LABek jardunaldi murrizketaren inguruko eztabaidari premiaz heldu behar diogula uste du, eta horretan ari gara aspalditik: LABek eremu desberdinetan lanaldi murrizketa proposamenak egin izan ditu, patronalari, instituzioei, lan eta enplegu sailari eta Idoia Mendia sailburuari ere bai, zuzenean. Ez batzuek, ez besteek, orain arte ez dute eztabaida horri heltzeko borondaterik adierazi.
Euskal Herriko langileriak bere lan jarduna murriztea ezinbestekoa dela uste dugu, egungo lan jardunaldia ez baita bizitzarekin uztargarria. Lanaldiaren eztabaidak euskal langileon erronka desberdinei erantzun behar die: ekarpena egin behar du langileen lan eta bizi baldintzak hobetu eta enplegua banatzeko; ekarpena trantsizio ekosozialistak eskatzen dituen erronkei heltzeko bidean, eta bizitza sostengatzeko hain beharrezkoak ditugun zaintza lanak burutu eta denon artean banatu ahal izateko ezinbesteko baldintza da.
Banaketa hirukoitzaren norabidean urratsak eman behar direla uste dugu: aberastasuna, zaintzak eta enplegua banatu behar dira, eta jardunaldiaren murrizketa bide horretan kokatzen dugu.
Proposamen zehatzak eginak ditugu bide horretan, tartean, lan jarduna astean 30 ordura murriztearena. Eta, besteak beste, eduki hori barnebiltzen duen lanbidearteko akordioarako proposamena ere egina dugu LABetik. Orain arte inongo erantzunik ez dugu jaso.
Orain, elkarrizketa sozialera eraman nahi du bere proposamena. Mendiari mahai antidemokratiko horretan herri honetako gehiengo sindikalak ez duela parte hartzen gogorarazi behar diogu. Era honetako eztabaidek bestelako prozesu, marko eta akordioak eskatzen dituzte. Propaganda kanpaina gutxiago eta eztabaida serio gehiago.
Aste luzez enpresak negoziaketa blokeatuta eduki ostean jada hiru aste igaro dira Fundiciones del Estandako langileok greba eta mobilizazioei hasiera eman genienetik. Ordutik 3 lanuzte egun eta bi greba egun burutu ditugu. Astearteko greba arrakastatsuaren biharamunean komitea (5 LAB, 2 ELA eta 2 CCOO) zuzendaritzarekin bildu zen eta bertan langile batzarrera eramateko modukoa zela irizten genion proposamen bat erdietsi zen. Atzo, osteguna, langile batzarrean gehiengo zabalak baiezkoa eman (111 bozka alde, 11 kontra eta 1 txuri) eta proposamena babestu zuen.
Gauzak hala, duela hilabete eskas ezinezkoa zirudien hura langileen batasun eta determinazioaren bidez posible bilakatu da berriz ere. Zentzu honetan LABeko kideok greba eta mobilizazioak babestu dituzuen langile guztiak zoriondu nahi zaituztegu, guztion artean enpresa hitzarmena lortu baitugu.
Besteak beste hitzarmenaren iraunaldian KPIa bermatuko duen soldata igoerak, lizentzietan aurrerapenak eta soldata eskala bikoitzean hobekuntza nabarmena dira lortutakoak.
LABetik argi dugu bidea ez dela hemen amaitzen, eta aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu etorriko diren hitzarmenen negoziaketa naiz arazo ezberdinen aurrean akordiorik onenak lortzeko. Bide horretan eskuratu dugun hitzarmena lortzeko jorratutako bidea eredu izango da.
Bukatzeko, oraindik hitzarmenaren aldeko borrokan dirauten Fudikeko langileei indarrik eta animorik handienak bidali nahi dizkiegu.
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Funtzio Publikoko kontseilari Javier Remirezek eginiko adierazpenei eta Osasun Departamentuak eginiko proposamenari erantzunez, zeinak PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta EH Bildu alderdien babesa omen baitu, osasungintzako intersindikaleko Greba Batzordeak ondokoa adierazi nahi du:
Greba Batzordea Osasun Departamentuak eginiko proposamena baloratzen ari da eta kontraproposamen bat eginen du, greba deialdia bertan behera uzteko berme nahikorik ez dagoela uste baitu.
