2026-01-13
Blog Page 302

Gaude elkarteko langileek 1.000 egun beteko dituzte hitzarmen berri bat sinatu gabe

Gaude elkarteak aniztasun funtzionaleko pertsonekin egiten du lan, 150 langile ditu eta LABeko 9 ordezkarik osatzen dute bere enpresa-batzordea. Bi urte baino gehiago daramatzate hitzarmenik gabe eta, gaur, prentsaurrekoa eman dute elkartearen egoitzaren aurrean, Leioan, euren egoeraren berri eman eta eskubideen alde abiatuko duten kanpaina aurkezteko.

Enpresa batzordearen oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Irailaren 26an, Gaude elkartean 1.000 egun igaroko dira hitzarmen berri bat sinatu gabe. Egun horietan, langileak baldintza hobe batzuetan jarriko dituen hitzarmen berri bat sinatzeko ahal izan dugun guztia egin dugu. 2018an, gure lehenengo hitzarmen bakarra sinatu genuen 40 urteetan. Hitzarmen hori 2019an iraungi zen, eta harrezkero ez dugu berritu, erakundeko zuzendaritzaren aldetik konpromisorik ez dagoelako, eta, nola ez, egoera berean bizi diren gainerako elkarteetan bezala, egoeraren erantzule ere diren Udal eta Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromiso faltagatik.

1.000 egun hauetan hainbat aldiz bildu gara zuzendaritzarekin, eta zuzendaritzak ez dio bilera egiteari uko egiten, bere betebeharra baita, baina bai gure proposamenei ezetz esateko asmo argiarekin heldu dio bilera guztiei. Gure proposamenak argi daude, sendoak dira eta inoiz baino indarraldi handiagoa dute; ez dugu erosteko ahalmena galtzen jarraitu nahi, urte guzti hauetan % 14 baino gehiago galdu baitugu eta KPIari lotutako soldata-igoera eskatzen dugu, kontratu finko gehiago eskatzen ditugu , egun behin-behinekotasun tasa oso handi batean gaudelako eta lege iruzurrean egindako kontratazioekin, elkarteko langile guztientzako prestakuntza, euskalduntze-prozesua, lan-segurtasuna hobetzea, soldata-eskala bikoitzak haustea eta hautaketa-prozesu argi, garden eta objektiboak izatea. Hau da, hitzarmen honetan langileoi dagokiguna eskatzen dugu, hainbatetan ezinbestekoak garela entzun ondoren, berriz ere ikusezin bihurtu gara. Horregatik, uste dugu eta eskatzen dugu negoziazio honetan Gaude Elkarteko langileen bizi eta lan-baldintzak hobetzea.

Baina arazo hori ez da Gaude Elkartearena bakarrik, egoera berean daude beste erakunde batzuk ere: Gorabide, FEEKOR, Apnabi, Madres mercedarias eta beste hainbat. Erakundeek, udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute konpromiso argirik hartu egoera honi konponbidea emateko eta zerbitzua nahiz sektorea prekarizatzen jarraitzeko hautua egin dute. Erakundeei finantzaketa emateaz arduratzen dira, bai proiektuen bidez, bai diru publikoaren bidez, eta, ondoren, beste alde batera begiratzen dute sektorea eta sektoreko langileak prekarizatzen dituztenean eta lan eta bizi baldintzak kaskartzen dituztenean.

Sektore honetako  ordezkari sindikalak gero eta indartsuagoak gara eta inoiz baino elkartuago gaude. Eta horrek antolaketan zein ekintzetan laguntzen digu. Ez dugu ezer bidegaberik eskatzen, gurea dena baizik, sektoreko langileona dena. Horregatik, erakundeetan eta kaleetan sektoreko hitzarmen probintzial baten aldeko presioa egiten jarraituko dugu, eta hori mugarri historikoa da sektorearentzat.

Horregatik, guztiagatik, datozen 10 egunetan egingo ditugun mobilizazioen edo ekintzen egutegia aurkezten dizuegu, irailaren 26an Algortan egingo dugun mobilizazioarekin bukatuko dena. Beste erakundeetako gainerako kideekin batera, hitzarmenik gabeko gure 1.000 egunak salatzeko eta hitzarmen probintzialaren beharra aldarrikatzeko. Bertan elkar ikusiko dugulakoan!

Greba mugagabeari ekin diote SuperBerriak-eko langileek

Esan eta egin. SuperBerriak-ek EEEa atzera bota ezean, greba mugagabeari ekingo ziotela iragarri zuten langileek, eta hala egin dute. Oso arrakastatsua izan da lehen greba eguna.

