2026-01-15
Blog Page 322

CCOO, UGT eta Arcelor Mittalen estatalizazioaren aurrean, lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzea eskatu dugu

Agerraldia egin dugu Arcelor Mittalen inguruan hartutako azken erabakien inguruan, Lesaka, Legasa, Sestao, Bergara eta Olaberriako lantegietako ordezkariekin batera.

Hain zuzen ere, Arcelor Mittaleko zuzendaritzak eta sindikatu estatalek Euskal Herriko errealitate sindikalari entzun gor egin diote berriro. Oraingoan estatalizazio estrategian beste pausu bat eman dute eta Olaberriko eta Bergarako lantegiak akordio markoan sartzea inposatu dute, bertako komiteekin inongo kontsultarik egin gabe. Hauek beraien gehiengoaren kontrakotasuna garbi adierazi dute egindako ez ohiko komite bileretan.

Urteetan salatu dugun moduan, Estatu mailako akordio marko horretan, Euskal Herriko gehiengo sindikala guztiz desegina gelditzen da eta bertan “adosten” dena, Euskal Herriko lantegietan izugarrizko eragina baldin badu ere, ez du inondik inora bertako errealitatea kontuan hartzen.

Kezkagarria da ere Asturiasera begira funtzionatzen duen marko bat izatea etorkizunean langileen lan baldintzak adostuko dituena, horren emaitzaren adibide garbiak baititugu azken urte luze hauetan; Euskal Herrian lanpostu suntsiketa basatia eta inbertsiorik ez, hau da, desagerpenaren bidea.

Orain bizi dugun garai ezegonkor honetan, non enpresak egoera globalaren aitzakia erabiltzen ari den langileon baldintzak okertzeko (beraiek urtez urte irabazi gehiago dituzten bitartean), inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herrian erabakitzeko marko bat, gure lanpostu eta baldintzak defendatu ahal izateko.

Esan bezala ez gaude egoera hau onartzeko prest eta zuzendaritzak eta sindikatu estatalen arteko tandem hori aurrera jarraitzen duen neurrian gure eskuetan dagoen guztia eginen dugu beraien erabakiak baldintzatzeko.

Bizkaiko garbiketako eta merkataritzako grebalariek CEBEK-en egoitzara eraman dituzte euren aldarriak

Bizkaiko merkataritza eta garbiketako langileek beste greba egun bat egin dute, eta, ostegunean egin bezala, CEBEK patronala izan dute begiz jota euren aldarriak kaleratzeko orduan. Zentzu honetan, garbiketako langileek ekintza ikusgarri bat egin dute patronalaren egoitza aurrean. Hain zuzen ere, paper zatiz bete dute ataria, hitzarmen duin baten defentsan.

Ondoren, bazkal orduan, bi sektoretako grebalariek bat egin dute eta kanpaldia antolatu dute patronalaren aurrean. Bertan bazkaldu dute.

“Ez sinatu. Ez entregatu zure historia klinikoa mutualiari”

Osakidetzak eta Mutualiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, bi erakundeetako medikuek bi zerbitzuetatik laguntza jasotzen duten pertsonen espediente eta historia klinikoetara zuzenean sartzeko aukera izan dezaten. Hitzarmen honen bidez, eta tresna eta aplikazio informatikoak erabiliz, mutualitateetako osasun-langileek beren pazienteen historia klinikoak ezagutzeko aukera izango dute, haien aurrekariak, jasotzen ari diren tratamenduak, analisiak, proba diagnostikoak eta abar ezagutzeko. Baina, dirudienez, ez da soilik informazioa eskuratzea izango, baizik eta bi erakundeetatik informazio berria sartu ahal izatea artatutako pertsonen espedienteetan eta historia klinikoetan. Teorian, pazienteen berariazko baimenarekin.

Hobekuntza gisa saltzen zaigu hori, oso larria eta arriskutsua iruditzen zaigu osasun-sistematik kanpoko profesionalek osasun-sistemara sartzea. Horrek urratu egiten du Osakidetzaren osasun-sistema publikoaren erabiltzaile gisa datu medikoak isilpean gordetzeko eskubidea, eta kalte larria egin diezaioke osasun-sistema publikoko paziente-mediku harremanari, gerta baitaiteke haien historia medikoan jasota geratzea nahi ez izatea lan-munduan sortzen dituzten arreta edo kalteak.