Osasun Departamentuak eta Remirez kontseilariak Greba Batzordearen proposamenak deslegitimatu nahi dituzte, arreta alderdi ekonomiko hutsetara desbideratuz.
Intersindikalak hainbat gairi buruzko proposamenak egin ditu, hala nola, Lehen Arretaren aurrekontua handitzea, plantilla egokitzea, plantillaren lan gainkarga murrizteko lantaldeak ezartzea bai Lehen Arretan, bai espezializatuan, Osasunbideko behin-behinekotasuna murrizteko estrategiei lehenbailehen ekitea %50 baino handiagoa baita, eta abar. Ez dugu erantzunik jaso.
Plantillako “langile guztientzako karrera profesionala”, “jaiegun bereziak ordaintzea” edo “lanbide kokapena” bezalako neurriek ez dute batere kronogramarik eta aurrekontua izatearen mende daude. Osasun Departamentuak karrera profesionalari buruz proposatu duen idazketan ez dago inolako betetze-bermerik, eta hori onartzeko, “arau-esparruaren proposamena”, “pixkanaka ezartzea” eta “dagokion aurrekontu-nahikotasuna” bete behar dira. Indar sindikalek proposatutakoa betetzeko bermeak eskatzen dituzte, funts gehigarriekin gertaturiko gauza bera gerta ez dadin. Langileak, oraindik, Mahai Orokorrean 2018an adostutako neurriak aplikatzeko zain daude. Neurri horiek hobekuntzak ekartzen zituzten familia laguntzetan, gaueko lanaren osagarrian, eta abar.
Remirez kontseilariak karrera profesionalari buruz eginiko adierazpenei dagokienez, erran behar dugu hobekuntza ekonomikoa ez ezik, aukera ematen diela langileei beren lana egiteko prestakuntza eta eginkizunak aintzatesteko, herritarren arretan zuzeneko eragina izan dezan. Prestakuntza hori eremu publikotik egin behar da, baldintza egokiekin.
Osasungintzako intersindikalak kronograma zehatz bat eskatzen du, aurrekontu-nahikotasuna eta lan baldintzei zein herritarrentzako arretaren hobekuntzari dagokienez benetako onura ekarriko duten neurri batzuk
Uste dugu une garrantzitsua dela zerbitzu publikoen defentsan, kalitateko osasun laguntza publikoan eta lan baldintzen hobekuntzan. Baina Osasun Departamentuak egin digun proposamena batere zehqaztapaneik gabekoa da. Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusia ez da erreferentea Greba Batzorde honendako; izan ere, legez ezarritako esparrutatik kanpo negoziatu eta hartu ditu erabakiak, baita hobekuntzak modu pertsonalean eskaini ere, inork eskatu gabe Mahai Orokorrean onartu bezala, eta esklusibotasuna bezalako funtsezko kontzeptuak ezabatzen (ordainduz) saiatu da.
Osasungintzako intersindikalaren lanak eta aldarrikapenek eragin dituzte mugimenduak Osasun eta Funtzio Publikoko departamentuetan, eta ez dugu akordiorik onartuko inolako bermerik gabe, ez dugu langile gehienen protestak isilaraztea bertzerik bilatzen ez duen akordiorik onartuko.
Martxoaren 18an hitzordu garrantzitsu bat izanen dugu Nafarroako herritarrekin Iruñean, Golem zinematokietatik abiatuko den manifestazio batekin. Mobilizazio horrek Nafarroako Osasun Plataforma, udal, eragile sozial eta sindikatuen babesa izanen du, osasun arreta duina, publikoa eta kalitatezkoa ematearen alde. Hori baino lehenago, martxoaren 15ean, elkarretaratzeak izanen dira Nafarroa osoko osasun etxe, kontsultategi eta ospitale publiko guztien aitzinean. Eta martxoaren 23rako greba eguna deitua dago Nafarroako osasungintza publiko osoan.
Ekitaldia egin dugu Gasteizen, 1976ko martxoaren 3ko langile hilketen 47. urteurrenean, sarraskia gertatu zen elizaren ondoan. Bertan parte hartu du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, eta adierazi du “langile borroka markatu duen eguna” izan zela hura, “Euskal Herrira lan eta bizi baldintza duinen bila etorritako langile migratuen borroka, justizia sozialaren aldeko borroka. Eta, borroka feministari ere ekarpena, ezinbestekoa eta erabakigarria izan zelako emakumeek jokatutako papera”.
