2026-01-18
Blog Page 353

Arabako metalgintzan azpikontratatutako pertsonentzat subrogazio-eskubidea aldarrikatu dugu

Elkarretaratze bana egin dugu LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok, Gasteizko Mercedes eta Michelin enpresen aurrean, Arabako metalgintzan azpikontratatutako pertsonentzat subrogazio-eskubidea eskatzeko. Horregatik mobilizatu gara bi enpresa horien aurrean, horiek baitira Araban azpikontratazioaren bitartez gauzatzen den prekarizazioaren adibiderik handienak.

Azpikontratazioa beste estrategia bat da patronalen prekaritatearen aldeko apustuan, lan-baldintzak jaitsi ahal izateko. Horren aurrean, sindikatuok argi daukagu Arabako metalgintzaren negoziazio mahaian egoera horretan dauden pertsona guztien subrogazio-eskubidea hitzarmenean artikulatzeko exijitu behar dugula.

Hori dela eta, negoziazio mahaian proposamen zehatz bat aurkeztuko dugu sindikatuok, eta bertan planteatuko dugu Arabako metalgintzak subrogazioa langile guztientzako eskubidetzat hartzea.

Hirugarren greba eguna egin dugu Nafarroako adinekoen egoitzetan, lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko lehen hitzarmenaren defentsan

Urtarrilaren 13an eta otsailaren 23an egin bezala, adinekoen arretarako Nafarroako egoitza guztietako langileek greba eguna egin dute, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta, hitzarmen sektoriala lortzeko bidean. Arratsalderako deitu ditugu manifestazioak: Iruñean, autobus geltoki zaharretik (18:00); Tafallan, San Seberino egoitzatik (18:00); eta Tuteran, Foruen plazatik (18:30).

Hitzarmenak Nafarroako 70 zentro baino gehiagotan lan egiten duten 4.500 pertsona baino gehiagoren lan-baldintzak hobetzeko balio behar du. Lan-baldintzen hobekuntza honako hauetan gauzatzen da: kalitatezko kontratazioak, segurtasun- eta babes-neurri eraginkorrak, sektorean putre-funtsak eragoztea, zerbitzuen kudeaketa publikoa, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa, eta ikuskapenak indartzea.

Urtarrilaren 11n elkarretaratzea egin genuen Nafarroako Parlamentuaren aurrean, urtarrilaren 13an lehen greba eguna egin zen, otsailaren 23an bigarren greba eguna, eta gaurkoan, martxoak 10, hirugarren greba eguna izan da.

Osakidetzako garbiketa-azpikontratetako langileek mobilizazioa egin dute Txagorritxuko ospitalean, hitzarmenaren alde

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon oharra:

Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langile azpikontratatuok 4 urte daramagu hitzarmenik gabe. Denbora horretan, ezin konta ahala aldiz bildu gara enpresa esleipendunekin, baina enpresa horiek ez dute inolako borondaterik erakutsi akordio batera iristeko.

Gure hitzarmena Osakidetzako langileen baldintzekin benetan homologatzea aldarrikatzen ari gara. Hor sartzen dira, besteak beste, karrera profesionalerako sarbidea eta txanda kontratuari lotutako erretiro partziala. Gogorarazi behar dugu gure hitzarmenak berez Osakidetzako langileen aldintzekin homologatuta gaudela adierazten duela, baina praktikan ikusten ari gara enpresak homologazio hori indargabetzen ari direla Osakidetzako langileek azken urteotan izan dituzten hobekuntzak aplikatzeari uko egiten diotenean.

Are gehiago, azken hamarkada hauetan arautu zaigun homologazio-printzipioarekin amaitzeko aitortu gabeko asmoa dagoela uste dugu. Zentzu horretan, homologazioa arriskuan dagoela uste dugu. Enpresek zurrun eta irmo jokatzen dute, eta badirudi Osakidetzak egungo blokeoa babesten duela, azken horren zuzendaritzak ez baitio erantzuten egin dizkiogun bilera-eskaera ezberdinei.

Horregatik, sektoreko langileok gure hitzarmenaren defentsan mobilizatzera behartu gaituzte. Ziur gaude borrokaren bidez bakarrik lortuko dugula guri aldarriei kasu egin diezaioten.

