2026-01-17
Blog Page 261

Jaurlaritzaren Mahai Orokorraren negoziazioa aspaldi agortuta dagoela adierazi du LABek

Gaur berriro bildu da EAEko langile publikoen lan baldintzak arautu beharko lituzkeen Mahai Orokor antzua. Antzua diogu, bertan ez delako negoziaziorik ematen, eta soilik Madrilen eta Lakuan inposatzen diren neurrien berri ematera eta iritziak trukatzera mugatzen delako. Gaurko kasuan, soldata murrizketaren inposizioaren berri zaharra da trasladatu zaiguna, negoziazio aukerak aspaldi itxita. Aldaketa bakarrak aitzakien formak izaten dira.

LABen irakurketa hau bilera bakoitzaren ostean errepikatzen da, eta koiuntura bakoitzaren arabera erabaki izan dugu marko honetan parte hartzea, bai ala ez, eta nola. Oraingoan ere gogoeta egin eta erabaki bat hartuko dugu parte hartzen jarraitzekotan zein baldintzatan egingo dugun. Bestela ere, antzerki hori uztekotan egin beharreko kudeaketa argi edukitzea garrantzitsua da.

Eusko Jaurlaritzari dagoeneko jakinarazten diogu aspaldi utzi geniola hitzei sinisteari, eta bere ekintzak direla benetako borondatearen isla ematen dutena. Ez digu balio dagoeneko, Enplegu Publikoaren Lege berriarekin aurkeztu zaigun moduan, gauzei izena aldatzea dena berdin jarraitzeko.

Erretreten erreforma gaitzesteko mobilizazioek ez dute etenik

Beste behin ere, bosgarrenez, Ipar Euskal Herritarrok greba egin dugu Macron gobernuaren erretreten erreformaren aurka. Deialdiz deialdi jendetza batu dute sindikatuen mobilizazioek, eta langileok borrokan jarraitzeko asmoa dugu. Gaurkoan 10.000 pertsonatik gora bildu du Baionako manifestazioak.

Estatu frantsesak erretiro adina 64 urtera atzeratzeko agertutako asmoak hautsak harrotu ditu Zuberoan, Behe Nafarroan eta Lapurdin, eta borroka dinamika sakona abiatu du LABek gainerako sindikatuekin batera.

Bosgarren greba eguna izan da gaurkoa, eta aurrerantzean mobilizazioekin jarraituko dugu. Ildo horretan, martxoaren 7rako blokeo ekintzak aurreikusita daude. Hala ere, Ipar Euskal Herriko LABen koordinatzaile den Argitxu Dufauk zehaztu duenez, data hori baino lehen ere bestelako ekimenak aurrera eraman nahi lituzkete, eta horretarako antolatzen ari dira asanblean.

Oraingoa bezalako erreformek dakartzaten atzerapausoen harira, LABek berresten du Euskal Herriak pentsio sistema propioa behar duela.

Sindikatuok txistualdi handia egin dugu Osakidetzaren inposizioen aurka

Osakidetzak fronte gehiegi irekita dituela salatu dugu, negoziazioan aurrerapausorik eman gabe jarraitzen duen bitartean.

LABek, SATSEk, ELAk, SMEk, CCOOk eta UGTk txistualdi handia egin dugu gaur Osakidetzako Zerbitzu Zentralen egoitzaren aurrean, Osasun Zerbitzu Publikoak Enplegu Publikoaren Eskaintzaren prozesuen kudeaketan duen kaosa salatzeko. Protesta ozen horrekin, profesionalok argi eta garbi esan nahi izan diogu Euskal Osasun Zerbitzuari ez ditugula bere inposizioak onartzen.

Deialdia egin dugun sindikatuok kritikatu dugu langileok beste azterketa batera aurkeztu behar garela, aurrekoa oraindik ebatzi ez dutenean: “Ohiz kanpoko baldintza horietan LEP berri bat prestatzea ahalegin handia da, eta ondorio ekonomikoak eta bizitza pertsonalean eragiten ditu”.