“Gaur, 47 urte beranduago, hemen gaude, garai haietan heldu zein ume ginenok. Baita jaio gabe zeudenak ere, ez dugu egun hura ahanzturan uzteko. Herri eta langile moduan, nora joan behar dugun jakiteko, nondik gatozen jakitea garrantzitsua baita”, gaineratu du LABeko ordezkariak, Martxoaren 3 elkarteak memoriaren eta egia, justizia eta erreparazioaren alde urte guzti hauetan egindako lana aitortuz.
Egungo egoean erreparatuz, langileontzat kontzesiorik ez dagoela gaineratu du, “eskubideak konkistatu egin behar dira. Orduan eta orain kapitalaren interesak harrapakeria izaten jarraitzen du, sistemak langileen arteko arrakalak bultzatzen ditu, migrante eta bertakoen artean, gizon eta emakumeen artean, gazte eta ez hain gazteen artean, etekina atera eta dominaziorako tresna moduan erabili nahian”.
Adibide zehatzetara joz, Aranburuk aipatu du “Garamendik, 400.000 eurotako soldatarekin, erosteko ahalmenari eutsiko dioten soldata-igoerak ukatzen dizkigu; bankuak eskandaluzko irabaziak poltsikoratzen ari dira eta hipotekak garestitzen dizkigute edo Josu Jon Imazek diru publikoa esku pribatuetara bideratzeko nahi ditu Europako funtsak, baina gero ez du zergarik ordaindu nahi”.
Politika publikoak zehaztu eta publikoa den oro, izan pentsioak edo osasungintza, suntsitu nahi duten elite ekonomiko hauen aurrean, langileak kokatu ditu, “bizitza duinaren alde borrokan ari garenak”.
Kapitala eta patronalaren arteko aliantza kriminal honetan poliziaren errepresioak duen egitekoa ere hizpide izan du Aranburuk, Tubacexeko langileek edo aste honetan Osakidetzako garbitzaileek jasan behar izan dutena aipatuz, baina 1976ko egoerarekin lotura eginez, gaineratu du: “ez orduan ez orain, ez errepresioak ezta borroka sindikal eta sozialaren kriminalizazioak ez gaitu gure bidetik aterako”.
Borroka sindikalaren apologia ere egin du Aranburuk: “Hor dago LAB, orain 47 urte baino sendoago, errotiko aldaketak bultzatu eta eraldaketarako sindikalgintza berria garatuz. Trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatuz, bizitza duinerako eskubidea erdigunera ekarriz. Aberastasuna eta lana banatzeko proposamenak baditugu. Esplotazio eta prekaritate modu zahar eta berriei aurre egiten diegu, lanetik osasuntsu eta bizirik itzultzeko dugun eskubidea bermatzeko neurriak eskatu, injustizia sozial eta edozein arrazoigatiko diskriminazioei aurre egin. Estatua aldarrikatu soilik ez, Estatuaren eraikuntzan busti egiten gara”.
LABek langile guztientzako etxea izan nahi duela gaineratu du sindikatuko ordezkariak, ikuspegi feminista eta antirrazista barnebiltzen dituen praktika soziosindikalarekin, sindikalismo birpentsatzeko ariketa etengabean.
Langile migranteen errealitatea ere hizpide izan du Aranburuk: “asko zarete zuen herrialdeak uztera behartutako langileak, zuentzat eta zuen familientzat bizitzeko aukera hobeen mila. 70eko hamarkadan, Estatu espainoleko txoko ezberdinetatik eta gaur egun, asko urrutiagotik, baina helburu berdinarekin. Eta zer da topatzen duzuena? Migrazio politika kriminalen ondorioak jasan ondoren, arrazista den Atzerritartasun Legea eta diskriminazioa”.
Eskubiderik gabeko errealitate honen aurrean, LABek eskaintzen diena zehaztu du: “Guretzat borroka kideak zarete, bizitza duinerako eskubidea duten langileak, eraldaketa soziala eta Euskal Estatu independenteranzko bidelagunak”.
