2024-12-06
HomeEkintza Sindikala"Jakitun gara etxeko langileen hitzarmenaren sinadura ez dela erraza izango, baina sail...

“Jakitun gara etxeko langileen hitzarmenaren sinadura ez dela erraza izango, baina sail sindikala indartsu dago”

Aste hau giltzarri izan daiteke duela hiru urte abiatutako ibilbidean. Hain zuzen ere, EAEko etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaia osatzeko hitzordua ostegun honetan da, eta Confebask patronala deitu dugu bertara. Zerbitzu Soziokomunitarioen sektoreko kide Ane Escondrillasekin hitz egin dugu, bileraren atarian.

EAEo etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaia eratzeko eskaera egin duzue. Aurretik, etxeko langileen sail sindikala osatu duzue. Noiz hasi zineten hau guztia mugitzen?

Sindikatuko azken kongresuan, sindikalizatu gabeko sektore prekarizatuetara heldu eta langileak antolatzeko tresna izateko hautua egin genuen. Orain dela hiru urte hasi genuen ibilbidea, eta, egun, sindikatuan etxeko langileen lehen sail sindikala osatu dugu, sindikaturako bai langileentzako apustu politikoa izan dena.

Nola izan ziren lehen urratsak? Zein helbururekin?

2019an lehen pausoak eman genituen. Etxeko langileen elkarteekin batu ginen Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Sindikatu bat garen heinean, negoziazio kolektiboaren bitartez sektorerako hitzarmen kolektibo bat borrokatzeko aukera ireki nahi genuen. Elkarteek begi onez baloratu zuten gure proposamena eta bideari ekin genion.

Hitzarmen kolektiboaren beharra eta oinarriak lantzeaz gain, hiru urte hauetan dinamika eta mobilizazio asko egin ditugu. Langileekin harreman sendoak sortu dira eta sindikatuarekiko atxikimendua handia da, hortik sail sindikala osatzeko beharra.

Nola antolatu zarete?

Hilean behin, asteburuetan langileen asanbladak deitzen ditugu Bilbon. 70 langiletako talde bat dugu osatua eta modu egonkorrean eta aktiboki 30 kidek parte hartzen dute hilero burutzen ditugun asanbladetan. 2019tik daramate LABeko markoan antolatuak hogeinaka etxeko langile. Kontuan izan behar dugu etxeko langileen sektorean lanak oso aldakorrak direla; herriz eta hiriz aldatzen dira maiz, askok interna moduan lan egiten dute, orduka, etxe eta herri ezberdinetan… Errealitatea hau izanda ere, asanbladarekiko konpromisoa eta inplikazioa itzela izan da.

Lehen hitzarmen koletiboaren negoziazio mahaia osatzeko hitzordua ostegunean da. Zer espero duzue patronalaren aldetik; Confebask-en aldetik, kasu honetan?

Sektore honetan, non ez dagoen langileen ordezkaritzarik ez patronal zehatzik, argi dugu Confebask-eri dagokiola hitzamenaren negoziazioa. Ostegunean bilatzen dugun eszenatokia mahaia negoziatzailea eratzea eta hitzarmenaren edukietaz hitz egiten hastea da, baina seguruenik hori ez da gertatuko. Confebask negoziazioei ezetz esaten ari da. Horregatik, erronka berri bat dugu aurrean. Bide judizialetik, baina batez ere sektorean ekintza sindikala bultzatuz eta piztuz, aurre egin beharko diogu aurreikusten dugun Confebask-en utzikeriari. Gauden momentura heltzeko bidea luzea izan da. Jakitun izan gara beti etxeko langileen hitzarmenaren sinadura ez dela erraza izango, baina sail sindikala indartsu dago.

Era berean, Eusko Jaurlaritza eta Enplegu Saila interpelatzen ditugu, hitzarmen hau lortzearen aldeko konpromiso politiko eta instituzional argia izan dezaten.

Eta zer espero duzue beste sindikatuen aldetik?

Ordura arte izan ditugun bilerak baikorrak izan dira. Gure aldetik espero dugu, euren ardura sindikaletik, prozesu honetan lanean egon diren langileekin eta sektorearekin konpromisoa hartzea. Denborarekin ikusiko dugu zer norabide hartzen duen intersindikalak. Momentuz, batasun sindikala beharrezkoa dela uste dugu. 

Zeintzuk dira etxeko langileen aldarri nagusiak?

Plataforman jaso ditugun aldarri guztiak garrantzitsuak eta funtsezkoak dira. Erregimen berezi baztertzaile bat izatetik EAE mailako hitzarmen kolektibo bat izatera pasako litzateke. Plataforman langileen funtzioak definitzen dira, kaleratzeak arautzen dira, ordutegia zehazten da eta horrekin aparteko orduen konpentsazioa, atsedenaldiak zehazten dira, prebentzio eta lan osasuneko elementuak jasotzen dira, indarkeria fisiko, sexual eta psikologikoaren aurrean prebentzio neurriak zehazten dira… Hitzarmenaren plataforma langileen asanbladan landu eta osatu dugu, metodologia parte hartzaile baten bitartez.  

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Abenduaren 6an ez daukagu ezer ospatzeko

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Ez ospatzetik harago, Euskal Errepublikaren aldeko konpromisoan berresteko eguna da LABentzat. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gure egoitzak zabalik egongo dira, ostiraletako ohiko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara.

Langile baten kaleratze bidegabea eragin duen zigor-politika ari da aplikatzen PEPSICO

Enpresa batzordea Etxebarri-Ibiñako lantegiaren aurrean mobilizatu da, eta argi eta garbi esan du PEPSICOn ez dagoela inor soberan eta kaleratzea guztiz bidegabea dela. Horrez gain, kaleratutako lankidea lanera bueltatzea eskatu du.

LABek ez du Ilunion enpresaren akordioa sinatuko eta desadostasuna adierazteko mobilizatu da

LAB eta ELA sindikatuek deituta, Ilunion enpresako Beriain eta Noaingo lantegietako langileek, ONCE Fundazioarenak diren eta ikuztegi industrialeko zerbitzuak eskaintzen dituzten enplegu zentro berezietakoek, elkarretaratze bana egin zuten atzo, hitzarmen berriaren negoziazio mahaian sindikatu horiek alde batera utzi dituztela salatzeko. LABek ez du akordio hori sinatuko, langileen behar eta aldarrikapen nagusiak jasotzen ez dituela uste duelako.