2026-01-20
Blog Page 382

Grebara deitu dugu Bizkaiko adinekoen egoitzetan abenduaren 14rako

Egoitzetako langileen lana funtsezkoa da jendartearentzat, eta horrela aitortzea eskatu dugu Bilbon egindako agerraldian. Lan-baldintzak langile publikoekin parekatzea eta ratio gizatiarrak izatea exijitu dugu.

Zaintzak merkantilizatzeak miseria baino ez dakarkie adinekoei, eta prekarizazioa sektoreko langileei. Gaur egun, zaintza negozio bat da, enpresek dirua irabazten dute erabiltzaile-plaza berri bakoitzarekin, eta Aldundia da gurpil horren arduraduna, gutxi batzuk aberastu eta sektoreko 5.000 langile baino gehiago prekarizatu eta esplotatzen gaituena.

Enpresek dirua eta irabaziak soilik ikusten dituzte guk zaintza eta lana ikusten ditugun tokian. Langileak gara eta ematen dugun zerbitzu publikoa onartzea eskatzen dugu. Hauek dira gure aldarrikapenak:

– Egoitzetako langileen lan-baldintzak langile publikoekin parekatzea. Lan-baldintzak hobetzeko eta, ondorioz, adinekoen zaintza hobetzeko benetako urratsak emateko unea da. Orain da unea, honek izan behar du parekatzearen negoziazioa.

– Ratio gizatiarragoak. Gaur egungoak baztertzen ditugu, eskasak eta ez gizatiarrak direlako. Osasunaren aurkako erasoa dira, egoitzetako langileak ez gara robotak, pertsonak baizik. Eta egunero eraso egiten diote zaintzak jasotzen dituzten adinekoen duintasunari. Langile gehiago behar da.

LABen ustez, gatazka honen azken irtenbidea adinekoak zaintzeko zerbitzua publifikatzea da.

Pribatizazioa inposatzen du Aldundiak

Urtebeteko antzerkiaren ondoren eta patronalarekin 10 bilera egin ondoren, emaitza borondaterik eta nagusitasunik eza da, eta negoziaziorik ez dago. Aldundiak adinekoen zaintza pribatizatzea inposatzen du, eta bera da Bizkaiko egoitzetan bizitzen ari denaren erantzule nagusia.

Egoera horren aurrean, LABek egoitzen sektorean abenduaren 14rako greba egun baterako deialdia erregistratu du. LABen ustez, gatazka honek batasun sindikal indartsu eta argia eskatzen du. Aldarrikapenak eta borrokarako gaitasuna partekatzen ditugun sindikatuen erantzukizuna da sektoreko langileentzako mobilizazio-eskaintza bateratua egitea. LABek bere gain hartu du norabide horretan duen konpromisoa, eta gehiengo sindikalari gonbita egin dio diagnostikoa eta agenda mobilizatzailea partekatzeko.

Sektoreko langile guztiei dei egiten diegu abenduaren 14an mobilizatu daitezen. Beharrezkoa da aipatutako egoera eta zainketak jasotzen dituzten pertsonena ikusaraztea eta erdigunean jartzea.

LABek elkarretaratzea egingo du abenduaren 14an Bilboko Batzar Nagusien egoitzaren aurrean, 10:30ean.

Greba eskubidearen urraketa salatu dugu Urkabe Benetan enpresan

Oreretan kokatuta dagoen Okin taldeko Urkabe Benetan enpresako langileek bi orduko lehen lanuzte egun arrakastatsua egin dute gaur. 91 langilek egiten dute lan bertan eta jarraipen ia erabatekoa izan du lanuzteak.

Ekoizpeneko langile guztiek lanuztea egin duten arren, greba batzordea lantoki barrura bertaratu denean, ordea, bulegoko langile batzuk ekoizpenean lanean zeudela ikusi ahal izan du.

LABek Urkabe Benetango zuzendaritzaren jarrera salatzen du, eta Lan Ikuskaritzan salaketa aurkeztu dugu, greba eskubidearen funtsezko urraketa delako.

