2026-01-20
Blog Page 377

Murrizketa berriekin erantzun die Osakidetzak lehen mailako arretaren aldeko mobilizazioei

Gaur egin da mahai sektorialaren bilera eta bertan, atzo Lehen Mailako Arreta osoa mobilizatu eta biharamunean, Osakidetzak mahai gainean jarri ditu datozen asteetako ordutegi berriak eta kontsultategi eta osasun-zentro batzuen itxierak.

Duela hilabete batzuk 4.000 profesional kaleratu zituzten eta gaur egun ez dugu Lehen Mailako Arreta zabalik mantentzeko langilerik. Osakidetzako lan-taldea handitzea eta egonkortzea premiazkoa da, behin-behinekotasun-tasa lotsagarria da, eta lan-baldintzak hain dira eskasak, ezen gure profesionalek beste autonomia-erkidego batzuetara edo sektore pribatura jotzen baitute.

Lan-taldea egonkortzeko egiten ari diren proposamenak ez dira nahikoak. 3.000 lanpostu-kode berri sortu behar dira Osakidetzaren egituran, lanpostu horiek guztiak iruzurretik ateratzeko eta prekarizazioari aurre egiteko, baina, era berean, premiazkoa da langile gehiago kontratatzea, lan-kargei aurre egiteko. Ezin dira onartu Osakidetzak egiten dituen planteamenduak, Mahai Sektoriala informazioa transmititzeko gune bihurtu baitute, mahaiaren beste aldean daudenen harrokeriak gizarte osoaren aurka jokatzen duelarik.

Orain Osakidetzan dagoen zuzendaritzak ez du Lehen Mailako Arreta indartzeko asmorik, hau da, seigarren olatuari aurre egiteko, Osakidetzak betikoa planteatzen du, Lehen Mailako Arreta murriztu edo ixtea.

Kontuan izan behar da orain osasun-sistemaren oinarriak mugitzen ari direla, eta LABek uste du gizartearen interesen aurka egiten ari direla. Osasun-baliabideak kudeatzeko ezartzen ari diren politiken onuradun bakarrak gure osasuna merkantilizatzen duten enpresa pribatuak dira.

Estrategia oso argi dago, ez dute Lehen Mailako Arreta indartu nahi. Mahai Sektorialean egiaztatu dugu enegarren aldiz murrizketa berriak ezarriko direla, eta negoziazio mahaia erabili dute informazio hori emateko.

Argi dago egungo zuzendaritzak ez duela gizarte osoaren osasuna zaintzeko gaitasunik, argi dago egungo zuzendaritzak ez duela langileen baldintzak hobetzeko asmorik, argi dago Osakidetzak ez duela osasun publikoa indartu, eta argi dago gizartea berriro mobilizatu behar dela, ahal bada, gure osasun-eskubidea zapaldu nahi duten politikak geldiarazteko. Osasun-langileok prest gaude politika horiei aurre egiteko, atzo asteazkenez egindako mobilizazioetan erakutsi genuen moduan.

Arabako sektore sozio-sanitarioko langileak borrokan berretsi dira Foru Aldundiaren aurrekontuen aurrean

APDEMA eta INDESAko enpresa-batzordeek eta Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen eta esku-hartze sozialeko langileek mobilizazioa egin dute gaur Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Salatu dute foru erakundearen aurrekontuak ez direla nahikoak eta ez dakartela hobekuntzarik azpikontratatutako, feminizatutako eta prekarizatutako gizarte-zerbitzuetako langileentzat.

Aurrekontu horien bidez, Aldundiak oztopatu egiten du benetako negoziazio kolektibo errealaren aukera, hobekuntza ekonomiko eta sozialak Foru Gobernuak berak negoziazio-mahaietatik kanpo hartzen dituen erabakietara baldintzatuz. Aldundiak ez du parte hartzen negoziazio mahaietan baina blokeatu egiten ditu finantzazio faltarekin.

Aro berri bat dator. Aurrekontu inbertitzaileenak dira, pertsonentzat gehien erabiltzen direnak, beraz, Araban etapa berri bat ireki dute, ilusio aro bat”, adierazi zuen Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak foru erakundearen aurrekontuen aurkezpenean. “Izan ere, diru-bilketaren hazkundeari, Europako finantzaketari eta defizitari esker, kontu handinahiak eta ilusionagarriak izango ditugu”, gaineratu zuen. Hori da herritarrei komunikabideetan agertzen zaien errealitatea, baina aurrekontuak eragiten dien langileen errealitatea oso bestelakoa da.

