2026-05-14
Blog Page 342

Prezero enpresaren borondate falta salatu dute Arrasateko lorezainek

Arrasateko lorezainek 10. greba eguna bete zuten atzo, lan baldintza duinen aldeko borrokan. LAB sindikatutik, lan akordioa adosten saiatu gara Prezero enpresarekin, baina ez dute konponbiderako borondaterik azaldu. 

Arrasateko Udaleko ordezkariekin (EAJ-PSE) bildu gara, bitartekari lanak egin dezaten eskatzeko. Azpikontratatutako udal zerbitzua izanda, ardura politikoak dituztelako. Atzo egin genuen bilera eurekin.

Gaur egun, sektoreko hitzarmena estatala da eta ez ditu Arrasateko bizi baldintzak bermatzen. Horregatik, azken hilabeteak lan akordio duin bat negoziatzen egon gara enpresa eta udalarekin, baina enpresak ez du inongo borondaterik akordioa ixteko. Hortaz, borrokan jarraituko dugu lan akordio duin bat lortu arte.

Donostiako Zuhaizti kiroldegiko langile bat kaleratu dutela salatu dugu, 15 urtez bertan lan egin ondoren

LAB eta ELAren ohar bateratua, Zuhaizti Kiroldegiko Langile Batzordearen izenean:

Pasa den uztailaren 15ean, gure lankidea izandako Estibalitz Marzok kaleratze-gutuna jaso zuen enpresaren eskutik. Aldiz, Batzorde honen ustez, kaleratze hori ez da modu egokian gauzatu: 15 urtetan zehar Zuhaiztin lanean egon ondoren, uztailaren 15ean aipatutako gutuna jaso eta, uztailaren 30ean, langilearen eta enpresaren arteko harremana iraungita gelditu zen.

Langileok, ordea, ez dugu enpresak hartutako erabakia babesten. Gure iritziz, Estik egiten zuen lana guztiz beharrezkoa da. Horren proba dira beste bi lankidek euren lan-baldintzetan jasango dituzten aldaketak: Estik gauzatzen zituen harrera-lanak bermatzeko, beste bi lankideri euren lan-zama handitu eta euren egutegia aldatu egingo zaiela jakinarazi die enpresak.

Beraz, ohar honen bitartez, gure lankidearen kaleratzea salatu nahi dugu!

Bestalde, komunikazio zuzen eta arinagoa eskatu diogu enpresari: kontsideratzen dugu, Langile Batzordeak ezagutu behar zuela Esti kaleratzeko enpresa-erabakia, kaleratzea ez zen beste irtenbide bat topatzeko, modu bateratuan.

Gure betebeharra langile guztiak babestea delako, kaleratzerik ez!

Gipuzkoako helduen egoitzetako lan hitzarmena gutxiengo sindikalarekin sinatzea oso larria dela uste dugu

Gaur goizean izandako negoziazio-mahaiaren bileran patronalak ez du inolako negoziaziorako borondaterik erakutsi eta langileen ordezkaritza baxuena duen UGT sindikatuarekin eragin mugatuko hitzarmen bat sinatzeko prestutasuna azaldu du. 

Hala, ehundaka greba egun egin duen emakume kolektibo baten aurrean iseka jarraitzen dute patronalek eta Foru Aldundiak. Gaurko iragarrita zegoen negoziazio mahaiaren gainean patronalak akordiorako eskaintza bat jarrita zuen, gure ustetan ez-nahikoa zena. Hala ere, LAB ez da gaurko bilerara jarrera oztopatzailearekin joan; patronalak egindako proposamenaren ildotik kontraproposamen bat egiteko asmoa azaldu dugu mahaian. Aitzitik, patronalak ez du horretarako inolako aukerarik eman, eta gutxiengoan dagoen UGT sindikatuarekin eragin mugatuko akordio bat sinatzeko aukera zabaldu du. 

Patronalak egindako proposamenak akordiorako zailtasun batzuk planteatzen zituen, LABentzat marra-gorri direnak, hain zuzen ere:

• KPIaren berma jasotzeko aukera badago ere, bi urteetan zehar galdu daitekeen eros-ahalmena berreskuratzeko konpentsazio bat jasotzea beharrezkoa ikusten dugu. 

• 2022 urtea aurretik eros-ahalmena galdu duten langileek atzerapenak eskuratzeko konpromisoa beharrezkoa ikusten dugu. 

• Dagoeneko indarrean dauden hainbat neurri (lanaldia edota plusen ordainketetan, adibidez) lan hitzarmenean hasieratik jaso beharko lirateke.