Zaintzan ari diren emakumeak
Igor Chillon Gasteiz-Lautada-Errioxako eskualde arduranak eta Lorena Rejo sektore soziokomunitarioko arduradunak ere hartu dute hitza ekitaldian. Rejok, zaintza eta pribatizatutako sektoreetako langileen lan-baldintzak izan ditu hizpide. Zaintza lanak aitortzea eskatu eta behar besteko aurrekontu-hornidura eskatu du zaintzako langileentzat, gizarte-zerbitzuen eta zaintza-zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko; kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa izan dadin.
Ekitaldiaren ondoren, bertan parte hartu dutenak krabelin bana kokatu dute Martxoak 3ko plazan dagoen monolitoan eta hiru kidek “Agurra” dantzatu dute bertan.
Hego Euskal Herrian 144.660 langabe daude, pasa den urtean baino 4.848 gutxiago. Herrialdeen artean, ordea, egoera ez da berdina aurreko hilabetearekin alderatuz; izan ere, Nafarroan urtarrilean baino 366 langabe gehiago daude, gainerako herrialdeetan langabezia jaitsi den bitartean.
Datuok sexu-generoaren arabera aztertzerakoan, langabetuen gehiengoak, %58,29ak, emakumezkoa izaten jarraitzen du. 2022ko otsailean baino gizon eta emakume gutxiago langabezian egon arren, proportzio handiagoan jaitsi da gizonezkoen langabezia (%5,40 egin du behera), emakumezkoena baino (%1,63ko jaitsiera). Langabeziaren azken urteetako bilakaera aztertzerakoan, emakumezkoen langabezia pandemia aurreko balioetara bueltatu dela esan genezake (2020ko otsailean baino %2,08 emakume langabe gutxiago daude), gizonezkoena modu nabarmenean jaitsi den bitartean (gizonezkoen artean, 2020ko otsailean baino %7,31 langabe gutxiago daude gaur egun). Beraz, emakumeen langabezia egiturazkoa dela ondorioztatzen dugu, langabezian dauden emakumeen kopuruak gorabeherak izan arren, egiturazko egoera iraunarazten duelako.
Zentzu horretan, borondate politikoa ezinbestekoa da, politika publikoen bidez emakumezkoen egiturazko langabezia zein prekarietate egoerarekin behin betiko amaitzeko. Langileok ez dugu nahi langabezia egoera ahalik eta hoberenean biziraun; langile guztion lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dituen errealitate berria behar dugu, soldatatan, lan baldintzatan, pentsioetan… areagotzen ari diren sexu-genero arrakalak gaindituko dituena.
Langabezia datuak sektoreka erreparatuz gero, zerbitzuak sektorean langabeziak izan duen gorakada azpimarratu behar dugu, pasa den urtean baino 664 langabetu gehiago baitaude. Era berean, adierazgarria da sektore honetan langile migratuen artean egon den langabeziaren gorakada (710 langabetu gehiago), zerbitzu sektorean egon den langabeziaren bilakaeraren parekoa izanik.
Bizitza kaltetzen eta erasotzen duen sistema batean bizi gara, zeinetan instituzio publikoek kapitalismoaren logikan gobernatzen duten, ahalik eta etekin handienak lortzea helburu izanik. Modu honetan langile emakumeak, migratzaileak edota gazteak prekarietate, ezegonkortasun edota lan baldintza kaxkarretara kondenatzen ditu, kapitalak kolektibo hauek sortzen duten aberastasuna desjabetu eta euren poltsikoetan pilatuz.
Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida honen aurrean, zaintzak erdigunean izango dituen eredu berri bat aldarrikatzeko eguna izango da martxoaren 8a.
Nafarroako osasun sistema publikoak (Osasunbidea eta Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutua) okerrera egin duenez eta Osasun Departamentuak antolamendu-, lan- eta enplegu-baldintzak hobetzeko bere langileen eskariak ez dituenez aintzat hartzen, Osasunbideko eta NOPLOIko langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuek, Nafarroako Osasun Plataformarekin batera, mobilizatzera deitu dute, sistema horren alde, sistema horren desegitea eta pribatizazioa gelditzeko, eta langileen lan baldintzak hobetzearen alde.