Ez dago dendak itxi eta 70 lanpostu suntsitzea justifikatzen duen arrazoi ekonomikorik. Beraz, EEEa honek ez du izateko zentzurik. Hala salatzen jarraituko dugu aurreikusitako mobilizazioetan.

Tolosako SAM enpresa aurrean mobilizatu gara, Gipuzkoako grafikagintzako negoziazio mahaia blokeatuta dagoela salatzeko

Elkarretaratze bat egin dugu Tolosako SAM enpresaren aurrean, Gipuzkoa mailako grafikagintzako hitzarmen duin bat eskatzeko, deituko ditugun greben atarian. Datorren astean, irailak 20, Elduaienen mobilizatuko gara, 11:00etan, CORENSOren aurrean.

Hain zuzen ere, Adegik blokeatuta du grafikagintza sektoreko negoziazio-mahaia. Honen aurrean, sektoreko langileok mobilizazioetara eta grebara joatea beste erremediorik ez dugu. Horrela, sektoreko lehen indarra den LABek lau greba deituko ditu Gipuzkoako grafikagintzan: irailaren 27an eta 29an eta urriaren 4an eta 6an. 

Borondate eza

SAM enpresa aurrean elkarretaratzea deitu dugu, grafikagintzako sektoreko negoziazio mahaia blokeatuta dagoela salatzeko.

Azken bilera maiatzean izan zen, eta, geroztik, patronalak ez du negoziaziorako borondaterik adierazi. Eta, gure aldetik, beraien azken proposamena guztiz ez nahiko dela kontsideratzen dugu. Soldataren inguruko eskaintza KPI-a azpitik proposatzen dute eta gainerako edukien inguruan ere aurrera pausorik ez.

Hauxe da beraien azken proposamena:

• 4 urteko iraupena
• Soldatak:
% 3ko igoera 2022rako
KPIaren igoera 2023rako, % 2ko mugarekin
KPIaren igoera 2024rako, % 1eko mugarekin
KPIaren igoera 2025erako, % 1eko mugarekin

Igoera hauek ez dute inondik inora sektoreko langileen erosteko ahalmena bermatzen, are gehiago bizitzaren garestitzea gure poltsikoetan izugarri nabaritzen ari garen honetan.

Gainera, sektoreko lan kargak ez dira jaitsi eta ez daude benetako arrazoiak hitzarmen honetan aurrera pausorik ez emateko. Industriako beste sektoreetan, eraikuntzan eta papergintzan sinatu badira, zergatik ez grafikagintzan? Gure aldetik argi dugu: Kapitalak berak sortutako krisi berri honi begira patronalak sortzen dituen aitzakiak baino ez dira.

Horregatik mobilizazio eta grebetara jotzea baino ez zaigu geratzen hitzarmen duin bat lortu nahi badugu.

Aste honetan eta datorren astean enpresetako langile batzarrak bultzatuko ditugu eta jada batzar hauek egin dituzten enpresa batzuen erantzuna oso ona izaten ari da. Momentuz, grebarekin bat egingo dute SAM, Cicarsa eta Corenso enpresetan.

Zentzu honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu Adegin ordezkaritza duten enpresa erreferentzial batzuetan interpelazio zuzena egitea, hauek negoziazio mahaian irtenbideak bilatzeko eragin dezaten. Horregatik gaur SAM enpresa aurrean elkarretaratzea deitu dugu, eta, datorren astean, irailaren 20an, sektoreko beste enpresa den Corenso aurrean elkarretaratuko gara.

Honekin batera, eta bidean ez badugu soluzio biderik topatzen, 4 greba egun deituko ditugu: irailak 27 eta 29, eta urriak 4 eta 6.

Lanuztea eta greba deitu ditugu Gas To Move enpresan, Gasteizko langile guztientzat kontratua iraungitzeko enplegu-erregulazioko espediente bat aurkeztu ondoren

Gas To Move enpresaren Arabako langileek hilabeteak daramatzate aldarrikatzen enpresak Arabako Garraio Hitzarmena aplika dezala, Mezularien Estatuko Hitzarmenaren ordez, hori baita modu desegokian aplikatzen dena.

LAB sindikatuak Gatazka Kolektibo bat aurkeztu du Arabako Garraio Hitzarmena aplikatzea exijitzeko. Hori dela eta, enpresaren erantzuna Gasteizko langile guztientzako kontratua azkentzeko EE espedientea aurkeztea izan da, eta argudiatu du Fedexek hautsi egin duela enpresa horrekin Araban zuen kontratua.

