2026-01-20
Blog Page 384

Aurreakordioa sinatu dugu Bizkaiko elikagaien merkataritzako hitzarmenean, besteak beste, sektoreko kategoria baxuenetarako igoera garrantzitsuekin #LortuDugu

Atzerapenek eta taulen eguneratzeak %7ko igoera ekarriko dute, zeinak kutxazain kategoriarako, adibidez, 1.100 eurotik gorako soldata-taulen igoera ekarriko duen 2022rako.

Gaur, azaroak 30, LAB, CCOO, UGT, ELA eta CECOBIk aurreakordio bat sinatu dugu 2018ko amaieratik eguneratu gabe zegoen Bizkaiko elikagaien merkataritzako hitzarmenean.

Hitzarmena indarrean egongo da 2019tik 2022ra bitartean. 8.000 langile baino gehiagori eragiten dio, handizkako nahiz txikizkako banaketan. Kolektibo horiek funtsezkoak izan dira pandemian zehar, baina gauetik goizera bigarren maila batera igaro baziren ere, sektoreko borroka eta mobilizaziotik lortu dugu akordioa erdiestea.

LABek gainerako zentral sindikalekin eta CECOBIrekin sinatutako aurreakordioaren helburua izan da sektore feminizatua den elikagai-merkataritzaren lan baldintzak duintzea. LABek soldaten arloan egindako hasierako proposamena da patronalak akordiorako oinarritzat hartu duena. LABen proposamena kategoria goreneko soldata hartzea izan da, eta horren gainean kalkulatzea 2019tik 2021era bitarteko KPIen igoera. Ateratzen den azken zenbatekoa, linealki igoko zaie 20.000 eurotik beherako soldata duten kategoria guztiei. Aurreakordioaren arabera, taulen eguneratzeak, besteak beste, 1.100 eurotik gorako igoera ekarriko du saltzaile eta kutxazain kategorietarako.

LABek arreta berezia jarri du kategoria baxuenen lan baldintzak duintzeko. Horregatik, kategoria baxuenei soldata igoera handiagoa eman zaie, kategorien arteko aldeak areagotzea saihestuz eta, horrela, sektorean dagoen soldata arrakalari aurre eginez.

COVIDagatik inolako haborokinik eman ez duten enpresek 450 euro ordainduko dituzte, beti ere pasa den urteko aldiarekin konparatuz, 2020ko martxoaren 15etik abenduaren 31ra bitartean, enpresak diru-sarreretan %15eko igoera izan badu salmentengatik Bizkaian. Eta, beti ere, enpresak 2020ko ekitaldi horretan izan duen emaitza positiboa, zergak aplikatu aurretik, 2019ko ekitaldikoa baino handiagoa bada.

Antzinatasunari dagokionez, LABek ahal izan duen guztia egin du taulen eguneratzea berreskuratzeko, baina bidean bakarrik geratu garenez, gure aldarrikapenetako bat izango da hurrengo negoziazioan.

Aurreakordioa ez da izan arlo ekonomikoan bakarrik:

  • 2022tik aurrera, urtean 4 larunbat libre hartu ahal izango dira, oporretako larunbatak zenbatu gabe; orainarte, ez zegoen libre hartzeko larunbatik adostuta.
  • 2022rako lanaldia 1.727 ordukoa izango da, hau da, 4 orduko murrizketa.
  • Oporrak berdinak izango dira txikizkako enpresentzat, bai eta handizkakoentzat ere; azken horiek opor egun1 gehiago izango dute urtean, 31 egun maiatzetik irailera bitartean hartzeko.
  • Abenduaren 24ko eta 31ko itxierak berdin jarraitzen du, dendak 15:00etan eta hipermerkatuak 18:00etan.
  • Hemendik aurrera, ordu osagarriak dituzten langileek ordu horien %30 finkatzeko aukera izango duteurtearen amaieran. Horrela, elikagaien merkataritzan, kezkagarria bihurtzen ari zen egoera geldiarazten saiatu gara, eta aukera zabaltzen dugu lanaldi osora iritsi nahi duten pertsonei.

Aurreakordio hau sinatzeak ez du esan nahi negoziazio honen hasieran planteatutako helburu guztiak lortu ditugunik, baina LAB sindikatutik positiboki baloratzen dugu hitzarmena lortu izana. Uste dugu arreta berezia jartzen zaiela baldintza okerrenetan daudenei, eta, hurrengo negoziazioari begira, posizio onean uzten gaitu.

Azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, hiru urte hauetan bileretan eta batzarretan parte hartu duten sektoreko langileak zoriondu nahi ditugu, baita propaganda banatzeagatik, dendetan kartelak itsasteagatik, kontzentrazioetara joateagatik… Laburbilduz, negoziazio osoan izan duten jarrera aktiboagatik.

Helburu argiekin eta guztiok batera lan eginez, Bizkaiko elikagaien merkataritzaren sektoreko lan-baldintzak hobetu ditzakegula erakutsi dugu.

Bizkaiko kontserberetako langileen %90ek bat egin dute grebarekin

Bizkaiko kontserberetako langileek greba eguna izan dute, hitzarmen duin baten alde. Patronalaren itxikeriaren aurrean, lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta haien kontrako gehiegikeriak amaitu daitezen exijitzeko atera dira kalera. Greba ia erabatekoa izan da, %90eko jarraipena izan baitu.

Gasteizko epaitegien aurrean mobilizatu gara, riderren lan eskubideen defentsan

Azaroaren 30aren etorrerarekin egin da GLOVOko langileen lana aitortzeko lehen epaiketa kolektiboa Araban. LAB sindikatutik, azken urteetan egindako ibilbidearekin koherente izanik, epaitegien aurrean bildu gara beraien kontratuen lan izaera defendatzeko.

Lehen urratsa dugu lan-harremanak Uberizatuak dituzten horien aurrean. Nahiz eta Rider Legea pausu garrantzitsua izan, gaur egun epaitegietara jo behar dugu lan harremanak aitortuak izan daitezen. Hori da, agian, salatu beharreko lehen gaia: nola liteke, Auzitegi Gorenaren doktrina egonda, lan-eskubide oinarrizkoenak aitortzeko epaitegietara jotzea derrigortzea?

Beste alde batetik, sektorearen erregularizazioa askotan iragartzen da, eta digitalizazioaren aldeko apustua egiten duten lobby handiei beren presioa egiten jarraitzeko aukera ematen zaie. Garaia da alderdi politikoak Euskal Herrian kokatzeko eta konpromisoak hartzeko, ez bakarrik etxez etxeko banatzaileekin, baizik eta iruzurrezko praktika horiek eragindako sektore guztiekin.

Hori guztia dela eta, mobilizatzea erabaki dugu, Riderri babesa eta elkartasuna adierazteko eta haien lan-eskubideak defendatzeko.

Gure elkartasun eta babes osoa adierazten diogu Tubacex-eko lan heriotzen aurreko protesta ekimen batengatik bihar Gasteizen epaituko duten Ernai-ko kideari

2019an Tubacex-eko lantegietan lanean zeuden bi langile hil ziren hiru hilabete eskasetan. Lehenengoa, uztailaren 4an, Laudioko lantegian lanean zegoen I.E.A. 25 urteko langilea eta bigarrena, irailaren 18an, Amurrioko lantegian lanean zegoen M.G.R. 59 urteko langilea.

Tubacex-ek ukatu egin zuen zerikusirik izatea gertatutakoekin, baina enpresako langileen ordezkaritzatik eta LABetik argi geneukan lan istripu hauek lan baldintza prekarioen ondorio zirela. Horregatik prekaritateak eragindako heriotza hauek salatzeko hainbat ekimen egin genituen, 24  orduko lanuztea, manifestazioak, kontzentrazioak, etab.

Sindikatu zein eragile sozialek egindako ekimen jendetsuekin batera Ernai Aiaraldeak bestelako ekimen batzuk ere burutu zituen, horien artean Laudioko Zumalakarregi kalea moztea, Amurrioko lantegiko sarreran kateatzea edo Laudioko lantegiko sarrera gorriz margotzea. Ekimen hauengatik identifikatuak eta jazartuak izan dira Ernai Aiaraldeko gazteak. Gazteen kontra irekitako prozedura eta isunetatik batek aurrera jarraitu du, 7.000 eurotako isun-eskaerarekin. Bihar, azaroak 30, Ernaiko kide batek aurre egin beharko dio zigor eskaera honi eta epaitua izango Gasteizen lan heriotza bat salatzeko ekimen batengatik.

