2026-05-01
Blog Page 279

Lan esplotazioarekin eta migrazioaren kriminalizazioarekin amaitu beharra dago

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da bihar, martxoak 21. Bada, LAB sindikalismo antiarrazista baterantz doa, lan-esplotazioa eta migrazioaren kriminalizazioa arbuiatzen ditu eta Hego eta Ipar Euskal Herriko gobernuei premiazko justizia eta erreparazio neurriak eskatzen dizkie.

Euskal Herrian migrazioa eta eredu sozioekonomikoaren aldaketak batera joan dira. Azkenaldiko fase historiko bakoitzean ikus daiteke: industria-oparotasuna, krisia, berreskuratzea eta zerbitzu-ereduan sakontzea, eta orain covid-19aren osteko krisia. Beste lurralde batzuetatik iristen diren pertsonen etorrerarekin, harrerarekin eta enplegu bidezko “integrazioarekin” lotuta daude guztiak.

Pertsona horiek, eraikuntzako eta industriako sektoreetako langile aktibo gisa, tokiko lan-merkatuaren beharrak bermatu zituzten, 90eko hamarkadatik 2000ko hasierara bitartean EAEko eta Nafarroako merkatuaren funtzionamenduaren eta hazkundearen logika bermatuta. Halaber, azken hamarkadetan, gero eta nabarmenagoa da langile horien ekarpena funtsezko sektoreetan, hala nola zaintzan, nekazaritzan, arrantzan, baso-ustiapenean, elikadura-industrian, banaketan, logistikan eta ostalaritzan.

Hala ere, langile horietako gero eta gehiago daude lan- eta bizi-baldintza okerretan. Langabezia, prekarizazioa, eskubideen urraketa, irregulartasuna, behin-behinekotasuna eta partzialtasuna, soldata-arrakala, mugagabeak ez diren kontratuak, gizarte-segurantzan kotizaziorik ez izatea eta gizarte-babesik eza dira langile horiek lan-merkatuan duten posizioa markatzen duten elementuetako batzuk. Horrekin batera, indarkeria instituzionalak, normalizatutako arrazakeria polizial eta sozialak, poliziaren gehiegikeriak, estigmatizazioak eta gorroto-diskurtsoek eredu baztertzaile eta segregatzaile honetan sakontzen dute. Hau guztia ez da kasualitatea. Estrategia horiek EAJren, PPren, PSOEren eta UPNren asmoak dituzte atzean; izan ere, langile horiengan eskulan merkea eta esanekoa, krisiaren koltxoia eta gaitz guztien erruduna ikusten dute.

Arrazagatiko Diskriminazioaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren beroan, eskubideen subjektutzat aitortu nahi ditugu kide horiek, eta Euskal Herrian migratu eta arrazializatutako pertsonentzat eskubide eta aukera berdintasuna bermatuko duen erreparazio politiko, sozial eta ekonomikoa premiazkoa dela uste du. Bide horretan ari gara lanean eta neurri zehatzak hartzen erakunde sindikal gisa, LAB guztion etxea izan dadin, baita aipatutako langileentzako tresna erabilgarria ere.

Era berean, Hego eta Ipar Euskal Herriko gobernuei konpromiso zehatzak hartzeko eskatzen diegu. Itunek eta planek ez digute balio, ez dugu ekitaldi ponposorik eta hitz politik nahi, gero ez badago neurri zehatz eta iraunkorrik lurralde honetan bizi garen pertsona guztientzako justizia, erreparazioa eta enplegu- eta bizi-baldintza duinak bermatzeko.

Honako aldarrikapenak plazaratzen ditugu biharko egunaren harira:

> Mugetan heriotza gehiago ez. Azken bi urteetan 19 pertsona hil dira Bidasoa ibaian.
> Esplotazio gehiagorik ez etxeko enpleguan, landa-eremuan, arrantzan edo ostalaritzan.
> Pobreziaren kriminalizazio gehiagorik ez, eta gizarte-prestazioak jasotzen dituzten pertsona migratuen jazarpenik ere ez.

