25 urte pasa dira LABek enpleguko Borondatezko Gizarte-Aurreikuspen Erakundeetan (BGAE) (Elkarkidetza, Itzarri eta Geroa nagusiki) parte hartzea erabaki zuenetik. Orain, gure kidegoarekin BGAE-n inguruko eztabaida fase bat burutu berri dugu, BGAE-en eginkizunari buruz eta LABek BGAE-en inguruan izan beharreko posizioari buruz, hain zuzen ere.
Eztabaida bukaturik, ondorio moduan esan dezakegu, BGAE-ak LABek defendatzen duen ereduaren kontrako norabidean garatu direla. Izan ere prestazioak ez dira unibertsalak, ez dira langileen arteko elkartasunean oinarritzen, langileen arteko desberdintasunak areagotzen dituzte, langileriaren gutxiengoari ematen diote estaldura, ez dute lortu pentsio sistemaren osagarri izatea edo osagarri duinak eskaintzea, inbertsioek ez dute bertako ekonomia sarean modu estrategikoan eragiteko anbizio eta gaitasunik oro har eta ez dute balio izan sistema publiko propio baten sorreran urratsak emateko. Langile batzuei onura indibidualak ekarri dizkietela ezbaian jarri gabe, ez dute balio izan tresna kolektibo gisa.
Gainera, datozen hilabeteetan Espainiako Estatuak enpleguko pentsio planei legez bultzada eta zabalpena emango die, eta bertan eztabaidatzen ari diren eredua LABek defendatzen dituen irizpideen kontrakoa da. Pentsio sistema publikoa ahulduko du batetik, eta bestetik, ekarpenak egin ezin izango dituztenak soldata baxuenak dituzten kolektiboak izango direnez, jendartean dagoeneko badauden arrakaletan gehiago sakonduko da.
Hori guztia kontuan harturik, LABek, eztabaida eta parte hartze fase baten ondoren enpleguko BGAE-tan zuzendaritzako organoetako bere parte hartzea etengo du. Erabaki hori BGAE bakoitzeko batzar orokorretan gauzatuko du. LABek, pentsio sistema propio, publiko, unibertsal eta justu baten alde lan egiteko konpromisoa berresten du.
LAB sindikatuak antolatuta, Europako Batasunean dauden estaturik gabeko nazioetako sindikatuen topaketa egin da gaur Bilboko Euskalduna Jauregian.
Honako sindikatu hauetako kideak bildu dira: Trade Unionist for a New and United Ireland, EIS Eskozia, USTKE Kanakia, STC Korsika, CSS Sardinia, SAVT Aosta, Intersindical Catalunya, IAC Catalunya, Intersindical Valenciana, Intersindical Canaria, CIGa Galiza, CUT Galiza, CUT AragĂłn eta CSI Asturies.
Euskal Herriko gonbidatu gisa, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuko ordezkariak egon dira presente.
LABen helburuetako bat izan da beste nazioetako sindikatu soberanistekin harremanak estutu eta gogoeta komunak sustatzea. Ildo honetan, 2004an Topaketa soberanistak antolatu zituen Donostian. Oraingo honetan, Bilbon antolatu ditu Topaketak, krisi sistemikoaren zantzuak gero eta nabarmenagoak direnean, sindikatu soberanisten diagnostikoa eta erronkak eguneratzeko asmoz.
Honela, birbanaketaren aldeko borroka eta burujabetzaren aldekoa uztartzearen alde egin du: “nazio bakoitzean langileok aldaketa sozial eta politikoaren alde borrokatu behar dugu”. LABek Euskal Lan Kode proposamenean jasotako “banaketa hirukoitza” izeneko proposamena gogoan hartuz, “nazio bakoitzean enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna banatzeko burujabetza prozesuak jarri behar dira martxan” adierazi du Aranburuk.
Bide horretan, Patronalaren neurriko elkarrizketa sozialak porrot egin duela baieztatu du LABeko Idazkari Nagusiak, eta kontrabotere sindikalismoaren garrantzia azpimarratu. Era berean, nazio ezberdinetako sindikatu soberanisten arteko hartu-emanen garrantzia defendatu du.
