2026-06-17
HomeEkintza PolitikoaGasteizko Legebiltzarra interpelatu dugu bide orri bat eraikitzeko, burujabetzan aurrera egin eta...

Gasteizko Legebiltzarra interpelatu dugu bide orri bat eraikitzeko, burujabetzan aurrera egin eta egungo eskuduntzekin lan eta bizi baldintzak hobetzeko

Lan Kode eta Gizarte Segurantzako lege propiorako egitasmoa aurkeztuko diogu Gasteizko Parlamentuari, eta, ondoren, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitza hartu du, LABeko Batzorde-Exekutiboko zenbait kidek lagunduta.

Euskal Herri osorako proiektua da aurkeztutakoa, eta erreformen errebertsioa aldarrikatu eta murrizketa berriei ateak ixtea defendatzen du. Horrez gain, euskal bideorria aurkeztu dugu; hots, lan eta bizi baldintzak aldatzeko neurri zehatzak jasotzen dituen bideorria, egungo eskuduntzetatik  egingarri diren neurri zehatz eta errealekin, eta, aldi berean, burujabetzaren bidean aurrera egiteko proposamenak egiten dituena, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako.

Hauxe da Garbiñe Aranburuk Gasteizko Legebiltzarraren kanpoaldean egindako hitzartzea:

Gaur hemen gaude bi lege-proposamen erregistratzeko. LABek Euskal Herrirako Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren Legea proposatu ditu.

Euskal Herri osorako proposamenak dira. Gaur Gasteizen erregistratzen ditugun lege-proposamenak Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira ere eramango ditugu. Euskal Herria hiru lurralde-eremutan banatuta dago, eta Euskal Herri bateratu baterako trantsizio horretan, eremu bakoitzak Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren lege propioa bermatu behar ditu.

Lan Kodean lan guztiak, zaintzakoak barne, aitortzeko eta berriz birbanatzeko beharra planteatzen dugu. Era berean, lanaren sexu-banaketarekin amaitzeko proposamenak eta soldatak eta enplegua duintzeko neurriak jasotzen dira. Enplegua, zaintza eta aberastasuna banatzeko proposamenak dira.

Gizarte Segurantzaren Legean pentsio publikoak eta gizarte-babes duina ziurtatzeko neurriak jasotzen dira.

Gaur hemen gaude Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarra osatzen duten alderdi politikoei euskal ibilbide orria eraikitzeko eskatzeko. Lan-kode propioa eta Gizarte Segurantzaren lege propioa ezartzea helburu izan behar duen ibilbide-orri bat. Burujabetzan aurrera egiteko euskal ibilbide-orria, euskal ibilbide-orria egungo eskumenak langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko baliatzeko.

Gaurko interpelazioarekin hiru esparrutan jarduteko eskatzen dugu (hiru norabide):

1. Lehenengo urratsa azken urteetako erreformen eta murrizketen bidea iraultzea izan behar da. Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu Madrilgo Gobernuari eska diezaiola azken urteetako lan eta pentsio erreformak indargabetzeko. Eta alderdi politikoei exijitzen diegu beren indarra aprobetxa dezatela azken urteetako erreformak iraultzeko eta erreforma berriei ateak ixteko.

2. Bigarren arazoak subiranotasunarekin du zerikusia. Edozein gizarte-eredu eraikitzeko, ezinbestekoa da lan-arloan eta gizarte-babesean erabakitzeko gaitasuna izatea. Borondatea eta konpromisoa eskatzen diegu eredu autonomikoaren mugak gainditzeko eta estatus juridiko eta politiko berriak lortzeko, gai horietan erabakitzeko gaitasun osoa izan dezaten.

3. Hirugarrenik, eta egungo eskumenetatik abiatuta, premiazko izaeraz, langileen bizi-baldintzak hobetzeko neurriak har daitezke. Horregatik, Gobernua osatzen duten alderdiei eskatzen diegu honako neurri hauek har ditzatela:

• Patronalari Akordio Interprofesional bat adosteko eskatzea. Akordio Interprofesional bat, 1.400 euroko gutxieneko soldata bermatzeko; ezarritako soldata-arrakalari eta lanaldi partzialei amaiera emateko; 30 orduko lanaldia ezartzeko; edo behin-behinekotasunari amaiera emateko eta enplegua duintzeko.

• Negoziazio kolektiborako esparru propioa defendatzeko eskatzen diegu:

– Eremu pribatuan, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa bultzatzen duen erreforma indargabetzea eskatuz

– Eremu publikoan, funtzio publikoko langileen soldata eta lan-baldintzak arautuko dituen esparru bat eginez.

• Zerbitzu publikoak indartu behar dira. Aurrekontuetan inbertsio handiagoa bideratu behar da osasunera, hezkuntzara edo gizarte-zerbitzuetara.

• Neurriak eskatzen ditugu pentsioak 1.080 euroan osatzeko eta pentsioen arrakalarekin amaitzeko.

• Laneko osasuna bermatzeko neurriak. Lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen kausak ezagunak dira eta saihestu egin daitezke; besteak beste, lan-prekaritatea eta prebentzio-neurriak ez betetzea. Horri aurre egiteko, ikuskatzaile eta bitarteko gehiago jartzeko eskatzen diegu.

• Pobreziari eta gizarte-bazterkeriari aurre egiteko neurriak: Pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako Herri Ekimen Legegilean jasotako neurriak onartzeko eskatzen dizuegu.

• Erreforma fiskala bultzatzea. Kapital-errentak eta enpresa-irabaziak gehiago zergapetzeko.

Gobernuan ez dauden alderdiei, proposamen horien aldeko ekimen instituzionalak egiteko eta horien alde lan egiteko eskatzen diegu.

Euskal Herrian mobilizazioen fase berri bat gorpuzteko lanean ari gara. LABek Euskal Bide Orria elikatzen jarraituko du. Egin dezagun posible Euskal Herrian langileok lan, pentsio eta bizitza duina izatea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.