LABek EE kentzeko eskatu dio enpresari, eta enpresaren jarduerari eusteko balizko neurriak aztertzeko prest gaudela adierazi du.

Pentsaezina da estatu osoan ezarrita dagoen eta hainbat enpresarekin kontratua duen enpresa bat ez izatea gai irtenbide bat bilatzeko Araban dauzkan 7 langileentzat, eta horregatik, baieztatzen dugu azkentzeko enplegu-erregulazioko espediente horretarako arrazoi bakarra Arabako Garraio Hitzarmena aplikatzeak sor dezakeen gain kostua dela.

LABek, Gas To Move enpresako langileekin batera, ez du etsipenik izango erabaki horren aurrean, eta horregatik, Gas To Move enpresako langile guztien lanpostuak defendatzeko, irailaren 15erako lanuztea deitu dugu, baita irailaren 16tik 22ra arteko greba ere, enpresa azkentzeko EE espedienteko hori kentzera behartzeko.

Arcelorrek beste urrats bat eman du urte luzeetan egin duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espendientearen erabilera interesatuan

Atzo egindako bileran, 2023 urtearen bukaera arte luzatuko den Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE) aurkezteko aitzakiak azaldu zizkigun langileon ordezkariei.

Aspalditik heldu da Arcelorrek ABEEEn erabilera interesatua egitearen jarrera. 10 urtez luzatutako ABEEEa horren adibide dugu. Inongo lotsarik gabe beraientzako malgutasun tresna bat dela adierazi izan dute. Oraingoan, norabide horretan beste urrats bat eman du eta malgutasun tresna izatetik espekulazio tresna izatera pasa da.

Lan zama arazorik ez eta 2021. urtean 13.000.000.000 eurotako onurak eta 2022ko lehendabiziko hilabeteetan errekorreko irabaziak ere izan dituen enpresa batek urte bat baino gehiago luzatuko zen ABEEE baten erabilera mahaiaren gainean jartzea lotsagarria baino gehiago da. Eta beste behin ere, lantegi bakoitzeko errealitatea kontuan hartzetik urrun, estatu mailako negoziaketa bat da planteatu dutena.

Esan beharra dago ere ABEEEn erabilera mota hau ez zela egin ahal izanen lan erreforma eta erreformaren erreforma kaxkarrei esker izango ez bazen, UGT eta CCOOk modu triunfalistan saldu zutena.

Guzti honen aurrean LABek posizio garbia du, ez gara joko horretan sartuko, langileok ez gara enpresaren tresnak, ez gaituzte erabiltzen ahal nahi dutenean altzairuaren edota energiaren prezioaren arabera, are gutxiago, esan bezala, urtez urtez errekorrezko onura ekonomikoak pilatzen ari direnean.

Aski dela esateko garaia da, ez dugu onartuko langileokin espekulatzea berriro ere, eta horretarako gure eskuetan dauden tresna guztiak baliatuko ditugu.

Suhiltzaileak LEP bateratuaren irizpide onartezinen kontra mobilizatu dira Gasteizen

LABeko EAEko suhiltzaileek mobilizazioa egin dute Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren aurrean, Gipuzkoa eta Arabako kolektibo honetako langileen EPEaren izen emate prozesuan inposatutako irizpideak onartezinak direla salatzeko.

LABeko suhiltzaileen irakurketa:

Gipuzkoa eta Arabarako LEP bateratu honen kudeaketaren aurkako jarrera azaltzen genuenean esaten genuen: negoziatzeko markoren ezaz gain, argi geneukan Arkauteko akademiak, Gipuzkoa eta Arabako Aldundiekin batera kudeatuko duen LEP honek, suhiltzailearen figura eredu polizialera gerturatzeko asmoa zuela. 

Argi geratu da beldurra izateko arrazoia genuela izena emateko prozesua ireki denean. Nahiz eta oposaketako oinarrietan halakorik ez agertu, hurrengo hauek betetzera behartu dituzte opositoreei izen ematearekin aurrera jarraitu ahal izateko.

â—Ź Opositoreak onartzen duela azterketa psikoteknikoak tresna baliagarriak direla balorazioa egiteko. Hau da, debekatu nahi dute inpugnazioak egiteko eskubidea. Ondo dakite froga psikoteknikoen aurka gaudela sindikatu guztiak eta suhiltzaileen kolektiboa, ez direlako gardenak, aukera ematen dutelako beraiek nahi dutenak aukeratzeko. Ondo dakite ere, behin baino gehiagotan inpugnazioak egon direla eta irabazi direla. Horregatik asmatzen dute astakeria hori. Negoziatzen lortu ezin dutena, inolako lotsarik gabe inposatzen dute.

