Gaur agerraldia egin dute Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren atarian, Sunsundeguiko enpresa batzordeko LABeko ordezkariek eta Asier Calderon Nafarroako Industria idazkariak, PSNk eta Navarra Sumak Sunsundeguiko enpresa batzordeari Nafarroako parlamentuan parte hartzeko betoa jarri izana salatzeko eta enpresaren egoeraren berri emateko.
Parlamentuan talde parlamentarioei zuzendutako dokumentu bat erregistratu dute, atxikita duzuena. Bertan Sunsundegui enpresak bizi duen egoera salatu eta azaldu diete parlamentariei. Enpresa horretan, askotan esku hartu du Nafarroako Gobernuak, Sodenaren bidez, eta bere etorkizunak kezkatzen dituela adierazi dute.
Beste lan ezbehar hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Etxabarriko Pepsico enpresan, Araban. Aurtengo 26. hildakoa Euskal Herrian lan istripuan hain zuzen, 7. ez traumatikoa zehazki. Langileak bihotzekoa izan du bere lanpostuan lanean ziharduela. Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu senide, lagun eta lankideei.
Jakin dugunaren arabera, Pepsico enpresako langilea izan da hildakoa eta lan karga altuak eta erritmo gogorrak salatzen dituzte bertako langileak. Ez da harritzekoa hortaz, laneko arrisku faktoreak medio, arazo kardiobaskularrak areagotzea eta bizi kalitatean eragina izatea. Kasu honetan, heriotzaraino.
Nabarmena da eta denbora daramagu salatzen, egungo sistema neoliberalak, lan karga eta presio gero eta altuagoak, laneko arrisku faktore nabarmen bilakatu direla. 2022an 7 heriotz ez traumatiko eman dira lanpostuetan, arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten arrazoi laboralak tarteko. Baina zein da patronalak honen aurrean ematen duen erantzuna? Identifikatuta al dago arrisku hau prebentzio txostenetan? Horrela bada, aplikatzen al dira neurri prebentiboak? Tamalez, badakigu erantzuna. Honela, ze paper ari da jokatzen Eusko Jaurlaritza? Lan osasun arloan ia eskumen guztiak izanik, egokitu al du Osalan eta ikuskaritzaren lana, gero eta pisu handiagoa duen arrisku faktore honetara?
Urkullu jauna patronalaren eskutik absentismoaren aurka ateratzen ikusi dugu berriki, noiz aterako da laneko erailketen aurka? Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.
Azkenik, dei egiten dugu datozen orduetan Pepsico-ko komiteak antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzera.
Eusko Jaurlaritzako betiON telelaguntza zerbitzuko langileok otsailaren 22an izan genuen azkenengo bilera patronalarekin, eta gaur, maiatzaren 11n berriz batu gara haiekin. Hilabete hauetan 24 orduko 9 greba egun egin ditugu, eta zerbitzu minimoak gehiegizkoak badira ere, jarraipena itzela izan da, eta apirilean Donostian egon ginen bertan gure aldarrikapenak helarazteko. Hainbat izan dira orain arte egindako mobilizazioak, kontzentrazioak eta asanbladak, baita Eusko Jaurlaritzako hainbat politikarirekin izandako bilerak gure lan gatazka azaleratu eta zerbitzu publiko honen egoeraren berri emateko.
Tentsio, borroka eta elkartasun handiko uneak izan dira egunotan bizi izan ditugunak, baina zoritxarrez gaur ez dugu berri onik jaso. Hilabeteak daramatzagu enpresari erosteko ahalmenik galduko ez dugula esanez, eta gogoraraziz ez dugula hitzarmenean atzerapausorik onartuko.
Gaurkoan, enpresak KPIa kontuan izan gabe eta aurreko hitzarmeneko lorpen baten truke egin digu mahai negoziatzaile honetan lehenengo eskaintza. Negoziatzen saiatu bagara ere, beti KPIaren gainetik, ez dute haien proposamena zirkinik ere aldatu eta horregatik hilabete honetan 12 greba egun deitzea erabaki dugu greba batzordean gauden LAB eta UGTko kideok, baita ELAk ere: maiatzak 14, 17, 18, 19, 20, 21, 25, 26, 27, 28, 30 eta 31.