Bada, Gasteizko Legebiltzarrean izan gara, Lan Osasuneko kide Inko Iriarteren eskutik, Jaurlaritzak langileen datu medikuak Mutualiari oparitu dizkiola salatzeko. Hain zuzen ere, agerraldian dei egin diogu langile klaseari Mutualiari aurrez baimenik eman ez diezaion, ez espreski, ezta idatziz ere, langileen txostenetara modu zuzenean sartu ahal izateko Gizarte Segurantzak mutualitateari legez esleitutako edozein lankidetza arlotan; hala nola, lan istripuen eta lanbide gaixotasunen kontingentzietan, kontingentzia arruntak eragindako aldi baterako ezintasunean, haurdunaldiko eta edoskitze naturaleko arriskuetan, minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zaintzan…

Era berean, dei egin diegu langileei ez diezaiotela Mutualiari Osakidetzako historia klinikoan sartzeko aurrez baimenik eman, ez espreski, ezta idatziz ere. “Ez sinatu. Ez entregatu zure historia klinikoa mutualiari”, salatu dugu.

Confebaskek etxeko langileak diskriminatu egin ditu eta negoziazio kolektiborako eskubidea ukatu die

Gaur, Lan Harremanen Kontseiluan, EAEko etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio-mahaia osatzeko lehen saioa izan da. LABek maiatzaren 9an erregistratu zuen eskaera hori.

LABez gain, langileen aldetik ELA, CCOO, UGT eta ESK aurkeztu dira, eta hainbat bilera egin ditugu hilabete hauetan sindikatu hauekin. Confebask da hitzarmena negoziatu behar duena patronal gisa.

Bertaratutako sindikatu guztiok negoziazio mahaia eratzeko konpromisoa eta borondatea erakutsi dugu. Confebaskek esan digu ez duela bere burua patronaltzat jotzen negoziazio honetan eta ez dutela inolako erantzukizunik hitzarmen honen negoziazioan.

Patronalaren ordezkaria den aldetik, Confebask da negoziazio mahai hau osatzeko zilegitasuna duen subjektua. Argi dago ez duela borondate politikorik. Europako Justizia Auzitegiak sektore horren diskriminazioaren aurkako epaia eman du jada, eta 10 urtez eskatu ondoren, badirudi Espainiako estatuak LANEren 189. Hitzarmena berretsiko duela, eta horrek hobekuntza handia ekarriko lukeela etxeko langileen lan-baldintzetan. Hala ere, LABek urrats bat harago joatearen alde egiten du, EAEn etxeko langileen lan-baldintzak negoziatzeko esparru propioa sortuz.

Irmo salatzen dugu Confebasken utzikeria. Patronal jakinik ez dagoen sektoreetan Confebaskek hartu behar du bere gain erantzukizun hori. Beste behin, Confebaskek beste alde batera begiratzen du eta etxeko langileak miserian lan egitera kondenatu nahi ditu. LABek azken hiru urteetan sektoreari lege-esparru bat eskaintzearen aldeko apustua egin du, eta denbora luzez, langileekin sinatutako hitzarmenaren beharra eta edukiak landu ditugu. Confebask langileen eta negoziazio kolektiboaren aurka dagoenez, LABek honako hau adierazi du:

  • Argi dugu Confebaskek, aitzakien bidez, negoziazio kolektiborako eskubidea erasotzen duela. Ateak itxi dizkio milaka langilek beren lan- eta bizi-eskubideak negoziatzeari.
  • Patronalak ezarritako mugak alde batera utzita, guk ekintza sindikala bultzatuko dugu negoziazio mahaia eratu eta hitzarmena sinatzea lortu arte.
  • LABek Confebask juridikoki salatuko du eta auzitegietara eramango du.

Negoziazio kolektiboa langileen eskubidea da, eta patronalak ezarritako mugei aurre egingo diegu. Bide honetan aliantzak ezinbestekoak dira eta horregatik batasun sindikalerako eta babes sozialerako deia egiten dugu.

LABek etxeko langileen atal sindikal bat sortu du, eta EAEko etxeko langileen hitzarmen kolektibo bat lortzeko eman beharreko urratsak aztertuko ditu, sektoreko langile guztientzat irekita egongo den batzar ireki batean. Hau datorren larunbatean, ekainaren 11n, LABen Bilboko egoitzan egingo du eta 2019an abian jarri zuen hileko batzarren dinamikaren barruan kokatzen da.

Bizkaiko garbiketa eta merkataritzako langileek indarrak batu dituzte euren hitzarmenen aldeko greba egunean

Gaur egin dute Bizkaiko garbiketa merkataritzako langileek aurreikusitako lehen greba eguna eta bihar izango da bigarrena. Gaurkoan, garbitzaileek manifestazioa egin dute Bilbo, Deustuko Eulen garbiketa-enpresatik abiatuta eta merkataritzakoek, Arriagatik abiatu dute euren manifestazioa. Bi kolektiboek CEBEK patronalaren egoitza aurrean bat egin dute, Gran Viaren 50ean.