â—Ź Opositoreak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari baimena ematen diola delituei edo funtzio publikoak betetzeko ezgaitasunei buruzko txostenak eskatzeko. Plazaz jabetzean, auzipetua edo ezgaitua ez izatea, erreserba askorekin, baina kasuen arabera onar dezakegu. Baina inola ere ez dugu onartuko izena emateko prozesuan hori egitea. Horrek ehunka izangairen datuak babesteko eskubidea larriki urratzea dakar, eta pertsona horien guztien fitxa poliziala ematen dio Poliziaren Akademiako zuzendariari eskubiderik ez duenean horretarako.Gainera, aukera ematen die administrazioei bizitza eta aurrekari pertsonalak espiatzeko eta horren araberako hautaketa egiteko. 

Zuzendari nagusiak erabakiko du eta Arkauteko bulego ilunetan egingo da kriba hori.

EZ DUGU ONARTUKO SUHILTZAILEEN ZERBITZUA 

EREDU POLIZIALERA HURBILTZEA

EZ DUGU ONARTUKO BIZITZA PERTSONALEKIN ESPIOITZA EGITEA

HERRITARRENGANDIK GERTUKO SUHILTZAILEEN ZERBITZU BATEN ALDE BORROKATZEN JARRAITUKO DUGU 

ETA EGOERA HAU SALATUKO DUGU.

Nafarroan astebetean hiru lan heriotza gertatu direla salatu dugu Lan Departamentuaren aurrean

“Noiz arte jarraituko du CEN patronalak bere erantzukizuna bere gain hartu gabe? Laneko segurtasun-neurriak bete gabe jarraitu nahi al dute enpresariek, iazko hildako langileen kopurua gainditu arte?”.

Galdera horiek egin ditugu Iruñean, Lan Departamentuaren aurrean egindako mobilizazioan, Nafarroan astebetean gertatutako hiru lan heriotzen harira. Euskal gehiengo sindikaletik deitu dugu elkarretaratzea.

Dagoeneko 57 langile hil dira aurten lan istripuz Euskal Herrian, horietako 14 Nafarroan.

Ikasturte hasiera kaotikoa izaten ari da EAEko Heziketa Berezian

2022/23 ikasturtea hasi zenetik 15 egun pasa direnean, EAEko Hezkuntza Sailak Heziketa Berezian oraindik hutsik dauden hezitzaileen lanpostuen banaketa eta ordezkapenak nola kudeatzen ari den salatzen du LABek. Akats larriak egiten ari dira, ordezkoen araudian eta Ordezkagunea martxan jartzeko akordioan jasotakoak urratzen ari baitira etengabe:

–  Lanpostu hutsen (bakanteen) eta ordezkapenen eskaintza ez da behar bezala egiten ari. Eskaintza egiterako orduan ez da hezitzaileen kolektiboan Ordezkagunea indarrean jartzeko akordioan jaso zena errespetatzen. Langile askori ez zaie lanpostu hutsak eskaintzeko mezurik iristen, eta ondorioz kontratu hobekuntzak lortzeko aukerak galtzen dute.

–  Lanpostu asko daude hutsik ikasturtea hasi zenetik eta aldi berean langile bat baino gehiago lanpostu edota ordezkapen berdinak betetzera bidaltzen ari dira.

–  Langileek ez dute arreta zerbitzu eraginkorrik.

LAB sindikatuak hamaika erreklamazio egin baditu ere, gaur gaurkoz erantzun gabe daude. Egoera honen aurrean, premiazko eskaera egin dugu mahai parekidea biltzeko. Eskoletan dagoen egoera eta langileei ematen ari zaien tratua jasangaitza dela irizten diogu, baita hezkuntza zerbitzuaren kalitatean negatiboki eragiten duela ere. Beraz, Hezkuntza Sailari exijitzen diogu kaos egoera hau lehen bait lehen konpontzeko.

Langileon aldarrikapenak kontuan izan eta hezkuntza-sistema propio bat eraikitzeko eragiten jarraituko dugu

Hurrengo egunetan sakontasun handiagoarekin aztertuko duen arren EAEko hezkuntza legearen aurreproiektua, LABek hezkuntzako langileon aldarrikapenak lortzeko eta egungo hezkuntza-sistema gainditzeko borrokan jarraituko duela dio. Bide batez, lege-proposamenari emendakinak hobetzeko proposamenak egingo dituela iragartzen du eta hurrengoa adierazi.

