2026-05-14
Blog Page 383

Aldundiari eta enpresari langileen segurtasuna bermatzeko eskatu diegu, Buruntzaldeko BU40G autobus linean gertatutako istiluen harira

Aurreko larunbatean Buruntzaldeko BU40G lineako langileak ertzaintza deitu behar izan zuen, gertatzen ari ziren istiluak zirela eta, bere burua arriskuan ikusten zuelako.

Onartezinak dira langileen aurka gertatzen ari diren erasoak. Ezin dugu normaltzat eman, asteburuetan bereziki, langileak beldurrez eta ezinegonaz lanera joan beharra.

Honen guztiaren ardura Aldundia zein enpresena da bereziki. Hauek zerbitzua eman bai, baina hau modu seguru batean eman dadin hartu behar diren neurriak ez dituzte hartzen. Dagoeneko nekatzen hasi gara, nahiko gogorra da asteburuetan lan egin behar izatea eta gau osoan egin behar izatea gainera. Eta hau guztia beldurrez egin behar dugu? Ez gaude hau onartzeko prest.

Baina honen ardura nagusia Aldundiarena eta enpresena bada ere, ezin dugu erabiltzaileen ardura ezkutatu. LAB sindikatutik, erabiltzaileei honakoa eskatzen diegu: utzi langileak pakean. Denak gara langileak. Gure artean babestu eta zaindu beharrean, gure artean erasotzen bagara ez goaz ongi. Langileen arteko elkartasuna berebiziko garrantzia du garai hauetan bereziki, baita parrandan ere.

Lan heriotzen odolusteak eramandako azken langilea gogoan izan dugu, bizia galdu zuen eraikuntza obren aurrean

Ipar Euskal Herriko LABeko ordezkari EƱaut Aramendik lore sorta utzi du Baionan, beste sindikatu batzuetako kideekin batera, aurten hildako azken langilearen omenez. Hain zuzen ere, eraikuntzako langile bat zendu zen Lapurdiko hiriburuan, joan den martxoaren 9an, garabi bat erori eta gero. Garabi horretako gidaria zen hildakoa.

Lan istripu hilgarria izan zen leku berean egin dugu lore eskaintza, Santizpiritu auzoko obra batean, Alsace Lorraine etorbidean, Baionan greba interprofesionala dela-eta deitutako manifestazioa bertatik igaro denean.

Odolusteak ez du etenik. 11 dira, gutxienez, 2022an lanean hildako langileak Euskal Herrian.

Lan eskubideen alde mobilizatu gara Baionan, Frantziako Estatuaren etengabeko erasoen aurrean

Baionako kaleak hartu ditugu berriro, Ipar Euskal Herrian deitutako greba interprofesionalaren harira, Frantziako Estatua langileak etengabe erasotzen ari dela salatzeko: hitzarmen kolektiboen suntsiketak, lan-baldintzen okertzea, bajan diren langileen ez ordezkatzea, erretretara joaten direnengatik ere ez, kudeaketa tratu-txar egile sistemikoa, beherantz botatako soldatak, lanen lerratze antolatua…

Asko dira mobilizatzeko arrazoiak. Horren aurrean, langileek antolatu eta elkarrekin borrokatu behar dugu, hemen, Euskal Herrian, erabaki behar dugula aldarrikatzeko. Utz diezaiogun akziodunen poltsikoen betetzeari, eta aberastasunak partekatu ditzagun, guztiontzako bizi-baldintza duinak eta iraunkorrak ziurtatzeko.

Hauek dira kalera eraman ditugun aldarriak:

-Zerbitzu publiko guztiak berehala indartzea; bereziki, zaintza eta jendartearekin lotutakoak.

-Txertatu gabeko langileak berriz integratzea.

-Lansarien eta indizeko puntuaren emendaketa.

-Soldata arrakalaren amaiera eta inposatutako kontratu partzialenak.

-Lan denboraren murrizketa eta lanaren banaketa 30 orduko asteari esker. 

-Langabezia erreforma kentzea.

-Tokiko negoziaketa gune bat sortzea.

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek greba egingo dute apirilaren 7, 8 eta 9an

Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta bertan iragarri ditugu grebak, hitzarmen berri baten defentsan eta homologazioaren alde.

LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon oharra:

Negoziazio-mahaiak 40 bilera egin ditu, eta dagoeneko enpresen borondatea zein den argi geratu da: homologazioa kendu nahi digute. Homologazioa galtzeko arrisku larrian gaude. Hitzarmen berriaren negoziazioa 2018an hasi genuen, negoziazio erraza izango zelakoan, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak gai jakin batzuk akordio berrietara egokitzea baino ez baitzuen suposatu behar: 2012ko karrera profesionala, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa, errelebo bidezko jubilazioa, Osakidetzako langilentzat onartu berri dituzten baimen eta lizentziak, etab.

Baina, enpresek ez dute hitzarmena eduki minimoetan egokitu nahi izan eta malgutasunik gabe azaldu dira. Mahaia blokeatuta dago eta badirudi blokeo hori Osakidetzak berak babesten duela, eta ez du erantzun egin dizkiegun bilera-eskaera desberdinei.