Europako egungo egoera sozial, politiko eta ekonomikoari buruzko gogoeta partekatu dugu Europako Ezkerraren Alderdiko ordezkariekin

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz-ek bilera izan dute Europako Ezkerraren Alderdiko (European Left Party) zenbait ordezkarirekin, egungo egoera sozial, politiko eta ekonomikoaren inguruko gogoeta partekatzeko eta harremanak sakontzeko. Alderdi horretako presidente Heinz Bierbaum izan da gurean, Waltraud Fritz eta Liliana Pinto kideekin batera.

Europako egungo testuinguruaren kokapena egin dugu ikuspegi subiranista batetik, Europako Funtsen eta pandemiaren kudeaketari buruz hitz egin dugu, ultra-eskuindarren gorakada izan dugu hizpide eta Ukrainako gerrak ekarritakoa eta ekar dezakeenari buruz ere aritu gara, besteak beste. Bizitza eta pertsona nahiz herri guztien eskubideak esparru guztietan erdigunean jarriko dituzten politikak borrokatzea ezinbestekoa dela adierazi dugu, eta, era berean, ezkerretik alternatiba soziala nola osatu izan dugu hizketagai.

Osakidetzak berriro erakutsi du ez duela negoziatzeko borondaterik osasungintza publikoaren arazo larriei aurre egiteko

Osakidetzak berriro erakutsi du gaur ez daukala negoziatzeko borondaterik, eta ez duela inolako asmorik gure osasun-sistema publikoaren arazo larriei heltzeko eta konpontzeko; izan ere, arazo horiek langileek jasaten dituzte egunerokoan, baina horrek zuzeneko eragina du ere herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan.

Hala, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok birritan deia egin arren, Osakidetza ez da gaurko Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan deitutako bilerara joan, eta sindikatuok bakarrik hartu dugu parte bileran. Gainera, ez digu erantzunik eman atzo bertan etortzeko egindako errekerimenduari. Izan ere, Osakidetzako zuzendaritzara bidalitako komunikazio bateratu batean jakinarazi genion gaurko bilera mantentzen genuela eta joateko eskaera egin genion.

Osakidetzako egiturazko arazo larriak konpontzera bideratutako aldarrikapen batzuen inguruan deitutako mobilizazioen ondoren, jarraipen masiboa izan zuten mobilizazio batzuk, Osasun Sailak uko egin dio mobilizazio horiek deitu dituzten sindikatuekin biltzeari, eta negoziazioa edukirik gabeko eremu batera bideratu nahi du. Esparru horretan, gainera, bi eguneko greba deialdia egin ez duten beste sindikatu batzuk daude ere.

Osasun Sailaren apustua normaltasunaren irudia ematea da eta errealitatea propaganda-ekintzen bidez ezkutatzen saiatzea. Gaur, egungo egoera iraultzeko ezinbesteko urratsak ematen hasteko negoziazio-bilera batera joateari uko egin dioten bitartean, Osasun Sailburuak osasun-langileei eskainitako plaza bat inauguratu du. Osakidetzako langileek ez dute propaganda-ekintza hutsen beharrik, herritarrei kalitatezko arreta eskaini ahal izateko lan-baldintza duinak behar dituzte. Baina argi dago Osasun Sailak ez diola entzuna eman nahi langileen zein gizartearen aldarriari, azken asteetako mobilizazioetan agerian geratu den aldarria.

Hamaika aldiz azpimarratu dugu egoera oso larria dela eta irtenbideak premiazkoak eta beharrezkoak direla, eta horietako askok berehalakoak izan behar dutela. Hala ere, ikusten dugu Osakidetzak negoziazioa luzatu nahi duela, eta, beraz, baita konponbideak ere. Osasun Sailak itxaron dezake, langileek eta herritarrek ezin dute gehiago itxaron.

Ematen diguten erantzun bakarra da dena ondo dagoela eta Mahai Sektorialak behar bezala funtzionatzen duela. Osakidetzarentzat egungo Mahai Sektoriala da egokiena: informazioa emateko esparru bat, non gai zerrenda inposatzen zaigun gure aldarrikapenak barneratu gabe, formatu telematikoan naiz eta pandemiak momentuan hori ez justifikatu, non ez zaigun dokumentazioa aldez aurretik bidaltzen aztertu ahal izateko eta negoziatu ahal izateko. Hori da Mahai ideala Osakidetzarentzat.