PasadenmartxotikdaramateenpresaitunanegoziatzenEnpresaBatzordea(LABeko3 kide eta ELAko 2) etaenpresa zuzendaritzak, enpresaren egoera ona izan arren, soldatak izoztu, antzinatasunak murriztu eta Aldi Baterako Enplegu Enpresen (ABLE) erabilpena kronifikatu nahi dute. LABentzat onartezina da ABLEen bidez, langileak erabili eta botatzeko mukizapiak modura tratatzea, eta aberastasuna banatu eta prekaritatea mugatzeko konpromisoak eskatzen dizkio zuzendaritzari.

Trikimailuak trikimailu, langileek borrokan jarraitzeko prestutasuna adierazi dute prekaritatearen kontra eta lan baldintzak hobetzeko, eta hortaz, hurrengo egunetan mobilizazioekin jarraituko dute:

-Abenduak 10ean bi orduko lanuztea.

-Abenduaren 13, 14 eta 15ean lau orduko lanuztea.

-Abenduaren 16 eta 17an egun guztiko greba.

Urkabe Benetanen prekaritaterik ez!

Nafarroako espazio eszenikoetako teknikariek greba egingo dute abenduaren 18an

LAB sindikatuak, Nafarroako espazio eszeniko nagusietan ordezkaritza duenak, dei egiten die espazio eszeniko publikoetan zerbitzu teknikoa ematen duten azpikontratetako teknikariei abenduaren 18an greba egiteko, sektorean pairatzen diren lan baldintza kaskarrak salatzeko. Greba baino lehen, kontzentrazioa egonen da Iruñean abenduaren 12an, igandearekin, Gayarre Antzokiaren parean, 18:30ean.

LAB sindikatuaren iritziz, kultur espazio publikoen kudeaketa ez litzateke lizitatu behar enpresa esleipendunetako langileei baldintza duinak bermatzen ez dizkieten pleguekin. Ordutegi-erabilgarritasuna, egutegi irekia, aldakorra eta ikuskizunen programazioaren mende dagoena, eta lan horren idiosinkrasia berezia konpentsazio bat eta berme batzuk izan behar dituzte langileek.

Hona hemen espazio eszenikoetako teknikarien aldarrikapen nagusiak:

Hitzarmen bat sortzearen alde

Sektorea erregularizatu behar dugu, eta Nafarroarako sektoreko hitzarmen bat sortzen aurrera egin. Horretarako, politikarien inplikazioa eskatzen dugu, arazo horri aurre egiteko; izan ere, baldintza agirietan ezarritako baldintzek lan-hobekuntzarako eskaeretan aurrera egitea eragozten digute, eta, aldi berean, bidezko hitzarmen bat sortzea eragozten dute. Halaber, arte eszenikoetako kontratazio publikoko jardunbide egokien kode bat sortzea eta haren jarraipen eraginkorra egitea, tarifak, ordutegiak, funtzioak eta abar arautzeko. Administrazioa edo haren mendeko erakundeak dira enpresak eta teknikariak kontratatzeko eragile nagusiak, eta bere gain hartu behar dute gai horretan duten erantzukizuna. Ziurtatu behar da lehiaketetako baldintzek bermatu behar dutela enpresek lan-baldintza duinak eskaini ahal izanen dizkietela langileei.

Bidezko baldintza agiriak

Lizitazio-agiriek teknikarien lan-errealitatea kontuan har dezatela eskatzen dugu. Espazio eszenikoen behar teknikoak asetzeko gai diren eta, aldi berean, azpikontratatutako enpresei beren langileei lan-egutegi eta lan-baldintza duinak emateko gai diren gutxieneko lan-ekipoak aurreikusi eta ziurtatzea.

Bidezko subrogazioa

Bidezko subrogazio-irizpidearen arabera, fakturazioa ez ezik, sektoreko lan-errealitate berezira egokituko dena eta subrogatu beharreko langileen lanaldiak errespetatuko dituena. GAYARRE ANTZOKIAN %4, %15, %34 EDO %40KO SUBROGAZIORIK EZ!

