bizkaiko metalgintzako langile guztien beharrak negoziazioaren erdigunean jartzeko helburu argiarekin, sektore osoko lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko konpromisoa berresten dugu. Badakigu patronalak ez digula ezer emango, badakigu ez dela erraza izango, baina badakigu zein den gure helburuak lortzeko bidea: aktibazioa, antolakuntza, aliantzak sortzea eta borroka.

Datozen egunetan delegatuen batzarrak egingo ditugu eskualde guztietan, LABen plataformaren edukiak partekatzeko eta erabakitzeko.

Kulturako Teknikarien sektorearen erregulazioa erreibindikatu dugu Nafarroako Parlamentuan

Kulturako teknikarien sektorea prekarizatua da guztiz, eta sektorea arautuko duen hitzarmen kolektiborik ez egoteak lan errealitate gogorra ekartzen du. Horregatik, “kultur jarduera duintzeko eta haren etorkizuna bermatzeko ponentzia” bat egin dute gaur goizean Nafarroako Parlamentuan. Bertan hartu dute parte lau sindikatu nagusietako ordezkariek. LABekoak sektoreak erregulatzeko beharra erreibindikatu du.

Administrazioa da sektore horretako kontratatzaile nagusia ―egiten den zerbitzuaren % 90 inguru izanen da berea―eta, beraz, LAB sindikatuak zuzenean inplikatzea eskatzen dio, hitzarmen kolektibo batean jasotzen diren lan baldintza duinak lortzeko. Hitzarmenik gabe, lan baldintzak esleipen lehiaketetan ezarritako baldintzen araberakoak dira, langileen ekarpenak kontuan hartu gabe, Gayarre antzoki enblematikoarekin gertatu den bezala.

Gaur egun ez dago zentro bakar bati atxikituriko langilerik, ezta gutxieneko langile zehatzik ere, eta horren ondorioz Gayarre edo Baluarte bezalako antzokietako teknikarien kaleratzeak eta lanaldi murrizketak gertatzen ari dira.

Horregatik guztiagatik, eta zerbitzua lantzen duten pertsonak zaintzeko planteamenduarekin bat etorriz, LAB sindikatuak Parlamentuko ponentzian defendatu du subrogatu beharreko langileek antzokiko gutxieneko taldearekin bat egitea eta subrogazioak, bere lan baldintzak kontuan hartzeaz gain, bere kontratuan ezarritako lanaldia errespetatu eta inoiz ez murriztea.

Horrez gain, gaur egun martxan dauden lizitazio guztiak bertan behera uzteko eskatu dugu, sektorea arautzen ez den bitartean. Funtsezkoa da subrogazioa zehazteko irizpidea bidezkoa izan dadin, kontratazio publikoaren legea errespeta dadin eta Nafarroako espazio eszenikoetan subrogatu beharreko langile teknikoen jardunaldiei eutsi diezaien.

Nafarroako Osasuneko Mahai Sektorialak argilun asko utzi ditu, eta berri on bakar batzuk

Azaroaren 25ean egindako Osasuneko Mahai Sektorialak argilun asko utzi ditu, eta berri on bakar batzuk.

2021eko LEPari dagokionez, honela banatuko dira lanpostuak: 271 lanpostu Osasunbiderako eta 14 lanpostu NOPLOIrako (7 osasun arlokoak eta 7 osasun arlokoak ez direnak). Osasunbidean, 271 lanpostu horietatik 108 alboko fakultatiboenak dira, 35 OOLTkoak, 30 erizainenak, 12 erizain espezialistenak, 45 EZLTenak…

Enplegua egonkortzeko 2017ko LEPari dagokionez, 79 lanpostu gehituko dira: 31 erizainenak, 21 EZLTEenak, 12 zeladoreenak…

Hasita dauden hautapen prozesuak ez dira geldiarazi behar, Espainiako Kongresuak enplegua egonkortzeko LEPari buruz erabakitzen duenaren zain.

LAB sindikatutik, berriz salatzen dugu hautapen prozesuen segurtasun juridikorik eza, bai eta hedatzen ari diren bigarren mailako lan baldintzak ere. Iragarri duten LEPa ez zaigu nahikoa iruditzen, eta berriz azpimarratzen dugu beharrezkoa dela Espainiako Estatuak ezarritako ordezte-tasa kentzea, behin-behinekotasun tasa % 8ra jaistea eragozten baitu.

