2024-04-19
HomeEkintza SindikalaLabanak Eskuan aurkeztu dugu, Gipuzkoako ostalaritzako langileen defentsarako plataforma berria

Labanak Eskuan aurkeztu dugu, Gipuzkoako ostalaritzako langileen defentsarako plataforma berria

Gaur, 2023ko ekainaren 5a, LAB eta ESK sindikatuok agerraldia egin dugu Labanak eskuan plataforma langileei eta herritarrei aurkezteko asmoz.

Zergatik eta zertarako jaio da Labanak eskuan? Bada, 2023ko apirilaren 21ean Gipuzkoako Ostalaritzako Hitzarmen berria sinatu genuen LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok. Negoziaketa eta hitzarmen horren inguruan, LAB sindikatutik gure iritzia argi utzi nahi izan genuen: poztasunez hartu genuen Hitzarmen berriaren sinadura; izan ere, aurreko Hitzarmenak 2010.urtean galdu zuen indarraldia eta, geroztik, sektorea arautu gabe egon da.

Jakin badakigu askotarikoak izan direla sektoreko langileek jasan behar izan dituzten abusuak: askok eta askok lan-kontraturik gabe egin izan dute lan, legezko lanaldia baino ordu gehiago sartuz, lanaldien arteko 12 orduko atsedena errespetatu gabe, behar bezala kobratu gabe, etab. Abusu horren adibide garbienetako bat urte hasieran ezagutu genuen, lan-esplotazio egoera baten berri eman zutenean komunikabideek.

Garai horretan, LAB eta ESK sindikatuak izan ginen egoera hori salatzera irten ginen sindikatu bakarrak eta, oraingo honetan ere, asmo berdinarekin gatoz: Argi dugu ostalaritza, izatez, sektore prekarizatua dela eta urteetan zehar Hitzarmenik ez egon izanak
prekaritate hori betikotu izan duela. Hortaz, Hitzarmen berriagatik poztu arren, jarrera kritikoa ere badugu: hitzarmen berriarekin eta langileen lan-baldintzak egungo errealitatera moldatuz, sektorea nolabait duintzea lortu dugula uste dugu. Aldiz, ezinbestekoa iruditzen zaigu Hitzarmen berriak eskaintzen duen arauketa osotasunean aplikatzen dela ziurtatzea; hau da, hitzarmen berriaren sinadura egitate eraginkorra bilakatu nahi dugu.

Helburu horrekin sortu dugu ‘’Labanak eskuan’’. LAB eta ESK sindikatuok kudeatuko dugun plataforma honen bidez, Hitzarmen berriaren aplikazio ezak sorraraz ditzakeen egoera ilegal eta irregularrak salatu nahi ditugu eta, bide batez, Lan Ikuskaritzaren jardun eraginkorra eskatu nahi dugu.

Egoera ezberdinei modu koordinatuan erantzun ahal izateko, protokolo bat gauzatu dugu. Bertan jaso dugunez, baliabideak sortu ditugu langileek gurera jo ahal izan dezaten: sare sozialak eta harremanetarako kontaktuak erraztuko ditugu eta, kasuan kasu, aproposen iruditzen zaigun irtenbidea eskainiko diogu egoera bakoitzari.

Hau da, Gipuzkoako Ostalaritzan lan egiten duten pertsonek gugan babesa eta euskarria topatu ahal izan dezaten nahi dugu. Edozein motatako egoeraren aurrean, bi sindikatuak eta elkarlanean sortutako plataforma langileak laguntzeko tresna izango
dela azpimarratu nahi dugu.

Beraz, hasieran aurreratu bezala, prentsaurre- koaren helburua horixe da: langileriari eta herritarrei gure plataforma aurkeztea.

Hau eginda, azken mezu bat helarazi nahi diegu sektoreko langileei: aurrerapausoak ematen jarraitzeko, denon parte hartzea ezinbestekoa da. Hortaz, Gipuzkoako ostalaritzan lan egiten duzuen guztioi antolatzeko deia luzatzen dizuegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.