Lizitazio-lehiaketak geldiaraztea

Teknikarien lan-errealitatea kontuan hartu eta bidezko subrogazio-irizpideak adostu arte abian dauden lizitazio-lehiaketak geldiaraztea edo kentzea.

Lan-prekaritatea salatzea

Sektorean pairatzen ditugun lan-baldintza eskasak salatzeko eginen dugu planto, batez ere kontziliazio familiar eta sozialari dagokienez. Egoera hau gaitz endemikoa da sektorean, eta sektoreko hitzarmenik ezaren eta administrazioak lizitazio-lehiaketetan ezartzen dituen baldintzen ondorio da.

  • Urteko lan-egutegirik gabe, ez sei hilean behin, ez hamabost egunean behin. Nekez iristen da asteko egutegia izatera, eta horrek epe laburrerako edozein plan egitea eragozten du.
  • Astean egun jakin bat libre ez izatea.
  • Esleitutako txandarik gabe. Goizez, arratsaldez eta gauez lan egiten dugu, edo hiru txanden zati batean egun berean. 10, 12, 14 eta 16 orduko lanaldiak egiten ditugu batzuetan.
  • Ordutegi jakinik gabe. Ordutegiak aldatu egiten dira ikuskizunaren beharren arabera. Astelehenean 09:00etan sar gaitezke, asteartean 12:00etan, asteazkenean 17:00etan…
  • Irteera-ordutegiak gutxi gorabeherakoak izaten dira. Irteera-ordua egun berean alda daiteke, ikuskizunaren edo ekitaldiaren beharren edo ezustekoen arabera.
  • Lanean 13 egun jarraian kateatu ditzakegu.
  • Ohikoa da hainbat egunez jarraian 10, 11 edo 12 orduko lanaldiak kateatzea; beraz, benetan desagertu egiten gara gure familia- edo gizarte-ingurunetik.
  • Ez dugu gehieneko lanordu kopururik, ez astean, ez hamabostean, eta batzuetan ezta hilean ere.
  • Antzinatasunik gabe, gaueko plusik gabe, jaiegunetako plusik gabe… Soldata baxuak ez datoz bat, inolaz ere, merkatuko prezioarekin eta pairatzen ditugun lan-baldintzekin.

Beste behin ere, lehen mailako arretan murrizketak eginez egin nahi dio aurre pandemiari Sagardui sailburuak

LAB sindikatuarentzat, Osakidetzaren arduragabekeriak ez duela mugarik. Hilabete luzeetako pandemia-egoera egon eta 4.000 langile kaleratu ondoren, Sagardui sailburuak proposatzen duen konponbide bakarra lehen mailako arretan murrizketak egitea da.

Badirudi Osasun Saila pandemiaz egiten ari den kudeaketaren helburua dela ordain dezaketen pazienteak sektore pribatura ihes egitera bultzatzea eta herri-klaseak bertan behera uztea, EAEko herritarrentzako arreta giza baliabideekin eta baliabide materialekin indartzea baino.

Sailak, aspaldian, ahalegin handiak egin ditu lehen mailako arreta benefizentziatik gertuago dagoen sektore bihurtzeko, herritarrek osasunerako dituzten eskubideei kalitatez eta duintasunez erantzuten dien sektore batean baino. Osakidetzako kudeatzaileen arduragabekeriak disimulurik gabe erasotzen die EAEn bizi diren pertsona guztien osasunerako eskubideei, bereziki pertsona ahulenenei. Pandemiaren kudeaketa eta lehen mailako arretaren ahultze-estrategia argia kriminala da, Sailak bertan behera utzitako populazio-sektore osoekin.

Antola daitezkeen lekuetan protesta-ekintzak egitera deitzen ditu herritarrak LABek, Osasun Saila eta Eusko Jaurlaritza lehen mailako arreta ahultzeko eta desegiteko garatzen ari diren erasoaldiari aurre egiteko.

Greba orokorraren aukera zapuztua, borroka ziklo berria antolatzen jarriko ditugu gure indarrak

Euskal Herrian pandemia osteko garaiari ofentsiban ekiteko beharra eta baldintzak izanik, hilabeteak eman ditu LABek
Greba Orokorra aldarrikatzen eta proposamena lantzen.

