2026-01-24
Blog Page 360

Auzitegi Gorenak arrazoia eman digu: PCB-ITP enpresan kaleratutako 83 langileak euren lanpostuetara bueltatuko dira #LortuDugu

PCB-ITPn, 83 langile beren lanpostuetara itzuliko dira. Espainiako Auzitegi Gorenak deuseztzat jo du ITP-PCBren kaleratze kolektiboa, ezetsi egin du enpresak aurkeztutako errekurtsoa, eta kaleratutako 83 langileak berriz onartzera kondenatu ditu. Auzitegi Gorenaren epaiak berretsi egiten du eta hasieratik esan genuenari arrazoia ematen dio. PCBn ez dago inor soberan.

LABen argi daukagu epai hau borrokaren emaitza dela. 2020ko azaroan PCBko Zuzendaritzak langile horiek kaleratzea planteatu zuenean, langileek ulertu zuten hori saihesteko bidea borroka zela.

Borroka horrek enpresaren harresiak gainditu zituen, Ezkerraldeko eskualde osoan aktibatu zen borroka. Gazte mugimendua, pentsiodunen mugimendua, mugimendu feminista, gizarte erakundeak, denak Ezkerraldearen etorkizunaren alde borrokatzen, erakundeek ahaztutako eta etengabeko desindustrializazio prozesu batek zigortutako eskualdea, Euskal Herriko langabezia tasarik altuenetakoak dituena.

Helburu bera zuten beste langile batzuekin batera egindako borroka izan zen: lanpostuak, lan-baldintzak eta Euskal Herriko etorkizun industriala defendatzea. PCB-ITPko langileek, Aernnova, Alestis, Tubacex eta Petronorreko langileekin batera, Ezkerraldea, Aiaraldea eta Gasteiz kaleak zeharkatu zituena.

PCB-ITPko zuzendaritzaren neurrigabeko nagusitasun eta zikoizkeriaren aurrean, eta erakundeek, bereziki Eusko Jaurlaritzak, erabateko utzikeriaren aurrean, sindikatu, gizarte eta, azken batean, langile klasearen aliantzek erakutsi dute zein den lanpostuak, lan-baldintza duinak eta, ondorioz, Euskal Herrian bizimodu duina defendatzeko bidea eta alternatiba.

LABen argi daukagu hori dela bide bakarra eta horregatik lanean jarraituko dugu norabide horretan langileen eskubideak erasotzea erabakitzen duen Euskal Herriko edozein enpresatan. Auzitegi Gorenaren epaia borrokaren azken maila baino ez da izan. Zorionak PCBeko langileak, Zorionak Ezkerraldea!

Altueratik erorita gertatzen diren istripu guzti-guztiak saihes daitezkeela nabarmendu dugu azken lan heriotzaren eszenatokian

Larunbatean Deustun gertatutako lan heriotza salatu dugu euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok, lan istripu hilgarria gertatu zen lekuan bertan. Altueratik erori ostean galdu zuen bizia 47 urteko eraikuntzako langile batek, eta aurten Euskal Herrian altueratik erorita lau langile zendu direla salatu dugu. Istripu mota hauek guztiak ekidin daitezkeela nabarmendu dugu, erakundeetatik benetako prebentzio politikak gauzatuz gero.

Pankartak zintzilikatu ditugu zenbait ospitaletan, Osakidetzako grebara dei eginez

Osakidetzan grebara deitu dugu otsailaren 25 eta 28rako, eta otsailaren 26an, larunbatean, manifestazioak egingo ditugu Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Bada, ekintza egin dugu zenbait ospitaletan.

Hain zuzen ere, besteak beste, Donostia, Pasai San Pedro, Txagorritxu eta Santiago ospitaletako teilatuetara igo gara eta, bertatik, pankarta handi bat zintzilikatu dugu grebarako deia eginez.

Urtarrilaren 23an egindako manifestazio jendetsuen ondoren, argi eta garbi esan dezakegu Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dutela pauso bakar bat ere eman eta ez dutela neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko. Hortaz, greba egitea beste biderik ez dugu sindikatuok.