Gure babes eta elkartasun osoa adieraz nahi diogu epaitua izan den Ernaiko kideari zein Ernai Aiaraldeko kide guztiei, eta bihar 10:30etan Gasteizeko epaitegien aurrean egingo den elkartaratzean parte hartzera dei egiten dugu.

Azken urteetan 5 langile hil egin dira Tubacexen lanean ari zirela. Hau ez da kasualitatea, lan baldintza prekarioen ondorio baizik. Eta are larriago dena da behin lan heriotza bat egon ostean benetako neurri efektiboak hartu ez izana. Gainera, langileen heriotzen aurrean Tubacexeko zuzendaritzak ez du inolako erantzukizunik hartu nahi izan, aldiz, langile zein gazte konprometituak kriminalizatzeko lotsarik ez dute. Kasu honetan argi diogu, Tubacex-eko zuzendaritza da epaitu beharrekoa.

Prekarietatearen aurrean antolatzea eta borrokatzea dagokigu. Oraina margotuz geroa eraiki.

Bilboko Udalaren aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatu eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatu dugu

Gaur, azaroak 29, Bilboko Udalak 2022ko aurrekontu proiektua onartu du. Aurrekontuak herritarren beharrei erantzun beharko lieke, kalitatezko zerbitzu publikoen garapena lehenetsiz, denon artean sortutako aberastasunaren banaketa zuzena ziurtatuz. Gaur onartu den aurrekontuak ez du helburu hori betetzen eta honen aurrean, mobilizazioa egin dugu, Bilboko Udalaren aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatu eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatzeko.

Onartutako aurrekontuek ez diete erantzungo gai hauei:

– Udaleko langileekin hartutako konpromisoei.

– Osoko Bilkuran onartutako Gizarte Politiken Itunari, ez duelako behar adina diru bideratzen itun hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko.

– Herritarren eta udaleko langileen hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planari, ez baitute Plan hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko behar adinako aurrekontu-zuzkidura ematen.

– Ez du emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egiten. Berdintasun saila sortu zutenetik berdintasun teknikari bakarra dago. Berdintasun-planak eta ordenantzak onartzea baliabide nahikorik ipini barik marketing eta iruzurra hutsa besterik ez da.

Aldiz, aurrekontu hau bai erabiliko direla Bilbao-SAMUR, Udal Anbulantziaren Zerbitzua ixteko, 18 lanpostu suntsituz, eta baita Basozaintza Zerbitzua pribatizatzeko, enplegu publikoa suntsitu eta lan prekarioa sortuz. Ikusten dugu Udalak ez duela bere gain hartu nahi enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna.

Egun, kontrata askotan lana prekarizatuta dago, are gehiago sektore feminizatuetan (lanaldi partzialak, behin-behinekotasuna…), kasu batzuetan ez baitira betetzen Langileen Estatutuaren oinarrizko alderdiak, hala nola atsedenerako eskubidea.

Udalak adi egon behar du eta espedientea egin behar die lan arloko araudia betetzen ez duten kontratei. Honekin lotuta, aipamen berezia egin nahi diogu Taludes Bilbao ABEEko langileen borrokari. Lorezaintza kontratako langileen soldata baino %20 gutxiago kobratzen dute eta azken egunotan, ekiparazioa eskatzeko borroka hasi dute. Lau mobilizazio egun egin dituzte dagoeneko, eta abenduaren 1ean kaleak hartuko dituzte berriro.

Garaia heldu da udalaren zein udal enpresen kontratazioen baldintza-agirietan, langileen lan-baldintzak prekarioak izan ez daitezen beharrezkoak diren klausulak sartzeko.

  • 1.400 eurotako gutxieneko soldata.
  • Herrialdeko lan hitzarmena betetzea.
  • Subrogazioa.
  • Kontratu mugagabeen kopurua saritzea.
  • Lanaldi osoen kopurua saritzea
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-irizpideak sartzea, soldata arrakala gainditzekoak besteak beste.

Beste urte batez, Udal Gobernuak ez du bere gain hartzen enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna. Udal Gobernu honek enpresen etekina lehenesten jarraitzen du, pertsonen bizi-kalitatearen gainetik. Gero eta langile pobre gehiago sortzen laguntzen ari da enpresa pribatuen etekinak handitzeko.