Maiatzaren Lehenean plazaratu zuen sindikatuak borroka ziklo berria abian jartzen lagunduko lukeen Greba
Orokorraren beharra. Bi ikuspegitatik jotzen zen Greba Orokorra beharrezkotzat:

Alde batetik, pandemiak agerian utzitako hutsuneei nahiz langileongan izandako ondorioei erantzuna emateko;
besteak beste, osasun sistemaren ez nahikotasuna, zaintza sistema publiko komunitario baten gabezia edota
oinarrizkoak diren lanen izaera prekarioa.

Beste alde batetik, estatu mailan erabaki garrantzitsuak hartuko zirela jakitun (Europako Funtsek baldintzatutako
pentsio erreforma eta lan erreforma, besteak beste), erabaki horietan eragin eta, batez ere, Madrilen posible ez den
ibilbide eraldatzailea Euskal Herrian posible egiteko.

Ikasturte berriaren hasieran, beste hainbat eragilek adierazi zuten Greba Orokorraren aldeko jarrera, hala nola,
pentsiodunen mugimenduak eta gehiengo sindikaleko gainontzeko sindikatuek. Bazegoen Greba Orokorra deitzeko
gehiengo nahikoa, nahiz eta Greba Orokorraren izaeraren eta kudeaketaren inguruan jarrera desberdinak izan LABen
eta ELAren artean.

Greba Orokorraren izaerari dagokionez, LABek Euskal Herrian borroka fase berri bat irekitzeko mugarri gisa ulertzen
zuen bitartean, ELAk Madrilgo jokalekura eta agendara mugatu izan du. LABen ustez akatsa da hau, Madrilgo
jokalekua eta agenda indartu, eta Euskal Herrian egin beharreko bide propioa mugatu egiten duelako.

Greba Orokorraren inguruko kudeaketari dagokionez, LABek greba deialdia lehenbailehen egitea proposatzen zuen,
gertakarien eboluzioan ahalik eta eragin handiena izan zezan. Aldiz, ELAk Greba Orokorra urtea amaitu aurretik egin
behar zela esaten bazuen ere, deialdia egiteko “une egokienaren zain” egotea hobesten zuen, Madrilen hartuko ziren
erabakietatik Greba Orokorrerako pizgarria sortuko zelakoan.

Greba Orokorraren izaeraren eta kudeaketaren inguruan ikuspegi desberdinak egonda ere, bazegoen gehiengo
sindikal eta sozial bat Greba Orokorra urtea amaitu aurretik deitzeko prest. Gauzak horrela, hiru hilabete hauetan
zehar LAB Greba Orokorraren aurrelanketan aritu da, bakarka nahiz elkarlanean ekimenak antolatuz.

Urte amaiera gainean dugu eta, zoritxarrez, Greba Orokorra epea motzean antolatzeko prozesua kale itsura heldu da.
ELAk Greba Orokorra urtea amaitu aurretik egiteko erabakia adierazi bazuen ere, greba deialdia gauzatzeari uko egin
dio orain arte. Honela, Greba Orokorrik gabe amaituko da urtea. Grebaren pizgarri litzatekeen gertakari baten zain
egoteak, gertakarietan eragiteko aukera galtzea suposatu du.

Greba Orokorra antolatzeko saiakera nahiko genukeen emaitzarik gabe amaitu da. Hala ere, guretzat Greba Orokorra
ez da helburu bat, borroka aldi berri bat hauspotzeko tresna baizik. Momentuz tresna hau erabiltzerik ez badugu ere,
borroka ziklo berria martxan jartzeko helburuari eutsiko dio LABek. Datozen asteetan lantokietan borroka sindikalak
biderkatu, kalean dinamika soziala hauspotu eta lan eta bizi baldintzak eraldatzeko euskal bide orria sustatzen jarriko
ditugu gure indarrak.