Urtetako negoziazioen ondoren, koordinatzaileen figura eta barne-igoera arautzen dituen 347 Foru Dekretuaren aldaketa aurrera doa, Funtzio Publikoak aldeko txostena eman ondoren. Hemendik 4-6 hilabetera argitaratuko da. LAB sindikatuak oso positibotzat jotzen du dekretu hori aldatzea, aldi baterako barne-igoera erregularizatzea eta burutzak demokratizatzea dakarrelako, nahiz eta SMN eta SATSE sindikatu korporatiboak aurka egon.

Jaiegun bereziak: azken Mahai Orokorrean salatu genuenez, LAB sindikatuak uste du jaiegun bereziak langile guztiei ordaindu behar zaizkiela. Langile batzuei bakarrik ordaintzea bidegabekeria bat da; beste bat.

LAB sindikatuak behin baino gehiagotan adierazi du COVID kontaktuen jarraipen-lanetan militarrak jartzearen aurka dagoela, uste dugulako haien presentzia ez dela beharrezkoa eta ez dagoela justifikatua. Profesionalen Zuzendaritzatik ez dugu inolako erantzunik jaso. Erabaki horrekin, Osasunbideko langileak kontratatzeari uzten ari zaio, eta, gainera, militarrak herritar guztien historia klinikoetara sartzen ahal dira. Hori guztia Nafarroako Gobernuaren onespenarekin.

Halaber, Osasunbideko Profesionalen zuzendariaren dimisioaren berri eman digute, pandemiaren egoerari eta jasaten ari garen gorabeherei dagokienez une kritiko batean gertatu dena. Ez dugu ulertzen Carlos Artundo eta Santos Indurain osasun arduradunek horrelako kromo eta zuzendaritza aldaketak egitea une kritiko honetan.

LABetik, Osasun Departamentuan dagoen komunikazio falta eta zuzendari nagusiaren eta kontseilariaren politikak salatzen ditugu. Izan ere, langile faltagatik argi eta garbi bideraezinak diren planak iragartzen segitzen dute, Oinarrizko Osasun Laguntzako Plana, esate baterako, eta argi uzten ari dira zerbitzu gehiago pribatizatzeko asmoa dutela, fisioterapia-zerbitzua, konparazio batera.

Azken lan heriotzak salatu ditugu Portugaleten

Euskal gehiengo sindikalak deituta, Portugaleten mobilizatu gara, asteartean herrian bertan izandako lan heriotza salatzeko, non eraikuntzako langile batek bizia galdu zuen, bosgarren solairu batetik erori ondoren. Azken astean gertatutako lan istripu hilgarriak salatu ditugu, bost eguneko epean hiru langile hil eta gero, eta, odolusteak etenik ez duela ohartarazteaz gain, prekaritateak hil egiten duela nabarmendu dugu.

EHUk doktoretza aurreko ikertzaileei zor diena ordaindu beharko die Gorenak kasazio-errekurtsoa atzera bota eta gero #LortuDugu

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du onartu doktoretza aurreko ikertzaileen aldeko ebazpenaren aurka EHUk ezarritako kasazio-errekurtsoa eta, LABek erreklamatu bezala, soldatak egokitzera behartzen du unibertsitatea.

2019ko martxoaren 16an, epainiar Estatuan EPIPFa (Doktoretza aurreko Ikertzaileen Estatutua) sartu zenean, LABetik behin eta berriz EHU interpelatu genuen ikertzaile horien soldatak lege horrek ezarritako gutxienekoetara egokitu zitzan, baina ez genuen Administrazioaren aldetik erantzun positiborik jaso.

Egoera horren aurrean, LABek doktoretza aurreko ikertzaileei dei egin zien jaso ez zituzten zenbatekoak judizialki erreklamatzera. LABetik dozenaka doktoretza aurreko ikertzaileren erreklamazioak tramitatu genituen eta erreklamatzaileen aldeko hainbat sententzia ebatzi zituen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.