Irmotasunez eta sektore osoko lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko konpromisoarekin ekiten diogu Bizkaiko metalgintzako hitzarmen berriaren negoziazioari

Gaur osatu da Bizkaiko metalgintzako hitzarmen berriaren negoziazio-mahaia, azkena sinatu zenetik bi urte igaro direnean.

Azken hitzarmenaren kasuan, akordioa 10 greba egunen ostean etorri zen, maila laboral eta sozialean borroka historikoa izan ondoren. Borroka bateratuan, gehiengoa eta gutxiengoa duten sindikatu guztiek, hainbat gizarte-mugimendurekin batera, indarrak batu genituen kalera irten eta Bizkaiko metalgintzan lan-baldintza duinak dituen hitzarmen baten alde borrokatzeko. 

Borroka honen ondorioz, inputatu ugari eta zigor ekonomikoak izan ziren. Gaur egun, 5 langile daude espetxe-eskaerekin, eta Mozal Legea aplikatzeagatik epaituko dituzte. Salaketa horien guztien atzean dagoena salatu nahi dugu: grebarako eskubidea kriminalizatzea da helburua. Lan- eta bizi-baldintza duinak babesteko egiten diren borroka guztiak kriminalizatzeko nahia dago. Horregatik, langileen aurka irekitako prozesu judizial bertan behera uzteko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari.

Azken bi urte hauetan hainbat eraso jasan dugu sektorean pandemiaren aitzakian, enpleguaren suntsiketa lan-baldintzak prekarizatzeko etengabeko ahaleginak… Horregatik, LABek irmotasunez ekiten dio negoziazio berri honi, eta Bizkaiko metalgintzako langile guztien beharrak negoziazioaren erdigunean jartzeko helburu argiarekin, sektore osoko lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko konpromisoa berresten dugu. Badakigu patronalak ez digula ezer emango, badakigu ez dela erraza izango, baina badakigu zein den gure helburuak lortzeko bidea: aktibazioa, antolakuntza, aliantzak sortzea eta borroka.

Datozen egunetan delegatuen batzarrak egingo ditugu eskualde guztietan, LABen plataformaren edukiak partekatzeko eta erabakitzeko.

Kulturako Teknikarien sektorearen erregulazioa erreibindikatu dugu Nafarroako Parlamentuan

Kulturako teknikarien sektorea prekarizatua da guztiz, eta sektorea arautuko duen hitzarmen kolektiborik ez egoteak lan errealitate gogorra ekartzen du. Horregatik, ā€œkultur jarduera duintzeko eta haren etorkizuna bermatzeko ponentziaā€ bat egin dute gaur goizean Nafarroako Parlamentuan. Bertan hartu dute parte lau sindikatu nagusietako ordezkariek. LABekoak sektoreak erregulatzeko beharra erreibindikatu du.

Administrazioa da sektore horretako kontratatzaile nagusia ā€•egiten den zerbitzuaren % 90 inguru izanen da berea―eta, beraz, LAB sindikatuak zuzenean inplikatzea eskatzen dio, hitzarmen kolektibo batean jasotzen diren lan baldintza duinak lortzeko. Hitzarmenik gabe, lan baldintzak esleipen lehiaketetan ezarritako baldintzen araberakoak dira, langileen ekarpenak kontuan hartu gabe, Gayarre antzoki enblematikoarekin gertatu den bezala.

Gaur egun ez dago zentro bakar bati atxikituriko langilerik, ezta gutxieneko langile zehatzik ere, eta horren ondorioz Gayarre edo Baluarte bezalako antzokietako teknikarien kaleratzeak eta lanaldi murrizketak gertatzen ari dira.

Horregatik guztiagatik, eta zerbitzua lantzen duten pertsonak zaintzeko planteamenduarekin bat etorriz, LAB sindikatuak Parlamentuko ponentzian defendatu du subrogatu beharreko langileek antzokiko gutxieneko taldearekin bat egitea eta subrogazioak, bere lan baldintzak kontuan hartzeaz gain, bere kontratuan ezarritako lanaldia errespetatu eta inoiz ez murriztea.

Horrez gain, gaur egun martxan dauden lizitazio guztiak bertan behera uzteko eskatu dugu, sektorea arautzen ez den bitartean. Funtsezkoa da subrogazioa zehazteko irizpidea bidezkoa izan dadin, kontratazio publikoaren legea errespeta dadin eta Nafarroako espazio eszenikoetan subrogatu beharreko langile teknikoen jardunaldiei eutsi diezaien.