Arestian esan bezala, LABek aukerak ikusten zituen akordioaren bidea jorratzeko. Aitzitik, patronalaren jarrera bestelako izan da, eta, hori gutxi balitz, UGT sindikatuaren babesak langileen  borroka erabat baldintzatzen du. Gure ustez, oso larria da gaur negoziazio mahaian gertatu dena, eta ardura instituzionala duen Foru Aldundiak egoera hau babes ez dezan eskatzen diogu. Langile guztientzat egoerak eskatzen duen lan hitzarmenaren aldeko borroka hauspotzen jarraitzeko konpromisoarekin jarraituko dugula ozen esan nahi dugu.

Greba gehiago egingo ditugu Bizkaiko metalgintzan, patronalak negoziazioa blokeatzen jarraituz gero

Sindikatuon prentsa oharra, gaur patronalaren aurrean egindako agerraldiaren harira:

Bizkaiko metalgintzako sindikatuok (LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, CNT) 3 greba egun deitu genituen ekainaren 23an, 30ean eta uztailaren 1ean. Greben emaitza oso ona izan zen. Sektoreko enpresen ekoizpena gelditu egin zen eta kaleak beteta egon ziren. FVEM patronalak berak ere onartu du greben jarraipena 2019koa baino handiagoa izan dela. 3 egun horiek benetako indar erakustaldia izan dira.

Indar erakustaldi horrek oztopoak gainditu behar izan ditu, hala nola, errepresioa eta Ertzaintzaren jarrera greba egunetan; identifikazioak, atxiloketak, salaketen eta isunen mehatxuak, porrazoak, greba batzordeak bere lana egin ahal izateko eragozpenak… 2019an ere gertatu zen hori, eta berriro gertatzen ari da. Eta Eusko Jaurlaritzari egiten diogun galdera, zeinek Ertzaintza zuzentzen duen, honako hau da: zer lortu nahi duzu jarduteko modu horrekin?, beste behin ere, patronalaren aldetik kokatuko al zara, langileei bizkarra emanez? Hemendik exijitzen dugu ezin dela errepresaliatu inongo langilerik, beren eskubideak defendatzeagatik. Ezerk ez du sektorea geldiaraziko gure helburua lortu arte.

Horregatik, gaur, oztopoak oztopo, zorionak eman nahi dizkiegu grebak egin zituzten langile guztiei, goizeko 5:00etatik piketeetan parte hartu zuten langile guztiei. Argi geratu da hitzarmen honekin erakutsitako konpromisoa eta daukagun indarra. ZORIONAK.

Eta konpromiso eta indar horrekin, sektoreko langileek argi utzi dute ez dituztela patronalak eskaintzen dituen apurrak onartzen, eta FVEMi eskatzen diote negoziazioa desblokeatzeko eta sindikatuek aurkeztutako plataforma bateratuan jasotako edukiak mahai gainean jartzeko.

Grebaren 3 egunen emaitzaren ondoren, pilota FVEMen teilatuan dagoela ulertzen dugu, eta horregatik, arduratsu jokatuz, sindikatuek negoziazio mahaiaren beste bilera batera deitzea erabaki genuen, uztailaren 20an. Hamargarren bilera honetan, FVEMek ez du eduki berririk ekarri bilerara. Plataforma bateratuaren 17 puntuak erabat baztertzen ditu. Soldata igoera proposamenak oso txikiak dira, eta oraindik ere elementu erregresiboak sartu nahi ditu baja osagarrien eta malgutasunaren arloan.

Ildo horretatik, jakinarazi nahi dugu irailetik aurrera negoziazio mahaian bilerak egongo direla. Hurrengo bilera irailaren 13an izango da. Ikusiko dugu ea jarrera aldaketarik dagoen FVEMen. Azken bilera ikusita, ezin gara oso baikorrak izan. Sektoreko KPIen eta lan karga handien testuinguruan, eta irabazietan dauden enpresen kasuan, litekeena da FVEMek negoziazio mahaian eduki garrantzitsurik ez emateko posizio berean jarraitu nahi izatea.

FVEMek bilera berriek ematen dizkioten aukerak alferrik galtzea erabakitzen badu, sindikatuok argi daukagu sektoreko borrokak jarraitu egin behar duela. Patronalaren harroputzkeriaren aurrean, prest gaude mobilizatzeko eta sektorea berriro aktibatzeko irailetik aurrera. Patronalak ulertzen ez badu sortzen ari den aberastasuna Bizkaiko metaleko langileen artean banatu behar dela, eta KPI hain altu horien kostua guk ordaindu behar dugula pentsatzen jarraitzen badu, erantzuna oso argia izango da: ekoizpena geldituko dugu eta kaleak beteko ditugu. Bizkaiko metalean greba gehiago izango dira.