EHUk, ordea, sarritan baliatutako bere langileen aldeko neurriak hartzeko nahikoa oinarri juridikorik ez egotearen argudioa erabiliz, Madrilgo Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa jarri zuen sententzia horien aurka. Hilabeteetako itxaronaldiaren ondoren, azken egunotan sindikatuko zerbitzu juridikoek jakinarazi digute Auzitegi Gorenak ez duela tramitera onartu EHUk jarritako lehenengo errekurtsoa eta, beraz, EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia berresten duela. Hau da, EHUk EPIPFak ezartzen dituen gutxieneko soldatak 2019ko martxoaren 16tik aurrera aplikatu behar zituela eta, ondorioz, ikertzaileen soldatak egokitu. Logikoa denez, beste kasazio-errekurtsoak bide beretik joango direla uste dugu.

Amaitu dira aitzakiak, beraz. Doktoretza aurreko ikertzaileei zor zaien dirua ordaintzen hasteko garaia iritsi dela ozenago berresten dugu LABetik.

“Neuk ez diot enpresari behin ere hutsik egin, eta orain egoera zaurgarrian utzi naute”

Iragan irailaren bukaeran, Urban Sons enpresak plantillari jakinarazi zion Nafarroako marka horrek Iruñerrian zituen hiru dendak itxiko zituela (Karlos III.a etorbidekoa, Moreakoa eta Itaroakoa) eta langile guztiak kaleratuko zituela. Harrigarriena izan zen, hain zuzen ere, kontratuak iraungitzeko Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta-aldiaren lehen egunean, hiru dendetatik bik ateak ireki zituztela bertze langile batzuekin, baina merkataritza-jarduera berarekin (arropa eta osagarriak saltzea) eta altzari berak erabilita.

Urban Sons-eko emakumezko langileek haserre salatzen dute markaren jabeak, informazioa ezkutatu eta kalean uzteaz gain, orain ukatu egiten dizkiela ordaindu gabeko soldatak eta kalte-ordainak, nahiz eta 45.000 euro inguruko kopurua izanen liratekeen. Diru kopuru hori irrigarria da enpresaburu honendako; Banur eraikuntza enpresako eta Poliandrius inbertsio enpresako burua izateaz gain, Iruñeko toki pribilejiatu batean bizi baita eta bizi-maila altua baitauka.

Bideoan, kaleratutako bi langilek euren lekukotasunaren berri ematen dute.

Garbiñe Aranburu: “Gure apustua eraldaketarako bide soberanista elikatuko duen mobilizazio ziklo berri bat abian jartzea da”

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitza hartu du ELA sindikatuaren XV. Kongresuan, eta bere hitzartzean burujabetzaren aldeko konpromisoa praktikara eraman behar dela adierazi du: “Bide soberanista elikatu egin behar da, independentismoaren oinarria zabaldu eta estatuen aurrean indar korrelazioak hobetu. Eta hori ezin da egin aktibazio sozialik gabe”.

Garai berezia bizi dugula berretsi du LABeko idazkari nagusiak, langileon lan eta bizi baldintzetan eragina izango duten erabakiak hartzen ari direlako. Euskal sindikalismo independentista erronka handiak dituen ziklo berri batean murgiltzen ari garela berretsi du.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “ez dago bizitza duinik, ez dago euskal feminismorik, ez dago euskal sozialismorik, estatu egiturak izan gabe. Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna da gure apustua. Asko dago borrokatzeko, hobetzeko, irabazteko. Langileon lan eta bizi baldintzak hobetu nahi ditugu, Euskal Errepublika dugu ortzimugan eta bidea eraldaketa sozialerako burujabetza prozesua da. LABentzat zentralitate betea duen borroka izan da eta izango da aurrerantzean ere”.

LABeko idazkari nagusiak nabarmendu bezala, “gure apustua eraldaketarako bide soberanista elikatuko duen mobilizazio ziklo berri bat abian jartzea da. Ez dugu kritikara mugatu nahi, ez dugu euskal langileak ordezkatuak ez gauden Elkarrizketa Sozial guneetan hartzen diren erabakien zain egon nahi. Eragin egin nahi dugu, langileon lan eta bizi baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko. Eragin egin nahi dugu lan eta pentsio erreformak indargabetzeko, eragin murrizketa berriei ateak ixteko, eragin zerbitzu publikoak sendotzeko, eragin zaintza sistema publikoa sortzeko, eragin zuriketa berdearen aurrean ekosozialismoan aurrera egiteko”.