Bi kolektibo hauek, prekarizatuta eta feminizatuta daudenek, hilabeteak daramatzate beren hitzarmenengatik mobilizatzen, eta oraingo honetan bi eguneko greba-deialdi batean bat egin dute euren borrokek.

Garbiketaren sektorearentzat borroka historikoa izaten ari da honakoa, ia 30 urte baitzeramatzan grebara irten gabe, eta bi egun hauekin 7. eta 8. lanuzteak egingo dituzte. Aldarrikapen nagusia 1.200 euroko gutxieneko soldatak 15 ordainsaritan aitortzea da, eta hori lortu arte mobilizatzen jarraitzeko hautua egin dute.

Merkataritzako langileei dagokionez, 4. eta 5. greba-egunak dira hauek, eta grebak merkataritza orokorra, ehun merkataritza eta larru-merkataritza eta oinetako dendei eragingo die. Azken honetan, 15 urte daramatzate hitzarmen berririk gabe, eta mobilizazioaren ondorioz negoziazio mahaia berpiztea lortu dute. Oraindik ere, bide luzea dago aurretik, oraingoz patronalak igoera miserableak baino ez ditu eskaintzen, baina merkataritzako langileek borrokarako prestutasun guztia erakutsi dute ere.

Bi sektore hauetako emakume langileek argi dute: “Amaitu da bigarren mailako langiletzat hartzearena, etxean ‘laguntza’ bat suposatzen duten soldata osagarriak izatearena. Gure lana aitortzea nahi dugu, gure baldintzak duintzea nahi dugu, eta prest gaude antolatzeko eta horren alde borrokatzeko”.

Bihar ostirala, bigarren greba eguna izango dute bi sektoreetako langileek. 12:30ean, CEBEK egoitza aurrean eserialdia egingo dute. Bilboko Gran Viaren 50ean.

EAJ-PSEren gobernuari kultur aldaketa exijitzen diogu, eta lehen mailako arreta desegiteko estrategia bertan behera utz dezala

Sagardui Osasun sailburuak adierazpen oso larriak egin zituen atzo, eta zalantzan jarri zuen egungo lehen mailako arreta-eredua. “Kultura-aldaketa” gisa planteatu zigun aspaldidaniko osasun publikoaren aurkako murrizketen eta erasoen ondorioz erabiltzaileek beren gain hartu beharko dituzten joan-etorriak. Oraingo honetan familia-medikuak eta pediatrak beren pazienteengandik aldenduko dituzte murrizketa hauek.

Profesionalen ustezko falta Osakidetzako langileek pairatutako lan-prekarietate izugarriak eragindako arazoa da, eta kasu honetan bereziki, familia-medikuak eta pediatrak kontratatzeko politika traketsak eta lehen mailako arretan inbertsiorik ez egiteak eragindakoa, Europar Batasunak bideratzen duena baino askoz ere txikiagoa baita inbertsio maila.

Ez da onargarria osasun publikoko kudeatzaileek, ospitalezentrismoak jota daudenek, hamarkadak daramatzatenek lehen mailako arreta gutxiesten eta baliabidez husten, orain kultura aldaketa bat eskatzea erabiltzaileei, beren familiako medikuak eta pediatrak gero eta urrunago egotea onar dezaten. LABen ustez, argi dago kultura aldaketa Osasun sailak egin behar duela, ospitalzentrismoa eta harrokeria alde batera utziz. Izan ere, konponbide gisa saldu nahi dizkigutenak, herritarren eskubideak urratzen dituzten neurri kaltegarriak baino ez dira.

Premiazkoa da lehen mailako arreta indartzeko behar besteko partida ekonomikoa bideratzea. Inbertsioa handitu gabe ez da hobekuntzarik egongo lehen mailako arretan, baina inbertsioak eta jarduera-planak iragarri beharrean, EAJren eta PSOEren gobernuak ordutegietan murrizketak egingo direla eta familiako mediku edo pediatra bat eskuratzeko gero eta zailtasun handiagoak izango direla iragarri digute.

Harrigarria da sailburua profesional faltaz hitz egitera ausartzea, %55eko behin-behinekotasuna duen erakunde batean. Gero eta nabariagoa da Urkulluren gobernuak gero eta murritzagoa den osasun-eredu bat planteatzen duela, herritarren osasun eskubidea bermatzen ez duen lehen mailako arreta bateruntz pausoak emanez.

