2026-01-01
Blog Page 256

Aldundian mobilizatu gara Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko greba egunean

Otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 8an hiru greba egun deitu ditugu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan. Gaur, asteko lehen greba egunan, Bilbon mobilizatu gara, ETBren egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundiraino, sektore honetako langileek bizi duten egoera larria salatzeko. Bihar asteartea, otsailaren 28an, egingo dugu asteko bigarren greba eguna eta mobilizazioa egingo dugu 10:30ean Bilbon, Lan Harremanen Kontseilutik (Urkixo Zumarkalea, 2) Udaletxeraino.

Sektorean 7 urte baino gehiago daramate hitzarmenik gabe. Ez da kasualitatea, beste behin ere, ia langile guztiak emakumeak diren eta patronalak zaintza-zerbitzu publikoa ematen duen sektore batek negoziazioa blokeatzea eta erakunde publikoek emakume langileen prekaritatea ahalbidetzea.

Gure ustez onartezina da patronalari zerbitzu-ordu bakoitzeko 2016an baino %20-23 gehiago ordaintzen zaion bitartean, enpresa horiek %3,6ko soldata-igoera eskaintzea 2025era arte. 2022ra arte, izan ere, langileei %16,6 garestitu zaie bizitza.

Salatu dugu diru publikoa kudeatuz etekin handiak lortzen dituzten enpresa horiek benetako enpresa putreak direla, eta kontratatzen dituzten udal eta mankomunitateen pasibotasuna dela hori ahalbidetzen duena.

Zuzenean galdetu nahi diegu udalei eta mankomunitateei Bizkaian Etxez Etxeko Laguntzaren (EEL) sektorean lan egiten duten 1.500 emakume baino gehiagoren baldintzak prekarizatzen dituzten enpresen poltsikoak betetzen jarraituko ote duten. Hala, kalitatezko zerbitzu baten aldeko apustua egitea eskatzen du sindikatuak, egungo ereduak prekarietatea baino ez baitakar, bai langileentzat, baita zaintzen dituzten pertsonentzat ere.

2016tik 2022ra bitartean, EELko langileek 361 euroko galera metatu zuten hileko soldatan, hau da, 4.336 euroko galera metatua urteko soldatan 2022ra arte.

Hala ere, sektore honetako enpresa putreek hilean 72 euroko igoera eskaintzen diete, atzerapenik gabe, hau da, urteko soldata 868 euro igotzea 2025era arte.

KPIaren igoera (2016-2022)361, 38 € hilean4.336,60 € urteko soldata
Patronalaren proposamena (2016- 2025)72,36 € hilean868,36 € urteko soldata

Lanarekiko aitortzaren alde borrokatzen dugu, eta aitortza hori lan baldintzen hobekuntzak dira. Erosteko ahalmena berreskuratzea, gaixotasunagatiko bajen osagarriak, lanaldi partzialen prekarietatearen aurkako akordioak, lanaldi minimo bat eta lanaldi hori handitzen joateko mekanismo argi eta objektiboak ezarriz, kontratuen finkotasunak, laneko osasunaren arloan arrisku psikosozialei (estresa, erasoak) buruzko akordioak eta kontziliazioa hobetzea zerbitzuak multzokatzearen bidez, besteak beste.

Benetako batasun sindikal baterako deia egiten dugu. Uste dugu beharrezkoa dela borroka bateratua, gutxieneko akordio batean oinarritua. Proposamen bat helarazi genien idatziz sindikatu guztiei. Horren bidez, KPIaren berreskurapenaren azpitik dagoen ezer ez sinatzeko gutxieneko akordio bat eta mobilizazio bateratuen proposamena egin zuen. Baina beste sindikatuek ez zuten onartu. Guk, gutxieneko akordio hori gabe, ez dugu benetakoa ez den batasunaz mozorrotu nahi izan. Bada, publikoki konpromisoa hartzen dugu aktiboki batasun sindikala lortzeko saiatzen jarraitzeko.

Amaitzeko, deialdi honekin 62 greba egun egin ditugu, eta gehiago deituko ditu mahai gainean beste eskaintzarik ez badago. Udalak gatazka honen konponbidearen erantzule egiten ditu, eta erakunde horiekiko interpelazioa areagotzen joango dira, haiek direlako patronalei hitzarmenaren blokeoa ahalbidetzen diotenak.

Milaka atera gara osasungintza publikoa defendatzera

Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleetan jendetza bildu da Osakidetzako langileek deitutako manifestazioetan.