Bide soberanista horrek begi bat Madrilen egosten ari den horretan jartzea eskatzen digu, “baina bi hankak Euskal Herrian ongi sustraituak izango dituen aktibazio garai berri bat beharrezkoa da; autonomoak gara, konfrontazio demokratikoaren bidetik, burujabetzan aurrera egiteko; autonomoak gara eragile politikoak interpelatzeko; autonomoak, alderdien logika politikoaren menpe egon gabe, burujabetza maila handiagoa eskuratzeko ekarpena eta borroka egiteko. Eta hau nola egin? Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzeko, euskal esparru soziokonomikoa eraikitzeko, proposamenak eta borroka eginez”.

Garbiñe Aranbururen arabera, “LABen argi dugu: bide hau urratzen jarraituko dugu. Gustatuko litzaiguke elkarrekin izatea, guk bide hau ELArekin batera egin nahi dugu. ELArekin eta CIG edota Intersindikala moduko estaturik gabeko nazioetako beste sindikatu soberanista guztiekin batera. Euskal langileok asko dugu jokoan, asko dugu borrokatzeko eta asko dugu irabazteko”.

Hau guztia esanda, abenduaren 1eko mobilizazio egunean elkar ikusiko dugula adierazi die ELAko biltzarkideei.

Kontratu-Errekurtsoen Administrazio-Organoak gure helegite berezia onartu du, eta kautelaz geldiarazi du Osakidetzaren milioi erdi euroko kontratazioa

LAB sindikatutik urteak daramatzagu Arabako ESIri eskatzen instalazio termikoen mentenimenduzko lanak ez pribatizatzeko. Horretarako, enpresa automantentzaile gisa akreditatu beharko litzateke, baina ahalegin guztiak alferrik izan dira, eta Osakidetzaren pribatizazio-politika nagusitu da une oro.

Araba ESIak baldintza nahikoak ditu enpresa automantentzaile gisa akreditatzeko administrazio-egintza soil baten bidez. Arabako ESIn lan egiten duten profesionalek mantentze lan hori egiteko behar besteko prestakuntza eta titulazioa dute, baina Osakidetzak mespretxatu egiten ditu eta uko egiten dio industrian akreditatzeari jarduera arautzen duten legeekin bat etorrita. Horren erakusgarri, legeak ezartzen du akreditazio hori lortu nahi duen enpresak banakako gaikuntza duen langile bat izan behar duela, eta Arabako ESIn gutxienez 10 langilek dute gaikuntza hori. Hala eta guztiz ere, Arabako ESIak izapide hori egiteari uko egiten jarraitu du, eta zerbitzu hori pribatizatzen saiatu da 500.000 eurotik gora ordainduta, mantentze-zerbitzuan lan egiten duten lankideak mespretxatuz.

Egoera horren aurrean, LAB sindikatuak helegite berezia jarri dio Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoari, onartuak izan diren kautelazko neurriak eskatzeko. Mugimendu honen helburua da mantentze-zerbitzuak blindatzea pribatizazioaren aurrean, eta gure mantentze-lankideen profesionaltasuna aldarrikatzea. Ez da logikoa enpresa pribatu batentzat lan egiten dutenean, langileek profesionaltasun handiko lanak egitea eta Osakidetzan sartzen direnean, hankak eta eskuak lotuta izatea, kanpoko enpresak aberasten diren bitartean erakundearen pribatizazio-planen ondorioz.

Funts publikoen erabilerak ezin hobea izan behar du, eta LABen ustez osasun publikoaren aurkako erasoa da, oro har, horrelako maniobra pribatizatzaileak egitea. Osakidetzan zerbitzu orokorretarako eraikin berria ireki denez, gero eta gatazka gehiago sortzen ari dira; izan ere, pediatriako larrialdietako lankideek hilabeteak eta urteak daramatzate langileak gehitzeko eskatzen, pazienteak eta haien familiak duintasunez artatzeko. Ziur gaude hori ez dela izango irekiera horrekin sortzen den gatazka bakarra; izan ere, zuzendaritzak, gehienez ere, lekuz aldatzen diren zerbitzuetan langile gehiago ez izatea du helburu, eta horietako askok aspalditik dituzte langile-defizitak.

Ez dute aurreikusi pazienteak kalitate- eta segurtasun-estandarrekin artatzeko langile gehiago jartzea, baina ez dute zalantzarik: milioi erdi euro baino gehiago xahutu nahi dituzte erabat justifikaziorik gabeko pribatizazioetan, ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren 13. atala hausten dutenak eta Osakidetzaren barruan arlo eta zerbitzu berriak kanporatzea eragozten dutenak.