Osakidetzak 2018-19ko lan-eskaintza publikoaren ebazpena bizkortzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak jartzea eskatzen dugu. Ez da bidezkoa ahalegin handi hori egin behar izatea agian beharrezkoa ez denean.

Protesta hau gure osasun publikoa desegitearen aurkako mobilizazioen baitan kokatzen da. Horri lotuta, datorren otsailaren 25ean Bilbon, Donostian eta Gasteizen hiru manifestazio handi egingo ditugu.

Duela aste batzuk lehendakaria entzun genuen Osakidetzan arazoak eta zailtasunak zeudela aitortzen. Handik hilabete eskasera, eta errealitatea ezkutatzeko asmoz, euskal osasun publikoa ez dela desegiten eta pribatizatzen ari adierazi zuen. Errealitatea da lan-prekarietateak gure osasunaren arazo handienetako bat izaten jarraitzen duela. Zerrendatu ditugun arazoen artean daude %50etik gorako behin-behinekotasun-tasa, erosteko ahalmenaren %20tik gorako galera, gainkarga, ordezkapenik eza eta Lanbide Garapenean aplikatu nahi den murrizketa erradikala.

Era berean, hainbat zerbitzutan aplikatutako murrizketei eusten zaiela salatu dugu, eta Lehen Mailako Arretaren egoera bereziki prekarioa dela ere bai. Lehen Mailako Arretaren saturazio horrek zuzenean eragiten die beste asistentzia-maila batzuei, hala nola Ospitaleko larrialdiei, horietan gero eta gainkarga handiagoa baitago.

Deialdia egin duten sindikatuentzat, Osakidetzak fronte gehiegi ditu irekita mahai sektoriala blokeatuta dagoen bitartean, eta inposaketaren bidetik baino ez du jarduten.

Euskal Osasun Zerbitzuak mahai sektoriala erabili nahi du existitzen ez den negoziazio baten itxura egiteko. Bada, mobilizatzen jarraituko dugu, euskal osasun publikoan benetako negoziazioa egon dadin lortu arte.

Hezkuntza Sailak Aiaraldeko hezkuntza publikoko langileei greba eskubidea ukatu ziela berretsi dute epaitegiek #LortuDugu

2021eko martxoaren 5ean eta ekainaren 2an Aiaraldean eskualde mailako bi lanuzte egin zituzten, bertako egoera sozioekonomiko kaskarra salatu eta enplegu eta bizitza duinak aldarrikatzeko.

Lanuzte hauetara eskualdeko langile eta lantoki guztiak deituak zeuden. LABek eta sindikatu deitzaile guztiek Lan Sailari jakinarazitako greba erregistroan argi adierazten zen Aiaraldeko eskualdeko eremu guztietako langileak deituak zeudela, funtzionario eta laboralak ere bai. Izan ere, eskualdeak bizi zuen egoerak langile guztien erantzun irmoa behar zuen.

Lanuzte hauetan Hezkuntza Publikoko langileei greba eskubidea urratu zitzaiela salatu zuten, bereziki martxoaren 5eko lanuztean Hezkuntza Sailak izan zuen jarreragatik. Onartezina da greba eskubidea urratzea ikuskaritza mehatxurako tresna bezala erabiliz. Honen aurrean, neurriak hartu eta zegokion ibilbide juridikoa egingo genuela publikoki adierazi genuen.

Azkenean, epaitegiek arrazoia eman diete LABi eta beste sindikatu deitzaileei, eta egiaztatuta geratu da martxoaren 5ean gutxienez eskualdeko hezkuntzako bi ikastetxetan (Fabian Legorburu eta Zaraobe) greba eskubidea urratu zela.

Hezkuntza Sailak orduan izandako jarrera onartezina berriz ere salatu dugu, eta halakorik ez errepikatzea exijitzen dugu. Greba eskubidea eta langileok enpleguaren defentsan zein lan baldintzen defentsan ditugun eskubide guztiak bermatzea ezinbestekoa da, eta horretarako lanean eta borrokan jarraitzeko asmoa daukagu.