Osakidetza salba dezagun lelopean, eta azkenaldian haien baldintzek etengabe okerrera egin dutelako nazkatuta, osasun zerbitzu publikoan ordezkaritza duten sindikatuek manifestazioak deitu zituzten gaurko, otsailak 25. Bada, ziurtatu dute gurean osasun sistema publikoaren alde sekula egin diren mobilizaziorik jendetsuena izan dela.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari ozen eskatu diogu pribatizaziorako eta zerbitzu publikoa desegitera bideratutako neurriak alboratu eta kalitatezkoa izango den sistema bermatzeko baliabideak ezar ditzala.

Elkarretaratzea egin dugu Pinen laneko arriskuen aurkako neurri eraginkorrak eskatzeko

Bi lankidek izandako istripua gogor salatu dugu, eta enpresari exijitu diogu lan osasuna bermatzeko dagokion ardura bere gain har dezan.

Gogorarazi behar da bi behargin zauritu zirela Amurriko Tubos Reunidosen lanean zebiltzala, horietako bat oso larri. Elkartasuna adierazi diegu gaurko kontzentrazioan.

Esku-hartze sozialeko hitzarmen duina aldarrikatu dugu

Gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean bildu gara Esku Hartze Sozialeko langileak Maite Peña, politika sozialeko diputatuarekin bilera eskatzeko. Orain dela urtebete ere eskatu genuen bilera berarekin eta ez dugu inolako berririk izan.

Esku hartze sozialeko IV. Hitzarmeneko negoziazioarekin hasiak gaude HEDATZEN patronalarekin. Baina kontuan izan behar dugu negoziaketan parte hartzen ez badute ere, administrazio publikoko agente ezberdinek zuzenean baldintzatzen gaituztela, gure sektorea azpikontrata bidez ematen den zerbitzu publikoa delako, eta beraz, finantzazio guztia diru publikotik jasotzen dutelako elkarteek.

COVID 19aren pandemian, ezinbesteko bezala izendatu gintuzten eta etxeratze agindua zegoenean normaltasunez lanera joan izan behar genuen zerbitzuak aurrera ateratzeko. Orain pandemia pasa dela, berriz ahaztu gaituzte, eta orain urtebete ezinbestekoa zen sektorea ikusezin bihurtu da gizartearen aurrean.

Horregatik, negoziaketak hastearekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoekin bilera erronda egin dugu sektorearen egoera eta beharrak azaldu eta hauen aurrean hartu behar diren neurriez hitz egiteko. Gipuzkoako Udal ezberdinekin ere bilerak egiten gabiltza.

Sindikatuok, negoziaketan zehar erabiltzeko plataforma bat osatu dugu. Plataforma honek sektoreko langileekin egindako asanblada eta bileretan atera diren beharrak jasotzen ditu, eta horregatik oso garrantzitsua da plataformaren edukiak ulertu eta lan baldintzak duintzea.

Jakitun gara negoziaketa prozesua ez dela erraza izango, horren adibide ditugu aurreko hitzarmenak lortzeko egin genituen borroken prozesuak. Baina gogotsu eta anbizioz heltzen diogu erronka honi, eta ez dugu zalantzarik langileon antolaketa eta mobilizazioaren bitartez sektorearen lan baldintzak hobetu eta gizartean merezi dugun aitortza lortuko dugula.

Eskerrak eman nahi dizkiogu gaur hemen bildu garen langile guztiei, eta aurrera begira egingo diren mobilizazio eta ekimen ezberdinetan parte hartzera deitzen dugu Esku Hartze Sozialak barnebiltzen dituen langile guztiak.

Kutxabankeko langileok planto egin dugu enpresak ezarritako baldintza itogarriak salatzeko

%90eko jarraipena izan du gaurko greba deialdiak. Izan ere, aspaldian okerrera egin duten lan baldintzak duintzeko ordua dela uste dugu, egoera jasangaitza bilakatu baita eta zerbitzuaren kalitatea ere kaltetu baitu.

Neurrigabeko presio komertziala, langile gazteak erakarri eta mantentzeko gaitasunik eza, segurtasun fisikoarentzako arriskuen areagotzea… horiexek dira Kutxabankeko langileok salatu ditugun zenbait egoera. Bada, joera hori errotik eten eta langileon baldintzak hobetzeko exijitu diegu Kutxabankeko arduradunei.

Oraingoan ere lehen indarra izan gara Euskal Telebistan

Atzo hauteskunde sindikalak izan ziren Euskal Telebistaren bi egoitzetan, eta bietan irabazi genuen inoizko parte hartzerik handienarekin, EITB Median ere lehen indarra izaten jarraituz.

Bilbon botoek gora egin zuten eta Langile Batzordearen gehiengoari eutsi diogu, 17 ordezkaritik 9 lortuz. Miramonen izandako gorakada historikoa izan da, 35 boto gehiagorekin 7 ordezkari lortu baitigugu 9 kideko Langile Batzorderako. Ondorioz, zentro-arteko Langile Batzordean ere gehiengoa edukiko dugu datozen lau urteotako erronka garrantzitsuei heltzeko.

