LAB sindikatuak baieztatu ahal izan duenez, joan den ostiralean, apirilaren 30ean, kamioilari bat hilda agertu zen Volkswagen faktoriako hornitzaileen aparkalekuan, Landabenen (Iruñea). Azken horrekin, aurten lanean hildakoak 24 lirateke Euskal Herrian. Baina kontua da gaur ere jakin dela Nafarroako Unibertsitate Ospitalean garbitzaile bat hil zela asteartean. Beraz, dagoeneko 25 lagun hil dira lanean, 2022an. Langile klasearen odolusteak ez du etenik.

Lehenik eta behin, une latz hauetan, LAB sindikatuak bere elkartasuna adierazi nahi die bi hildakoen senide, lankide eta gertukoei.

LABen datuen arabera, Volkswageneko ekoizpen katean pieza batzuk falta zitzaizkiela ikusirik, kateako langileak enpresa hornitzailearekin jarri ziren harremanetan, eta honek bere kamioia geolokalizatu zuten. Ondoren, Foruzaingoak kamioilaria hilik aurkitu zuen, bere lanpostuan. Ez dakigu zehazki zenbat denbora igaro zuen langileak bertan. Dakiguna da pieza batzuen falta  izan zutelako topatu zutela hilotza, ez langilearen falta sumatu zelako.

Gizartean hausnarketa sakona ireki beharra daukagu ezinbestean. Honek atzetik dakartzan norbanako dramak ikusita, nola da posible gure ekoizpen sistema lan baldintza prekarioetan oinarritzea?  Zein baldintzapetan ari zen lanean Bulgariako kamioilaria? Zenbat egun zeramatzan lanean? Betetzen zituen zegozkion lan osasunerako arauak? Egiten zitzaion lan osasunerako Europan araututako jarraipen medikoa?

Garraioaren aktibitatea sakonki prekarizatua dago Europa osoan: lan egun luzeak, autonomo faltsuak, azpikontratazioa, banatze epe laburrak… Langilearen heriotzaren arrazoi ez traumatikoak ziurrenik zerikusia izanen du faktore psikosozialekin, sistematikoki patronalak gutxiesten duen faktore horrekin hain zuzen.

Gure ekoizpen sistema, gure sozioekonomia lurralde pobreetako lan baldintza prekarioetan oinarritua dago. Horixe da kapitalismoaren beraren funtsa. Horixe da irauli behar duguna, izan ere, kapitalismoakgauza guztien aurretik jartzen du kapitala, baita bizitzaren aurretik ere.

Horren aurrean, gako nagusia gainditu artean, badago bitarteko babes neurriak hartzeko aukera. Volkswagen bezalako enpresa kontratista batek baldintza-agirien bitartez, modu kontraktualean, bere bezero eta hornitzaileei lan osasuneko araudia betearazteko bidea dago.Borondate aktiboa besterik ez da behar horretarako. Hau da patronalari dagokion ardura bai legalki eta bai zor historiko gisara.

Garbitzaile bat hilik ospitalean

Kamioilariaren heriotza Euskal Herriko 24. lan heriotza da aurten (4.a Nafarroan). Zoritxarrez, etengabe hazten ari den zerrenda da hori. Izan ere, gaur berean 25. biktimaren berri izan dugu (5.a Nafarroan). Maiatzaren 3an, 20:30 aldera, Maju garbiketa enpresako 62 urteko langile bat Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko aldageletan hil zen, Iruñean. Heriotzaren arrazoiak ikertzen ari dira oraindik.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institututuak zein Lan ikuskaritzak euren gabezia larriei konponbidea jarri behar diete.Eta ezagunak diren arrisku gune eta egoera jakin horietan beharrezko kontrol neurriak paratu behar dituzte.

Nafarroako Gobernuak du hemen erabaki politikoaren ardura. Ikuskapenen aurrekontua modu esponentzialean indartu behar du dagokion tresnak erabiliz. Era berean, ogasunaren ahalmena erabiliaz, beharrezko tresnak ezarri behar ditu lan osasun arauak betetzen ez dituzten enpresei hobariak kentzeko. Kontratazio publikoari dagokionez, bai Gobernu eta udalek lan osasunerako pleguak jaso behar dituzte arau hausteak irmoki zigortzeko. Langileon osasuna dago jokoan.

Azkenik, LAB sindikatuak dei egin nahi die langileei, azken bi heriotza horiek salatzeko antolatuko diren protesta ekitaldietan parte har dezaten.