2026-09-24
HomeEkintza SindikalaUrriaren 24, 25 eta 26an, greba egun berriak egingo ditugu Nafarroako adinekoen...

Urriaren 24, 25 eta 26an, greba egun berriak egingo ditugu Nafarroako adinekoen egoitzetan

Hirugarren adinekoen egoitzen sektorean gehiengoa duten LAB, ELA eta UGT sindikatuok hiru greba egun berri deitu ditugu sektorean, Nafarroako lehen hitzarmenaren negoziazioan patronalen blokeoa dela eta. Adinekoen egoitzetako langileek topera jarraitzen dute lanean, beti bezala edo gehiago, erritmo biziagoan, gure lanetik eratorritako gero eta gaitz gehiagorekin, eta urteroko lanaldi oso luzeekin, baina gero eta zailagoa egiten zaigu hilaren amaierara iristea.

Garai zailetatik gatoz. Baina orain inoiz baino gehiago, pandemiek eta konfinamenduek argi utzi dute zainketen zentraltasuna, gure lana funtsezkoa eta ezinbestekoa dela egungo gizartean. Horregatik, egiten dugun lanaren garrantzia aitortzea eskatu behar dugu. Urtebete baino gehiago daramagu gure sektorearentzat hitzarmen bat eskatzen, baldintza duinak bermatzeko. Hilaren amaierara iristeko aukera emango diguna, soldatak handituz, gure bizi-baldintza materialak hobetuz, eta, horrekin batera, gure bizitzaren kalitatea hobetuz. Denbora gehiago behar dugu atseden hartzeko, gure familiekin eta lagunekin egoteko.

Nahiz eta Parlamentuak hitzarmen hau aurrera eraman dadin agindu izan, Nafarroako Gobernua ez da gure alde ezer egiten ari. Gure sektoreko bi patronalek (ANEAk eta LARESek) etengabe ezezkoa ematearen ondorioz beharrezkoa den bitartekaritza saihesten dute, legez dagozkigun eskubideak ukatuz. Oraindik ere baliabide huts gisa tratatzen gaituzte, erabiltzeko eta botatzeko makina gisa. Hala egiaztatu dugu euren azken proposamenean. Bajan gaudenean osagarri txiki bat kobratu ahal izateko, lanera gaixorik edo osasun-arazoekin joatera behartzen gaituzte, eta, aldi berean, gutxieneko akordio batekin konformatzea nahi dute.

Egoera honen aurrean, LAB, ELA eta UGT sindikatuok, negoziazio mahaian ordezkaritzaren % 83,6arekin, ziur gaude Nafarroako langile guztientzako hitzarmen duina hemen eta orain posible dela, elkarrekin lor dezakegula. Ez da gutxi egindako ahalegina, baina jarraitu beharra dugu. Geure burua ikusarazi, eta gure aldarrikapenak entzunarazi. Ahotsa altxatzeko unea da, eta behingoz entzun gaitzatela.

Aurrera egin behar dugu. Urriaren 24an, 25ean eta 26an hitzordu garrantzitsua izango dugu. Grebekin bat egin behar dugu, gehiegizko gutxieneko zerbitzuek uzten duten heinean, indarrak batu, irten eta kaleak bete. Orain da unea. Egun horietako mobilizazioetan parte hartu behar dugu, urte luze honetako ahaleginak eta borrokak azkenean fruitua eman dezan. Erakuts diezaiegun urriaren 26ko manifestazioan, 17: 30ean Iruñeko Foruen plazaren ondotik irtengo dena, merezi dugun hitzarmena lortu arte ez garela geldituko.

Beste behin ere publikoki salatu behar ditugu Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak. Argi eta garbi urratzen diete langile horiei greba egiteko oinarrizko eskubidea, eta LAB, ELA eta UGT sindikatuok helegitea jarriko dugu lan-agintaritzan.

Urriaren 24an, 25ean eta 26an egingo diren mobilizazioak honako hauek izango dira:

Urriaren 24an, Tuteran, manifestazioa 18:00etan, Torre Monreal egoitzatik abiatu eta Plaza Berrian amaituko da.

Urriaren 25ean, Tafallan, manifestazioa 18:00etan. Foruen plazatik abiatu eta Nafarroa plazan amaituko da, eta urriaren 25ean, Elizondon, Herriko plazan, 18:00etan.

Urriaren 26an, Iruñean. Manifestazioa 17: 30ean abiatuko da, Julian Gayarre kaleko 1 zenbakiko Domus VI egoitzatik, eta Nafarroako Jauregiaren aurrean amaituko da (Karlos III.a kalea 1). Sektoreko ordezkariek hitza hartuko dute bertan.

 Beldurrak eta konplexuak alde batera utzita, garaia da dagokiguna eskatzeko. Gure eta gure familien etorkizunaren alde, 26an manifestazioan ikusiko dugu elkar.

Hitzarmena eta baldintza duinak behingoz!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

50 mobilizazio baino gehiago egin ditugu EAEko udal sektorearen lan baldintzak hobetu behar direla aldarrikatzeko

LABek eta ELAk deituta, milaka udal langilek EUDELi eta EAJri, EH Bilduri eta PSEri exijitu diete Udalhitzeko mahaiara edukiak behingoz ekartzeko. EAEko udaletan urte asko...

Elkarlan zintzorako deia egin dugu Nafarroan lan mundua euskalduntzeko urratsak eman daitezen

LAB bidelagun izango gaitu ELAk, lan mundua euskalduntzeko konpromiso zehatzak eta elkarlanerako borondatea erakusten baditu; bestela, euskalduntzearen kaltetan izango da. Langileok euskaraz lan egiteko eskubidea...

SEULA enpresak kudeatzen duen kale garbiketa zerbitzuan sei greba egun deitu ditugu Aguraingo jaien bete-betean

Langileak urtarriletik dabiltza itun berri bat negoziatzeko saiakeran. Hilabete hauetan, enpresak negoziatzeko borondate eskasa erakutsi du, erantzunak atzeratuz eta bileretara benetako erabakitzeko ahalmena zuten pertsonak bidali gabe. Egoera horren aurrean, maiatzean Lan Harremanen Kontseilura jo behar izan genuen negoziazioa desblokeatzen saiatzeko.