Laster jakinaraziko ditugu mobilizazioak. Hitzarmena lortu arte, telelaguntza borrokan! BetiON borrokan!
LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon ohar bateratua:
Gaur egindako Osasuneko Mahai Sektoriala, aurrekoen errepikapena izan da berriro ere, eta berriro ere, Osakidetzak alde bakarrez hartutako erabakiak jakinarazi besterik ez due egin, inolako negoziaziorik gabe.
Gogora dezagun gaurko deialdia egonkortze-tasari buruzko monografiko bat zela, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko Legearen ondoriozkoa. Bada, bileraren hasieran, tasaren berri eman digutenean, esan digute gaur bertan itxiko zutela kopuru hori, denbora eta negoziazio tarte gehiagorik gabe. Argi dago, beraz, ez dela ezer negoziatzeko inolako borondaterik izan. Gogora dezagun, hain zuzen ere, horrelako egoerek eraman gintuztela foro hau uztera.
Harrigarria bada ere, Osakidetzak iragarri du 3.723 plaza eramango dituela egonkortze LEPetara, eta horietatik 1.557 meritu-lehiaketara joango direla. Eta harrigarria dela diogu, joan den martxoaren 28an, Osakidetzak 2.842 plaza jakinarazi zizkigula tasa mugiezin gisa, eta horietatik 503 meritu-lehiaketara joango zirela. Hortaz, hilabete eta erdi geroago, Legearen edukia berbera izanik, gehienekotzat jotzen zen zifra bati, 900 plaza gehiago gehitu zaizkio.
Honek argi eta garbi erakusten du borondate hutseko gai baten aurrean gaudela eta, borondatea egonez gero, Legearen testuak milaka langile gehiago egonkortzea ahalbidetuko lukeela.
Hala ere, ez da borondate hori egon, eta Osakidetzak uko egin dio bere plantillak jasaten dituen behin-behinekotasun-tasa altuen arazoari amaiera emateari. Osasun Sailak berak duela hilabete batzuk emandako datuen arabera, 24.600 langilek baino gehiagok jasaten dute aldi baterako izatearen prekarietatea, eta horietatik ia 9.000k 8 urte baino gehiago daramatzate egoera horretan. Datu horiek ikusita, bistakoa da egonkortze-tasa oso txikia dela.
Hala ere, nabarmendu nahi dugu Osakidetzak 900 plaza gehiago sartu behar izan dituela. Zalantzarik gabe, intersindikaletik bultzatzen ari den mobilizazio-dinamikak Osakidetza bere posizioetatik mugitzea lortzen ari da. Horregatik, gure aldarrikapen guztiak ikusita, langileentzat garrantzi haundia duten gaiei buruzkoak, inoiz baino garrantzitsuagoa da presio hori egiten jarraitzea, Osakidetzak gaur egun ez duen borondatea lortzeko.
Horregatik, dei egiten diegu langileei astelehen honetarako, hilak 16, deitutako greba-egunarekin bat egin dezaten. Osakidetzak argi utzi digu hori dela bide bakarra.
Bilboko Erribera Merkatutik hasita, garbikuntzako prekaritatearen Free Tourra egin dute, eta Udaleko garbitzaile azpikontratatuen egoera salatu dute, euren aldarriak jendarteratzeko helburuarekin.
Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta LABeko Ipar Euskal Herriko ordezkari Argitxu Dufauk jakinarazitakoaren arabera, Biltzar Nagusia Ipar Euskal Herrian egiteak konpromiso bikoitzari erantzuten dio. Batetik, sindikatu nazional bakarra izanik, euskal langile guztiei begirako egitasmoa garatu eta mugaz gaindiko sindikalismoa praktikan jartzeko hautuari. Bestetik, Ipar Euskal Herrian sortu eta 22 urtera, lurralde honetan LABen egitasmoa indartu eta hedatzeko erabakiari.