Bada ordua langileon osasuna eta bizitzak aintzat hartuko dituen prebentzio politika eraginkor baten kultura sustatzeko

Abenduaren 3ko gauean, B.O.M. 44 urteko Markinako langile eta LABeko afiliatua hil zen Bergarako Fagor Ederlan lantokian, lan istripu ez traumatiko batean. Gainera, abenduaren 2tik 3rako goizaldean, 23 urteko emakume langile bat hil zen lanerako bidean, Cadreitan izandako auto istripu batean. Azken hauekin, aurten jada 59 langilek galdu dute bizitza Hego Euskal Herrian euren lanpostuetan, horietatik 15ek lan istripu ez traumatikoetan.

Ezer baino lehen, LAB sindikatutik gure doluminik zintzoenak helarazi nahi genizkieke hildako langileen lankide, lagun eta senitartekoei.

Bergarako heriotza hau ezin diogu halabeharrari egotzi. Oso irakurketa sinplista izango litzateke hori. Behin baino gehiagotan salatu izan dugu txanda sistemak eta bereziki gaueko lanak osasunean eragiten duen kalte fisiko eta psikologikoa: erritmo zirkadiarra kalteten du (gizakion prozesu fisiologikoak kontrolatzen duen giza erloju biologikoa) eta horrek hipertentsioa, estresa, nekea, insomnioa eta beste hainbat patologia eta arrisku sortzen ditu.

Argi daukagu baita ere, lantokietan egiten diren arriskuen ebaluazioetan ez direla jasotzen lanak errealki sortzen dituen patologia guztiak eta beraz, ez dela lan osasunaren zaintza integral eta eraginkor bat egiten. Hainbat eta hainbat gaixotasun profesional daude, isil isilean eta inor konturatu gabe langileen osasuna kaltetzen dutenak, eta kasu askotan langileari heriotza dakarkiotenak.

Bada ordua langileon osasuna eta bizitzak aintzat hartuko dituen prebentzio politika eraginkor baten kultura sustatzeko eta langileon lan eskubideak defendatzeko. Hor uste dugu administrazio publikoek erantzukizun handia dutela.

“Lantokietatik kanpo sindikatuak sustatu nahi dituen borroketan parte hartzeko modua da Ekintza Sozialeko Komunitatea”

Abenduaren 11n Bilbon, Bidebarrieta Kulturgunean, Ekintza Sozialeko Komunitatearen aurkezpen ekitaldia egingo dugu. Inposatzen diguten ereduari bulkada eraldatzailea ematera goaz, eta herritar guztiei dei egiten diegu aurkezpenera hurbil daitezen. Ekintza Sozialeko kide Endika Perezekin eta Alaitz Ajuriagerrarekin hitz egin dugu, Komunitate berriari buruzko xehetasunak ezagutzeko.

Hasteko, zer da Ekintza Soziala?

Endika Perez (E.P.): Duela bost urte egindako Biltzar Nagusian, LABek bataila nagusia Bizitza eta Kapitalaren artean ematen zela zehaztu genuen, eta, beraz, sindikalismoak ere baieztapen horri begira bere burua birpentsatu beharra zuela ondorioztatu. Horrela, ordurarteko hiru federazioez gain (Industria, Zerbitzu Publikoak eta Zerbitzu Pribatuak), Ekintza Sozialeko egitura ere sortu genuen.

Alaitz Ajuriagerra (A.A.): Une horretan ekipo nazional bat eta hiriburuetan kide banatan oinarrituriko antolaketa moduari heldu genion, enpleguaz gaindi genituen erronka eta borroketan eraginkorragoak izateko asmoz. Erabaki garrantzitsua eta emankorra izan da hau. Bide bat egin dugu eta ikasitakoak baloratu eta urrats berriak emateko baldintzetan gaude.

Eta zer da Ekintza Sozialeko Komunitatea?

E.P.: Horixe bera, urrats berri bat. Lantalde nazionala eta hiriburuetako kide banarekin ez zaigu nahikoa parez pare ditugun erronkei aurre egiteko. Sindikalismoa lantokiz lantoki antolatzen dugun bezala, gure interbentzio lerroa auzo eta herrietan egiteko baldintzak izan ditzagun tresna organizatiboa behar dugu, eta horregatik jauzi berri hau: komunitatea.