Sarreraren ondotik, bi izan dira parte hartzaileek egindako ariketak. Lehenik eta behin, nazioarteko eta bereziki Europako egoeraren inguruko irakurketa partekatu dute. Nork bere ñabardurekin, sindikatu parte hartzaileak bat etorri dira lan eta bizi baldintzen prekaritatea sustatzen duten politika neoliberalen kritikan, kapitalismoak eragindako aberastasunaren banaketa desorekatuaren salaketan nahiz interes geopolitikoen araberako gerrekiko arbuioan. Emakumeek pairatzen duten diskriminazioa salatu eta zaintza lanen aitortza eta kudeaketa publikoa aldarrikatu dute, baita krisi ekologikoari irtenbide emateko ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzeko beharra ere. Gerra, arpilaketa nahiz krisi ekologikoen ondorioz migratzera behartutako langileak ere hartu dituzte gogoan.
Bigarrenik, diagnostiko horren aurrean sindikalismo soberanistak egin beharreko ekarpenaz aritu dira. Nork bere herrialdean langileon eskubideak defendatu, herri burujabetza aldarrikatu eta aldaketa soziala sustatzearen garrantzia azpimarratu dute. Tokian tokiko alternatiba zehatzak eratzearekin batera, Europako testuinguruan nazio ezberdinetako sindikatuen arteko elkarlana sustatzearen garrantzia ondorioztatu dute.
Era berean, bi erresoluzio zehatz onartu dira, bata Sahararen autodeterminazioaren aldekoa, Espainiako Gobernuaren irizpide aldaketa salatuz. Bigarrena, Mendebaldeko Papuaren autodeterminazioaren alde eta Indonesiaren okupazioaren kontrakoa.
Gaur, Petronorreko kontratetako “Enpleguaren egonkortasunerako itunaren” eraginpean dauden langileen batzarrak, asteartean sindikatuek eta greba-batzordeak sinatutako aurreakordioa berretsi du bozketa bidez.
LABek oso positibotzat jo du lortutako akordioa, ezinezkoa izango litzatekeena egindako borrokarik eta grebarik gabe; izan ere, agerian geratu da kontratetako langilerik gabe Petronorrek ez duela funtzionatzen. Halaber, balio handia ematen dio gatazka osoan izandako batasun sindikalari, zalantzarik gabe kolektibo osoa indartu baitu.
Akordioaren edukiari dagokionez, oso hobekuntza garrantzitsuak eman dira aurreko Itunarekiko, eta gainera, hasieratik ezarri genituen lehentasunezko helburuak lortu dira. Funtsezko helburu horiek kolektibo osoaren lan- baldintzen hobekuntza bermatzen dute, nahiz eta kontrata bakoitzak egoera desberdinak izan:
1.- Kontratu guztietako langile guztiak lotzen dituen akordioa, bai findegian etengabe lanean ari direnak, bai geldialdira bakarrik datozenak, baita Estatuko beste leku batzuetakoak ere.
2.- Petronorren etengabe lan egiten duten pertsona guztien subrogazioa bermatzen da, bai kontratu irekiekin, bai kontratu puntual eta jarraituekin (900 langile inguru).
3.- Bizkaiko sektoreko hitzarmenen gutxieneko baldintzak bermatzen diraa, bai alderdi ekonomikoei dagokienez, bai bestelakoei dagokienez ere. Bazen garaia, batez ere, kanpoko hitzarmenekin datozenek, beti baldintza eskasagoetan, hemen lan egiten badute hemen ezarritako baldintzak aplikatzeko eskubidea izan zezaten.
4.- Bermatzen da geldialdiagatiko plusaren balioa handitzea eta plus hori kobratzen ez zuten eta geldialdietan lan-karga handitzen zaien kolektiboetara zabaltzea. Petronorrek historikoki ikusezin bihurtu dituenak eta ia guztiak emakumez osatuak daudenak.
5.- Laneko segurtasuna eta osasuna zentroan jartzeko konpromisoa. Gogor egingo dugu lan Petronorreko Segurtasun eta Osasuneko Kontratuen arteko Batzordean. Gure osasunarekin ez du inork jolastuko.
Azken batean, ituna ez da besterik gabeko akordio bat, akordio on bat da, kolektibo horrek egunero pairatzen duen prekaritatearen eta desberdintasunen aurkako borrokan aurrera egiten duena, eta are gehiago Petronorren programatutako geldialdietan, 2.000 langile inguruk pairatzen dituztenak.
Borrokan dira Hego Euskal Herriko helduen egoitzetako langileak. Bada, greba eguna izan dute Gipuzkoan eta Nafarroan, hitzarmen duin baten defentsan. Bizkaian eta Araban ere daude borrokan.
