2026-06-17
HomeEkintza PolitikoaGreba orokorraren aukera zapuztua, borroka ziklo berria antolatzen jarriko ditugu gure indarrak

Greba orokorraren aukera zapuztua, borroka ziklo berria antolatzen jarriko ditugu gure indarrak

Euskal Herrian pandemia osteko garaiari ofentsiban ekiteko beharra eta baldintzak izanik, hilabeteak eman ditu LABek
Greba Orokorra aldarrikatzen eta proposamena lantzen.

Maiatzaren Lehenean plazaratu zuen sindikatuak borroka ziklo berria abian jartzen lagunduko lukeen Greba
Orokorraren beharra. Bi ikuspegitatik jotzen zen Greba Orokorra beharrezkotzat:

Alde batetik, pandemiak agerian utzitako hutsuneei nahiz langileongan izandako ondorioei erantzuna emateko;
besteak beste, osasun sistemaren ez nahikotasuna, zaintza sistema publiko komunitario baten gabezia edota
oinarrizkoak diren lanen izaera prekarioa.

Beste alde batetik, estatu mailan erabaki garrantzitsuak hartuko zirela jakitun (Europako Funtsek baldintzatutako
pentsio erreforma eta lan erreforma, besteak beste), erabaki horietan eragin eta, batez ere, Madrilen posible ez den
ibilbide eraldatzailea Euskal Herrian posible egiteko.

Ikasturte berriaren hasieran, beste hainbat eragilek adierazi zuten Greba Orokorraren aldeko jarrera, hala nola,
pentsiodunen mugimenduak eta gehiengo sindikaleko gainontzeko sindikatuek. Bazegoen Greba Orokorra deitzeko
gehiengo nahikoa, nahiz eta Greba Orokorraren izaeraren eta kudeaketaren inguruan jarrera desberdinak izan LABen
eta ELAren artean.

Greba Orokorraren izaerari dagokionez, LABek Euskal Herrian borroka fase berri bat irekitzeko mugarri gisa ulertzen
zuen bitartean, ELAk Madrilgo jokalekura eta agendara mugatu izan du. LABen ustez akatsa da hau, Madrilgo
jokalekua eta agenda indartu, eta Euskal Herrian egin beharreko bide propioa mugatu egiten duelako.

Greba Orokorraren inguruko kudeaketari dagokionez, LABek greba deialdia lehenbailehen egitea proposatzen zuen,
gertakarien eboluzioan ahalik eta eragin handiena izan zezan. Aldiz, ELAk Greba Orokorra urtea amaitu aurretik egin
behar zela esaten bazuen ere, deialdia egiteko “une egokienaren zain” egotea hobesten zuen, Madrilen hartuko ziren
erabakietatik Greba Orokorrerako pizgarria sortuko zelakoan.

Greba Orokorraren izaeraren eta kudeaketaren inguruan ikuspegi desberdinak egonda ere, bazegoen gehiengo
sindikal eta sozial bat Greba Orokorra urtea amaitu aurretik deitzeko prest. Gauzak horrela, hiru hilabete hauetan
zehar LAB Greba Orokorraren aurrelanketan aritu da, bakarka nahiz elkarlanean ekimenak antolatuz.

Urte amaiera gainean dugu eta, zoritxarrez, Greba Orokorra epea motzean antolatzeko prozesua kale itsura heldu da.
ELAk Greba Orokorra urtea amaitu aurretik egiteko erabakia adierazi bazuen ere, greba deialdia gauzatzeari uko egin
dio orain arte. Honela, Greba Orokorrik gabe amaituko da urtea. Grebaren pizgarri litzatekeen gertakari baten zain
egoteak, gertakarietan eragiteko aukera galtzea suposatu du.

Greba Orokorra antolatzeko saiakera nahiko genukeen emaitzarik gabe amaitu da. Hala ere, guretzat Greba Orokorra
ez da helburu bat, borroka aldi berri bat hauspotzeko tresna baizik. Momentuz tresna hau erabiltzerik ez badugu ere,
borroka ziklo berria martxan jartzeko helburuari eutsiko dio LABek. Datozen asteetan lantokietan borroka sindikalak
biderkatu, kalean dinamika soziala hauspotu eta lan eta bizi baldintzak eraldatzeko euskal bide orria sustatzen jarriko
ditugu gure indarrak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitako Lurralde Oreka Berdeko Departamentua indartzeko eskatzen dugu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitan nekazaritza, landa garapena, natura ingurunea eta lurralde oreka bultzatzeaz arduratzen den Lurralde Oreka Berdea departamentuko langileak hainbat urte daramatzate beren lan-baldintzetan ezartzen dizkieten atzera-urratsak pairatzen, eta egoera onartezin horren aurrean mobilizatzen ari dira. Oraingoa zazpigarren mobilizazio astea dute, eta gaur manifestazioa egin dute Zarautzen.