Osasun sistema publikoak herritarrei eman behar dien zerbitzuaren kalitatea zein bertako langileen baldintzak okertu dituzten ekintzen eta ez-ekintzen erabaki katea luzea da. Narriadura hori ez zen atzo hasi; 2008an hasitako krisiaren murrizketa-politiketan oinarritzen da. Pandemia, bertan azaleratutako ahuleziei aurre egiteko aprobetxatu beharreko esperientzia izan beharrean, Osasun Departamentuari bere estrategia pribatizatzailean sakontzeko aitzakia gisa balio izaten ari zaio. Pandemia baino lehen, Departamentua zuzentzen duten egungo arduradunek behin eta berriz defendatu zuten lankidetza publiko-pribatuan aurrera egiteko beharra, eta, beti bezala, negozio pribatuaren aldeko apustua bertzerik ez da, baina diru publikoarekin finantzatua.
Zenbakiek erakusten dutenez, populazioaren gehiengoak babesten duen osasun-sistema publikoa indartu beharrean, egungo legegintzaldian, diskurtsoak gorabehera, izoztu eta mantendu du Osasun Departamentuaren infrafinantziazio historikoa.
Lehen Arretaren beharrak betetzeko eskaerei entzungor jarraitzen dute, eta Osasunaren aurrekontu osoaren %15arekin segitzen du, nahiz eta %25a behar lukeen.
Irtenbide teknokratikoak bilatzen jarraitzen dute, hala nola telelaguntza, arreta presentziala bermatuko duten plantillak handitu beharrean. Eten digitala dela eta, arretaren desberdintasunak areagotzen dituzten irtenbideak dira horiek, biztanleria talde ahulenei negatiboki eragiten dietenak eta desberdintasun argiak sortzen dituztenak.
Zentro pribatuetarako deribazio asistentzialen eta proba diagnostikoak sistematikoki kanporatzearen aldeko itunen urteko aurrekontua handitzen jarraitzen dute
Osasun mentalaren, lan-osasunaren edo aho-hortzetako osasunaren gabezia historikoez paso egiten jarraitzen dute.
Osasun Departamentuak ikerketa-baliabideak ahulak izaten jarraitzen du, baina Gobernuko bertze sail batzuek, hala nola Garapen Ekonomikoak edo Berrikuntzak, negozio pribatuen zerbitzura dauden ikerketa-ildoetarako aurrekontuak handitzen segitzen dute.
Zahar egoitzak publifikatzeko eta Osasun Departamentuarekin koordinatzeko neurrien aldeko paralisiak jarraitzen du, inbertsio-funtsen eta enpresa multinazional handien negozioa ezkutuan finantzatuz.
Enplegu eta lan baldintzen narriadurak bere hartan jarraitzen du, eta hauek osatzen dute: behin-behinekotasun orokorra, langile-falta desorekatua, plantillaren erosteko ahalmenaren galera, lan-gainkargak, lana eta familia bateratzeko neurririk eza, errotuak eta jada ohikoak diren lanaldi-luzapenak, lan-absentzien ordezkapenik eza… Inguruabar horiek guztiak bidegabeak eta justifikaezinak dira eta modu negatiboan eragiten diete langileen osasunari, eta horrek badakar baja medikoen ugaritzea, langile falta are gehiago larriagotzen duena.
Deskribatutako lan-egoeraren ondorioz, zerbitzuen kalitatea ere okertu egin da, eta horrek ekartzen du ospitaleko itxaron zerrendak handitzea, diagnostikoak atzeratzea, landa-eremuetan profesionalik ez egotea, aurrez aurreko arreta ezin lortzea; azken batean, desberdintasunak areagotzea.
Hainbat gizarte-erakundek eta langileen ordezkaritza sindikalak urteak daramatzate gabezia horiei guztiei aurre egiteko eskatzen. Baina eskaera horren aitzinean, zer aurkitu dugu? Osasun departamentuak gidaturiko izaera korporatibo eta klasista duen negoziazio absurdu bat, behar lituzkeen negoziazio mahaietatik kanpo egina, berresten duena osasun sistema publikoaren narriadura estrategia baten parte dela, hura desegiteko eta pribatizatzeko. Estrategia horri aurre egin behar dio Nafarroako gizarteak bere indar guztiekin, hala kalean, zein lantokietan eta hautetsontzietan.