EAEko Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berriak ekarritako aldaketei buruzko azterketa argitaratu dugu

Honen helburua duela gutxi onartutako Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legearen erreforma aztertzea da, eta DSBE eskuratzeko euskal langileek aurkituko dituzten aldaketa nagusiak nabarmentzen dira.

Lehenik eta behin, uste dugu lege berri honen abiapuntua okerra dela. Legeak dio diru-sarrerak bermatzeko euskal eredua gai izan dela pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren hazkundea prebenitzeko eta geldiarazteko, enpleguaren sorrera arriskuan jarri gabe. Baina euskal langileek bizi duten errealitatea oso bestelakoa da.

2020ko Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestaren arabera, pobrezia-arrisku errealean dauden pertsonen %30 babes-sistematik kanpo geratzen dira. Bestalde, sistema horrek kasuen %33tan baino ez du laguntzen pobrezia-egoera errealetik ateratzen, eta hartzaileen %37 ez da pobrezia-egoeratik ateratzen.

2021ean 54.145 pertsonak jasotzen zuten DSBE, %57,8 emakumeak* eta %42,2 gizonak. Guztizkoaren %47,4k etxebizitzarako osagarria jasotzen du, %23,7 pentsioduna da eta %16,2 guraso bakarreko bizikidetza-unitateari dagokio. Dau izugarri hauei ez ikusia egiten zaie Eusko Jaurlaritzak eredu arrakastatsu gisa aurkezten duenean egungoa. Egungo Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Ereduak pobretzeari eta gizarte bazterketaren hazkundeari aurre ez egiteaz gain, egungo egoera kronifikatzen du.

Araudi berriak aurkeztutako aldaketa ugarien artean, txostenean honako hauek nabarmentzen ditugu: Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako zenbatekoen hazkunde faltsua, prestazioen murrizketak ezkutatuz eta 2008ko legearen indargabetuz; Bestelako neurri negatiboak ere azpimarratzen ditugu, hala nola dagokion prestazioaren % 15eko indize murriztailea aplikatzea etxebizitza berean bizikidetza-unitate bat baino gehiago daudenean, DSBEaren onuraduna izan ala ez, horrela pisuak partekatzera behartuta dauden pertsonak zigortuz, baita legeak jasotzen dituen migrazioa kriminalizatu eta pobrezia estigmatizatzen duten mekanismoak ere.

Erreforma horrek zenbait arazori aurre egiteko gai diren mekanismoak aurreikusi beharko lituzke, hala nola bizitzaren garestitzea, lan duina lortzeko aukerarik eza, gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunak, egiturazko arrazakeria, infraetxe edo etxebizitza duinik ez izatea, pobrezia energetikoa, alokairuen gehiegizko prezioak, etxegabetzeen ugaritzea, edota gorantz doazen etxegabetasun-indizeak. Aukera bat izan beharko luke beste harreman-, familia- eta zaintza-eredu batzuk babesteko, gizarte gisa ezaugarritzen gaituen eko-interdependentziak orientatuta.

Erreformak baliagarria izan beharko luke pobretzearen eta bazterketa sozialaren hazkundeari, aurre egiteko gai den gizarte-babeseko eredu bati buruzko eztabaida ireki eta aintzat hartzeko. Hala ikuspegi horretatik heltzeak borondate politikoa eskatzen du, bai politika publiko integralak planifikatzeko, bai DSBE gizarte-kohesiorako benetako tresna bihurtzeko. Erreforma honetan ageri ez den borondate politikoa hain zuzen.

LABen uste dugu euskal langileek bizi duten pobretzea ez dela koiunturala, ezta kapitalismoaren “akats” bat ere. Aitzitik, estrategia argia da eskubideak eskura ditzaketen pertsona eta bizitzen, eta azken buruan, bizitzea merezi ez dutenen artean diskriminatzeko.