A.A.: Enpleguaren eremua zabaldu eta, lan baldintzez gain, bizi baldintzen inguruan hitz egin eta hauen inguruan borrokak sustatu nahi ditugu. Egun piztuta daudenetan ere, parte hartu eta gure ekarpena egin, aliantza sareak indartuz. Bizitzaren aurkako ofentsiba oso bati aurre egiteko, etxebizitzaz, ekosozialismoaz, migrazioaz eta antirrazismoaz ere hitz egin eta borroka eremu hauei begirako antolatzeko espazioak eskaini behar ditugu. Horretarako sortu da Ekintza Sozialeko Komunitatea. 

Nori zuzendua dago?

E.P.: LABeko afiliazio osoari. Are gehiago, afiliazioa lehen lerroan jarri nahi duen proposamena da. Lantokietan ordezkariak eta sail sindikalak ditugu afiliazioa antolatu, eztabaidak eman eta erabakiak hartu, borrokak planifikatu eta egiteko. Lantokietatik kanpo LABek sustatu nahi dituen borroketan parte hartzeko modua da Ekintza Sozialeko Komunitatea. 

Izena eman duenak zer topatuko du Komunitatean

E.P.: Hasteko, LABen parte hartzeko modu berri bat eta borroka egiteko espazio berri bat, baita bi norabideetako informazio kanala eta ildoen arabera zein bakoitzak hartu nahi duen ardura mailaren araberako ekarpena egiteko aukera ere.

A.A.: Ekintza soziosindikalerako eremu berri bat izango da, LABen jarduna lantokitik kanpo garatzeko aukera. Lantokietako borrokak osatu eta baita bestelako batzuen inguruan aritzeko aukera ere topatuko du. Era jarraituan zein une zehatzen parte hartzeko aukera ere izan dezake. Herrialdeko sare orokorraren parte izango da: publikazioak, irakurketak eta informazioa jasoko du. Eta ildoen arabera antolatuko diren lantaldeetan, komiteetan, parte hartzeko aukera izango du.

Komunitatean parte hartzeko modu desberdinak daude. Zeintzuk dira eta zertan dautza?

E.P.: Komunitatearen sareak, momentuz, herrialde mailan antolatuko ditugu. Herrialdean egiten ditugun kanpaina zehatzetan zein deialdien berri izango du izena ematen duen kideak, eta berak erabakitzen duen inplikazioa izan dezake: ekimenen prestaketan parte hartu, deialdi bat edo gehiagotan parte hartu…

A.A.: Kanpaina edo ekimen orokorrak egoteaz gain, ildo zehatzen araberako komiteak antolatuko ditugu, dagoeneko borroka horietan dauden LABkideak saretzeko eta oraindik parte hartu ez baina nahi hori duten kideek aukera izan dezaten. Ez hori bakarrik, testuinguruan eragiteko mobilizazio, ekimen edo konpromiso zehatzak ere kolektiboki erabaki eta aurrera eramango ditugu. Adibidez: proiektu autogestionatu batean ekarpena egiteko auzolan eguna, oinarrizko produktuen bilketa kanpainak, sektore bateko borroketan ekarpen zehatza egiteko ekimen desobedientea edo gai sozialen inguruko mobilizazio forma berritzaileetan praktika sakontzea, besteak beste.

Gehiago zehaztearren, zein da Komunitatearen plana kurtso honetarako?

E.P.: Kurtso honetan hiru egiteko nagusi ezarri dizkiogu gure buruari. Lehena, komunitatea ezagutaraztea eta martxan jartzea, trinkotze lana eginez. Komunikazio bideak eraiki, erronkak definitu… Bigarrena, Sindikalgintza Antirrazista Baterantz! Martxan dugun ildoaren baitan Komunitateko sarea eraiki eta aktibatzea, espazio mistoak sortuz eta ildoaren baitan egin nahi dugun jaialdi antirrazista antolatzeko.

