2024-04-25
HomeEkintza SindikalaArduradunaren kudeaketa penagarriaren ondorioz Nafarroako Hezkuntza departamentuko atal batean bizi den egoera...

Arduradunaren kudeaketa penagarriaren ondorioz Nafarroako Hezkuntza departamentuko atal batean bizi den egoera jasanezina salatzen dugu

Arduradunak bere ataleko langileak tratatzeko aspalditik duen moduak lan giroa guztiz jasanezin bihurtzera eraman du. Horren ondorioz, lantokia lan-indarkeria normalizatzeko toki ezin egokiagoa bihurtu da.

Aurreko hilabeteetan, Hezkuntza Departamentuko zerbitzu jakin bateko langileek bereziki larria iruditzen zaigun informazioa helarazi zioten LABi. Prebentzio-sistemaz fidatuta, langile horiek Prebentzio Atalak egindako Arrisku Psikosozialen Ebaluazioan parte hartzera animatu genituen. Baina emaitzak ezagutu ondoren, oraindik ere bere horretan dirauen egoera penagarri hori salatzeko beharrean aurkitzen gara.

LABetik, gure kezka eta ezinegon sakona adierazi nahi dugu Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko arduradunak bere eguneroko lanean erakusten duen jokabideagatik: errespetu-faltak, arbitrariotasuna eta gaitzespen publikoak, bere menpeko langileen aldartean, osasunean eta lan egiteko moduan eragina dutenak.

Pertsona hori oso gaizki antolatzen ari da lana: profesional batzuk lanik gabe utzi ditu, hezkuntza-inguruneetako hirugarren pertsonekin hartutako konpromisoak betetzea eragozten duten debeku batzuk ezarri ditu, eta, are gehiago, lanpostu batzuen kokapena aldatu du inolako azalpenik eman gabe.

Komunikazioa erabat autoritarioa da, eta ez du biderik ematen taldearen ekarpenak, iritziak, irizpide desberdinak edo proposamenak jasotzeko. Langileek jasotzen duten tratuak ere ez ditu pertsonen arteko harreman onak sustatzen, elkarri laguntzea mugatzen duelako eta diskriminazioa eragiten duelako gune edo elementu komunitarioak erabiltzeko orduan.

Horrek guztiak laneko giroa zakartu baino ez du egiten, eta, beraz, baita zerbitzuaren kalitatea ere. Zuzendaritzak aspalditik erakusten duen euskararekiko mespretxuak lanpostu tekniko batzuk kentzea ekarri du, eta orain, horri gehitu behar zaio geratzen zen lanpostu tekniko bakarra ataletik kanpo atera dutela. D ereduko ikastetxeek aholkularitza eta laguntza ona zuten orain arte, Euskara Ataleko langileen ezagutza profesional handiari esker, baina azken aldaketa horien ondorioz, gaur egun batere babesik gabe geratu dira.

LABetik Hezkuntza departamentuari exijitzen diogu lehenbailehen har ditzala goian deskribatutakoen bidetik doazen jokabide guztiak geldiarazteko eta baztertzeko behar diren prebentzio-neurriak. Lantoki seguru eta erakargarri bat izateko, ezinbestekoa da giza harreman osasuntsuekiko eta lan giro onarekiko konpromisoa hartzea, eta, horrekin batera, langileen parte-hartzea errazten duen eta haien ahalegina aintzat hartzen duen errespetuzko tratua ematea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.