Hartara, hauxe exijitzen dugu osasun sistema publikoa unibertsala eta bakarra izan dadin, Lehen Arretan oinarritua egon dadin, prebentzio orientaziokoa eta osasunaren sustapenekoa izan dadin, ikerketa publikoa bultza dezan, eta bere langileen enplegu eta lan baldintza duinak berma ditzan:
Osasun Departamentuaren finantziazioa handitzea.
Lehen Arreta birfundatzea, sistemaren benetako ardatza izan dadin, behar adina baliabide eta finantzazioa emanez, laguntza profil profesional berriak sartuz, laguntza jarduera guztiak garatu ahal izateko: arreta soziosanitarioa, osasunaren sustapena, osasun komunitarioa, irakaskuntza eta ikerketa.
Diziplina anitzeko talde lana indartzea, lanbide kategoria guztiak duinduz eta aitortuz.
Plantilla guztiaren erosteko ahalmena berreskuratzea eta hobetzea.
Guztiontzako karrera profesional justua, helburu kolektiboen alde lan egitea benetan erraztuko duena eta soilik zenbait estamentutarako antzinatasun osagarria izateari utziko diona.
Aurreko arrazoi horiengatik guztiengatik, hemen bildutako sindikatuok eta Nafarroako Osasun Plataformak mobilizazio hauetan parte hartzera dei egiten diegu Nafarroako biztanleei:
Batzar sindikalak Osasunbidearen eta NOPLOIren zentroetan.
Martxoak 15: elkarretaratzeak Nafarroako osasun etxe, kontsultategi eta ospitale guztietan eta NOPLOIren bi egoitzetan.
Mobilizazio horien arrakastaren baitan dago osasun-sistema publikoa hondatu eta pribatizatzeko estrategiak porrot egitea. Sistema hori galtzeak Nafarroako populazio osoaren bizi-baldintzak eta osasuna nabarmen hondatzea ekarriko luke.
Zipren da Igor Arroyo LABeko Koordinatzaile Orokorra, eta gaur bilera egin du Pambis Kyritsis Munduko Sindikatuen Federazioko idazkari nagusiarekin. Kyritsis 2022ko maiatzean eginiko 18. Kongresuan aukeratu zuten Munduko Sindikatuen Federazioko idazkari nagusi.
Hainbat gai izan dituzte mintzagai bileran, Herrien edo estaturik gabeko nazioetako sindikatuen koordinadora nola egonkortu eta indartu, Munduko Federazio Sindikalak Europan izan beharreko estrategia, ildo feminista nola indartzen dugun eta sindikalgintza feministarako bidean ze ekarpen egiten dugun, Sahararen aldeko borrokari ekarpen kualitatiboa egiteko eskakizuna eta sindikatu berri batzuen afiliazio eskariaren berri ematea.
Bestalde, 2024an LABen 50. urteurrena izango da eta sindikatua Munduko Federazio Sindikalean afiliatu zenaren 20. a denez, Arroyok gonbidapen berezia egin dio Kyritsisi Euskal Herrira etortzeko.
Bihartik aurrera, Munduko Sindikatuen Federazioko Kontseilu Presidentzialean parte hartuko du Arroyok.
Atzegiko hitzarmena negoziatzen aurkitzen dira. Kontuan izan behar dugu administrazio publikotik jasotzen duela dirua 270 langile inguru dituen entitate honek. Ez dute langileen eskubideak okertzea eta eros ahalmena galtzen jarraitzerik nahi. Aldundiari eskatzen diote aniztasun funtzionaleko sektorean eta konkretuki, momentu honetan, Atzegiko langileei KPIa bermatzea datozen urteetarako. Horrela, mobilizazioa egin dute gaur Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.
Adierazten dute hitzarmenaren negoziazioan beste puntu asko dituztela hobetzeko:
Hitzarmen honen erronka nagusia urtean lan egiten dituzten ordu guztiak konputatzea da. Gaur egun 2.000 lan ordu egiten dituzte urtean eta hauetatik 1.600 ordu dira lan orduak bezala konputatzen dizkietenak, beste 400 orduak lan postuan egon arren presentziazkoak bezala kontatzen dizkiete.