Salatu nahi dugu, gainera, Osakidetzako zuzendaritza berriarekin urteetan zehar salatu ditugun arazoak areagotu egin direla. Esan dezakegu edukiei eta formei eusteaz gain, egoerak okerrera egin duela azken hilabeteetan, eta sindikatuekiko mespretxua gero eta handiagoa dela. Mespretxu hori herritarrei ere zabaltzen zaie.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok negoziazio kolektiboarekiko konpromisoa erakutsi dugu, eta “zero mahai” bat egiteko eta egoera bideratzeko saiakera bat egin dugu. Saiakera horren aurrean, beste aldeak ez du erantzun eta ez da bilerara joan.

Berriro ere, negoziaziorako deia egiten diogu Osakidetzari konponbideak bilatzeko eta egoera bideratzeko. Baina ohartarazi nahi diogu ere ez dugula ez xantaiarik ez propaganda-ekintzarik onartuko. Benetako negoziazioa eskatzen dugu, irtenbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Ildo horretan urratsik ematen ez bada, ez dugu berriro Mahai Sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dugu.

ISS Facility Services enpresa okupatu dute Gora Garbitzaileak kolektiboko ekintzaileek

Bizkaiko garbitzaileek osatutako Gora Garbitzaileak izeneko kolektibo berriak bigarren ekintza egin du, LAB eta ESK sindikatuok babestuta. Hain zuzen ere, Bizkaiko garbitzaileak ekintzara pasa dira, euren lan eskubideen defentsan, eta oraingoan ISS Facility Services garbiketa enpresa okupatu dute, herrialdeko hitzarmena blokeatzen ari delako.

Joan den martxoaren 3an egin genuen lehen protesta ekintza, Bilboko iturriak kolore morez tindatuz, hiri dauden gizonen estatuetatik eskularruak eta fregonak zintzilikatuz eta Udaletxeko zubitik neurri handiko pankarta bat askatuz. Gaur, GORA GARBITZAILEAK kolektiboak, LAB eta ESK sindikatuen laguntzarekin, Bizkaiko Garbiketa Hitzarmenaren aldeko bigarren protesta ekintza egin dugu. Horrela, hamarnaka langilek ISS Facility Services enpresak Bilbon dituen bulegoak okupatu ditugu.

Ez dugu enpresa ausaz aukeratu. ISS Danimarkako multinazionalak 2.000 langile inguru ditu Bizkaian. Bere bezeroen artean, Basauri edo Getxoko Udalak, BEC, Amazon edo Coca Cola nabarmentzen dira.

Gainera, ISS da, hain zuzen ere, Bizkaiko Garbiketa Hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari den enpresetako bat, garbitzaileon soldatak 1.200 eurora ez iristearen arduradunetako bat.

Data ere ez dugu ausaz aukeratu. Atzo, martxoaren 8an, enpresak bere plantilla osatzen dugun emakumeak goraipatu gintuen, eta hurrengo egunean, soldata duinak ukatzen jarraitzen digu.

Esan bezala, ez dugu data ausaz aukeratu, guretzat egun guztiak direlako martxoaren 8a. Izan ere, gu, sektore feminizatu eta prekarizatu batean lan egiten dugunok, prest gaude eurena bezalako erraldoiei urteko egun guztietan aurre egiteko, gure lanak eta soldatak duindu arte.

Horregatik guztiagatik, enpresan sartu gara eta mezu bat utzi diegu: garbitzen ari garenontzat, egunero martxoaren 8a da. Hitzarmen duin bat nahi dugu orain, urtean gutxienez 1.200 euroko 15 pagarekin, eta horregatik, martxoaren 31n grebara joango gara.

Osasunbidea behartuta dago lanbide karrera ordaintzera administrazio-kontratudun gisa emandako denbora guztiagatik

Nafarroako Osasun Zerbitzuak lanbide karrera aitortu beharko die erizain eta fakultatibo askori, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiek eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emandako zenbait erabakiren ondorioz. Lanbide karreraren ondorioetarako, langile horiei funtzionario izaera eskuratu aurretik administrazio-kontratudun gisa emandako denbora guztia aitortu beharko diete.