> Gure herri eta auzoetako arraza-profil etnikoaren araberako abusu polizial eta kontrol gehiagorik ez.

Amaitzeko, bihar, asteartea, arrazakeriaren aurkako mugimenduek eta kolektiboek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.

Kalera atera gara 1.080 euroko gutxieneko pentsioak aldarrikatzeko, 1260ra iristeko helburua ortzimugan

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta jendetza batu da gaur Bilbon. Pentsiodunek, astebeteko itxialdi eta baraualdiarekin, pentsio duinen alde egin duten aldarrikapena kalean indartu da gaurkoan. LABek bat egin du bost urte baino gehiagoz aurrera eraman duten borroka horrekin, eta horregatik parte hartu du gaur eguerdian Plaza Eliptikotik abiatu den manifestazioan.

Espainiako Gobernuak eta UGT eta CCOO sindikatuek Espainiako Estatuko pentsioen erreformari buruz adostutako akordioa ezagutu eta egun batzuetara egin da manifestazioa. Erreforma hori, gogora dezagun, LABek urriegitzat jotzen du, eta, horregatik, Euskal Herrian pentsio-sistema propioa aldarrikatzen dugula berresten dugu.

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok erreformari buruzko bere ikuspuntua azaldu du Bilboko martxan: “Neurri positibo batzuk ikusten ditugun arren, alarguntza-pentsioak hobetzearena esate baterako, uste dugu ez dela nahikoa herritar guztiei pentsio duina bermatzeko. Pentsioak kalkulatzeko 27 urteko aldiaren atzerapen progresiboak kezkatu egiten gaitu”.

Arroyok gaineratu du sindikatuak ez duela inolako asmorik ikusten Zapateroren eta Rajoyren murrizketak iraultzeko: “Ipar Euskal Herrian erretiro-adina 64 urtera atzeratzearen aurka borrokatzen ari garen bitartean, Hego Euskal Herrian 67 urterekin aplikatzen ari dira erretiroa, UGTren eta CCOOren akordioarekin eta euskal gehiengo sindikalaren aurka”.

Hori guztia dela eta, Arroyoren ustez, Madrilen posible ez den hori Euskal Herrian ahalbidetzea izango litzateke irtenbidea. Gaur egun EAEko eta Nafarroako gobernuek pentsioen gaineko eskumen esklusiboa eskatu behar dutela adierazi du, eta euskal herritar erretiratuen gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatu behar dutela, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatzen duen bezala. Hori litzateke, eman beharreko lehen urratsa, betiere 1260 euroko helburua ortzimugan izanik.

Murrizketei eta eskubide galerei aurre egiten dabiltza Gasteizko Udaleko langileak

Gasteizko Udaleko Langileen Batzordeak kontzentrazioa egin du gaur goizean Plaza Berrian, osoko bilkura egon den ordu berean, hain zuzen ere. Horrez gain, manifestazioa deitu dute hilaren 23an.

Gobernu-taldeak erretiro-sariak aldebakartasunez kendu zituenetik, behin eta berriro eskatu diogu eskubideak itzultzeko, besteak beste, prima horiek berreskuratzeko edo helburu bera betetzen duten eta udal-plantilla gaztetzen laguntzen duten alternatibak negoziatzeko. Langileen Batzordeari proposamen alternatiboak baino ez dizkiote eskatu, kontuan hartzen ez dituztenak eta deskalifikatzen dituztenak, denbora igaro dadin udal-hauteskundeak egin arte.

Otsailaren 28an egindako batzarrean, proposamen sindikalak azaldu genizkien udaleko langileei, hitzarmenaren plataforman gaikako bost bloketan bilduta daudenak, eta adierazi genuen gobernu-taldearen hitzarmen berri bat negoziatzeko borondate falta. Zoritxarrez, ez dute nahi kontziliazio-neurri berriei, erosteko ahalmena berreskuratzeari eta egindako murrizketak lehengoratzeari buruzko proposamen berriei buruz hitz egin.

