2026-10-11
HomeEkintza PolitikoaHerri eta langileen eskubideak aldarrikatu ditugu sindikatu subiranistok Bilbon

Herri eta langileen eskubideak aldarrikatu ditugu sindikatu subiranistok Bilbon

LAB sindikatuak antolatuta, Europako Batasunean dauden estaturik gabeko nazioetako sindikatuen topaketa egin da gaur Bilboko Euskalduna Jauregian.

Honako sindikatu hauetako kideak bildu dira: Trade Unionist for a New and United Ireland, EIS Eskozia, USTKE Kanakia, STC Korsika, CSS Sardinia, SAVT Aosta, Intersindical Catalunya, IAC Catalunya, Intersindical Valenciana, Intersindical Canaria, CIGa Galiza, CUT Galiza, CUT Aragón eta CSI Asturies.

Euskal Herriko gonbidatu gisa, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuko ordezkariak egon dira presente.

LABen helburuetako bat izan da beste nazioetako sindikatu soberanistekin harremanak estutu eta gogoeta komunak sustatzea. Ildo honetan, 2004an Topaketa soberanistak antolatu zituen Donostian. Oraingo honetan, Bilbon antolatu ditu Topaketak, krisi sistemikoaren zantzuak gero eta nabarmenagoak direnean, sindikatu soberanisten diagnostikoa eta erronkak eguneratzeko asmoz.

Sarrera hitzaldian, Europan zabaltzen ari den gerraren, desjabetze prozesuen eta eskuin muturraren gorakadaren aurrean ezkerretik eta subiranismotik alternatiba eraiki beharra aldarrikatu du Garbiñe Aranburu LABeko Idazkari Nagusiak.

Honela, birbanaketaren aldeko borroka eta burujabetzaren aldekoa uztartzearen alde egin du: “nazio bakoitzean langileok aldaketa sozial eta politikoaren alde borrokatu behar dugu”. LABek Euskal Lan Kode proposamenean jasotako “banaketa hirukoitza” izeneko proposamena gogoan hartuz, “nazio bakoitzean enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna banatzeko burujabetza prozesuak jarri behar dira martxan” adierazi du Aranburuk.

Bide horretan, Patronalaren neurriko elkarrizketa sozialak porrot egin duela baieztatu du LABeko Idazkari Nagusiak, eta kontrabotere sindikalismoaren garrantzia azpimarratu. Era berean, nazio ezberdinetako sindikatu soberanisten arteko hartu-emanen garrantzia defendatu du.

Sarreraren ondotik, bi izan dira parte hartzaileek egindako ariketak. Lehenik eta behin, nazioarteko eta bereziki Europako egoeraren inguruko irakurketa partekatu dute. Nork bere ñabardurekin, sindikatu parte hartzaileak bat etorri dira lan eta bizi baldintzen prekaritatea sustatzen duten politika neoliberalen kritikan, kapitalismoak eragindako aberastasunaren banaketa desorekatuaren salaketan nahiz interes geopolitikoen araberako gerrekiko arbuioan. Emakumeek pairatzen duten diskriminazioa salatu eta zaintza lanen aitortza eta kudeaketa publikoa aldarrikatu dute, baita krisi ekologikoari irtenbide emateko ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzeko beharra ere. Gerra, arpilaketa nahiz krisi ekologikoen ondorioz migratzera behartutako langileak ere hartu dituzte gogoan.

Bigarrenik, diagnostiko horren aurrean sindikalismo soberanistak egin beharreko ekarpenaz aritu dira. Nork bere herrialdean langileon eskubideak defendatu, herri burujabetza aldarrikatu eta aldaketa soziala sustatzearen garrantzia azpimarratu dute. Tokian tokiko alternatiba zehatzak eratzearekin batera, Europako testuinguruan nazio ezberdinetako sindikatuen arteko elkarlana sustatzearen garrantzia ondorioztatu dute.

Era berean, bi erresoluzio zehatz onartu dira, bata Sahararen autodeterminazioaren aldekoa, Espainiako Gobernuaren irizpide aldaketa salatuz. Bigarrena, Mendebaldeko Papuaren autodeterminazioaren alde eta Indonesiaren okupazioaren kontrakoa.

Topaketen ondorio orokorrak atxikitutako dokumentuan jaso dira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.

Intersindikalak salatu du Correosen langile falta dagoela eta azaroaren 29ko hauteskunde deialdiaren aurrean langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen dela

Intersindikala osatzen dugun erakunde sindikalok (LAB, CIG, ESK, Intersindikal Canaria, ELA eta CNT) oso kezkatuta gaude datorren azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen eta Correosek gaur egun pairatzen duen langile faltaren egoeraren aurrean.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri, Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...