Erabaki horiek langile finkoei zein kontratudunei eragiten diete, baina goian aipatutako kategorietan bakarrik, zeinen lanbide karrera bi foru legetan finkatzen baita: erizaintzako lanbide karrerari buruzko legean (2008koa) eta fakultatiboen karrerari buruzkoan (1999koa). Osasunbideko gainerako kategoria sanitarioak eta ez-sanitarioak kanpoangelditzen dira.

LAB sindikatuak lehentasunezkotzat jotzen du lanbide karrerari buruzko lege bat garatzea Osasunbideko eta foru administrazio osoko langile guztientzat. Lege horrek langile guztien garapen profesionala aitortu beharko du, eta lanpostuari egokitutako gaitasunak eskuratzea ahalbidetu, langileentzako eta antolamendurako ekimen eraginkorrak sustatzeaz gainera.

Bestalde, Nafarroako Osasun Zerbitzuari exijitzen diogu ordain ditzala auzitegien erabakietan inplikatutako bi kategoria horiei zor dizkien zenbatekoak (hainbat milioi euro kalkulatzen dira), Administrazioak ordaindu beharreko kostuak eta ordainketak alferrik atzeratu gabe; izan ere, azken finean, Nafarroako herritar guztiek ordaintzen dute hori.

LABek erreklamazio-eredu bat jarri du kolektibo horien eskura,bai funtzionarioentzat, bai behin-behineko langileentzat. Eredu hori doan banatuko dugu, eta, orobat, gaiari buruz behar den informazioa emango diegu dagokiena erreklamatu nahi duten pertsona guztiei.

Administrazio osoarentzako garapen profesionalerako lege bat eskatzen dugu berriro, behar den eremuetan negoziatu beharko dena, Nafarroako herritar guztiei garesti ateratzen zaizkien irizpide korporatibistak alde batera utzita. 

Sindikatuok Osakidetzarekin Lan Harremanen Kontseiluan biharko deitutako bilera deialdiari eutsi diogu

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzarekin hitz egiteko daukagun borondatea berretsi nahi dugu, baina benetako negoziazio serio eta zintzo batera eramango gaituen elkarrizketa eskatzen dugu, langileentzako konponbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Urteak daramatzagu Osasuneko Mahai Sektorialean pairatzen ari garen egoera salatzen, eta egoera horrek okerrera egin du azken hilabeteetan: eduki, negoziazio eta gardentasun erabateko falta, alde bakarreko inposaketak eta bertan lortutako akordioak ez betetzea. Edukirik gabeko bilerak, propaganda-kutsu argia dutenak. Gainera, Osakidetzaren inposaketak gero eta gehiago dira.

Egoera desblokeatzeko eta edukien negoziazioan, zein hori gidatu behar duten joko-arauetan aurrera egiteko, pasa den ostiralean, Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egiteko deia egin genion Osakidetzari, bihar, goizeko 11etan. Sailburuak atzo publikoki jakinarazi zuen ez zirela bilera horretara joango, eta gehitu zuen, gainera, Mahai Sektoriala baliagarria izan dela gaur arte, eta berriro azpimarratu zuen sindikatuok bilera bakoitzeko gai-zerrendako bi puntu ezartzen ditugula. Baina adierazpen horiek ez datoz bat Mahai Sektorialean egunerokoan gertatzen denarekin.

Paraleloki, Mahai Sektoriala biltzeko deialdia egin zuen Osakidetzak, egun eta ordu berdinerako. Hala ere, adierazi behar dugu, bi greba-egunen ondoren, ezin dugula berriro onartu Mahai Sektorialean parte hartzea, Mahai horrek behin eta berriz salatu ditugun formei eta edukiei eusten dielako, eta hori izan zelako, hain zuzen ere, foro hori uztera eraman gintuena:

• Bilera telematikoa da berriz ere: Osakidetzak ez du aurpegia eman nahi eta pantaila baten atzean ezkutatzen da berriro ere. Onartezina da, lan zentroetan bizi den egoeraren larritasuna ikusita, deitutako mobilizazioen jarraipena masiboa izanik, osasun-larrialdia bertan behera geratu den momentu honetan, eta Administrazioaren beste negoziazio-mahaiak aurrez-aurrekoak direnean (Mahai Orokorra, Hezkuntzako Mahaia, Administrazio Orokorreko Mahaia, etab.), Osakidetzak, sindikatuekiko erabateko gutxiespena erakutsiz, 2020ko martxotik aurrera egin izan duen bezala, bilera telematikoa planteatzea.