Giza Baliabideekin hainbat bilera egin ondoren, ez digute kontraproposamenik, alternatibarik edo benetan negoziatzeko asmoa dutela pentsarazten digun ideiarik aurkeztu. Hori dela eta, Langileen Batzordetik udal langile guztiak deitu ditugu hainbat mobilizaziotara, Gobernu Taldeari eskatzeko eser daitezela egindako proposamenen gaikako bost blokeak negoziatzera; besteak beste, plantilla gaztetzeko formula alternatiboak, aparteko ordainsariak osorik ordaintzea, erosteko ahalmena berreskuratzea, kontziliazio-neurriak, zerbitzu publikoak defendatzeko neurriak eta abar.

Asanbladak izandako parte-hartze arrakastak erakusten digu udal honetako langileek interes handia dutela dagoeneko hamazazpi urte dituen hitzarmena eguneratzeko.

Horregatik guztiagatik elkartu gara gaur Plaza Berriko kontzentrazioan, eta martxoaren 23rako manifestazioa deitu dugu, 08:30ean Plaza Berritik abiatu eta 09:30ean Gasteizko Udaletxean (San Martin) amaituko dena.

Araban ere doktorego aurreko kontratuetan errenta salbuespena egitea #LortuDugu

Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasunean jada onartu zuten 103/2019 dekretupean dauden kontratuei errenta salbuespena ezartzea, EAEko Foru Arauen 9.9 artikuluak garbi azaltzen duen gisara. Baina Araban ez zuten onartzeko prestutasunik erakutsi, eta EHUko doktorego aurreko ikertzaileek komunikatua ere egin behar izan zuten. LAB-ek egin zuen salaketa honi, ordea, baiezkoa eman dio azkenean Arabako Ogasunak, eta Araban ere PFEZ-ren azken hiru urteetako salbuespena onartuko diete 103/2019 dekretuaren araupean kontrataturiko langileei. Gainera, azken hiru urteetako soldatan errenta salbuespena ere erreklamatu liteke.

LABi esker gaur egun UPV/EHUko doktorego aurreko ikertzaileen soldata Estatu espainiarrean baino % 10 altuagoa da, eta % 18 altuagoa izango da 2024 uztaila baino lehen. LABek urteak daramatza ikerlarien mila euroz azpiko soldata prekarioak salatzen. Aurten lortu dugu hilean 1200 euroraino igotzeko akordioa gauzatzea, Europako Karta Soziala Sozialak gomendatzen duen gutxienekoraino, hain zuzen ere. Baina gure helburua da irakasle laguntzaileen soldatarekin parekatzea, salbuespenik gabe.

Formazioko Doktorego Aurreko Ikerlarien Estatutua (EPIPF) indarrean sartu zenean eta UPV/EHUk doktoretza aurreko soldatak estatutuan jasotzen denari egokitu ez zituenean, borroka judizial sutsuari ekin zioten, baita irabazi ere. 2021eko abenduan behin-behineko ikertzaileen soldaten akordioa sinatzea lortu zuten, sindikatuen ordezkaritzaren % 81,5ak babestuta. Bertan, doktorego aurreko eta ondorengo soldatak erregularizatu ziren. Konkretuki, Margarita Salas izeneko post-doc kontratuen kasuan lorpena nabarmentzekoa izan zen, kontratudunek 1721 € ko hileroko soldata garbia izatea lortu baita EHUn (14 ordainsaritan). Estatu espainiarrean LABek aztertu dituen beste unibertsitateak baino %18-% 19 altuagoa da hori.

Lorpen hauek nabariak izan arren, Unibertsitateko Irakasle eta Ikertzaileek duten sarrera bidea oztopoz, prekarizazioz eta diskriminazioz beteta dago. Hori dela eta, jarraituko dugu lanean ondorengo urteetan unibertsitateko irakaskuntza eta ikerkuntza ibilbide osoaren defentsan eta lan-baldintzak hobetzen saiatzen: seiurtekoen aitorpena aldi-baterako irakasleei, bosturtekoen aitorpena kontratu partzialetan, kontratu partzialetan egiten den lan ororen ordainketa (kudeaketa, formakuntza eta klaseen prestatzea), burokratizazioaren murriztea, LOSU legeak irakasle laguntzaileei eragingo dizkien injustiziak konpontzea, eta abar luzea.