Osakidetzako Arabako ESIan mantentze lanak pribatizatu nahi zituzten pleguak baliogabetzea lortu dugu, 500.000 euro enpresa pribatuetara joatea saihestuz #LortuDugu

Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEOk) onartu egin du LABek duela hiru hilabete aurkeztutako errekurtso berezia. Ondorioz, bertan behera utzi du Txagorritxuko zerbitzu orokorren eraikin berriko instalazio termikoen mantentze-zerbitzua pribatizatu nahi zuen kontratuaren plegua eta lizitazioa.

Osakidetzak, Arabako ESIko gerentearen bidez, zerbitzu orokorren eraikin berriko instalazio termikoen mantentze-lanak kanpoko enpresen esku utzi nahi zituen, 500.000 euro ordainduz, nahiz eta lan horiek egiteko Osakidetzan bertan langile kualifikatuak baditugun.

Perez Ramosek, Arabako ESIko gerenteak, asteak daramatza eraikin berriaren onurei buruz hitz egiten, honela Santiagoko Larrialdien itxierak eragindako herritarren ezinegonari, protesta ekintzak sortarazten ari den ezinegona, aurre egin nahian. Aldi berean, prentsaren fokuetatik kanpo jarraitzen du, langileen profesionaltasuna gutxietsiz eta osasun publikoa murrizteko eta desegiteko EAJren gobernuaren ibilbide-orria leialtasun osoz aplikatuz.

Oraingo honetan, bere planak ez dira gauzatuko, eta LABen ekintzari esker 500.000 euro enpresa pribatuen eskuetan amaitzea saihestu dugu. Orain, lan horiek langile propioekin egiteko atea irekitzen da, askoz ere diru-kopuru txikiagoko kostuarekin.

Osakidetza, bere langileei, karrera profesionalari dagokion dirua lapurtzen ari da, LAB sindikatuarekin iazko uztailean lortutako akordioa urratuz. Transfusioen euskal zentroko eta Bizkaiko osasun mentaleko sareko plantillari %4ko osagarria aitortzeari uko egiten ari da; txandakotasuna bezalako kontzeptuak murrizten saiatzen ari da. Guzti hau egiten duen bitartean, Osakidetza langileei lapurtutako milioi horiek lotsagabeki kanpoko enpresei emateko prest dago, Sektore Publikoko Kontratazio Legeak kanpoko enpresei esleitzea eragozten dizkion lanak egiteko, gainera.

Pleguen defentsa egiterakoan, Osakidetzak langileen falta erabiltzen du pribatizatzeko justifikazio bakar gisa, gai hori langileak kontratatuz konpondu daitezkeela saihestuz. Ez dago besterik. Argi geratzen da Osakidetzak, urteetan osasun- egitura ahuldu ondoren, ez duela langilerik kontratatu nahi, baina bai, ordea, mantentze-zerbitzuak, besteak beste, kanpoko enpresen esku utzi. Egiteko modu hori arriskutsua da langile guztientzat, KEOren ebazpenak adierazten duen bezala:

«Osakidetzak lizitazioa justifikatzeko emandako azalpena ez da nahikoa, argi eta garbi […], eta bere orokortasunagatik eta abstrakzioagatik, bere zentroetan ematen den edozein zerbitzuren kanpo-hornidura justifikatzeko balio du».

Gaur egun, Txagorritxuko eraikin berria ireki ondoren, Osakidetzako mantentze-lanetako ofizialak ari dira instalazio horien mantentze-lanak egiten. Lan-karga hori ez zegoen aurreikusita, kanpoko enpresa batek egin behar baitzuen. Hori dela eta, Arabako ESIari eta gerenteari eskatzen diogu beharrezkoak diren pausoak eman ditzatela, lan horiek behar bezala egin ahal izatea bermatuz, eta inoiz pribatizatzen saiatu behar ez ziren lan horiek bere gain hartzeko behar adina langile kontratatuz.