Gipuzkoako papergintzako hitzarmena sinatu dugu, langileek defendatutako aldarri nagusiak lortuta #LortuDugu

2022ko uztailaren 22an, sektoreko langileen esana betez, Gipuzkoako papergintzako hitzarmena sinatu dugu. Hitzarmena LABek eta CCOO-k sinatu dugu. ELAk berriro ere ez du hitzarmena sinatu, langileek batzarretan gehiengo handi batez akordioa babestu arren. Batzarrei garrantzia ematen badiegu, duten eskumena aldarrikatzen badugu, kontraesankorra da oso sindikatu batek bere interesen arabera jokatzea. LABek hitza eta erabakia langileei emateko konpromisoa hartu zuen, erabakia edozein izanda ere, eta bete dugu. Sindikatuak langileak egiten baitituzte, langilerik gabe ez gara ezer.

Ez da erraza izan honaino iristea. Patronalaren jarrera negoziazio honetan ez zaigu batere gustatu, sindikatuekin jolasean egon baita momentu oro. LABen lehen aukera beti izan da plataforma bateratua lortzea, baina oraingoan ez da posible izan. Negoziazioen amaieran beste saiakera bat egin genuen sindikatu guztiekin, patronalari proposamen bateratu bat helarazteko, baina ez zen posible izan sindikatu guztiak ados jartzea. 

Bada, urteetan langileek borrokarako erakutsitako prestutasunari esker harro esan dezakegu hitzarmen sozial eta duin bat lortu dugula.

Hitzarmen honetan guretzat aldarrikapen nagusia zena lortu dugu: errelebo kontratua. Era berean, lorpen garrantzitsuenen artean daude soldata igoerak KPI-aren gainetik langileen erosmen ahalmena bermatzeko, ultraktibitatea eta berdintasunean eta baimenetan aurrerapausoak.

Hitzarmen hau langileen borrokarik gabe ezinezkoa litzateke. Langileen babesa eta indarra beharrezkoak dira hitzarmen duin bat lortzeko. Borrokak ez du etenik, eta egunerokoan lantokietan baldintzak errespetatzeko ere borrokan jarraitu beharko dugu. Langileen ondoan egongo gara, langileen euren lan baldintzak errespetatuak izan daitezen.

Etxeko langileen eskubideekin jolasten ari dira!

EAEko etxeko langileentzako hitzarmena eskatu eta honen inguruan EAEko patronala izaten ari den jarrera salatu nahi dugu berriro. Confesbakek uko egin dio etxeko langileen baldintzak negoziatzeari eta, horren ondorioz, demanda bat erregistratu du LABek Confebasken aurka, etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik.

Kontziliazioa urriaren 4an egingo da eta, honen aurrean, LABek jarrera argia dauka: Confebask etxeko langileen EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzera behartuta dago. Honen aurrean, bide juridikoa lantzeaz gain, ekintza sindikala ere indartuko dugu. Gainera aliantzak sendotuko ditugu, mugimendu sozial, feminista eta gainontzeko sindikatuekin.

Eusko Jaurlaritzako Beti On Telelaguntzako langileek hilabeteko beste greba bat egingo dute abuztuan

Atzo egindako batzarrean, plantillak aho batez erabaki zuen beste hilabete bateko grebara deitzea, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoaren arduradunei irtenbide bat eman dezaten behartzeko.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari, zerbitzua ematen duen egungo UTEari (IV Tunstall Televidas – GSR-Grupo Igualmequisa) eta lizitatzaile berriari (UTE ILUNION SOZIOSANITARIO, S.A. eta IBERMÁTICA, S.A.) dei egiten diete, negoziatzera esertzera lehiaketa ebatzi baino lehen. Oraingo enpresak errekurtsoa aurkeztu dio lehiaketari, eskaintza garaiz eta behar bezala ez aurkezteagatik.

Ez da lehen aldia plantillari zerbitzuaren esleipen-hartzaile aldaketa batek eragiten diola. Aldaketa hori gertatzen den bakoitzean, plantillaren lan-baldintzak arriskuan jartzen dira eta eskala bikoitzak sustatzen dira. Hori Eusko Jaurlaritzaren erabaki politikoaren ondorio zuzena da, hau da, pertsonen osasunarekin negozioa egin nahi duten enpresa pribatuen bidez, zerbitzu publiko eta funtsezko bat emateagatik komunitateari.

Plantillak bere lan-baldintzak hobetzeko borrokatzen jarraitzen du, eta gaur Santurtziko Udalaren aurrean kontzentratu egin da, osoko bilkuran mozio bat aurkeztu baita Eusko Jaurlaritzari lan-gatazka horretan parte har dezala eskatzeko, bere eskumeneko zerbitzu publikoa baita.