Auzitegi Gorenak berretsi egin du SDA Factory-ko lehen Aldi Baterako Erregulazio Espedientea baliogabea izan zela #LortuDugu

Erabaki hau irmoa izateak esan nahi du enpresak hilabete horietako guztietako soldatak ordaindu beharko dizkiela langileei, lanean egon balira bezala, eta aldi horretako langabeziaprestazioen denbora guztia kontsumitu gabekotzat hartuko da, SEPErekin dagokion erregulazioa egin ondoren. Gaur, mobilizazioa egin du enpresa-batzordeak Gasteizko Andra Mari Zurian, enplegu duina eta etorkizuna dituena exijituz.

SDA Factory-ko enpresa-batzordearen oharra:

SDA Factory-ko Langileen Batzordeak jakinarazi nahi du Auzitegi Gorenak berretsi egin duela enpresak 2021eko irailetik abendura bitartean ezarritako lehen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen (ABEEE) nulitatea. Urte horren amaieran, Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak, hasiera batean, baliogabetzat jo zuen, enpresaren negoziazio-asmo txarraren aurrean, negoziazioan zehar Langileen Batzordeari informazio garrantzitsua ukatu baitzion, eta horrek, Epaitegiaren arabera, Batzordearen zalantzak elikatzen zituen, etorkizuna izango zuen benetako enpresa-proiektu bat ote zen. Lehen epai baliogabe hori berretsi egin zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta orain gauza bera egin du Auzitegi Gorenak, zuzenean enpresak aurkeztutako kasazio-errekurtsoa ez baitu izapidetzeko onartu. Langileek mobilizazioa egin dute gaur, Gasteizko Andra Mari Zurian.

ABEEE nulotzat jotzearen erabakia irmoa izateak esan nahi du enpresak hilabete horietako guztietako soldatak ordaindu beharko dizkiela langileei, lanean egon balira bezala, eta aldi horretako langabezia-prestazioen denbora guztia kontsumitu gabekotzat hartuko da, SEPErekin dagokion erregulazioa egin ondoren.

Batzordearen ustez, agerikoa den gai bat berresten da: enpresak fede txarrez jokatu duela negoziazioetan, beharrezko informazioa ezkutatuz. Jarrera hori etengabea izan da enpresak fabrika horren ardura hartu zuenetik, eta hurrengo aldi baterako lan-erregulazioen negoziazio guztietara hedatu da, baita langileen lan-baldintzak eta etorkizuneko bermeak negoziatzean ere.

Gogorarazi nahi dugu salerosketa egin zeneko 232 langiletik gaur egungo 76 langilera igaro dela, eta horien artean enpresan berebiziko erantzukizuna zuten pertsona asko joan direla. “Enpresa mamu” bat sortu zela egoitza sozial berean eta fabrikan garatutako jarduera berarekin, hari buruzko azalpenik eman gabe, eta ondoren desagertu egin zela inolako informaziorik eman gabe. BSHrekin genuen hitzarmena aplikatzeari utzi zitzaiola, Metalaren Estatuko Hitzarmenera eta Arabako Metalaren Hitzarmeneko soldata-tauletara (gaur egun osorik aplikatzen zaigu) igaro ginelarik. Lan-sistema berri bat ezarri ziguten, zeinaren bidez aurreko gehieneko errendimendua egungo gutxienekoa den. Deuseztatutako lehen ABEEEren ondoren, beste 2 ezarri dizkigu, epaitzeke daudenak, eta beste bat gehiago iragartzen zaigu, oraingoa amaitu aurretik ere, langileen langabezia-prestazioak gehiegikeriaz kontsumituz eta baliabide publikoak irregularki eskuratuz, azken epaian ondorioztatu den bezala. Denbora horretan, lan-karga beste leku batzuetara desbideratu da; enpresa-hitzarmenaren negoziazioak geldirik daude, eta PRECOren eta Lan Sailaren esku-hartzeak ez du inolako itxaropenik edo aurrerapenik ekarri.

