2026-08-06
HomeEkintza SindikalaEsku-hartze sozialeko hitzarmen duina aldarrikatu dugu

Esku-hartze sozialeko hitzarmen duina aldarrikatu dugu

Gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean bildu gara Esku Hartze Sozialeko langileak Maite Peña, politika sozialeko diputatuarekin bilera eskatzeko. Orain dela urtebete ere eskatu genuen bilera berarekin eta ez dugu inolako berririk izan.

Esku hartze sozialeko IV. Hitzarmeneko negoziazioarekin hasiak gaude HEDATZEN patronalarekin. Baina kontuan izan behar dugu negoziaketan parte hartzen ez badute ere, administrazio publikoko agente ezberdinek zuzenean baldintzatzen gaituztela, gure sektorea azpikontrata bidez ematen den zerbitzu publikoa delako, eta beraz, finantzazio guztia diru publikotik jasotzen dutelako elkarteek.

COVID 19aren pandemian, ezinbesteko bezala izendatu gintuzten eta etxeratze agindua zegoenean normaltasunez lanera joan izan behar genuen zerbitzuak aurrera ateratzeko. Orain pandemia pasa dela, berriz ahaztu gaituzte, eta orain urtebete ezinbestekoa zen sektorea ikusezin bihurtu da gizartearen aurrean.

Horregatik, negoziaketak hastearekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoekin bilera erronda egin dugu sektorearen egoera eta beharrak azaldu eta hauen aurrean hartu behar diren neurriez hitz egiteko. Gipuzkoako Udal ezberdinekin ere bilerak egiten gabiltza.

Sindikatuok, negoziaketan zehar erabiltzeko plataforma bat osatu dugu. Plataforma honek sektoreko langileekin egindako asanblada eta bileretan atera diren beharrak jasotzen ditu, eta horregatik oso garrantzitsua da plataformaren edukiak ulertu eta lan baldintzak duintzea.

Jakitun gara negoziaketa prozesua ez dela erraza izango, horren adibide ditugu aurreko hitzarmenak lortzeko egin genituen borroken prozesuak. Baina gogotsu eta anbizioz heltzen diogu erronka honi, eta ez dugu zalantzarik langileon antolaketa eta mobilizazioaren bitartez sektorearen lan baldintzak hobetu eta gizartean merezi dugun aitortza lortuko dugula.

Eskerrak eman nahi dizkiogu gaur hemen bildu garen langile guztiei, eta aurrera begira egingo diren mobilizazio eta ekimen ezberdinetan parte hartzera deitzen dugu Esku Hartze Sozialak barnebiltzen dituen langile guztiak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko

Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa...

Greba egingo dute abuztuaren 14tik 16ra Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde

Abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...