2024-12-08
HomeEkintza SindikalaPentsio publiko duinen aldeko mobilizaziora deitu dugu

Pentsio publiko duinen aldeko mobilizaziora deitu dugu

Gobernuaren eta CCOO eta UGT sindikatuen arteko akordioa urriegia da, ez baitu pentsio publiko duinik bermatzen gaur egunerako, eta are gutxiago etorkizunerako.

Euskal Herriko pentsiodunei eragiten dieten erabakiak haien iritzia kontuan hartu gabe hartzen dira:

> Europako Batzordearekin aldez aurretik adostutako erreforma da, eta horrek erakusten du Bruselak egikaritzen duen tutoretza maila

> Helburu nagusitzat gutxieneko pentsioa aldarrikatzea duelarik, Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua baraualdia – itxialdia egiten ari den astean itxi da akordioa. Beraz, aldarrikapen horiei bizkarra emanez itxi da akordioa.

> Euskal Herriko gehiengo sindikala ez dago ordezkatuta Estatuko elkarrizketa sozialeko mahaian.

Erreformaz erreforma eskubideak murriztu dira, eta erretiroa hartzeko baldintzak gogortu. Pentsioen sistema publikoa ahulduz joan da sistemaren jasangarritasunaren izenean.

LABek beti defendatu izan du sistemaren bideragarritasuna diru-sarrerak handituz eta murrizketarik egin gabe bermatu behar dela:

> Soldatak hobetuta. Hala, diru gehiago biltzen da kotizazioen bitartez eta, gainera, etorkizunean langileek pentsio hobeak izango dituzte.

> Gehieneko kotizazio-oinarriei topea kenduta.

> Eta beharrezkoa balitz, aurrekontuen bidez. Izan ere, pentsioak Estatuak bermatu beharreko oinarrizko eskubidea dira.

Bene-benetan uste dugu pentsio duinak ezin direla bermatu azken erreformetan ezarritako murrizketak lehengoratu gabe; besteak beste, honako hauek: erretiro-adina 67 urtera atzeratzea, kotizaziopeko pentsioa eskuratzeko gutxieneko kotizazio-aldia handitzea eta pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko epea handitzea.

Era berean, genero-arrakalarekin eta miseria-pentsioekin amaitzeko neurriak eskatzen ditugu, hala nola lan egin duten baina kotizatu ez duten emakumeei zor patriarkala aitortzea eta 1080 euroko gutxieneko pentsioa berehala ezartzea, pixkanaka 1260 euroraino igotzeko.

Eta zein da Jaurlaritzak eta CCOO eta UGT sindikatuek lortutako akordioari buruz LABek egiten duen balorazioa? Bada, erreforma ez dela nahikoa, hiru arrazoi nagusirengatik:

> Ez da aurreko erreformetan ezarritako neurriak lehengoratzeko egiturazko erreforma bat.

> Pentsioa kalkulatzeko zenbatutako urteei dagokienez, positiboa da pentsioa kalkulatzeko beharrezko diren urteen zenbaketa 30era handitzeko hasierako proposamena kendu izana. Sistema dual bat ezarri da, eta, bertan, etorkizuneko pentsiodunek bi aukera izango dituzte: kalkulua egiteko 25 urteak baliatzea edo, bestela, kotizatutako 29 urteen baitako 27 onenak aukeratzea. Neurri hori neutroa balitz bezala saldu nahi dute, baina ez da horrela, 2040tik aurrera ezin izango baita aukeratu. Eta frogatuta dago pentsioa kalkulatzeko urte gehigarri bakoitzeko pentsioaren zenbatekoa murrizten dela. Neurri horrek pentsioa kalkulatzeko zenbaketa-urteak luzatzea dakar, eta etorkizuneko pentsiodunek kaltea jasan dezakete.

> Gainera, erreforma hiru urteko ebaluazio-txosten baten mende jarri da, egiturazko neurrien beharra agerian geratzen delarik eta erreforma berriei atea zabalik uzten zaielarik.

> Diru-sarrerak handitzeko neurriak proposatzen dira. Fokua neurri horietan jartzea bide egokia da, baina neurri horiek ez dira nahikoak:

> Soldatak hobetzeko beharra ez da aipatzen

> Kotizazio bidezko diru-sarrerak handitzeko planteatutako neurriak, hala nola gehieneko kotizazio-oinarriei topea kentzea, belaunaldien arteko ekitate-mekanismoa eta elkartasun-kotizazio gehigarria, ez dira nahikoak, eta denborari dagokionez atzerapena dakarte.

> Ez du bermatzen 1080 euroko gutxieneko pentsioa.

> Beste behin ere, emakumeak dira kaltetuenak. Pentsioen arteko aldea murrizteko planteatzen diren neurriak oso urrun geratzen dira emakumeek doan egin dituzten zainketa-lanek behar duten aintzatespen eta konpentsazio ekonomikotik.

Iruditzen zaigu azken bi puntu horiek oso kontuan hartzekoak direla; izan ere, pentsiodunen % 34,7k 1.000 €-tik beherako pentsioa kobratzen dute, eta emakumeen kasuan, berriz, %66,7ra arte iristen da kopuru hori. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak planteatzen dituzten parametroei jarraikiz, gutxieneko pentsio bat ezartzea ezinbestekoa da pentsiodunei bizitza duina bermatzeko.

Borrokan jarraitzea dagokigu, eta Podemosi, EAJri eta EHBilduri azken minutura arte negoziatzen jarrai dezaten eskatzen diegu, akordio honetan jaso ez diren alderdiak hobetzen saiatzeko. Gainera, uste dugu Euskal Herrian posible egin behar dugula Madrilen egin ezin daitekeena.

EAEko eta Nafarroako Gobernuek pentsioen gaineko eskumen esklusiboa eskatu beharko lukete, eta transferentzia hori egiten ez den bitartean, euskal pentsiodunen gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatu beharko lukete, 1.260 euroko gutxieneko pentsio baterantz, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatuko duen bezala.

Oso garrantzitsua da kalera ateratzea, egungo eta etorkizuneko pentsiodunok pentsio publiko duinak jasotzeko eskubidea defendatzen jarraitu behar dugu kalean mobilizatuz. Horregatik, bat egiten dugu Bilbon larunbat honetarako Pentsiodunen Mugimenduak deitutako manifestazioarekin, eta parte hartzeko deia luzatu dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu izana, eta alerta gorriak eskatzen dituen neurriak hartzeko determinazioa exijitzen du

Pasa den azaroaren 22an LAB sindikatuak jakinarazi zuen zenbatu gabeko beste bost langileren heriotzak gehitu behar zitzaizkiola 2024an lanean edo laneko bidean hildako nafarren...

Abenduaren 6an ez daukagu ezer ospatzeko

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Ez ospatzetik harago, Euskal Errepublikaren aldeko konpromisoan berresteko eguna da LABentzat. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gure egoitzak zabalik egongo dira, ostiraletako ohiko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara.

Langile baten kaleratze bidegabea eragin duen zigor-politika ari da aplikatzen PEPSICO

Enpresa batzordea Etxebarri-Ibiñako lantegiaren aurrean mobilizatu da, eta argi eta garbi esan du PEPSICOn ez dagoela inor soberan eta kaleratzea guztiz bidegabea dela. Horrez gain, kaleratutako lankidea lanera bueltatzea eskatu du.