• Gai-zerrendak ez ditu gure aldarrikapenak barneratzen: Sailburuak egindako adierazpenak gorabehera, eta azken bi asteotan berariaz eskatu badugu ere hainbat alditan, gure aldarrikapenak ez daude jasota iragarritako gai zerrendan. Azpimarratu nahi dugu aldarrikapen horiek premiazkoak eta ezinbestekoak direla Osakidetzak bizi duen egoera iraultzeko.

• Ez digute aldez aurreko dokumentaziorik bidali: bileratik 24 ordu eskasera, berriz ere, puntu bakarreko dokumentazioa aurreratu digute, eta beste hiruretatik ez dago inolako dokumentaziorik. Horietako bati buruz, gainera, adierazten da dokumentazioa bilera eta gero entregatuko zaigula.

Adierazitako guztia kontuan hartuta, ondorioztatzen dugu Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bilera, inoiz baino beharrezkoagoa dela: Mahai Sektorialaren aurreko bilera bat, non, aurrez aurre, foro hori negoziazio-eremu gisa berreskuratzeko bideak bilatuko ditugun, baita langileen aldarrikapen eta behar nagusiei premiaz heltzeko tresna gisa ere. Kutsatutako girotik kanpoko elkarrizketa bat, non ados jarriko garen, Mahai Sektoriala bi aldeentzat baliagarria eta konfiantzazkoa izan dadin.

Negoziatzeko deia egiten dugu, baina Osakidetzari ohartarazi nahi diogu ez dugula xantaiarik, ez propaganda ekitaldirik onartuko. Negoziazioa benetakoa izan behar da, mamia duena; irtenbide eta hobekuntza konkretuak behar ditugu. Bide horretan aurrera egin ezean mobilizazioei eutsiko diegu.

Zaintzaren negozioarekin amaitzeko eta sistema publiko komunitario baterako urratsak emateko eskatu diegu EAJ eta PSN alderdiei

Martxoaren 8aren etorrerarekin, mugimendu feministak arratsalderako deitutako mobilizazioen aurrekari, Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu gara zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzeko. Bilbon, Gasteizen eta Donostian Foru Aldundien aurrean egin ditugu elkarretaratzeak, EAJ interpelatzeko; Iruñean, berriz, PSNren egoitzak egin dugu protesta.

Hain zuzen ere, Iruñeko mobilizazioan Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak adierazitakoaren arabera, zaintza sektoreetako langileen lan baldintzen defentsan eta zaintza negozio iturri bilakatu dutenen kontra irten gara kalera. Izan ere, zaintza sektoreetako langileek esklabotzatik gertu dauden lan baldintza prekarizatuak pairatzen dituzte, eta errealitate horrek erantzule argia du: pribatizatu eta zaintza negozio bihurtu duten horiek.

EAEren kasuan, arduradun hori azken 40 urteetan agintean egon den alderdia da; EAJ, alegia. Nafarroan, gobernuko alderdi neoliberalek eta ultrakontserbadoreek urteetan zehar ildo berari jarraitu diote: pribatizatu, merkantilizatu eta jendearen premiak erabili irabaziak lortzeko. Horrela, milaka emakume langileren bizitzak prekarizatu eta enpresa pribatuentzako esleipenen bidez diru publikoa poltsikoratu dute. Zaintza, aberastasun iturri izan da batzuentzat.

Egoerak konponbidea behar du berehala. Zaintzaren negozioarekin amaitu eta zaintzak demokratizatu behar ditugu, martxoaren 8aren bezperan Elixabete Etxeberriak, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak lagunduta, egindako agerraldian jakinarazi bezala.

Hain justu, ezinbestekoa da pribatizazioaren joerari buelta ematea, adinekoen egoitzak eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) publiko eginez, erakundeek, agintean dauden alderdietatik haratago, benetako boterea izan dezaten zerbitzu horien prestazioan. Gure proposamenen artean giltzarri ere bada zaintzako eta, beraz, zerbitzua emateko langileen ratioak eta lan-baldintzak hobetzea. Era berean, etxeko langileen egoera erregularizatu behar dela nabarmendu dugu, eta LABek etxeko langileentzako hitzarmen bat lortzeko lanean jarraituko duela berretsi dugu.