Hauxe bera da Osakidetza osoan gertatzen ari dena. Osakidetzak urteak daramatza plantillak murrizten, lan-kargak jasanezin bihurtzen eta egiturazko arazo bat sortzen, modu paraleloan egitura falta horren konponbide gisa pribatizazioa edo lankidetza publiko-pribatua planteatuz. Sinple bezain onartezina da. Osasun publikoaren aurkako eraso honek ez du aurrekaririk eta hainbat fronte ditu. Pribatizazioa borroka honen fronteetako bat da, eta honen inguruan LABek oso jarrera argia du, plegu horien aurka eginez eta baliogabetzea lortuz erakutsi duen bezala.

Greba, mobilizazio edo salaketa-ekintza baten konfigurazio puntuala gorabehera, Osakidetzan egoerak denboran zehar mantenduko den mobilizazio jarraitua, irmoa eta etengabea eskatzen du, guardia jaitsi gabe, eta langileen eta herritarren tentsioa zein ondoeza erabaki-zentroetara eraman daitezen. Mezu argia bidali behar diegu osasun publikoko kudeatzaileei: ez diegu onartuko desegite eta pribatizazio-planak burutzea. Horretarako, beste behin ere aprobetxatzen dugu, langileak eta herritarrak animatzeko osasun-publikoaren defentsan antolatzen ari diren mobilizazioetan parte har dezaten, lantoki barruan zein kanpoan. Aste honetan, otsailaren 25ean eta 28an egingo diren greba-deialdietan parte har dezaten eta era berean, herritarrei hilaren 26an 3 hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu.

Erakunde publikoaren jarduera guztiak fiskalizatu behar ditugu, euskal osasun publikoaren sektorean aplikatzen ari diren politikak langileen eta herritarren interesen aurkakoak baitira.

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileek dagozkien soldata igoerak jaso gabe jarraitzen dutela salatu dugu

LAB eta CCOO sindikatuon oharra:

Indarrean dagoen hitzarmenaren defentsak eraman gaitu gaurko mobilizazio eta salaketa egitera. Gaur HEDATZEN Patronalarekin bilera genuenez, kontzentrazioa burutu dugu Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileok dagozkigun soldata igoerak jaso gabe jarraitzen dugula salatzeko.

Lan Hitzarmen Kolektiboan 2021eko KPIaren araberako igoera adostu zen 2022. urterako; hau da, %6,3ko igoera urtarrilaren 1etik aurrera. Salbuespenak salbuespen, otsailaren 22an gaude eta patronalak ez ditu oraindik soldata igoerak aplikatu denborak aurrera jarraitzen duen bitartean.

HEDATZENek Lan Hitzarmen Kolektiboa betetzeko eta soldata igoerak aplikatzeko konpromisoan berretsi den arren; behin eta berriro adierazi du Administrazio Publikoaren partetik dirurik jaso ezean, elkarte gehienek ezingo diotela soldata igoerei aurre egin. Gainera, urte bukaera arte soldata igoerarik ez aplikatzea proposatzera ere ausartu zen.

Gizarte Zerbitzuen pribatizazioak langileen egoera prekarizatzeaz gain (gastu soziala gutxitzea bilatzen da, etekinak pribatizatuz) zerbitzuen kalitatea okertzea dakar berekin; bazterkeria egoeran aurkitzen diren herritarren kalterako.

Gipuzkoar guztion eskubidea da Kalitatezko Gizarte Zerbitzu Publikoak izatea, horregatik, guztion betebeharra da Gizarte Zerbitzu hauek aurrera ateratzen dituzten langileen lan baldintzak defendatzea. Hau ez delako langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari zuzenean eragiten dion auzi soziala baizik.

