2026-10-02
HomeEkintza SindikalaNafarroako espazio eszenikoetako teknikariek greba egingo dute abenduaren 18an

Nafarroako espazio eszenikoetako teknikariek greba egingo dute abenduaren 18an

LAB sindikatuak, Nafarroako espazio eszeniko nagusietan ordezkaritza duenak, dei egiten die espazio eszeniko publikoetan zerbitzu teknikoa ematen duten azpikontratetako teknikariei abenduaren 18an greba egiteko, sektorean pairatzen diren lan baldintza kaskarrak salatzeko. Greba baino lehen, kontzentrazioa egonen da Iruñean abenduaren 12an, igandearekin, Gayarre Antzokiaren parean, 18:30ean.

LAB sindikatuaren iritziz, kultur espazio publikoen kudeaketa ez litzateke lizitatu behar enpresa esleipendunetako langileei baldintza duinak bermatzen ez dizkieten pleguekin. Ordutegi-erabilgarritasuna, egutegi irekia, aldakorra eta ikuskizunen programazioaren mende dagoena, eta lan horren idiosinkrasia berezia konpentsazio bat eta berme batzuk izan behar dituzte langileek.

Hona hemen espazio eszenikoetako teknikarien aldarrikapen nagusiak:

Hitzarmen bat sortzearen alde

Sektorea erregularizatu behar dugu, eta Nafarroarako sektoreko hitzarmen bat sortzen aurrera egin. Horretarako, politikarien inplikazioa eskatzen dugu, arazo horri aurre egiteko; izan ere, baldintza agirietan ezarritako baldintzek lan-hobekuntzarako eskaeretan aurrera egitea eragozten digute, eta, aldi berean, bidezko hitzarmen bat sortzea eragozten dute. Halaber, arte eszenikoetako kontratazio publikoko jardunbide egokien kode bat sortzea eta haren jarraipen eraginkorra egitea, tarifak, ordutegiak, funtzioak eta abar arautzeko. Administrazioa edo haren mendeko erakundeak dira enpresak eta teknikariak kontratatzeko eragile nagusiak, eta bere gain hartu behar dute gai horretan duten erantzukizuna. Ziurtatu behar da lehiaketetako baldintzek bermatu behar dutela enpresek lan-baldintza duinak eskaini ahal izanen dizkietela langileei.

Bidezko baldintza agiriak

Lizitazio-agiriek teknikarien lan-errealitatea kontuan har dezatela eskatzen dugu. Espazio eszenikoen behar teknikoak asetzeko gai diren eta, aldi berean, azpikontratatutako enpresei beren langileei lan-egutegi eta lan-baldintza duinak emateko gai diren gutxieneko lan-ekipoak aurreikusi eta ziurtatzea.

Bidezko subrogazioa

Bidezko subrogazio-irizpidearen arabera, fakturazioa ez ezik, sektoreko lan-errealitate berezira egokituko dena eta subrogatu beharreko langileen lanaldiak errespetatuko dituena. GAYARRE ANTZOKIAN %4, %15, %34 EDO %40KO SUBROGAZIORIK EZ!

Lizitazio-lehiaketak geldiaraztea

Teknikarien lan-errealitatea kontuan hartu eta bidezko subrogazio-irizpideak adostu arte abian dauden lizitazio-lehiaketak geldiaraztea edo kentzea.

Lan-prekaritatea salatzea

Sektorean pairatzen ditugun lan-baldintza eskasak salatzeko eginen dugu planto, batez ere kontziliazio familiar eta sozialari dagokienez. Egoera hau gaitz endemikoa da sektorean, eta sektoreko hitzarmenik ezaren eta administrazioak lizitazio-lehiaketetan ezartzen dituen baldintzen ondorio da.

  • Urteko lan-egutegirik gabe, ez sei hilean behin, ez hamabost egunean behin. Nekez iristen da asteko egutegia izatera, eta horrek epe laburrerako edozein plan egitea eragozten du.
  • Astean egun jakin bat libre ez izatea.
  • Esleitutako txandarik gabe. Goizez, arratsaldez eta gauez lan egiten dugu, edo hiru txanden zati batean egun berean. 10, 12, 14 eta 16 orduko lanaldiak egiten ditugu batzuetan.
  • Ordutegi jakinik gabe. Ordutegiak aldatu egiten dira ikuskizunaren beharren arabera. Astelehenean 09:00etan sar gaitezke, asteartean 12:00etan, asteazkenean 17:00etan…
  • Irteera-ordutegiak gutxi gorabeherakoak izaten dira. Irteera-ordua egun berean alda daiteke, ikuskizunaren edo ekitaldiaren beharren edo ezustekoen arabera.
  • Lanean 13 egun jarraian kateatu ditzakegu.
  • Ohikoa da hainbat egunez jarraian 10, 11 edo 12 orduko lanaldiak kateatzea; beraz, benetan desagertu egiten gara gure familia- edo gizarte-ingurunetik.
  • Ez dugu gehieneko lanordu kopururik, ez astean, ez hamabostean, eta batzuetan ezta hilean ere.
  • Antzinatasunik gabe, gaueko plusik gabe, jaiegunetako plusik gabe… Soldata baxuak ez datoz bat, inolaz ere, merkatuko prezioarekin eta pairatzen ditugun lan-baldintzekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.