Horregatik, LABek proposatzen duen eredu sozioekonomikoa banaketa hirukoitzean oinarritzen da. Hau da, enpleguaren, zaintzaren eta aberastasunaren bidezko banaketan. Pertsona guztiek dute eskubidea gizarteari enplegua eta zaintzen bidez ekarpena egiteko, bai eta sortuta aberastasunaz gozatzeko ere errenta-soldaten bidez, hilean 1.400 euroko gutxieneko soldata gordinarekin eta doako eta kalitatezko zerbitzu publikoekin. Horretarako funtsezkoa da administrazioak enplegurako eskubidea bermatzea, eta hala egiten ez badu, errenta bat esleitu behar dio enplegurik gabeko pertsonari, gutxieneko soldataren baliokidea dena eta kotizatzen duena.

Gure ustez, langabezia egoeraren erantzukizuna ez da egoera horretan dagoen pertsonarena, baizik administrazioarena. Hortaz, dagokion errenta ez dagokio “porrot egin duen” pertsona bati “laguntza bat”, baizik eta enplegurako eskubidea urratu zaion pertsona bati kalte-ordain bat. Eraldatzailea den eredu sozioekonomiko bat proposatzen dugu, DSBE arautzen duen lege berriak indartzen duen egungo eredu baztertzailearen aurrean.

Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko erreforma guztiek izendatzaile komuna izan dute: diru-sarrerak bermatuta izateko eskubide subjektiboaren debaluaziora bideraturiko diskurtso eta praktika instituzionalak. Beraz, txosten honen helburu nagusia onartutako lege berriarekin mantendu diren gabeziak eta sakondu diren arriskuak mahai gaineratzea da.

Lan Harremanetarako esparru propioa eta gizarte-babeserako sistema propioa behar ditugu, bidezko eta kalitatezkoa, lan, pentsio, zaintza eta bizi duina ahalbidetzeko. Bide honetan lortu diren aurrera pausoak Euskal Herrian eman diren borroka sozialen eskutik etorri dira, eta horixe da jarraitu nahi dugun bidea.

Beraz, azterketa bere osotasunean irakurtzera gonbidatu nahi zaituztegu, eta LABek Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu eta erregistraturiko Euskal Herrirako Lan Kodearen eta Gizarte Segurantzaren proposamena ezagutzera. Hauetan lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko neurri erreal eta zehatzak proposatzen ditugu, egungo eskumenetatik egingarriak direnak, eta aldi berean, burujabetzaren bidean aurrera egiteko proposamenak ere jasotzen ditugu. Kaleetan jarraituko dugu langile guztientzako eskubide guztiak aldarrikatu eta defendatuz.

Munduko Sindikatuen Federazioko Europako kideok greba eskubidea izan dugu mintzagai Bilbon

Kide garen Munduko Sindikatuen Federazioko Europako bulegoak lan saioa antolatu du Bilboko Bizkaia Aretoan, “Grebarako eskubidea erasopean Europan” goiburupean. Bertan, hainbat herrialdetako ordezkariek hartu dute parte, hala nola Austria, Herrialde Katalanak, Galiza, Portugal, Italia, Zipre eta Grezia.
 
Pier Paolo Leonardi Europako bulegoko koordinatzaileak; Cinzia della Portak, MSFen Idazkaritzaren izenean eta Igor Arroyok, LABeko Koordinatzaile Orokorra eta sindikatuaren ordezkariak MSFko Kontseilu Presidentzialean, aurkeztu dute bilera.

Ondoren, parte-hartzaileen hitzartzeak izan dira, eta amaieran, greba eskubidearen inguruko manifestua onartu dugu.

Nafarroako sektore publikoko langileok kaleak hartu ditugu greba egunean

LAB, SAE, UGT, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuek deitutako grebarekin bat egin dute gaur Nafarroako sektore publikoko hainbat eta hainbat langilek. Hasiera batean Osasunbideak deitutako mobilizazioa izan bazen ere, azkenean administrazio publiko osora zabaldu da. Aurrekontuaren mugak aitzakiatzat hartuta Nafarroako Gobernuak negoziazioa blokeatu baino ez duela egiten eta, zerbitzua nahiz lan baldintzak hobetzeko ordua dela oihukatu dugu.

LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk ere parte hartu du gaurko manifestazioan, Osasunbideko langileen zutabera batuta. Osasun langileek, hain zuzen ere, Osasunbidean gertatzen ari den “noraeza” eta Osasun Sailaren “ekimen falta” azpimarratu nahi izan dituzte.

