2026-09-28
HomeEkintza PolitikoaBaiona-Miarritzen egingo dugu X. Biltzar Nagusia, mugaz gaindiko sindikalismoa praktikan jartzeko hautua...

Baiona-Miarritzen egingo dugu X. Biltzar Nagusia, mugaz gaindiko sindikalismoa praktikan jartzeko hautua ardatz

LAB sindikatuaren X. Biltzar Nagusia Bilbon aurkeztu genuen joan den astean. Bada, gaur, Lapurdin egin dugu agerraldia; biltzarra bera hartuko duen herrialdean, hain justu. Izan ere, Baiona-Miarritzen egingo dugu ekainaren 16an eta 17an, “Bagara bagoaz” leloarekin.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta LABeko Ipar Euskal Herriko ordezkari Argitxu Dufauk jakinarazitakoaren arabera, Biltzar Nagusia Ipar Euskal Herrian egiteak konpromiso bikoitzari erantzuten dio. Batetik, sindikatu nazional bakarra izanik, euskal langile guztiei begirako egitasmoa garatu eta mugaz gaindiko sindikalismoa praktikan jartzeko hautuari. Bestetik, Ipar Euskal Herrian sortu eta 22 urtera, lurralde honetan LABen egitasmoa indartu eta hedatzeko erabakiari.

Honela gauzak, eskualdez eskualde hautatutako 500 kide bilduko ditugu Biltzar Nagusian. Berritasunen artean, bi koordinatzaile orokor izateko proposamena eramango dugu osoko bilkurara, idazkari nagusi baten ordez. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo dira hautagaiak.

Erabaki nagusiei dagokienez, testuingurua aldatu bada ere, hartutako bidea berretsi egingo dugu. Kapitala eta Bizitzaren arteko talka betean gaude. Pandemia eta Ukraniako gerra tartean, baina oinarrian dagoena arazo bera da: sistema hau, bidegabea ez ezik, bideraezina ere bada.

Ipar Euskal Herrian hedatzen

Osasun onarekin iristen gara. Afiliazioan gora egin dugu azken bost urtetan, 5.000 afiliatu gehiagorekin, eta egun 46.000 afiliatu baino gehiago ditugu. Parekorik ez duen igoera da hori, %12 bost urtetan. Era berean, prekarizatutako langileengana areago gerturatu eta euren sindikalizazioa errazteko, afiliazio kuota sistema berritu egin dugu. Bakoitzak bere diru sarreraren arabera ordainduko du orain kuota.

Azken bost urte hauetan izandako afiliatu berri horietatik gehienak emakumeak dira, sindikatuaren antolaketa eta ekintza sindikalean emandako urrats feministen ondorio.

Hauteskunde sindikaletan ere goraka goaz. Hego Euskal Herrian %19,24an gaude: EAEn %19,85ean; Nafarroan %17,31n; eta Ipar Euskal Herrian hedatzen jarraitzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

Sindikatuak ez du babestu salgaien garraioaren antolakuntzan jarduten duten enpresen sektoreko hitzarmena; izan ere, ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez die sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.