Gipuzkoako kasuan, Lan Harremanen Kontseiluan elkarretaratzea egin dugu sindikatuok Donostian, eta, bertan, orain arte erantzunik jaso ez duen bilera eskaera berri bat erregistratu dugu, apirilaren 5erako oraingoan, Adegi, Lares, Matia eta Garen patronalei eta Aldundiari zuzenduta.
Nafarroan, berriz, elkarretaratze zaratatsua egin dugu Iruñean, Lares patronalaren egoitza aurrean.
Mobilizazio berriak egin ditugu Arabako metalgintzan, hitzarmen duin baten defentsan, azken asteetan egindako protesten dinamikari segida emateko; oraingoan, ostiraleko mahai negoziatzailearen bezperan.
Auto karabanak, elkarretaratzeak, propaganda banaketa enpresetan eta poligonoetan… denetarik egiten ari gara, modu bateratuan, LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuak. Manifestazio jendetsu bat ere egin genuen Gasteizen, non 1.500 pertsona inguru bildu ziren metalaren hitzarmen duin baten alde, lan-baldintza duinen alde.
Negoziazioan 3 urte baino gehiago eman ondoren, azken bileran SEA patronalak bere benetako aurpegia erakutsi zuen: lehen baino igoera makurragoak eta KPIarekin loturarik gabe, lanaldia jaisteaz ezer ez, ezta subrogazioaz ere, ez dute prekaritatearekin, ABLEen gehiegizko erabilpenarekin eta behin-behinekotasunarekin amaitu nahi, ez dute benetako berdintasunerako neurri eraginkorrik jasotzen, ezta lanean gure osasuna bermatzeko ere, Formazio Duala eta praktikak duintzeko hobekuntzarik ez, errelebo-kontratua ere ez dute onartzen…
Baina Arabako metalgintzako langileek argi diote: Aski da! Nahikoa da! Patronalaren immobilismoaren aurrean, bide bakarra geratzen zaigu: borroka. Borrokatu behar dugu gure helburuak lortzeko:
Soldata duinak, orain bizitzaren kostua igotzen zaigunean.
Azken batean, Arabako metalgintzan lan-baldintza duinen alde borrokatu behar dugu. Argi izan behar dugu soilik gure aktibazioarekin mugiaraziko ditugula enpresaburuak. Arabako metalgintza borrokan dago: Gasteizko kaleetan zehar mobilizatu gara, baina borroka areagotu egingo da.
Mobilizazioekin jarraituko dugu, aktibazioarekin, enpresetan, poligonoetan, kaleetan, baita ezer alda ez dadin negoziazioa bahitzen dutenengana ere. Eta noski, grebak egingo ditugu, patronala mugituko da presioa egiten badiogu eta greba funtsezkoa izango da: metalgintzako enpresak geldituko ditugu gure eskubideak aktibatzeko.
Gure esku dago: aukera historikoa dugu Arabako metalgintzan lan-baldintza duinak lortzeko. Sei sindikatu gara, dozenaka batzorde eta ordezkari sindikal, milaka langile… lortuko dugu!
Eraldaketa prozesuak Europan. Horixe izango dugu hizpide ostegunean, egun osoz, Euskalduna Jauregian, LAB sindikatuak antolatutako sindikatu subiranisten topaketetan. Hain zuzen ere, Katalunia, Galiza, Aragoi, Asturies, Valentzia, Kanariak, Kortsika, Sardinia, Aosta, Kanakia, Irlanda eta Eskoziatik etorritako sindikatuetako ordezkariak bildu dira Bilbon, LABen gidaritzapean. Beste euskal sindikatu batzuk ere hurbildu dira, gonbidatu gisa.
Garbiñe Aranbururen hitzartzearekin ekin diegu topaketei. Idazkari nagusiaren hitzetan, “bakarrik ezkerrak eskaini ahal ditzake alternatibak eta ziurtasunak”.
LABeko arduradunaren agerraldiaren ostean, sindikatu bakoitza bere herrialdearen egoerari buruz hitz egiten hasi da. Hori amaituta, nazioarteko testuingurua izango dugu hizpide guztiok, sindikalismo subiranista eraldaketarako alternatiba gisa hartuta. Ondorioen txanda arratsaldean etorriko da, eta, ondoren, 17:30ak aldera, amaiera ekitaldia egingo da. Topaketetan lortutako adostasunak aurkeztuko ditugu bertan.