Lege proiektu batek ondoren garapena behar izaten badu ere, oraingo honetan, atentzioa ematen du, Lege aurreproiektu honetan, ondoren dekretu edo erreglamendu bidez arautzeko, hainbat gauza geratzen direla asmo hutsean, irekian edo zehaztasun maila handiegirik gabe. Hainbat dira, LABen ikuspegitik, argitu edota hobetu beharreko puntuak.

Nazio ikuspegiari dagokionez, autonomia estatutuak ezarritako esparrutik haratago inolako adierazpenik jasotzen ez duen lege-proposamena dela uste du LABek, hezkuntza eskumen osoaren transferentziari uko eginez. Euskal Hezkuntza sistema propioa egituratzea oztopatzen duen marko juridiko politikoa ontzat eman eta Euskal Herrirako hezkuntza-sistema burujabean urratsak emateko planteamendurik ez duena. Ildo horretan faltan botatzen du hezkuntza-sistemarako egiturazko bide-lerroa izan beharko litzatekeen Euskal Curriculumik ez agertzea aurreproiektuan, Jaurlaritzak bere eskumen guztiak baliatuta adituekin eta eragileekin elkarlanean osatu lezakeena.

Hizkuntzari dagokionez, euskaran zentratuko dela dioen arren, zehaztasun falta salatzen dugu. Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas eredu bakarra ezartzeko hizkuntza-ereduak desagertzeko asmorik ez du agertzen.

Hezkuntza-sistemaren antolaketari dagokionez, berriz, Euskal Hezkuntza Zerbitzuari “Publiko” abizena jarri diote, egungo sistema duala betikotu eta mantendu asmoz; titularitate publikoko eskolak eta titularitate pribatuko ikastetxeak, denak, publikotzat tratatuz. LABek uste du izaera edo bokazio publikoko ikastolak eta ikastetxeak badaudela; zerbitzu publikoa eskaintzen duten arren, oraingoz sare publikoan ez daudenak. Eta horietaz gain, oraindik orain irabazi asmoa duten edota doktrinamendu erlijiosoa hezkuntza-proiektuan txertaturik duten ikastetxe itunduak ere.

Gabezia nabarmenena euskal hezkuntza zerbitzua osatuko luketen ikastetxeen betekizunak betearazteko kontrol mekanismoetan dagoela uste du LABek, bereziki, betebeharrak betetzen ez dituzten ikastetxeek izango dituzten ondorioak ez dituelako jasotzen aurreproiektuak; doakotasunari, euskalduntzeari, hezkidetzari edo inklusioari dagokionez, adibidez. Erabat kezkagarria da laikotasunaren afera, oso modu lausoan agertzen da eta ez du bermatzen diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan doktrinamendu erlijiosorik ez dutenik egingo. Bide beretik, jatorri edo maila sozio-ekonomikoagatiko segregazioari aurre egiteko neurri batzuk jaso arren, ez ditu zehazten orain arte halakoak (kuoten kobratzeko debekua, erroldetako iruzurrak…) saihesteko erabili diren trikimailuei aurre egiteko tresnak.

LABek uste du hezkuntza-legea sare publiko bakarrerako trantsizio tresna izan beharko litzatekeela, era deszentralizatuan antolatutako sarea eta partehartze eta autonomian oinarrituriko eskola anitzek osatua. Bide horretan publifikazio aukera eta araudia -alde sozialarekin negoziatu beharrekoa- hala nahi duten ikastetxe guztientzako izatea aldarrikatzen du LABek, ez soilik Hezkuntza Sailak erabakitzen dituen horientzako.

Eskola Publikoa ardatz izan dadin, Eskola Publikoaren Plan estrategikoa berehala aurkeztea eskatzen dugu. Bertan kuantifikatuko diren neurri eta inbertsioak dituela azpiegiturei, lan-baldintzei, laguntza eta berrikuntza arloei, publifikazioari edo azpikontrataturiko zerbitzuen errebertsioari dagokionez.

Bukatzeko, aurreko eskakizunez gain, zuzenean hezkuntza-sistemako langileen kolektibo bakoitzaren lan- baldintzei eragiten dieten aldarrikapenetan jarriko du arreta LABek: langile publikoak kontsolidatu eta egonkortzean, lan-hitzarmenak berritzeko beharrean, soldata arrakalarekin bukatzeko neurrietan, itunpeko langileen lan-baldintzen homologazioan eta horien kontratazioaren kontrol-mekanismoetan, publifikazio araudiaren negoziazioan, azpikontrataturiko langileen homologazioan eta zerbitzu horien errebertsioan, langile guztien euskalduntzean, plantillak gazteberritzeko neurrietan, kontziliaziorako neurrietan eta lan osasunean.