2020tik ari gara mobilizatzen, EAEko Ospitale eta Anbulatorio desberdinetan. Pauso berri bat emateko unea heldu da. Atera gaitezen grebetara hitzarmen berri bat eskatzeko, atera gaitezen mobilizazioetara argi eta garbi esatera homologazioa ez dela ukitzen!

Honengatik guztiagatik, eta egoerak pausu berri bat ematea exijitzen duelako, greba deialdia egiten dugu datozen apirilaren 7, 8 eta 9rako.

Eserialdia egin dugu Bizkaiko Aldundiaren aurrean, adinekoen egoitzetako gatazkan foru erakundearen inplikazioa eskatzeko

LABek eserialdia egin du Bizkaiko Aldundiaren aurrean, herrialdeko adinekoen egoitzen hitzarmen kolektiboaren negoziazioan dagoen blokeoaren aurrean foru erakundearen inplikazioa eskatzeko, gaurko greba egunean egindako mobilizazioen baitan.

Aurreko greba-deialdietan zuzenean interpelatu du LABek Aldundia, pertsona nagusien egoitzetako hitzarmenaren negoziazioan aktiboki parte hartu behar dutela eskatuz. Azken egunotan, bilera bat eskatu dio sindikatuak Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuari eta Bizkaiko Batzar Nagusietan parte hartzeko eskaria ere egin dio. Eskari hauei entzungor egin dienez, eserialdia egin du LABek.

LAB sindikatuak ezinbesteko ikusten du nagusien egoitzetako gatazka konpontzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren inplikazioa. Borrokan dauden langileen lan-baldintzak sektore publikokoekin parekatzea eta egungo ratioa lehenbailehen berrikustea eskatzen du LABek. Negoziazioa desblokeatzeko, eta gure lan-baldintzen hobekuntza negoziatu ahal izateko, Aldundiak negoziatzera eseri behar du.

Ekiparazioa aldarrikatu dute Transfuzioen Euskal Zentroko langileek

Sindikatuok manifestazioa egin dugu Galdakao-Usansoloko ospitalean, Transfuzioen Euskal Zentroko langileek pairatzen duten diskriminazioarekin amaitu eta Osakidetzako gainontzeko langileekiko soldata ekiparazioa eskatzeko.

IƱaki eta Rosa Mariren etxegabetzea salatu eta babesa adierazi nahi diegu Azora funts putreak Donostian kaltetutako bizilagun guztiei

Gaur Donostiako Ategorrieta 43ko eraikinean bizi diren bi bizilagunen etxegabetzea burutu dela eta beste behin ere babes polizial osoarekin eta bertaratutakoen aurkako biolentziaz aurrera eramana izan dela salatu nahi du LABek.

Bizilagunek hasieratik salatu dute Azora funts putrearen ofentsiba eta haien egoera, Donostian jasaten dugun etxebizitza problematikaren aurpegirik gordinena ezagutaraziz. Bizilagunek auzoan bizi eta zahartzeko eskubidearen alde abiatu duten borrokarekin bat egiten dugu eta LABen elkartasun oso adierazi nahi diegu etxegabetutako IƱaki eta Maria Rosari. Gainera, lehenbailehen etxebizitza alternatiba bat emateko exijitzen diogu udalari.

Azora funts putreak Immboliaria Vascongadaren pisuak erosiz Donostian lur hartu zuenetik hamarnaka bizilagunek etxebizitzaren espekulazioaren ondorioak pairatu behar izan dituzte, besteak beste % 33ko alokairu igoerak eta hilabeteko kontratu luzapenak, etxegabetzeko mehatxuak tarteko. Bestalde, duela 6 urte udal gobernuak etxegabetzerik gabeko hiri izendatu zuen Donostia eta orduz geroztik etxegabetze egoerak kudeatzeko mediazio marko baten baitan, EAJk arazoa errotik hartu beharrean, hirian halako gertakari antisozialek dakarten irudi desegokirik ez ematea lortu nahi izan du.

Gaurkoan, funts putreen botere eta interesen aurrean Eneko Goiaren itxurakera agerian geratu da. Beraz, lehenbailehen exijitzen dugu gobernuek etxebizitza eskubide subjektiboa gauzatzeko betebeharra berma dezaten.

Etxebizitzaren merkantilizazioa eta espekulazioa langileon bizi baldintzen prekarizazioan auzi zentrala da. Horregatik azken asteetan ABIATUren bidez martxan jarri dugun kanpainan eta etxebizitzaren auziaren lanketan esan bezala, beharrezkoa ikusten dugu etxebizitzen prezioak arautzea eta alokairu soziala lehenetsiz, parke publikoa handitzea, funts putre eta jabego handiak desjabetzea eta euren inpunitatearekin amaitzea eta etxegabetze GUZTIAK gelditzea.

Etxebizitza ez da negozioa, eskubidea da. Etxegabetze guztiak gelditzea eskatzen dugu.

Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako lege proposamena aurkeztu dugu Gasteizko Legebiltzarrean, enpleguaren, zaintzaren eta aberastasunaren banaketa ardatz

LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendia eta analisietako arduradun Oihana Lopetegi Eusko Legebiltzarrean izan dira, Lan eta Enplegu Batzordean, sindikatuak osatutako Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako lege proposamenaren nondik norakoak azaltzeko.

Hain zuzen ere, aipatutako proposamena Gasteizko Legebiltzarrean erregistratu genuen joan den urrian, eta LABek aldarrikatutako banaketa hirukoitza du oinarri; hots, enpleguaren, zaintzaren eta aberastasunaren banaketa. Hala, Lan Kode eta Gizarte Segurantzako lege proposamenean banaketa hori modu orekatuan egiteko neurriak jaso ditugu.

LABeko ordezkariek azaldu dute Euskal Herri osorako den proposamen hau ez dela itxia, heldu beharreko eztabaida baten baitan kokatzen baitugu; zer nolako lan harremanak, zer nolako eskubide eta betebeharrak eta zer nolako babes sistema nahi ditugun zehazteko.

Xabier Ugartemendiaren esanetan, “eredu berri baten eraikuntzan kokatzen ditugu proposamen hauek, baina horrek ez du esan nahi gaurdanik ezin garenik hasi gure proposamenetan jasotzen dugun norabide horretan lanean”.

Lan guztien aitortza

Lan Kodean lan guztiak, zaintzakoak barne, aitortzeko eta berriz birbanatzeko beharra planteatzen dugu. Era berean, lanaren sexu-banaketarekin amaitzeko proposamenak eta soldatak eta enplegua duintzeko neurriak jasotzen dira. Enplegua, zaintza eta aberastasuna banatzeko proposamenak dira, esan bezala.

Gizarte Segurantzaren Legean, berriz, pentsio publikoak eta gizarte-babes duina ziurtatzeko neurriak jasotzen ditugu.

Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eraikitzeko LABek egindako ekarpena da, azken batean.

Hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu berriro Arabako metalgintzako langileentzat

Auto karabanak egin ditugu, hitzarmen duin baten defentsan, azken asteetan egindako mobilizazio dinamikari segida emateko.

Auto karabanak, elkarretaratzeak, propaganda banaketa enpresetan eta poligonoetan… denetarik egiten ari gara, modu bateratuan, LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuak. Manifestazio jendetsu bat ere egin genuen Gasteizen, non 1.500 pertsona inguru bildu ziren metalaren hitzarmen duin baten alde, lan-baldintza duinen alde.

Negoziazioan 3 urte baino gehiago eman ondoren, azken bileran SEA patronalak bere benetako aurpegia erakutsi zuen: lehen baino igoera makurragoak eta KPIarekin loturarik gabe, lanaldia jaisteaz ezer ez, ezta subrogazioaz ere, ez dute prekaritatearekin, ABLEen gehiegizko erabilpenarekin eta behin-behinekotasunarekin amaitu nahi, ez dute benetako berdintasunerako neurri eraginkorrik jasotzen, ezta lanean gure osasuna bermatzeko ere, Formazio Duala eta praktikak duintzeko hobekuntzarik ez, errelebo-kontratua ere ez dute onartzen…

Baina Arabako metalgintzako langileek argi diote: Aski da! Nahikoa da! Patronalaren immobilismoaren aurrean, bide bakarra geratzen zaigu: borroka. Borrokatu behar dugu gure helburuak lortzeko:

  • Soldata duinak, orain bizitzaren kostua igotzen zaigunean.
  • Lanaldia jaistea.
  • AzpikontratetanĀ subrogazioa.
  • KontratazioanĀ prekaritatearekin amaitzea.
  • EmakumeenĀ diskriminazioa ezabatzea.
  • Gure lanekoĀ osasuna bermatzea.
  • Errelebo-kontratua, erretiro duina errazteko, plantilak be- rrituz.
  • KontziliazioaĀ etaĀ erantzunkidetasunaĀ bultzatzea.
  • Formazio Duala eta praktikakĀ duintzea.

Azken batean, Arabako metalgintzan lan-baldintza duinen alde borrokatu behar dugu. Argi izan behar dugu soilik gure aktibazioarekin mugiaraziko ditugula enpresaburuak. Arabako metalgintza borrokan dago: Gasteizko kaleetan zehar mobilizatu gara, baina borroka areagotu egingo da. 

Mobilizazioekin jarraituko dugu, aktibazioarekin, enpresetan, poligonoetan, kaleetan, baita ezer alda ez dadin negoziazioa bahitzen dutenengana ere. Eta noski, grebak egingo ditugu, patronala mugituko da presioa egiten badiogu eta greba funtsezkoa izango da: metalgintzako enpresak geldituko ditugu gure eskubideak aktibatzeko.

Gure esku dago: aukera historikoa dugu Arabako metalgintzan lan-baldintza duinak lortzeko. Sei sindikatu gara, dozenaka batzorde eta ordezkari sindikal, milaka langile… lortuko dugu!