Saretzearen garrantzia
Europako testuinguruko sindikatu eta sindikalisten topaketan honekin saretzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu, sindikatu subiranistok elite ekonomikoen eta estatuen Europa eraldatzeko tresnak baititugu.
Horrenbestez, pandemia osteko fasean eta Ukrainako inbasioak kolpatutako testuinguru honetan, sindikatu subiranistok ditugun erronkei buruz gogoeta egiten ari gara, herri langilearen defentsan.
Kartel batzuen bidez LAB sindikatuak “patronalaren morroitzat” jo ditu UGT eta CCOO, azken hilabeteotan Nafarroan praktika antisindikala garatzen ari baitira. Hala, enpresaburuen zerbitzura, sindikatu horiek gutxiengoan ari dira akordioak sinatzen, langileek demokratikoki aukeratutako gehiengo eta ordezkaritza sindikalak errespetatu gabe.
2015ean UGT eta CCOO sindikatuek, UPNri eta PSNri plano politiko-instituzionalean gertatu zitzaien gisa berean, Nafarroa Garaiko ordezkaritza sindikalaren gehiengoa galdu zuten. Aldaketa garrantzitsu hura ez zen anekdotikoa izan, gaurko egunean ere bi sindikatu horien ordezkaritzaren batura ez baita %49ra ailegatzen. Hala ere, badirudi CCOO eta UGT sindikatuek ezer aldatu ez balitz bezala jokatzen jarraituko dutela, enpresaburuen eskakizunen zerbitzura eta Nafarroako milaka langilek hauteskunde sindikaletan demokratikoki adierazitako borondatea alde batera utzita.
Horrela, azken hilabeteetan, CCOO eta UGT sindikatuak, jarrera antisindikal argian, gutxiengoan akordioak lortzen ari dira hainbat enpresatan, plantillek demokratikoki aukeratutako gehiengo sindikalak errespetatu gabe. Eraginkortasun mugatutako akordioak izaten dira, langile guztiei aplikatzekoak ez direnak. Horrela, xantaia egiten zaie langileei, banaka sina dezaten, “ dena ala ezer ez” presiopean. Bestela esanda, enpresaburuek akordio horiek erabiltzen dituzte langileen legezko ordezkaritza baztertzeko, borroka sindikalak desaktibatzeko eta lan-baldintzak beherantz sinatzeko.
Adibidez, bai Tasubinsan, bai Caprabo-Eroskin, CCOO eta UGTk enpresetako zuzendaritzekin akordioak sinatu dituzte, gutxiengoan egonik ere, langileek demokratikoki aukeratutako ordezkaritza sindikala errespetatu gabe. Era berean, Nafarroako langile gehienak ordezkatzen ez dituen sinadura batekin PPren lan erreforma ez indargabetzea erabaki zuten; aitzitik, erreforma hori finkatu dute urteetan agindutakoaren aurka eginez.
Bestalde, FCCn (Iruñeko kaleak garbitzen dituen enpresan), UGTk eta CCOOk ordura arte arrakasta izan zuen borroka bateratua bertan behera uztea erabaki zuten, eta, gainera, LABeko ordezkariak Enpresa Batzordeko idazkari eta lan-osasuneko ordezkari postuetatik kendu zituzten. Sektore horretan berean, hilabete batzuk lehenago, CCOOk eta UGTk, greba-egunaren bezperan eta ordezkaritzaren %50era iritsi gabe, berriz hautsi zuten sindikatu batasuna, eta bost urterako hitzarmen bat sinatu zuten. Erabat ez nahikoak diren soldata igoerak jasotzen ditu hitzarmen horrek.
LAB sindikatuak badaki azken hamarkadetan enpresaburuek, UGT eta CCOO sindikatuek, gobernuen babesarekin batera, bat egin dutela beraien interesen defentsan. Hala ere, garai horiek igaro dira (edo igaro beharko ziren) eta gehiengoak aldatu egin dira. Ondorioz, beren jarrera antisindikalak alde batera uzteko eta Nafarroako plantillek demokratikoki aukeratutako ordezkaritza sindikalen errespeturantz igarotzeko exijitzen diegu UGT eta CCOO sindikatuei.
Mahai sektorialean ez dago elkarrizketarik, ezta egoerari buelta emateko borondaterik ere. Horren froga da Osakidetza ez dela aurkeztu Lan Harremanen Kontseiluan sindikatuek deitutako bilerara, eta bien bitartean Sagardui sailburuak Legebiltzarrean adierazi du zenbat plaza sartuko diren egonkortze-prozesuan.
