2026-07-31
HomeEkintza SindikalaNafarroako Zuraren Hitzarmena, sektoreko negoziazio kolektiboan borrokari uko egitearen bertze adibide bat

Nafarroako Zuraren Hitzarmena, sektoreko negoziazio kolektiboan borrokari uko egitearen bertze adibide bat

Nafarroako Zuraren industriaren hitzarmen kolektiboari buruzko gaurko bileran, ELA eta CCOO sindikatuek eta ADEMAN eta ACEN patronalek sektoreko langile-klaseak behar duena izatetik oso urruti dagoen akordioa lortu dute. Bertze adibide triste bat negoziazio kolektiboan, borrokari berriz ere uko egin baitzaio azkenean patronalaren planteamenduak onartzeko.
Ez da harritzekoa gaur lorturiko akordioan CCOO egotea. Bai, ordea, ELA egotea; izan ere bere diskurtsoetan behin eta berriz erraten dute ez dutela hitzarmenik sinatzen baldin eta KPIren igoera bermatzen ez bada. Oraingoan ikusi behar izan dugu nola ELAk —sektoreko ordezkaritza sindikalaren %50 inguru du— ontzat eman dituen patronalaren kalkuluak, 2021eko KPIari (%6,6) 2020ko KPI negatiboa (-%0,6) kenduz, eta 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera soldataren %6ko igoera adostuz. Eta uko horrek ekarriko du sektoreko langileek ezin eutsi ahal izatea erosteko ahalmenari.
Erosteko ahalmena ez bermatzeaz gain, bi urteko indarraldirako akordio baten aurrean gaude, gainerako gaietan inolako aurrerapenik edo hobekuntzarik izan gabe. Horrez gain, urtean 8 orduko baimen ordaindua dugu ezkontideari, izatezko bikotekideari eta odol-ahaidetasuneko 1. mailako senideari tratamendu onkologikora laguntzeko. Baimen horrek ez die langileen beharrei erantzuten, kasu horietan sortzen zaizkien benetako premiei.
LABek azpimarratu nahi du akordio eskas horretara iritsi dela, sindikatu honen atsekaberako, patronalaren planteamenduak hobetzearen aldeko inolako mobilizazio edo borroka bultzatzatzeari uko eginez. Eta, azkenean, ELAk eta CCOOk patronalaren planteamendu horiek onartu dituzte, noski. Puntu honetara iritsita, galdetu beharko genuke zergatik utzi diren arautu gabe bi urtez sektoreko langileen lan baldintzak, azkenean patronalek ezarri dutena onartzeko.
LAB beti egonen da prest Nafarroako Zurgintzako langileen lan-baldintzak hobetzearen alde borrokatzeko eta horretarako, une honetatik aurrera, hurrengo hitzarmenaren negoziazioan jarriko dugu arreta.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.