Beraz, LAB eta CCOO Sindikatuetatik datozen hilabeteetan zehar egon daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu sektoreko langileei eta Gipuzkoako herritarrei.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuak aurrera ateratzen dituzten langileen lan baldintzak eta eros-ahalmena bermatzeko exigitzen diogu Administrazio Publikoari, bai eta Patronalari sinatu zuten Lan Hitzarmena betetzeko haien zerbitzuak Patronalari exijitzen diogu ahalik eta lasterren ordain dezatela hitzarturikoa. Bete dezatela hitzarmena, sinaturikoa. Utz dezatela gure ogiarekin jolasteari.

Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek deitutako lau greba egunetatik lehena egin dute

LAB, ELA eta ESK sindikatuok grebara deitu dugu otsailaren 22, 23, 24 eta 25erako, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa dela eta. Lehen greba egunak %80ko jarraipena izan du.

2021eko maiatzaz geroztik, sektorearen hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari dira EULEN enpresarekin, zerbitzuaren egungo arduradunarekin. Hainbat bileraren ondoren, negoziaketaren egoera erabateko blokeora iritsi da. EULEN enpresak argi utzi du negoziazio-mahaian ez duela inolako borondaterik langileei erosmen ahalmena ziurtatzeko. EULENek KPIarekin inolako loturarik ez duten planteamenduak egiten ditu, eta hau sindikatuontzat onartezina da.

Madrilgo inposizioak eta Jaurlaritzaren morrontzak langile publikoak pobretzen ditu

Gaurko EAEko Gobernu Kontseiluak bere menpe dauden langile publikoen eros-ahalmena beste % 4,5 jaistea erabaki du. Horren aurrean LABek honakoa jakinarazi nahi du:

-Iragarritako %2aren soldata igoera oso urrun gelditzen dela iaz KPIak izandako % 6,5eko igoeratik. Hau da, langile publikooi aurretik murriztutako eros-ahalmenari beste % 4,5eko mozketa bat egiten zaigu.

-2010ean Zapaterok eta Lopezek langile publikooi egindako % 5eko murrizketa sonatu hartatik gaurdaino ez da eros-ahalmena berreskuratzeko inolako borondaterik erakutsi Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Kontran, dagoeneko esplizituki onartu du langileok diru hori galduta dugula, eta ez duela halako zorrik duenik onartuko. Jaurlaritzak bere langileekin urte hauetan metatu duen zuzeneko zorra, Itzarri BGAEri zeharkako soldata ekarpenak alde batera utzita, % 9koa da dagoeneko.

-Langile publikoon soldatak eta egonkortasuna termino duinetara ez eramateko jartzen duen aitzakia legeen muga izan da beti. LABen iritziz, EAJ eta PSE Madrilen hartzen diren erabakien atzean ezkutatzen dira erantzukizunak gainetik kentzeko. Beste estrategia alderdikoien eta enpresarialen aurrean irmotasun handiagoa erakusten dute, sektore publikoa indartzea baino. Alderdi horientzat estrategikoa da sektore publikoa ahultzea pribatuaren mesedean.

-Lan erreformaren dekretuaren eztabaidan EAJk bertako negoziazio kolektiboa sutsu babestu badu ere, koherentzia noraino iristen zaion argi uzten du urtero Mahai Orokorraren negoziazioetan: birjartze tasak eta soldata igoerak Madrilek agintzen dituenak eta kito. Ez da inondik ere bere lehentasuna, txalo eta «eskerrik asko» huts batzuk eskaintzeaz gain.

Beraz, Euskal Herriko osasun, hezkuntza, zaintza, administrazio publikoak… babestu eta indartuko badira, langileok egin beharko dugu pandemian frogatu izan dugun bezala, agintarien utzikeriaren gainetik. Bide honetan LABek langileria eta jendarte osoa deitzen du hain zuzen etengabe antolatzen ari diren mobilizazioetan parte hartzera. Euskal Herrian zerbitzu publikoak publiko eta indartsu nahi ditugulako.

KPIaren, Eusko Jaurlaritzak agindutako soldata igoerak eta eros-ahalmenaren bilakaera, 2010eko % 5aren murrizketa eman zenetik. Madril zein Gasteizko gobernuetan zeuden gobernuko alderdiak ere aipatzen dira.