Aranburuk, bere aldetik, langileen beren eskubideak borrokatzeko egindako hautua goraipatu du: “Azken urteetan Nafarroako Gobernuak ez du borondaterik izan kalitatezko zerbitzu publikoak garatzeko eta langileen lan baldintzak kaskartu dira. Langileak nazkatu dira eta kalera atera dira zerbitzu publikoen eraispena salatzeko”.

Astebeteko greba deitu dugu Osakidetzako garbiketan, homologazioaren defentsan

Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa-zerbitzuko langileek 5 urte daramatzate hitzarmenik gabe, eta enpresekin 50 bilera inguru egin dituzten arren, hasieran bezala daudela salatzen dute. Horrela, gaur mobilizazioa egin dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta astebeteko greba iragarri dute, otsailaren 27tik martxoaren 5era, homologazioaren defentsan.

LAB, UGT, CCOO eta ESKren oharra

Gure hitzarmenak, gure lan-baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea helburu bezala ditu. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeok (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu genuen joku araua, eta horren arabera jardun dugu urteetan eta urteetan.

2018an abiatu genuen hitzarmen berriaren negoziazio prozesua, negoziazio erraza izango zelakoan; izan ere, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak, Osakidetzan adostutako gai jakin batzuk egokitu eta eguneratu besterik ez zirela behar esan nahi zuen. Baina hamaika bilera egin ondoren, negoziazioaren erabateko blokeoa agerikoa da.

Ikusten ari gara enpresek eta bezeroak (Osakidetza) ez dutela homologazioprintzipioa betetzen, uko egiten baitiote Osakidetzako langileei aplikatutako gaiak egokitzeari eta aplikatzeari.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari, ez! Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio-printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak, etab.

Enpresa esleipendunak jarrera erosoan kokatu dira, eta erantzukizuna Osakidetzako Zuzendaritzari zuzendu diote. Modu horretan ez dute sindikatuekin edozein gai adostu nahi, Osakidetzako Zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada.

Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko; bi urte daramagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez duela guri erantzuteko begirunerik ez edukaziorik erakutsi. Abenduan, Osakidetzak izendatutako bitartekari bat deitu genuen gatazka konpontzen saiatzeko, baina emandako hitza bete gabe, gaur gaurkoz ez dugu haren erantzunik.

Urtarrilean, publikoa eta nabarmena izan da Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa Bizkaiko Metalaren Hitzarmenaren gatazkan. Hitzarmen hori, azkenean, Lan eta Enpleguko sailburuordea lekuko zela, Jaurlaritzaren egoitzan sinatu da. Pozten gara horregatik. Baina jarraian, hainbat zalantza sortzen zaizkigu; zergatik inplikatzen da Administrazio publikoa gehiengoa gizonak diren lan-gatazka batean, eta bizkarra eman eta beste alde batera begiratzen duen gatazka bateko protagonistak emakumeak direnean? 3. mailako langileak al gara? Hori al da gure administrazio publikoetako arduradunek langileekiko duten hezkuntza eta edukazio maila? Ez al daki Eusko Jaurlaritzak bere jarrerak emakumeoi erabateko prekaritatera kondenatzen gaituen sexuagatiko diskriminazioa erreproduzitu eta
kronifikatu besterik ez duela egiten? Mespretxu horren ondorioz, M8a bezalako data garrantzitsuetan entzun ohi diren adierazpen instituzionalak hitz hutsalak bihurtzen dira gure belarrietan; marketin hutsa.

Egoera horrek alarma guztiak eta langileen animoak piztu besterik ez du egin. Enpresa esleipendunak eta Osakidetzako zuzendaritza ez daitezela okertu; Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileak ez gara besoak gurutzatuta geratuko. Gure Hitzarmenak jasotzen duen homologazioa irmoki defendatuko dugu. Nazkatuta gaude enpresek eta Osakidetzak erakutsitako utzikeriaz. Nazkatuta gaude erakundeetatik hitz hutsalak eta zapladatxoak bizkarrean jasotzeaz, gure lan-baldintza eskasei buruz hitz egiten dugunean beste alde batera begiratzen duten bitartean.