Horrekin guztiarekin batera, eta sinkronizazio eta ados jartze lotsagabean, aseguru pribatuek publizitate- kanpainetan murgilduta jarraitzen dute, osasun publikoa oro har eta lehen mailako arreta bereziki jasaten ari den higadura aprobetxatuz, eta, horren ondorioz, herritar ugari aseguru pribatuak kontratatzen ari dira. Bi abiadurako osasuna jada aurre egin beharreko errealitatea da.

EAJ eta PSOE dira lehen mailako arretaren hondamen programatu horren erantzuleak, baita atzo egindako adierapenenmodukoekin osasunpublikoarenizenonagaltzearenerantzuleakere.

Duela egun batzuk, osasun-zentro guztiak 17:00etan itxiko zirela iragarri zen, eta horietako askok ordutegi horiek udatik aurrera mantentzeko arriskua dago, landa-eremuetan neguan izandako itxierako ordutegiak finkatu diren moduan.

Osasuna guztiontzat ondasun komuna eta bakarra bada ere, argi dago joan-etorrien gaia bereziki landa- eremuetan bizi diren pertsonei zuzenduta dagoela, horiek baitira arretaren murrizketa sakonena jasaten urteak daramatzatenak.

Osasun Sailaren politika pribatizatzaile eta antisozialak ezin dira aldatu biztanleriaren etengabeko presiorik gabe. Gaur egun aldaketa kultural gisa aurkezten diren eta murrizketak eta betiko osasun publikoaren aurkako erasoak besterik ez diren neurriek sortuko dituzten arazo larriez jabetu behar gara.

Egonkortze prozesuei buruzko dekretuaren aurka mobilizatu gara Iruñean

Nafarroako Parlamentuan plantillak egonkortzeari buruzko foru lege dekretuaren konbalidazioa eztabaidatzen zen bitartean, elkarretaratze bat egin dugu Parlamentuaren aurrean.

LAB dekretu horren aurka dago Administrazioan dauden behin-behinekotasun indize ikaragarriak konpondu behar ez dituelako eta langileen artean konparaziozko bidegabekeria handiak eragin behar dituelako. LABen iritziz, Nafarroako Gobernuak ez dio behar den seriotasunez heldu gaiari, eta Madrilek ezarritako baldintzei men egin die.

Zerbitzu publikoetako langileek euskara jakin behar dute #LortuDugu

Duela gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Uliazpi Fundazioaren deialdi publikoan eskainitako plazei HE2 hizkuntza-eskakizuna esleitzearen aldeko epaia eman da. Deialdi hori 34 zaintzaile-plaza betetzeko da, oposizio- lehiaketa bidez.

Alderdi demandatzaileak zalantzan jarri zuen aipatutako deialdian hizkuntza-eskakizuna eskatzeko beharra, eta alderdi demandatuak, LAB sindikatuko ordezkariek eta langileek parte hartu zutenak, argudiatu zuen errekurritutako ebazpena indarrean dagoen araudian aitortutako hizkuntza-eskubideen ondorioa baino ez zela.

LABen ustez, azken epai horrek argi eta garbi azpimarratzen du euskararen aurkako eraso guztien aurrean legearen, sindikatuen eta herritarren defentsa bideratzeko beharra.

Orain arte bezala, LAB sindikatuak berretsi du euskararen aldeko jarrera aldaezina izaten jarraituko duela, hizkuntza-eskakizuna ezinbestekoa baita artatutakoen eta haien senideen hizkuntza-eskubideak errespetatuak izan daitezen.

Gure ustez, euskara jakitea nahitaezko da Administrazioak hizkuntza ofizialetako edozeinetan lan egin eta zerbitzuak eman ahal izateko, euskaraz lan egin dezakeen administrazioak bakarrik bermatuko baititu herritar guztien hizkuntza-eskubideak.

Arabako Esku-hartze Sozialean bi greba egun egingo ditugu, ekainaren 17an eta 22an

Arabako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren negoziazioan izandako blokeoa salatzeko mobilizazio askoren ostean, sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok greba-deialdi bateratu bat adostu dugu, eta funtsezko sektore hau sostengatzen duten langileek merezi duten benetako hitzarmen duin bat lortzeko, negoziazioan berehala aurrera pausuak ematea eskatu dugu. Grebak ekainaren 17an eta 22an izango dira.

Patronalak hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen duela salatu dugu LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok, Gasteizen egindako agerraldi bateratuan.