Enpresa pribatuek Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gasteizko Udalarekin egindako kontratuen edo lankidetza-hitzarmenen bidez kudeatutako baliabide publikoez ari gara. Osasun-krisiaren ondorioak gehien pairatu dituzten baliabideak dira, eta ez dira gelditu. Publikoki aitortu zaie egindako lana, baita txaloekin ere. Pandemian funtsezkoak izan dira, ezinbestekoak, baina orain ikusezinak dira. Sektoreko langileak nazkatuta daude egoera honekin eta erakundeen tratu txarrarekin.

Senatuak sektore publikoan behin-behinekotasunarekin amaituko ez duen lege proiektua onartu izana salatu nahi dugu

Espainiako Gorteetan onartu den lege proiektuak ez ditu enplegu kontsolidazio prozesuak egiteko behar adina neurri jasotzen, eta euskal administrazioetan dagoen behin-behinekotasunari ez dio inondik inora ere erantzuten.

Atzo Espainiako Senatuan sektore publikoko behin-behinekotasun onartezinarekin amaitu nahi zuen 14/2021 Dekretuaren lege-prozeduraren azkeneko izapideari bide eman zaio. Hori horrela izanda, legearen edukiak bere horretan mantenduko direla garbi dago, Diputatuen Kongresuan onartu zen edukia hain zuzen ere. Urteetan iruzurrean zerbitzu publikoetan lanean aritu diren bitarteko langileentzat kontsolidazio prozesuak egiteko prozedura bereziak arautu badira ere, LABetik ez-nahikoa iruditzen zaigu legean jasoko den edukia. Hori guztia gutxi balitz, lege horrek zerbitzu publikoak Euskal Herrian antolatzeko gaitasuna geroz eta murritzagoa izango dela uste dugu, legeak zentralizazio estrategian nabarmen sakontzen baitu. Hauexek dira legeari buruz esan ditzakegunak:

  • Sektore publikoan egun existitzen diren behin-behinekotasun tasak berriz gerta ez daitezen neurri berriak proposatzen ditu. Aitzitik, Birjartze Tasa mantenduko da, azken urteetan sortu den behin-behinekotasunaren aldagai nagusia, hain zuzen ere.
  • Oposizio faserik gabeko hautapen prozesuak arautzen badira ere, horiek mugatuak izango dira, soilik ezaugarri batzuk betetzen dituzten plazak finkatzeko erabiliko dira eta. Hori horrela izanda, iruzurrean diren langile askoren aukerak murritzak izango dira.
  • Euskal administrazioetan behin-behinekotasunak askotariko ezaugarriak ditu, hala nola hainbat kolektibotako egoerari ez die lege proposamenak jasotzen duen finkapenerako bideak inolaz ere mesede egiten. Halaber, irakasle edo osasun langileen kontsolidaziorako bestelako arauak onartu behar dira; egun dugun informazioaren arabera, zentralizazioan are eta gehiago sakontzeko erabiliko direnak.
  • Beste behin ere estatuak inposizioa besterik ez du proposatzen. Nafarroaren ildo beretik, EAEn ere administrazio publikoak kudeatzeko gaitasun osoa beharko genuke, zerbitzu publikoak geure beharretara antola ditzagun.

Langile Publikoen Estatutua berritzen duen lege honek dituen gabeziak agerikoak dira. Era berean, agerikoa da langileen kontsolidaziorako negoziazio kolektiboan indarrak jarri beharko ditugula. LABen helburua izango da datozen urteetan beharrezkoak diren plaza guztiak hautapen prozesuen bidez finkatzea, beti ere, kontsolidazio prozesuak lehenetsiz.

Gabonetako ipuin berri bat: Olentzero eta Mari Domingi banatzaileak dira

Digitalizazioarekin batera lan berriak sortzen ari dira. Algoritmo baten aginduetara daude langileak. Arautze espezifikorik gabeko lan berri hauetan enpresa handiek langileak esplotatzen dituzte. Eta Olentzero eta Mari Domingi ere ez daude prekarizaziotik salbu.

Gabon hauetan zure opariak etxera iristeko ehunka banatzaile ibiliko dira atsedenik gabe Euskal Herriko errepide eta kaleetan zehar. On-line merkataritza %25a baino gehiago hazi da azken urtean. Erosi duzun produktuaren prezio merke hori, banaketaz arduratzen diren langileen prekarizazioaren ondorioa ere bada. Ipuina berridazten ari da: Olentzero eta Mari Domingi banatzaileak dira.

Langileen eskubideen aurkako erasoa formaz aldatzen ari den honetan, guk argi dugu lehen lerroan jarraituko dugula. Ipuina aldatzen ari da bai, baina betikoa da garaipenerako errezeta: ANTOLATU ETA BORROKATU!