Beti garbi eduki dugu, klase sindikatu izanik, langile guztion estrategiarako tresna dela, eta hauteskunde prozesu bakoitzean jasotzen dugun langileen babesak horretan berresten gaitu.

Eskerrak eman nahi dizkiegu boto eman duten langile guztiei, eta batez ere noski, gurea bezalako sindikatu koherente batean konfidantza eman dutenei. Eskerrik asko eta zorionak guztioi.

Osakidetza defendatzera aterako gara kalera bihar

Osasun sistema publikoa desegitearen aurka mobilizatuko gara Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan, 12:00etan. Lan prekaritatea nabarmena da eta okerrera baino ez du egin azkenaldian. Bada, horrek kalitatezko zerbitzua bermatzeko oztopoak dakartza, eta beharginek haiek nahiz herritarrek pairatzen dituzte ondorioak.

Egoera horren baitan, Lehen Mailako Arretaren egoera bereziki prekarioa da. Bada, gogoan izan behar da kolektibo horrek 2019an ere egin zuela greba, garai hartan pairatzen zuten muturreko egoera salatzeko. Bitarte horretan, baina, arduradunek ez dute egoera onbideratzeko neurririk hartu, alderantziz. Gainera, osasun zentroetan gero eta nabarmenagoa da Lehen Arretaren gabezia horrek gainerako arloei eragiten dien kaleta, hala nola larrialdiei, gainkarga handia baitakar.

Horren guztiaren ondorioz, azken asteetan hainbat mobilizazio gauzatu dituzte Osakidetzako langileek, eta biharko eguna, larunbata, izango da hitzordu nagusia. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Jesusen Bihotzaren plazatik (Bilbon), Andre Maria Zuriaren plazatik (Gasteizen) eta Bulebarretik (Donostian).

Martxoaren 8rako irakurketa: “Pribatizazioa, zaintzako langileon miseria! Langile publikoak gara”

Zaintza krisiaren ondorioak geroz eta agerikoagoak dira, eta ikusarazten ari da sistemaren gabeziak eta hutsegiteak; sistema hau ez da gai bizitzak sustengatzeko inor zapaldu gabe. Zalantzarik gabe esan dezakegu zaintzen egungo antolaketa soziala jasangaitza dela.

Argi eta garbi ikusi dugu zaintza lanak behar-beharrezkoak direla bizitzeko. Halaber, ikusi dugu zein garrantzitsua den zaintza lanak ikusaraztea eta dagokien balioa ematea jendartean. Hala izanik ere, argi dago, zenbat eta agerikoagoak izan, orduan eta handiagoak direla zaintzak kudeatzeaz arduratzen direnek jartzen dituzten trabak eta oztopoak.

Pribatizazioa eta zaintzak negozio bihurtzea izan dira krisiari eman zaizkion erantzunak. Ez dago egoerari buelta emateko asmorik; entzungorrak dira zaintza eredua, kudeaketa eta zerbitzua aldatzeko eskatzen dugunok esaten eta aldarrikatzen dugunaren aurrean.

Bizitza kaltetzen eta erasotzen duen sistema batean bizi gara, baina, espero genezakeen gutxienekoa da boterean daudenek ez sustatzea prekaritatea empresa pribatuen eta kapitalaren maila berean; funtsean, ordea, ikusi dugu gauza bera egiten dutela: krisi honek sortutako desberdintasunak konpontzeari uko egin diote.

Instituzio publikoek, Nafarroan zein EAEn, kapitalismoaren logikan gobernatzen dute, eta ahalik eta etekin handienak lortzea dute helburu; ez herritarrentzat, euren lagunak diren enpresentzat baizik. Haien esku uzten dituzte zaintza zerbitzuak, eta, hala, pribatizatzen ari dira.

Adineko pertsonen egoitzen kasuan, bistakoa da PNV eta PSNren gobernuek familia ardatz duten politiken eta zaintza zerbitzuen pribatizazioaren alde egin duela. Esku pribatuetan utzi ditu zaintza zerbitzuak; besteak beste, adinekoen egoitzak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, aniztasun funtzionalaren sektorea eta esku hartze soziala. Ondorioak larriak dira, bai zerbitzuari dagokionez (kalitatea, eredua…) baita pribatizatutako zerbitzu eta egoitzen erabiltzaile eta langileentzat ere (lan baldintzak, ratioak, lan zama…)

Horregatik guztiagatik eskatzen dugu egungo joerak geldiaraziko eta zaintzak demokratizatuko dituen zaintzarako euskal sistema publiko komunitario bat eraikitzeko adostasun sozialak bilatzea. Zaintza kapitalista eta patriarkalaren egungo erregimena eraldatzeko asmoz, mobilizazio prozesuarekin bat egiten dugu.