A.A.: Azken helburu nagusia, otsailean zehar egin nahi dugun etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina zehaztu eta garatzea izango da. Etxebizitza oinarrizko eskubidea da langileon bizi baldintzak bermatzearen ikuspegitik, eta problematika honetan sindikatuaren posizioa eta ekimena biderkatu nahi dugu horrela. Hiru hauek dira, nagusiki, baina komunitateko kideon iritzi eta ekarpenekin zehaztuko ditugu hurrengo urratsak. 

Izen emate kanpaina apirilean hasi zen, ondoren batzar batzuk egin dira. Zein da orain arteko inpresioa?

A.A.: Ekainean aurkezpenak egin genituen herrialdeko asanblada eta ondoren egin genituen ekimenen bidez. Orokorrean, balorazioa baikorra da, sindikatuak eremua zabaldu eta modu berrietan aritzeko duen gaitasuna erakutsi zuelako. Jende askok izena eman zuen komunitateaz ezer gutxi jakinda eta hori ere LABeko kidegoaren inplikazioaren seinale ere bada.

E.P.: Egia da, 45.000 afiliatuko sindikatua izanik, oraindik hastapenetan gaudela eta afiliatu askok ez dakitela egitasmo honi hasiera eman diogula. Etxe handia da gurea eta geruzaz geruza eraikiko dugu egitura berri hau. Hala ere, aipatzekoa da kide gehienak ez direla sindikatuko liberatu edo delegatuak. Horrek afiliatu askori sindikatuko dinamiketan parte hartzeko aukera zabaldu diogula esan nahi du.

Zenbat kidek osatzen dute jada Komunitatea? Orain batu nahi duenak, nola egin dezake?

E.P.: Sindikatuko afiliazioa lantokiaren arabera antolatzen dugu LABen. Zure enpleguaren sektorearen arabera, federazio bateko edo besteko kidea zara. Ekintza Sozialeko Komunitateak, federazio zehatz bateko kide izateaz gain, nahi duenari espazio organizatibo berria eskaintzen dio, bizitokiaren arabera determinatuko dena eta lantokiaz gaindiko borroketan parte hartzeko aukera emango duena. Horrela ezaugarrituta, eta ikasturte honetan hasiera eman diogula jakinda, dagoeneko 350 kidetik gora gaudela jakitea izugarria da. Ziur gaude martxan jartzen garenean, eta gure jarduna ikusten denean, milaka izango garela.

A.A.: Parte hartzeko aukera beti izango du zabalik LABeko afiliatua denak. Are gehiago, afiliatu gabe ere proiektu honetan parte har dezaketen pertsonak daudela badakigu. Horiek ere ateak parez pare dituzte zabalik. Lotura honetan izena emanda dagoeneko komunitateko kide izan zaitezke.

Gaiaren batean aditua izan behar zara Komunitateko kide izateko? Edo mugimendu edo eragile sozialetan aritua izatea beharrezkoa da?

A.A.: Borondatea da beharrezkoa den bakarra. Ekarpen guztiak dira ongietorriak eta beharrezkoak.

Zer esango zenioke izena emateko zalantzan dagoen horri?

E.P.: Kantak dioen moduan, “probatu ez duenak, ez daki zer den hau”. Izena eman eta Komunitatearen berri izatea da gutxieneko konpromisoa. Hortik aurrera, eraldaketarako tresna berri bat eskaintzen diogu LABeko kidego guztiari eta ziur gaude erabiltzeko prest eta gogoz dagoela. Beraz kuxkuxeatu, probatu eta sindikalgintzari taupada berri bat emateko indarra izan dadila esango nioke.

Mobilizazioak egin ditugu aniztasun funtzionala duten pertsonen jendarteratzea eta laneratzea eskatzeko

Abenduaren 3an, Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Egunean, mobilizazioak egin ditugu Bilbon (Azkuna Zentroan, Donostian (Foru Aldundian) eta Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plazan). Iruñean atzo mobilizatu ginen. Elkarretaratze hauekin, aniztasun funtzionala duten pertsonen gizarteratze eta laneratzea eskatu dugu, baita kalitatezko zerbitzuak ere kolektibo honetako pertsonentzat ere.