Garbiketa zerbitzuko langileok, honaino iritsi garela diogu! Homologazioa defendatzea eta bere alde borrokatzeko garaia heldu da. Iaz jada 6 lanuzte burutu genituen.

Zentzu horretan, sektorean aste bateko greba deialdia publikoki iragarri nahi dugu.Zehazki, otsailaren 27an hasiko da lanuztea eta martxoaren 5an bukatu. Sektoreko langileok geurea dena defendatzeko erabakia dugu. Argi eta garbi adieraziko diegu bai enpresei, bai Osakidetzako zuzendaritzari, homologazioa ez dela ukitzen! Ziur
gaude mobilizazioaren eta borrokaren bidez lortuko dugula.

Osasun Saila eta Osakidetza ez dira agertu Transfusio eta Giza-ehunen Euskal Zentroko greba batzordeak deitutako negoziazio bilerara

Euskal Osasun Zerbitzua Lan Harremanen Kontseiluan bilera batera deitu dute gaurko, otsailak 14, premiazko irtenbide bat bilatzeko zentroko langileek jasaten duten diskriminazio bidegabearekin amaitze aldera, 14 greba egunen ondoren. Era berean, manifestazioa deitu dute otsailaren 15erako, asteazkenerako, Plaza Biribiletik abiatuko dena eta Bilboko Osasun Sailaren aurrean amaituko dena.

Gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri diren arren, beste behin ere, greba jarraipen zabala izaten ari da benetan bat egin dezaketen kategorien artean.

Transfusio eta Giza-ehunen Euskal Zentroak Osakidetzako gainerako langileei dagokienez bidezko baldintzak lortzeko borrokarekin jarraitzen du. Horretarako, Osakidetzaren immobilismoa eta konponbiderik eza salatzeko, zentroko langileek greba egun gehiago deitu dituzte otsailaren 14, 15, 16 eta 17an.

Hala ere, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta UTESE sindikatuek, irteera negoziatu eta eraginkorra lortzeko asmoz, Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluan bilera batera deitu zuten Osakidetza otsailaren 14an, 11:30ean: “Hilabete asko daramatzagu Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendaritzari eskatzen negoziatu egin nahi dugula, Euskal Zentroko langileok inolako azalpenik gabe jasaten ari garen diskriminazio bidegabe honekin amaitu ahal izateko konponbide batera iritsi nahi dugula, eta espero dugu oraingoan Osakidetzak akordiorako borondatea erakustea eta akordio hori lortzea”.

Gogoratu behar da Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak ezinbesteko zerbitzua eskaintzen duela Euskadin odol- eta ehun-hornidura bermatzeko. Hala ere, sindikatuok salatu dugun bezala, “langileek diskriminazio anakronikoa eta bidegabea jasaten dute, eta ez da aitortzen egiten duten lan garrantzitsua, Osakidetzako gainerako lankideek baino %4 gutxiago kobratzen baitute, eginkizun berberak edo antzekoak betez. Horregatik, egoera bidegabe horrekin amaitzeko eskatzen dute”.

Eusko Legebiltzarrak ere eskatu dio Osakidetzari egoera horri amaiera emateko. Sindikatuok salatu dugu langileek bi urte baino gehiago daramatzatela gatazkan: “Mobilizazioekin jarraituko dugu Osakidetzak egoera desblokeatu eta baldintzak ospitaleko gainerako langileekin parekatzea erabaki arte”.

Ildo beretik, sindikatuok manifestazioa deitu dugu otsailaren 15erako, asteazkenerako, 10:00etan hasita. Manifestazioa Bilboko Plaza Biribiletik abiatu eta Osasun Sailaren egoitzaren aurrean amaituko da, Bizkaiko hiriburuan. Mobilizazioarekin bat egitera gonbidatzen ditugu zentro horretako langile guztiak eta laguntza gisa batu nahi duten herritarrak.