Pribatizatu dituzten zerbitzu publikoetan ardura zuzenak dituzten instituzio publikoei, berriz, eskatzen diegu desblokeatu ditzatela behingoz lan hitzarmen guztiak eta has daitezela sistema publikoari lapurtutako zerbitzuak berreskuratzeko publifikazio plana zehazten eta negoziatzen.

Emakumeok kalitatezko lan eta zerbitzu publikoak defendatzeko egiten ari garen borrokaren bidez, borroka sindikal feminista indartzen ari da. Borrokatzen jarraituko dugu, orain arte bezala, negoziazio kolektiboan, interpelazio politiko instituzionala egiten eta Mugimendu Feministarekin aliantzak eraikitzen.

Eskatzen dugu:

> Debekatu dadila zaintza zerbitzuak pribatizatzea; lehentasunez, adineko pertsonen egoitzak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak.

> Adineko pertsonen egoitzen eta etxez etxeko zerbitzuen kudeaketa zuzena izan dadila, instituzioek euren gain hartuta, eta etxeko lanak erregulatu daitezela lan baldintzak ziurtatuko dituen hitzarmen kolektiboaren bidez.

> Zerbitzu hauek kudeatzen dituzten enpresak kontrolatu daitezela eta derrigorrezkoa izan dadila hitzarmenak negoziatzea eta zuzenean kudeatzen diren zerbitzuetan dauden lan baldintzak parekatzen direla ziurtatzea, publifikaziorako bidea egin bitartean.

> Zor patriarkala aitortzea eta ordaintzea zaintza lanetan aritu diren emakume guztiei, haiek egindako lana ordaindua edo ordaindu gabekoa izan.

> Egoera ez erregularrean dauden etxeko langile guztiak erregulatu daitezela.

LABen mobilizazioak herrialdeka:

  • ARABA. Gasteizen, 11:00etan Diputazioan
  • BIZKAIA. Bilbon, 10:30ean Udaletxetik Diputaziora
  • GIPUZKOA. Donostian, 11:30ean Bulebarretik
  • IPAR EUSKAL HERRIA. Baionan, 10:30ean tren geltokitik
  • NAFARROA. Iruñea, 11:00etan Parlamentuan

Era berean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak herri eta auzoetan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egiten dugu:

  • ARABA. Gasteizen, 19:00etan San Antonetik
  • BIZKAIA. Bilbon, 19:30ean Jesusen Bihotzetik
  • GIPUZKOA. Donostian, 18:30ean Antiguoko tuneletik
  • IPAR EUSKAL HERRIA. Baionan, 15:00etan Merkatu Plaza
  • NAFARROA. Iruñean, 20:00etan Antoniuttitik

Mobilizazioak Erandioko Udalean, kontziliazio neurriak negoziatzea eta hobetzea eskatzeko

Gaur, otsailak 23, Erandioko udal langileek asanblada eta mobilizazioa egin dugu LAB, ELA eta UGT sindikatuek deituta, EAJ-PNVk uko egin diolako Kontziliazio Plan bat negoziatzeari. Gaurko Plenoan gaia tratatzeko eta Kontziliazio Planaren negoziazioa sustatzearen aldeko erabakia hartzeko eskatu diegu alderdi politikoei.

Udalean ordezkaritza dugun hiru sindikatuok adostutako Plan zirriborro bat aurkeztu genuen negoziaziorako oinarri modura, baina Funtzio Publikoko arduradunaren erantzuna da ez dutela gai horri buruz ezer negoziatuko, hori Negoziazio Kolektiboko kontua dela eta Udalean ez dutela lan-hitzarmenari dagokion gairik negoziatuko.

Orain, kontziliazioaz eta zaintzaz horrenbeste hitz egiten den garai honetan, egokia ez ezik ezinbestekotzat ere jo dugu hitzetatik ekintzetara pasatzea. Baldintza hobeak behar ditugu lana eta bizitza-pertsonala uztartzeko, zaintza lanak arintzen lagunduko duten neurriak negoziatzea eta adostea aldarrikatzen dugu. Aldiz, gure errealitatea bestelakoa da: Lan-egutegietan ere atseden egunak kendu dizkigute eta, horregatik, asteazkenero, udaletxe aurrean biltzen gara, protestan.

Erandion indarrean dagoen lan-hitzarmena, UDALHITZ, duela 15 urtekoa da, 2008koa, eta, hortik gora, legez behartuta dauden hobekuntzak besterik ez ditu onartzen EAJ-PNVk. Are gehiago, Funtzio Publikoko saila hitzarmenaren alde bakarreko interpretazioak egiten ari da, langileen kalterako.