Honela gauzak, eskualdez eskualde hautatutako 500 kide bilduko ditugu Biltzar Nagusian. Berritasunen artean, bi koordinatzaile orokor izateko proposamena eramango dugu osoko bilkurara, idazkari nagusi baten ordez. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo dira hautagaiak.
Erabaki nagusiei dagokienez, testuingurua aldatu bada ere, hartutako bidea berretsi egingo dugu. Kapitala eta Bizitzaren arteko talka betean gaude. Pandemia eta Ukraniako gerra tartean, baina oinarrian dagoena arazo bera da: sistema hau, bidegabea ez ezik, bideraezina ere bada.
Ipar Euskal Herrian hedatzen
Osasun onarekin iristen gara. Afiliazioan gora egin dugu azken bost urtetan, 5.000 afiliatu gehiagorekin, eta egun 46.000 afiliatu baino gehiago ditugu. Parekorik ez duen igoera da hori, %12 bost urtetan. Era berean, prekarizatutako langileengana areago gerturatu eta euren sindikalizazioa errazteko, afiliazio kuota sistema berritu egin dugu. Bakoitzak bere diru sarreraren arabera ordainduko du orain kuota.
Azken bost urte hauetan izandako afiliatu berri horietatik gehienak emakumeak dira, sindikatuaren antolaketa eta ekintza sindikalean emandako urrats feministen ondorio.
Hauteskunde sindikaletan ere goraka goaz. Hego Euskal Herrian %19,24an gaude: EAEn %19,85ean; Nafarroan %17,31n; eta Ipar Euskal Herrian hedatzen jarraitzen dugu.
Gasteizko Gobernuak iragarri berri du DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrerak (BGDS) elkartuko dituen lege egitasmoa. LABek sakonki aztertu, ondorioak partekatu eta ekarpenak egingo baditu ere, gaurkoan garrantzitsutzat ditugun hainbat gakotan jarri nahiko genuke arreta.
Hasteko, aurreproiektu honen abiapuntua okerra dela deritzogu. Idoia Mendia egungo sistemaren “arrakastaz” mintzo zaigu eta LABen ustez diagnostikoa guztiz kontrakoa da. Egun EAEn dugun babes sistemak ez die egungo pobrezia eta prekarietate sozial egoerei aurre egiten. Porrot egin duen eredua da, egungo egoera kronifikatzen duen sistema den heinean.
Eredu asistentzialistan oinarrituta, urtez urte diru kantitatea murriztuz eta sarbide baldintzak gogortuz, eskubide gisa murriztuz joan den prestazioa izan da DSBErena. Hau gutxi balitz, hartzaileen kontrol neurriak areagotu eta kriminalizazio kanpaina etengabeak bizi behar izan ditugu.
2021ean, 54.145 onuradunek jasotzen dute DSBE, % 57,8 emakumeak da eta % 42,2 gizonezkoak. Horietatik % 47,4ak etxebizitza osagarria jasotzen du, % 23,7a pentsioduna zen eta %16,2 guraso bakarreko bizikidetzaunitatea. Era berean, pobrezia egoeran dauden herritarren %31ak ez du prestaziorik jasotzen, eta jasotzen dituztenetatik % 52,6a ez da pobrezia egoeratik ateratzen, 2020ko Pobreziaren eta Gizarte-Ezberdintasunen inkestaren arabera. Horra Mendiarentzako “arrakastatsua” den eredua. Bigarrenik, agerikoa da pobretzeaz eta bazterketa sozialaz, honen arrazoiez zein honi aurre egiteko neurriez luze eta sakon hitz egin behar dugula. Are gehiago langileok dagoeneko bizi dugun krisi ekonomiko eta soziala areagotu dituen bi urteetako osasun larrialdia zein Europaren bihotzean irekitako gerra testuinguru batean.