Salbuespenezko espetxe politikaren aurka mobilizatu gara Gasteizen

Euskal presoen eskubideen alde elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan. Presoak etxean eta bizirik nahi ditugula aldarrikatu dugu.

Hain zuzen ere, honako aldarri zehatzak eskatu ditugu:

-Legeria arruntean jasotako espetxe-onurak eskuratzea

-Preso guztiak Euskal Herriko kartzeletan egotea

-Gaixotasun larriak dituztenak espetxetik ateratzea

-Espetxetik ateratzen diren pertsonak lan-mundura itzultzea

-Zigorrak salbuespenez luzatzeko legeria berrikustea

-Iheslari eta deportatu politikoek Euskal Herrian bizitzeko eskubidea

Mobilizazioan nabarmendutakoaren arabera, “aldarrikapen hauek lan mundura eramaten jarraituko dugu. Aldi berean, beste sindikatuekin partekatuko ditugu, dinamika amankomunak aztertzeari begira”.

Bide luzea egiteko

Egoerak presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe-politika gainditzea eta ezabatzea eskatzen du. Urte hauetan aurrerapausoak eman dira, batez ere urruntze eta sakabanaketa politikari amaiera emateko. Baina, gaur egun oraindik bide luzea dago egiteko, larriki gaixo daudenak lehenbailehen askatu behar dira, zigorren konputoa aplikatu behar da, eta asko dago egiteko gradu-progresioa eta kartzelatik garaiz ateratzea errazteko. Era berean, ezin dugu ahaztu motxilaren haurrek pairatzen duten errealitatea.

Azken urteotako aurrerapenak ezin dira ulertu jendarteak egindako presiorik gabe, eta oraindik ere gainditu beharreko bidea azkarrago jorratuko dugu mobilizazio soziala areagotuz gero. Horregatik atera gara kalera, gaurkoan ere.

Mugak ere aliantzak artikulatzeko gune badira

Mugak Zabalduz Pirinioak-Alpeak 2022 karabanan parte hartzen ari gara LAB sindikatuko hainbat kide.

Irunen eta Hendaia artean inposatutako mugan abiatu zen karabana, Bidasoa ibaiko muga gurutzatzen bizia galtzen ari diren pertsonak gogora ekartzeko eta Europako migrazio politika hiltzaileak eta kontrol arrazistak salatzeko.

Iragana eta oraina lotzen dituen memoriaren hariarekin jarraitu dugu orduz geroztik. Izan ere, Europako barne mugak lehen eta orain zeharkatzen dituztenen patua bera da: kontzentrazio esparruetan sartzea, errepresioa pairatzea, heriotzara kondenatuak izatea…

Iraganeko Gurs, Argèlers, Rivesaltes eta gainerakoak kontzentrazio esparru bihurtu ziren errefuxiatuentzat. Bada, gaur egungo migranteek, ipar globalaren politika ekonomikoen ondorioz euren lurraldeetatik ihesian doazenek, eta iraganekoek, totalitarismoetatik alde egiten zutenek, ondorio berberak jasaten dituzte.

Baina, errepresioa eta injustiziaren aurrean beti dago erresistentzia eta sistemari buelta emateko borrokan ari direnak. Iluntasuna iluntasun, elkartasun argia beti gailentzen da: Elnako ama etxea kontzentrazio esparruetan zeuden emakumeak era seguruan erditzeko, emakumeen arteko antolakuntza eta elkar laguntza, erbesteratuekiko elkartasun sareak, ibaietatik zein mendietatik guztiz itxita eta kontrolatuta dauden mugak zeharkatzen laguntzen duten kolektiboak…

Horiekin ere elkartu izan gara bidean, izan errefuxiatu edota migranteen elkarteekin edo haiekin batera borroka elkarbanatzen dutenekin, mugak zeharkatzen laguntzen dituztenekin zein politika hiltzaileak salatzen dituztenekin.

Carovani Migranteko gure kide Giacomo Donadiok dioen bezala, “biktimizaziorako eta eskubideak urratzeko gune izateaz gain, mugak ere aliantzak artikulatzeko gune badira”.

Guk argi dugu: mugak zabaldu behar dira, migratzeko eskubidea errespetatuz eta bermatuz, atzerritartasun lege guztiak deuseztatuz. Bitartean, premiazkoa da bide seguruak irekitzea, beste inork ez dezan bizia galdu mugak zeharkatu nahian. LABek horretarako bere konpromiso irmoa adierazten du.

Argazkiak: Mugak Zabalduz / Ekinklik Argazkiak