Garrantzitsua da azpimarratzea B&B TRENDS jabe berriak Gasteizen etekin ikusgarriak lortu dituela aurreko BSH BOSCH jabearekin hornikuntza bermatzeko etapan, eta, zoritxarrez, mozkin horietako bat ere ez dela inbertitu Gasteizko lantegia etorkizunera begira jartzeko. Ali Gobeoko lantegiaren jabe berria langileak zigortzen ari da, ziurgabetasun handiko egoera bati eutsiz eta ZELMER eta UFESA markak lortzeko espekulazio-eragiketa bat gauzatu izanaren susmoa elikatuz, kaudimen handiko enpresa bat desegitearen kontura. Marka horiek arrakasta handia eskaintzen dizkiote gaur egun, baina gure lantegitik urrun.

 Horregatik guztiagatik, langileek mobilizatzen jarraitzen dute, gaur Gasteizko Andre Maria Zurian egin duten bezala, enplegu duina eta etorkizunekoa aldarrikatzeko. Era berean, negoziazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, langileentzako lan-baldintza duinak eta enplegua mantenduko dela eta industria-jarduera hemen egingo dela bermatuko duen akordio bat lortzeko, hau da, ziurtatuko duena ez dela fabrika deslokalizatuko, ezta desegingo ere. Hain zuzen ere, deslokalizazioa saihesteko eta fabrika indartzeko formulak bilatzeko helburuarekin, batzordeak bilera bat eskatu du Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin.

Gipuzkoako transitarioen hitzarmena sinatzea #LortuDugu

2018az geroztik Gipuzkoako Transitarioak, aduana guneetan salgaien nazioarteko garraioan dabiltzan langileok, hitzarmenik gabe egon dira. Lau urtez luzatu den negoziazioaren ondoren, pasa den martxoaren 2an aurreakordioa erdietsi genuen ATEIA patronalarekin. Atzo, 2023ko martxoaren 16an, hitzarmena sinatu genuen. Ia 500 langileri eragiten die hitzarmen honek.

Jarraian, adostutako edukiak:

IRAUNALDIA

2019-2025

SOLDATA IGOERA

Erosahalmena bermatu dugu urtero KPIaren igoera bermatu dugunez gero.

BARNE PROMOZIOAK

Kategoria igoera automatikoa 4 urteko antzinatasuna dutenentzat.

LIZENTZIAK

Araudi berrietara egokitutako xedapenak.

BEHIN BEHINEKOTASUNA

Ezabatzea.

PRESTASUN PLUSA

Sortzea.

INAPLIKAZIO KLAUSULAK

Testuaren berridazketa.

MEDIKU AZTERKETA

Ginekologikoa, zitologikoa, mamografikoa eta tumore-markatzaile orokorrak.

Hauteskunde sindikaletan emaitzak hobetzen jarraitzen dugu

Hauteskunde sindikalen aldi trinkoan jarraitzen dugu, eta duela lau urte lortutako emaitzak hobetzea lortu dugu hainbat lan zentrotan.

Taulan, emaitza hauen lagin bat jaso dugu.

Argitxu Dufau: “Erretreten erreformaren kontra, mobilizazioetatik ekintzetara pasatzen ari gara”

Hamaika TBn elkarrizketatu dute gaur Argitxu Dufau LABeko Ipar Euskal Herriko bozeramailea, Parisen erretreten erreforma bozketagai duten egunean. Puri-purian dago erreformaren kontrako borroka, horren lekuko gaurko 9. greba eguna. Grebalariek Pariserako AHTa blokeatu dute Hendaiako geltokian eta gaur goizeko ekintzan ere parte hartu du Dufauk.

“Bada haserre bat karrikan, eta haserre hori indar bat bihurtu da”, adierazi du LABeko ordezkariak. Gaineratu du, gaurko botazioen emaitzak gorabehera, “mobilizazio zikloa ez dela bozkaketa honekin amaituko” eta “badagoela erreforma hau atzera botatzeko aukera”. Zorrotz gaineratu du: “Ez dugu amore emanen. Prest gara mobilizatzeko erretreten erreforma kendu arte”

Erretreten erreformaren kontrako borroka honetan, askotarikoak izan dira baliatutako moldeak, grebak, mobilizazioak edo blokatzeak. Horrela, “mobilizazioetatik ekintzetara” pasatzen ari direla adierazi du Dufauk: “doinua igo nahi dugu, atzo izan ginen Mugerren pleita blokatzen, gaur Hendaian AHTaren irteera oztopatzen eta zaborra ere bota dugu Baionan, Azpi Prefekturaren aitzinean”.