Garbiñe Aranburu: “Negoziazio kolektiboan ere arrakala ematen da hitzarmen maskulinizatu eta feminizatuen artean”

“Hainbat modutan bereizten eta zatitzen da langilegoa. Lehen banaketa handia lan produktibo eta erreproduktiboen artekoa da; lan guztiei ez zaie aitortza bera egiten. Enpleguaren eremuan beste mailakatze handi bat ematen da, sexuen araberako lan banaketarekin, eta honek soldata arrakala eta lan baldintza kaskarragoak eragiten ditu. Sinestarazi nahi zaigu lan batzuk egokiagoak direla emakumeok egiteko, lan femeninoak eta lan maskulinoak existitzen direla naturalizatuz”.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren hitzak dira hauek, soldata arrakalaren aurkako egunean Bilbon eta Iruñean egin ditugun ekimenen harira egindakoak. Hain zuzen ere, bi hiriburu horietan mobilizatu gara, CONFEBASK eta CEN patronalen aurrean, eta soldata arrakalarik gabeko hitzarmen duinak aldarrikatu ditugu bertan. Soldata arrakala eta negoziazio kolektiboaren arteko lotura bistaratu nahi izan dugu horrela; alegia, negoziazio kolektiboan ere ematen den arrakala salatu dugu.

Bilbon izan da Garbiñe Aranburu, Eusko Jaurlaritzaren eta CONFEBASK patronalaren egoitza lotu dituen mobilizazioan. Patronalak eremu feminizatuetako 20 bat hitzarmen blokeatuta dituela jakinarazi du. Kaltetutako sektore horietako batzuk irudikatu ditugu ekimenean: helduen egoitzak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, jangelak, garbiketa, merkataritza eta etxeko langileak, besteak beste.

Idazkari nagusiaren hitzetan, “negoziazio kolektiboan ere arrakala ematen da hitzarmen maskulinizatu eta feminizatuen artean. Patronala eta instituzioentzat, emakume hauek bigarren mailako langile dira. Beraz, hitzarmen hauek bigarren mailako hitzarmenak direla dirudi, eta LAB ez dago egoera hau ontzat emateko prest”.

Azken urteetan, prekaritatearen kontrako borroken hauspotze bat eman da, baita blokeo egoeran egon diren hitzarmenak berritzeko borrokena ere. Patronalak ez du ezer oparitzen eta langileak greba eta mobilizazioak egin ahala berritu dira hitzarmenak; borrokaldi gogorren ondoren, kasu batzuetan. Honela gauzak, lan baldintzak eguneratuak dituzten langileen kopurua igo egin da. Baina, premisa hau ez dela berdin betetzen, sektore maskulinizatu eta feminizatuetan premisa hau ez dela modu berean bete ohartarazi du Garbiñe Aranburuk: “Sektore maskulinizatuetan hainbat hitzarmen eguneratu dira, akordio duinak lortu dira metalgintza, grafikagintza, papergintzn edota kale garbiketa bezalako sektoreetan. Eta zer gertatzen da sektore sektore feminizatuetan? Borroka eredugarriak aurrera eramaten ari dira, baina hitzarmenak hemen ez dira eguneratzen”.

Hau guztia ez dela kasualitatez gertatzen azaldu du Bilbon, CONFEBASK-en aurrean: “Erabaki politiko bat da, patronalaren erabaki politikoa. CONFEBASKeko buru den Zubiaurrek, inolako lotsarik gabe, askotan esan ohi du balio erantsi gutxiago omen dutela sektore feminizatuetako lan horiek. Horrek justifikatzen omen du soldata baxuagoak, soldata arrakala eta lan baldintza kaskarragoak izatea”.

Bada, LABeko ordezkariak azpimarratu bezala, bizitza sostengatzeko ezinbesteko lanak dira emakumeek gauzatzen dituztenak, eta inolako aitortzarik gabe egiten dituzte.