Nafarroako Osasuneko Mahai Sektorialak argilun asko utzi ditu, eta berri on bakar batzuk

Azaroaren 25ean egindako Osasuneko Mahai Sektorialak argilun asko utzi ditu, eta berri on bakar batzuk.

2021eko LEPari dagokionez, honela banatuko dira lanpostuak: 271 lanpostu Osasunbiderako eta 14 lanpostu NOPLOIrako (7 osasun arlokoak eta 7 osasun arlokoak ez direnak). Osasunbidean, 271 lanpostu horietatik 108 alboko fakultatiboenak dira, 35 OOLTkoak, 30 erizainenak, 12 erizain espezialistenak, 45 EZLTenak…

Enplegua egonkortzeko 2017ko LEPari dagokionez, 79 lanpostu gehituko dira: 31 erizainenak, 21 EZLTEenak, 12 zeladoreenak…

Hasita dauden hautapen prozesuak ez dira geldiarazi behar, Espainiako Kongresuak enplegua egonkortzeko LEPari buruz erabakitzen duenaren zain.

LAB sindikatutik, berriz salatzen dugu hautapen prozesuen segurtasun juridikorik eza, bai eta hedatzen ari diren bigarren mailako lan baldintzak ere. Iragarri duten LEPa ez zaigu nahikoa iruditzen, eta berriz azpimarratzen dugu beharrezkoa dela Espainiako Estatuak ezarritako ordezte-tasa kentzea, behin-behinekotasun tasa % 8ra jaistea eragozten baitu.

Urtetako negoziazioen ondoren, koordinatzaileen figura eta barne-igoera arautzen dituen 347 Foru Dekretuaren aldaketa aurrera doa, Funtzio Publikoak aldeko txostena eman ondoren. Hemendik 4-6 hilabetera argitaratuko da. LAB sindikatuak oso positibotzat jotzen du dekretu hori aldatzea, aldi baterako barne-igoera erregularizatzea eta burutzak demokratizatzea dakarrelako, nahiz eta SMN eta SATSE sindikatu korporatiboak aurka egon.

Jaiegun bereziak: azken Mahai Orokorrean salatu genuenez, LAB sindikatuak uste du jaiegun bereziak langile guztiei ordaindu behar zaizkiela. Langile batzuei bakarrik ordaintzea bidegabekeria bat da; beste bat.

LAB sindikatuak behin baino gehiagotan adierazi du COVID kontaktuen jarraipen-lanetan militarrak jartzearen aurka dagoela, uste dugulako haien presentzia ez dela beharrezkoa eta ez dagoela justifikatua. Profesionalen Zuzendaritzatik ez dugu inolako erantzunik jaso. Erabaki horrekin, Osasunbideko langileak kontratatzeari uzten ari zaio, eta, gainera, militarrak herritar guztien historia klinikoetara sartzen ahal dira. Hori guztia Nafarroako Gobernuaren onespenarekin.

Halaber, Osasunbideko Profesionalen zuzendariaren dimisioaren berri eman digute, pandemiaren egoerari eta jasaten ari garen gorabeherei dagokienez une kritiko batean gertatu dena. Ez dugu ulertzen Carlos Artundo eta Santos Indurain osasun arduradunek horrelako kromo eta zuzendaritza aldaketak egitea une kritiko honetan.

LABetik, Osasun Departamentuan dagoen komunikazio falta eta zuzendari nagusiaren eta kontseilariaren politikak salatzen ditugu. Izan ere, langile faltagatik argi eta garbi bideraezinak diren planak iragartzen segitzen dute, Oinarrizko Osasun Laguntzako Plana, esate baterako, eta argi uzten ari dira zerbitzu gehiago pribatizatzeko asmoa dutela, fisioterapia-zerbitzua, konparazio batera.

Azken lan heriotzak salatu ditugu Portugaleten

Euskal gehiengo sindikalak deituta, Portugaleten mobilizatu gara, asteartean herrian bertan izandako lan heriotza salatzeko, non eraikuntzako langile batek bizia galdu zuen, bosgarren solairu batetik erori ondoren. Azken astean gertatutako lan istripu hilgarriak salatu ditugu, bost eguneko epean hiru langile hil eta gero, eta, odolusteak etenik ez duela ohartarazteaz gain, prekaritateak hil egiten duela nabarmendu dugu.