Erreformak dakarrenaren inguruan ere mintzatu da LABeko ordezkaria, gogor: “Horrelako erreformek lanean hiltzera kondenatzen gaituzte asko. Langileei ahaleginak eskatzen dizkiete, baina noiz arte, lanean hil arte? Ondasuna ez banatzea ez dugu onartzen eta ez dugu onartuko”.

Emakumeak bereziki kaltetuko ditu erreformak: “Erreforma antifeminista da, adin luzatzearekin. Emakume langileok ditugun karrerekin, askoz gehiago lan egin beharko dugu pentsio txikiago bat jasotzeko”.

Borroka ziklo honek izandako bertuteak ere azpimarratu ditu: “Belaunaldi ezberdinak mobilizatu dira, gazteak, langileak eta erretretadunak. Horrelako mugimendu batek erakusten du langileria egon badagoela, klase-borroka badagoela, eta borrokarako prest eta antolatuta dagoena. Erakutsi dugu klase moduan antolatzeko gai izan garela”.

Hego Euskal Herriko pentsio duinen aldeko borroka ere aipatu du, itxialdian eta baraualdian dauden Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduaren borroka sustengatu eta larunbatean, martxoaren 18an egingo dute manifestazioan parte hartzeko deia eginez. Izan ere, martxoaren 14an Bilbon izan zen, pentsionisten itxialdian, mahai inguru batean parte hartuz.

Hemen ikus dezakezue elkarrizketa.

Pentsio publiko duinen aldeko mobilizaziora deitu dugu

Gobernuaren eta CCOO eta UGT sindikatuen arteko akordioa urriegia da, ez baitu pentsio publiko duinik bermatzen gaur egunerako, eta are gutxiago etorkizunerako.

Euskal Herriko pentsiodunei eragiten dieten erabakiak haien iritzia kontuan hartu gabe hartzen dira:

> Europako Batzordearekin aldez aurretik adostutako erreforma da, eta horrek erakusten du Bruselak egikaritzen duen tutoretza maila

> Helburu nagusitzat gutxieneko pentsioa aldarrikatzea duelarik, Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua baraualdia – itxialdia egiten ari den astean itxi da akordioa. Beraz, aldarrikapen horiei bizkarra emanez itxi da akordioa.

> Euskal Herriko gehiengo sindikala ez dago ordezkatuta Estatuko elkarrizketa sozialeko mahaian.

Erreformaz erreforma eskubideak murriztu dira, eta erretiroa hartzeko baldintzak gogortu. Pentsioen sistema publikoa ahulduz joan da sistemaren jasangarritasunaren izenean.

LABek beti defendatu izan du sistemaren bideragarritasuna diru-sarrerak handituz eta murrizketarik egin gabe bermatu behar dela:

> Soldatak hobetuta. Hala, diru gehiago biltzen da kotizazioen bitartez eta, gainera, etorkizunean langileek pentsio hobeak izango dituzte.

> Gehieneko kotizazio-oinarriei topea kenduta.

> Eta beharrezkoa balitz, aurrekontuen bidez. Izan ere, pentsioak Estatuak bermatu beharreko oinarrizko eskubidea dira.

Bene-benetan uste dugu pentsio duinak ezin direla bermatu azken erreformetan ezarritako murrizketak lehengoratu gabe; besteak beste, honako hauek: erretiro-adina 67 urtera atzeratzea, kotizaziopeko pentsioa eskuratzeko gutxieneko kotizazio-aldia handitzea eta pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko epea handitzea.