Babes sistema indartu eta garatzea premiazkoa da. Eta horretarako, pobretutako eta egoera prekarioan dauden herritarren diru sarrerak bermatu beharra dago. Beste neurrien artean, prestaziook Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren neurrira parekatu behar dira, etxebizitza partekatuta ere, eskaria egiten duten pertsona bakoitzak jaso behar du prestazioaren kopuru osoa eta errolda eskakizuna urtebetera luzatu behar da gehienez.
2018an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 50.000 sinaduratik gora aurkeztu zituen Gasteizko legebiltzarrean eta EAJ-PSE-PP hirukoteak tramitea galarazi zuen. Iaz, LAB sindikatuak Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren Lege-egitasmoak erregistratu zituen parlamentuan. Bertan egungo eskumenekin erroko aldaketak gauzatzeko proposamenak jaso genituen, besteak beste babes sistema propioaren aldeko neurriak proposatuz. Duela egun gutxi, Oinarrizko Errenta Bermatuaren inguruko Herri Ekimen Legegilearen inguruko eztabaida ukatu dute EAJ, PSE eta PPk, oraingoan Vox-en bozka faxistarekin.
Amaitzeko, eztabaida sozial zabal eta demokratikoa galdegiten diogu Gasteizeko gobernuari, bizi dugun errealitateari erantzungo dion egiturazko aldaketak gauzatuko dituen proposamena egin dadin eta hedatzen ari diren pobretze eta prekarietate egoerarekin amaitzeko benetako neurri politikoak hartu daitezen.
Apirilaren 30ean hildako kamioilaria gogoan, euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dugu Iruñean, Nafarroako Garraio Zuzendaritza Orokorraren egoitzaren aurrean.
Lan heriotzen odolusteak ez du etenik, eta prekaritatea dagoela sarraski honen atzean salatu dugu berriro ere. Aurten, gutxienez, 25 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian.
Bizkaiko eraikin eta bulegoetako langileak kalera atera dira gaur euren lan baldintzak duindu behar direla aldarrikatzeko. Kalejira zaratatsua egin dute Bilbon, Berastegi kaletik abiatuta eta blokeoaren erantzule diren zeinbat enpresetan geldialdia eginez. Izan ere, laugarren greba eguna dute gaurkoa, eta bihar eta etzi, maiatzaren 11 eta 12an jarraipena izango du negoziazio mahaiaren gehiengoa osatzen duten LAB, ELA eta ESK sindikatuek deituta.Â
Orain dela urte bat baino gehiago eratu zen Bizkaiko Garbikuntzako hitzarmenaren negoziazio mahaia eta ordutik patronalak eskaintza eskasak besterik ez ditu egin. Garbitzaileen egoerak, ordea, hobekuntza nabarmenak behar ditu. Bizkaiko langileen soldatak ez baitira 16.000 eurotara iristen, eta gehienek jardunaldi partzialak dituzte. Hori gutxi ez, eta bi urteko pandemiaren ondoren, soldatek izoztuta jarraitzen dute, KPI inoiz baino puztuago dagoen une hauetan.
Ondorioa garbia da: soldata arrakala. Gizonak nagusi diren kale garbikuntzarekin erkatuz gero, eraikinetako garbitzaileek kale garbitzaileek baino %45a gutxiago irabazten dute. Hortaz, greba deitzaileek 1.200 euro x 15ko soldatak aldarrikatzen dituzte.
Gaurkoaren ondotik, biharko mobilizazioei dagokionez, Bilboko Erribera Merkatutik hasita, garbikuntzako prekarietatearen Free Tourra egingo dute turistaz mozorratuta eta Bilboko Udaleko garbitzaile azpikontratatuen egoera salatuz, eta maiatzaren 12an, ostegunean, manifestazio nagusia Bilboko Deusto auzoko Lehendakarik Agirre kaletik Eusko Jaurlaritzaraino (Gran VĂa, 85).