Horrela, administrazio ezberdinetik egiten dituzten diskurtso atseginetatik harago, lan arloaren ikuspuntutik  aniztasun funtzionala dutenen errealitatea mahai-gaineratu du LABek. Izan ere, bazterkeria, salbuespena eta diskriminazioa dira aniztasun funtzionala duten pertsonen enpleguaren ezaugarriak. Langabezia-tasak bi aldiz zigortzen ditu aniztasun funtzionala duten pertsonak, eta are larriagoa da emakumeen eta 45 urtetik gorakoen egoera.                                

Enpresek kontratatzen dituzten langileen %2a aniztasun funtzionalekoak izatea bermatzeko betebeherra dute Eusko Jaurlaritzak eta Lanbidek, EAEko kasuan, bitartekotza eta ibilbide indibidualizatuen bidez, baina ez dute betetzen. Honek, enpresek bete beharreko neurri alternatiboak, salbuespenezkoak izan beharko luketenak, arau bihurtzea dakar.

Gaur egun, enplegu zentro berezietako enplegu babestua, enplegu arrunterako neurri iragankorra izatetik urrun, neurri finalista bihurtu da.                                    

Gainerako langileekiko diskriminazioak jarraitu egiten du, aldi baterako kontratua kausarik gabe egoteagatik eta erabiltzeagatik, bai eta errendimendu txikiko kontratuek ere. Horrek esan nahi du soldata %25 murriztuko zaiela aniztasun funtzionala duten langileei, gainerako langileen eginkizun berak betetzeagatik. Hori guztia enplegu-zentro berezien lobby izugarriaren onurarako eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldatari lotutako soldaten eta soldatetan eta Gizarte Segurantzan hobariak dituzten lan-harremanen kontura, lan-baldintza eskasen, diru publikoaren eta erakundeen utzikeriaren kontura.                             

Era berean, foru-erantzukizuneko aniztasun funtzionala duten pertsonentzako zerbitzuen oinarria finantzaketa publikoko eta kudeaketa pribatuko eredu bat da, erabat asistentzialista, berezko erregulaziorik gabea eta opakoa, Aldundien eta erakundeen arteko hitzarmenen bidez, langileen eta erabiltzaileen parte-hartzerik gabe, plazako prezio desberdinekin eta langileen eskubideak bermatzen dituzten klausularik gabe. Gainera, arreta-ratioak ez daude araututa eta ez dira nahikoak, ezta erakundeen lan-arriskuen prebentzioaren arloko politika ere.                               

Lan-baldintzen erregulazioa Estatuko Hitzarmen Kolektibo Sektorial batean jasotzen da, eta bertan ez dugu parte hartzen, eta ez da gure funtzioa onartzen ere. Herrialdeko sektoreko hitzarmenik ez dagoenez, sektorea bera atomizatu egin da enpresa-hitzarmenetan, enpresa-itunetan eta Estatuko Esparru Hitzarmena aplikatzen zaien erakundeetan, jarduera bera edo antzekoa egiteagatik hainbat lan-baldintza eta konpentsazio-baldintza dakartzatenak. Gaur egun, negoziazio gehienak irekita eta blokeatuta daude.                              

Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien utzikeriak eragotzi egiten du aniztasun funtzionala duten pertsonak eskubide osoko subjektu izatea, eta hauentzako zerbitzuen oinarria izatea pertsonen lan-baldintzen desarautzea, aintzatespenik eza eta prekaritatea.                        

Hori dela eta, LABek, Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien inplikazioa eskatu nahi du EAEn eta Nafarroako Gobernuarena, herrialde nafarran, aniztasun funtzionaleko langileek enplegu libre, duin eta kalitatezkoa aukeratzeko dugun eskubidearen bermean.

Bizkaiko eraikin eta lokaletako garbitzaileek Durangoko azokara eraman dituzte euren aldarriak

Bizkaiko garbiketa sektoreko langileak hitzarmen duin baten alde ari dira borrokan. Mobilizazio desberdinak egin dituzte azken asteetan, LAB, ELA eta ESK sindikatuok deituta, lan feminizatu, prekarizatu eta ikusezin honek behar duen aitortza aldarrikatzeko.