Martxoaren 18an sailburuak egindako agerraldiari esker, bi gauza egiaztatu ahal izan ditugu:
1.- Osakidetzak ez du kontuan hartzen koiunturazko izendapena duten milaka lanpos- tuen egonkortzea. Prozesu horretan 1.200 lanpostu sartuko direla adierazi du, LABek erreklamatzen dituen 3.000 lanpostutik gorako zifretatik oso urrun. 2019. urtean, LABek kontratazio-txosten bat argitaratu zuen, Osakidetzako kontratazioaren egoera salatuz. Txosten horretan, Osakidetzako kontratazioan iruzur masiboa eta protokoliza- tua salatu zuen, hitzarmenak ezartzen dituen betebeharrak ekidin eta 3.000 lanpostu baino gehiago egonkortzea saihestea helburu duen iruzurra. Osakidetzak egiturazkot- zat hartzen dituen lanpostuen zifrak ikusita, egoera horri eusteko arrazoi bakarra osa- sun publikoa apurka apurka desmantelatu nahia da. Egia da 2019an, gure txostena argitaratu eta gutxira, Osakidetzak plantilla handitzeko bi espediente egin zituela, eta plantilla 1.000 lanpostutan handitu zela, baina geroztik ospitale eta zerbitzu irekierak egin dira, hala nola Eibarko Ospitalea, Arabako ESIko zerbitzu orokorren eraikina ireki da, etabar. Zerbitzu berri hauen irekierak plantilla handitzeko espediente horren eragi- na leundu egin du, eta gainerako zentroetako beharrak bete gabe geratu dira.
2.- Seguruenik, Osakidetzak propaganda helburua besterik ez duen mahai sektorial bat deituko du berriz ere, sailburuak argitaratu duen informazioa helarazteko: 2.800 lanposturen egonkortzea, bitarteko funtzionarioen 1.600 lanpostu eta 1.200 lanpostu berri. Ez dago elkarrizketarik, ez dago negoziaziorik, erabakia eta kopuruak eramango dituzte, mahai gainean jarriko dituzte eta plantillaren ordezkariei ez digute utziko ezer negoziatzerik. Erakundearen funtzionamendu erabat antidemokratikoa eta herritarren interesen aurkako maniobrak salatzea besterik ezingo dugu egin.
LABek ozen eta argi esan nahi du Osakidetzako egungo zuzendaritza ez dela gai egonkortze-prozesu bat aurrera eramateko, osasun-egitura indartuko duen egonkortze-prozesua, eta behin-behinekotasuna eta prekaritatearekin amaituko duena.
38.000 pertsonako plantilla batean (horietatik finkoak 20.000 baino gutxiago dira), 2.800 lanpostu kontsolidatuz % 8ko behin-behinekotasuna lortuko dugula sinestarazi nahi digute. Zenbakiek berez hitz egiten dute, kalkulagailua eskutan hiruko erregela bat egitea baino ez da behar. Horrez gain, urtero 1.000 langile baino gehiago erretiratuko direla kontuan hartu behar da. Egonkortze prozesu serio batek gutxienik 5.000 lanposturen egonkortzea ekarri beharko luke.
Denbora daramagu Osakidetzan gehiegizko behin-behinekotasuna (zenbaitzutan %58ra iritsi eta %50etik inoiz jaisten ez dena) salatzen, izan ere, egoera honek zerbi- tzuaren kalitatea nabarmenki jartzen du arriskuan. Egituraren ahultze horri esker, Osa- kidetzak murrizketak aplika ditzake nahi duen tokian plantilla estrukturala ikutu gabe. Estrategia horrek irtenbiderik gabeko kalezulo batean jartzen du euskal osasun publi- koa, eta EAJk eta PSOEk, aldebakarreko ekintzen politika honek sorturiko egoera baliatuz, konplexurik gabeko pribatizazioa planteatuko dute, “lankidetza publiko-pribatua” bezalako hitzak erabiliz. Kontratazio koiunturaletan iruzur protokolizatua egiteak osasun-egitura publikoa nahita ahultzea dakar.
Osakidetzak konpromiso argia hartua du gure osasunaren pribatizazio eta merkantilizazioarekin, erabiltzaileen osasuna eta profesionalen lan-baldintza duinak zaintzeko konpromisoaren gainetik. Gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldien osasuna hipo- tekatzen duten politikak aplikatzen ari direnei gizarte eta langile moduan erantzun irmoa emateko ordua da.