Sexu-genero trantsizioa abiatzeagatik kaleratu zuten Novadecoko langile baten berronarpena eskatzeko mobilizatu gara

Pasa den azaroan, Novadeco enpresan lan egiten zuen langile bat kaleratu zuten. Enpresaren erabakiaren atzean bi arrazoi zeuden. Alde batetik, aurreko udaberritik sexu-genero trantsizioa abiatu zuela eta, bestetik, pertsona hau hauteskunde sindikaletan LABeko zerrendan joan zela. Honen aurrean, LABek bere lantokiaren aurrean jazarpen sindikal eta transfoboa salatu du, kaleratutako langileari bere babesa erakutsi eta bere berronarpena eskatuz. Honetaz gain, Lan Ikuskaritzan ere egin du kontzentrazioa, gaur egin baita kontziliaketa kaleratzearengatik.

LABek argi eta ozen adierazi du ez duela transfobiarik onartuko, ez Novadecon ez beste lan zentroetan. Horrela, babesa adierazi dio kaleratua izan den langileari eta laguntza emateko prestasunaz gain.

Horrez gain, LABek enpresei gogorarazi die identitate sexu-generikoa zein orientazio sexuala edota genero adierazpenengatik diskriminazioak ekiditeko protokoloen beharra. Enpresek lan-esparru osasuntsu eta seguruak bermatu behar dituzte eta horrek esan nahi du lan-zentroek transfobiarik gabeko espazioak izan beharko luketela eta enpresetan trantsizioa egiten dutenen langileei babesa eman eta eskubide guztiak bermatu behar zaizkiela.

Azkenik, horrelako egoera batean dauden LGTBI+ kolektiboko langileak antzeko egoerei aurrera egitera animatu ditu sindikatuak, bide horretan sindikatuko kideak ondoan izango dituztela adieraziz.

Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera jasanezina dela salatu dugu osasun zentroen aurrean

Osakidetzaren lehen mailako arretaren egoera jasanezina da langile zein herritarrentzat, eta halaxe salatu dugu osasun etxeen aurrean, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deitutako mobilizazio egunean.

Pandemiak are gehiago tenkatu du lehen ere hilzorian zegoen asistentzia-maila honen egoera; izan ere, arazoak egiturazkoak dira, eta egungo osasun-krisia baino askoz sakonagoak eta zaharragoak. Hala ere, pandemia hau, kolektiboaren lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien asistentzia-kalitatea are gehiago prekarizatzeaz gain, Osakidetzak murrizketak aplikatzeko eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko aitzakia ere bihurtu da.

Horrek guztiak, planifikaziorik, errefortzurik eta inbertsiorik ezarekin eta pandemiaren kudeaketak eragindako lan-karga handitzearekin batera, soken aurka jarri du Lehen Mailako Arreta. Lehen Arreta eraisteko programatutako estrategiak aurrera jarraitzen du, eta Osakidetzak COVID 19arekin egiturazko defizita estaltzen jarraitzen du.

Ikastetxeetan ere

LAB sindikatuko Irakaskuntza arlotik ere bat egin dugu mobilizazio egunarekin, eta ikastetxeetan ere protestak egin ditugu, “Osakidetzako murrizketek Hezkuntza ere gaixotzen dute” leloarekin; mobilizazio egunaren argazki bilduman ikus daitezke horietako batzuk.

Bestalde, egunaren lehen zatiko protestez gain, mobilizazio egunaren harira, arratsalderako ere deituak zeuden mobilizazioak herrietan.

Bizkaiko eraikin eta lokaletako garbitzaileek babesa adierazi diete IMQ klinikak kaleratu nahi dituen 84 langileei

Bizkaiko Garbiketa Hitzarmenaren aldeko urteko azken mobilizazioa egin dugu Bilbon, ELA eta ESK sindikatuekin batera, Indautxu plazatik abiatuta. Zorrozaurren amaitu da manifestazioa, IMQ-ren klinikaren aurrean. Aurretik, Maximo Agirre kaleko IMQ-ren egoitzan ere geldialdia egin du protestak. Izan ere, klinika horretako 84 garbitzaile kalera joango dira urtarrilaren 1ean, lanean urte asko eta asko eman ondoren. Erasoa oso larria dela salatu dugu.

Mobilizazio dinamikaren urteko azken protesta izan da; soldata arrakalarekin amaitzeko helburu duena, besteak beste.

Odolustearekin amaitzeko neurriak exijitu ditugu Zumaian, azken lan heriotza gertatu den lekuan bertan

Euskal gehiengo sindikalak deituta, Zumaian mobilizatu gara, Egurko enpresaren aurrean, lantegi horretan bertan larunbatean gertatutako lan heriotza salatzeko.

Lan istripuak ekonomia eredu zehatz batean lan egiterako orduan ezartzen dizkiguten baldintza eta lan egiteko moduen emaitza direla salatu dugu, eta erakundeak interpelatu ditugu odolustearekin amaitzeko neurriak har ditzaten. 62 langile hil dira aurten, gutxienez, Euskal Herrian.