2024-10-13
HomeEkintza SindikalaManifestazioak deitu ditugu otsailaren 25erako, Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka

Manifestazioak deitu ditugu otsailaren 25erako, Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka

Bilbon, Donostian eta Gasteizen eguerdiko 12:00etan egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitzen diegu langileei eta herritarrei.

Duela aste batzuk, Osakidetzan arazoak eta zailtasunak daudela aitortzen entzun genion Urkullu Lehendakariari. Esan zuenez, gure osasun-sistema publikoa Jaurlaritzaren lehentasunetako bat izango da. Hitz horien itxura gorabehera, hilabete eskasera, eta herritarren aurrean agerikoa den errealitatea ezkutatzeko ahaleginean, Osakidetza ez dela ez desegiten ez pribatizatzen ari adierazi du Lehendakariak, eta Sagardui Sailburuak ere ukatu egin du Osakidetzan murrizketak eta pribatizazioak egiten ari direnik.

Errealitate bakarra da lan-prekaritateak gure osasun publikoaren arazo handienetakoa izaten jarraitzen duela: % 50etik gorako behin-behinekotasun-tasa; hamarkada batean % 20tik gorako erosahalmen-galera; lan-gainkarga sistematikoa; plantilla urria; ordezkapenik eza eta lanpostu hutsak ez betetzea; lan-baldintzetan murrizketak, hala nola Garapen Profesionalean aplikatu nahi den murrizketa erradikal eta justifikaziorik gabea, etab.

Aldi berean, Deustuko, Zumarragako eta San Martingo EAGetan eta Santiago Ospitaleko larrialdietan aplikatutako murrizketek eta Basurtuko bihotzeko kirurgia ixteko proiektuak aurrera jarraitzen dute. Gainera, oporraldietan etengabeak dira lehen mailako arretan ematen diren murrizketak. Osakidetzaren kategoria guztietan eta hiru lurraldeetan eragina duten egiturazko arazoen aurrean gaude.

Azpimarratu behar da Lehen Mailako Arretaren egoera bereziki prekarioa dela. Gogoan izan behar dugu kolektibo horrek 2019an ere egin zuela greba, garai hartan pairatzen zuten muturreko egoera salatzeko. Egoerak okerrera baino ez du egin hiru urte hauetan. Argi dago, gainera, Osakidetza sare bat den heinean, sailburuak behin eta berriro errepikatzen duen bezala, Lehen Mailako Arretaren egoera horrek eragin zuzena duela beste asistentzia-maila batzuetan, Ospitaleko Larrialdietan, besteak beste. Horrela, larrialdietan gero eta gainkarga handiagoa dago.

Bitartean, Mahai Sektoriala erabat blokeatuta dago. Osakidetzak ez du erabakitzeko ahalmenik, eta Osasun Sailak ez du sindikatuen aldarrikapenetako bakar bat ere aintzat hartu, eta ez die sindikatuen proposamenei erantzunik eman abenduaren 7ko bileraren ondoren. Gainera, Mahai Sektoriala erabili nahi du existitzen ez den negoziazio baten itxura emateko, uda aurretik bultzatutako mobilizazioei jaramonik egin gabe: langileen zein herritarren parte-hartze handia izan zuten manifestazio jendetsuak, eta lau greba egun.

Osasun Sailak gure osasun publikoa eraisteko bidean sakontzen duten erabakiak hartzen jarraitzen du. 2023ko ekitaldirako, Osasunera bideratutako aurrekontua 2022an benetan gastatutakoa baino 20 milioi euro txikiagoa da; badirudi, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, 2023an iaz baino premia gutxiago dagoela. Gainera, ezabatu egin du COVIDetik eratorritako beharretara bideratutako partida. Baina, errefortzu ekonomiko hori ezabatzearekin batera, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren prekarizazioa pandemiaren ondorio zuzena dela argudiatu du.

Herritarrei eskaintzen zaien osasun-laguntza eskuratzeko gero eta zailagoa eta kalitate txarragokoa da. Lehen Mailako Arretako hitzorduek atzerapen handia dute, eta batzuetan ez dago bermatuta aurrez aurreko arreta; PACak ixteak edo horietako ordutegiak murrizteak joan-etorri luzeagoak egitera behartzen ditu pazienteak, eta horrek gero eta egoera delikatuagoan jartzen ditu kolektibo kalteberak; Ospitaleko Larrialdietako batez besteko itxaronaldia 5 ordukoa da, eta bi egunetara ere heltzen da artatu ondoren plantara eramateko epea; kanpo-kontsulta baterako zain dauden pazienteen kopurua 6gatik biderkatu da 6 urtetan; proba diagnostiko baten zain daudenena bikoiztu egin da 2019tik; eta kirurgiako itxaron zerrendak % 36 hazi dira hiru urtetan; Osakidetzak onartu du 11 hilabeteko atzerapena dagoela bularreko minbiziaren baheketetan, eta ebakuntza egiteko zain dauden eta minbizia duten pazienteek hilabete bat itxaron behar dutela.

Osasun-aseguru pribatuen kontratazioak gora egin izana Osakidetzaren eraispenaren ondorioetako bat da, zalantzarik gabe; izan ere, Bizkaian, esaterako, 3 herritarretik 1ek kontratatu dituzte.

Egoera horren aurrean, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioak deitu dituzte otsailaren 25erako Bilbon, Gasteizen eta Donostian, Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka. Mobilizazioak 12:00etan abiatuko dira Jesusen Bihotzaren plazatik, Andre Maria Zuriaren plazatik eta Bulebarretik. Langileei, herritarrei eta gizarte mugimenduei guztion osasuna defendatzeko mobilizatzera dei egiten diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko Udalak berriro utzi du Etxez Etxez Laguntza Zerbitzua multinazionalen esku

Lau urterako lizitatu du zerbitzua hobekuntzetik inbertsiorik egin gabe eta langileen aldarrikapenak kontuan hartu gabe.

Lan egiten zuen enpresaren aurrean salatu dugu astelehenean Funesen hildako langilearen heriotza

Urriaren 7an hil zen 29 urteko langilea Funesen, bezperan makina batek harrapatuta. Azken honekin, gutxienez 45 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak.

Jarrera aldatu eta Gipuzkoako Salgaien Errepide bidezko Garraioaren Hitzarmenaren negoziazioa ahalbidetzea eskatzen diogu GUITRANSi

Gaur egin da Gipuzkoako Errepide bidezko Salgaien Garraioaren Hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilera, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan. Bilera aurretik, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioa egin dugu patronalaren aldetik ez dugulako benetan negoziatzeko inolako asmorik ikusten.