Ildo honetan, hitzarmenak berritzeko borrokarekin eta patronala presionatzen jarraituko dugula adierazi du idazkari nagusiak: “Ez dugu amore emango, patronala negoziazio mahaietan eseri araziko dugu eta hitzarmen duinak lortuko ditugu”.

Era berean, sektorez sektore eta enpresaz enpresa bultzatzen ditugun borrokez gain, beharrezkoa da sektorearteko akordio bat lortzea beharrezkoa dela esan du, langile guztiei gutxieneko zoru bat eskaintzeko: “Sektorearteko akordio bat egitea proposatu dugu, gutxieneko soldata, soldata arrakala, lanaldi partzial inposatuak eta lanaldi murrizketa gisako gaien aurrean neurriak jasotzeko. Nagusiki, sexuen araberako lan banaketak eragindako sektore feminizatu eta prekarizatuetako langileak izango lirateke onuradunak, baita gazteak eta langile migratu eta arrazializatuak ere”.

Instituzioei deia

Instituzioei dagokienez, hauekin ere kritiko azaldu da Garbiñe Aranburu: “Ez ikusiarena egiten dute edota konplize zuzenak dira. Lan baldintzak eguneratu gabe dituzten langile hauetako asko zerbitzu publikoa eskaintzen duten azpikontratatako langileak dira eta emakumeen prekaritatea eta soldata arrakala ontzat ematen ari dira. Gainera, langileen grebarako eskubidea zapuzten dute, langileei protestarako eskubidea ukatzen zaie, greba kasuetan abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezarriz. Funtsezkoak dira eta ezin diote lan egiteari utzi, baina egin dezatela miseriazko soldatak kobratuz”.

Hala, instituzioei dagokien erantzunkizuna bereganatu dezaten eskatzen diegu, soldata arrakala gisako gaiak agenda politikoan koka ditzaten. “Nahikoa da horrekin? Argi eta garbi ez. Instituzioei eta eragile politikoei ere dei zuzena egiten diegu. Ez da nahikoa soldata arrakala agendan kokatzearekin, ez ditugu mahai inguruak behar, politika publiko ausartak eta patronala interpelatzea behar dugu. Jendartearen erdia osatzen dugun emakumeak eskubideetan bigarren mailako herritar egin nahi dituen sistema honen aurrean, instituzioek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu. Bustitzeko garaia da”, erantsi du.

 

Elkarretaratzea egin dugu Iruñeko udaletxearen parean, eskola publikoen garbiketetan dagoen iruzurra salatzeko

Garbiketako langileek eta sindikatuko kideok egindako kontzentrazioan adierazi dugu azpikontratek egindako iruzurra milioi erdi euro ingurukoa dela. “Azpikontraten gaineko erabateko kontrolik eza erakusten duten kopuru eskandalagarriak dira horiek”, LABeko ordezkarien hitzetan.

Pleguak ez betetzearen inguruko polemika onartu zuten 82.000 €-ko partida baten ondorioz sortu zen. Partida hori ikastetxeetako kristalak eta lurzoruak garbitzera bideratuta zegoen, eta enpresek baldintza-agirietan behartuta zeuden hori egitera baina urteak zeramatzaten egin gabe. Horren ondorioz, LAB sindikatuak salaketa jarri zuen kontratazio organoaren aurrean; ondoren, Iruñeko Udalaren oposizioak salatu zuen kasua Batzordean.

Hala, gaur, LABek eta langileek salatu dute “lotsagarria dela Udalak enpresa horiei halako bi ordaintzea, langileak lanaldi murriztuekin mantentzen dituen bitartean”. Elkarretaratzeko parte-hartzaileek billeteak bota dituzte, teknikariek eta Gobernu taldeak atzeman ez duten iruzurra irudikatzeko.

Azkenik eskatu dute, zerbitzuak publifikatzen ez diren bitartean, aurreko legegitzaldian iruzurrari aurre egiteko abian jarritako azpi-kontratazioaren jarraipena egiteko foroa sindikatuei berriro irekitzea.