Era berean, genero-arrakalarekin eta miseria-pentsioekin amaitzeko neurriak eskatzen ditugu, hala nola lan egin duten baina kotizatu ez duten emakumeei zor patriarkala aitortzea eta 1080 euroko gutxieneko pentsioa berehala ezartzea, pixkanaka 1260 euroraino igotzeko.

Eta zein da Jaurlaritzak eta CCOO eta UGT sindikatuek lortutako akordioari buruz LABek egiten duen balorazioa? Bada, erreforma ez dela nahikoa, hiru arrazoi nagusirengatik:

> Ez da aurreko erreformetan ezarritako neurriak lehengoratzeko egiturazko erreforma bat.

> Pentsioa kalkulatzeko zenbatutako urteei dagokienez, positiboa da pentsioa kalkulatzeko beharrezko diren urteen zenbaketa 30era handitzeko hasierako proposamena kendu izana. Sistema dual bat ezarri da, eta, bertan, etorkizuneko pentsiodunek bi aukera izango dituzte: kalkulua egiteko 25 urteak baliatzea edo, bestela, kotizatutako 29 urteen baitako 27 onenak aukeratzea. Neurri hori neutroa balitz bezala saldu nahi dute, baina ez da horrela, 2040tik aurrera ezin izango baita aukeratu. Eta frogatuta dago pentsioa kalkulatzeko urte gehigarri bakoitzeko pentsioaren zenbatekoa murrizten dela. Neurri horrek pentsioa kalkulatzeko zenbaketa-urteak luzatzea dakar, eta etorkizuneko pentsiodunek kaltea jasan dezakete.

> Gainera, erreforma hiru urteko ebaluazio-txosten baten mende jarri da, egiturazko neurrien beharra agerian geratzen delarik eta erreforma berriei atea zabalik uzten zaielarik.

> Diru-sarrerak handitzeko neurriak proposatzen dira. Fokua neurri horietan jartzea bide egokia da, baina neurri horiek ez dira nahikoak:

> Soldatak hobetzeko beharra ez da aipatzen

> Kotizazio bidezko diru-sarrerak handitzeko planteatutako neurriak, hala nola gehieneko kotizazio-oinarriei topea kentzea, belaunaldien arteko ekitate-mekanismoa eta elkartasun-kotizazio gehigarria, ez dira nahikoak, eta denborari dagokionez atzerapena dakarte.

> Ez du bermatzen 1080 euroko gutxieneko pentsioa.

> Beste behin ere, emakumeak dira kaltetuenak. Pentsioen arteko aldea murrizteko planteatzen diren neurriak oso urrun geratzen dira emakumeek doan egin dituzten zainketa-lanek behar duten aintzatespen eta konpentsazio ekonomikotik.

Iruditzen zaigu azken bi puntu horiek oso kontuan hartzekoak direla; izan ere, pentsiodunen % 34,7k 1.000 €-tik beherako pentsioa kobratzen dute, eta emakumeen kasuan, berriz, %66,7ra arte iristen da kopuru hori. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak planteatzen dituzten parametroei jarraikiz, gutxieneko pentsio bat ezartzea ezinbestekoa da pentsiodunei bizitza duina bermatzeko.

Borrokan jarraitzea dagokigu, eta Podemosi, EAJri eta EHBilduri azken minutura arte negoziatzen jarrai dezaten eskatzen diegu, akordio honetan jaso ez diren alderdiak hobetzen saiatzeko. Gainera, uste dugu Euskal Herrian posible egin behar dugula Madrilen egin ezin daitekeena.

EAEko eta Nafarroako Gobernuek pentsioen gaineko eskumen esklusiboa eskatu beharko lukete, eta transferentzia hori egiten ez den bitartean, euskal pentsiodunen gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatu beharko lukete, 1.260 euroko gutxieneko pentsio baterantz, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatuko duen bezala.

Oso garrantzitsua da kalera ateratzea, egungo eta etorkizuneko pentsiodunok pentsio publiko duinak jasotzeko eskubidea defendatzen jarraitu behar dugu kalean mobilizatuz. Horregatik, bat egiten dugu Bilbon larunbat honetarako Pentsiodunen Mugimenduak deitutako manifestazioarekin, eta parte hartzeko deia luzatu dugu.