Ez dago plusik jaiegun eta asteburuengatik, berdin da astelehen batez edo Urteberri egunean lan egitea.
Ez dute gaueko plusik, oinarrizko soldatatik aterata dago.
Aldundiaren beharrei jarraituz, egun batetik bestera lan egiteko ereduak aldatzen joan dira urteetan zehar, beti tartean langileak kaltetuak ateraz, azkeneko lan ereduarekin, Mac 365, etxekoandre figura edo kategoria dutenak, adibidez.
Arreta Zuzeneko langileek ez dute euren burua zaintzaile soiltzat bakarrik hartzen (kontratuetan jartzen dien bezala), zerbait gehiago dira, maila pertsonalean eta emozionalean asko inplikatzen baitira. Hala ere, eskubideak dituzten langileak izaten jarraitzen dute, euren lan- eskubideen alde, lan baldintza duinak nahi dituzte.
III. Arabako Gizarte Esku-hartzearen Hitzarmen Probintzialaren 35 negoziazio-mahai baino gehiagoren ondoren, aurreakordio ekonomiko bat lortu genuen, 2022ko uztailean sinatua, eta joan den 2023ko urtarrilaren 18an sinatu zen akordio osoa. Arabako Foru Aldundiak blokeatu egin du hitzarmen horren argitalpena, eta, horretarako, Aldundiak eskatu du bigarren xedapen gehigarri bat sartzeko hitzarmenaren behin-betiko testuan.
Bigarren xedapen gehigarri horretan, Aldundiak planteatzen digu 2021eko, 2022ko eta 2023ko soldata-atzerapenak esleipen berriekin lotzea, haien arabera uztailean, abuztuan edo irailean izan baitaitezke. Horregatik, Aldundiak 10 kontratu lizitatu behar ditu aurrekontuak handitzeko. Zergatik ez zen hori egin 2022ko uztailean aurreakordio bat zegoenean? Argi daukagu Aldundia eta enpresak xantaia egiten eta negoziazioa luzatzen aritu direla, beren interesen arabera.
Sindikatuek ez dugu xantaia hori onartu, sektoreko langile guztien soldata-erregularizazioak kobratzeari kalte egiten baitio argi eta garbi, eta hori onartezina da sindikatu guztientzat. Inola ere ezin dugu onartu soldata-erregularizazioak enpresen esleipenekin lotuta izatea; izan ere, 5 hilabetean, 8 hilabetean edo 12 hilabetean izan daitezke, ez dago kobratzeko inolako bermerik.
Egoera desblokeatzen saiatzeko, Aldundiarekin kontratuak dituzten 10 enpresek (horietatik 5 AISArenak eta beste 5 patronalarenak ez direnak) sinatutako dokumentu bat eskatu genien sindikatuek patronalari eta Aldundiari. Dokumentu horretan, aurreko urteetako atzerapen guztiak erregularizatzeko konpromisoa hartzen dute hitzarmena argitaratu eta hurrengo hilabetean, gehienez ere.
Gaur egun, 10 entitatetatik 8k sinatu dute eskatzen dugun idazkia. Dagoeneko bi negoziazio-mahai utzi ditugu bertan behera, azken bi astelehenetan. Sinadurarik ez dagoenez, bertan behera utzi dira bilerak.
Onartezina da azken hilabete hauetan Aldundia zuzenean sartu izana hitzarmen honen negoziazioan, negoziazioan inplikatuta ez dagoenean. Zer balio du sinatutako aurreakordio batek eta sinatuta dagoen hitzarmen batek, Aldundiak edozein unetan blokeatu edo baliogabetu badezake? Non geratzen da delegatuek eta sindikatuek negoziatzeko dugun eskubidea?
Horregatik guztiagatik, sektoreko sindikatuok esan dugu nahikoa dela adarra jotzea, eta, beraz, bihar, martxoak 1, asteazkena, 12:00etan, komunikabide guztiak deituko ditugu probintziako plazan, prentsaurreko bat emateko eta sektoreak datozen asteetan egingo dituen ekintzak azaltzeko.
Prentsaurrekoarekin batera, sektoreko langileen kontzentrazio zaratatsu bat egingo da; izan ere, ordu berean, Emilio Sola diputatuak agerraldia egingo du gai honi buruzko azalpenak emateko.