2026-08-06
HomeEkintza Soziala“Sindikatu gisa gai izan behar gara langile migratu edo arrazializatuen eskubideen defentsarako...

“Sindikatu gisa gai izan behar gara langile migratu edo arrazializatuen eskubideen defentsarako nahiz antolakuntza kolektiborako tresna erabilgarriak sortzeko”

Sindikatuak arrazakeriaren aurkako estrategia aurkeztu du Bilbon, eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Idazkaritza Antirrazista sortu berriaren arduradun Josefina Txefi Rocok, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, Huerta de Peraltako enpresa komiteko presidente eta LABeko ordezkari Houssine Yagoubik, eta Jannet Carmonak, garbiketa sektoreko ordezkaria Bilbon. Azken bi horiek beren lekukotzak partekatu dituzte LAB osatzen duten beste hainbat pertsona arrazializatu edota migratzaileen izenean.

LABek Idazkaritza Antirrazista sortzea erabaki zuen 2022ko ekainean, azken Biltzar Nagusian, sindikalismo berri baten aldeko apustuaren baitan.

Pertsonen administrazio-egoera, arraza edo erlijioa, besteak beste, egunero erabiltzen dira langile migratuen edota arrazializatuen eskubideak urratu, diskriminatu eta xantaia egiteko. Horrela, sistema kapitalista-kolonialak eta patriarkalak lehen, bigarren edo hirugarren mailako subjektuak sortzen ditu, eta desberdintasun horietatik etekinak ateratzen ditu, langileen artean lehia faltsuak sorrarazten dituelarik.

LABek pertsona guztiek eskubide eta aukera berberak izan beharko lituzketela defendatzen du. Beraz, sindikatu gisa, egoera horiek guztiak ondo irakurtzeko gai izatea eta langile migratuen edota arrazializatuen eskubideak eta antolaketa kolektiboa defendatzeko tresna baliagarriak sortzea du helburu. Zor koloniala konpontzen laguntzeko ez ezik, lankide horiek Euskal Herrian ekarpen sozial eta politiko handia egiten dutelako eta hori aitortu eta balioetsi behar dela uste duelako hartu du bide hori LABek.

Bada, aurkezpenean azpimarratu dutenez, LABen sindikalismo berria ez litzateke posible izango Huerta de Peraltako lankideen, etxeko langileen atalekoen, banaketa-plataformetakoen, garbitzaileen eta beste askoren ekarpenik izan ezean.

LAB sindikatuak arrazakeriaren aurkako sindikalismoa jorratzeko plan estrategiko bat dauka jada, prozesu kolektibo baten emaitza izan da eta lau dimentsio nagusi jorratuko ditu modu integralean:

1.- Kontzientzia sindikal antirrazista: Kontzientzia sindikal antirrazista garatzea da aurreiritzien, joeren eta arrazakeriaren presentzia identifikatzen zein eguneroko praktiketan halakoak desmuntatzeko lagungarri diren tresnak izateko lehen urratsa. Horrek LAB osatzen duten pertsona guzti-guztiak inplikatzen ditu. Aldi berean, subjektu politiko gisa migratutako eta arrazializatutako langileek LABen barruan elkartzeko, artikulatzeko eta aitortzeko lekua izan dezatela ahalbidetuko da, sare propioa sortu ahal izateko eta, hala, sektore, lurralde eta borroka guztietan ikusgarritasun eta bozeramailetza handiagoa izateko.

2.- Antirrazismoa sindikatu osoaren baitan: Antirrazismoak gai zehatzetan izan behar du isla: egituran, antolaketan, funtzionatzeko moduetan… Hala, hainbat gai berrikusi eta egokitu beharko dira langile migratuen eta arrazializatuen irisgarritasuna, presentzia eta parte-hartzea errazte aldera. Horretarako, gainera, prestakuntza politiko eta teknikorako prozesuak eta materialak sustatuko dira, antirrazismoa ezarri eta aurreiritziak, pribilegioak, beldurrak eta erosotasun-eremuak detektatu eta desmuntatzeko.

3.- Ekintza sozio-sindikal antirrazista: Ekintza sozio-sindikal antirrazista bultzatzea, langile horien baldintza eta errealitate zehatzetatik abiatuta, beraiek izango baitira protagonista, borroka eta antolaketa kolektiborako modu berriak birsortuz eta esploratuz.

4.- Eragin soziala eta politikoa: LABek ekarpen sozial eta politikoa egin nahi du guztiontzako eskubideak eta aukerak izango dituen Euskal Herria eraikitzeko. Ildo horretan, proposamenak egin eta neurri politikoak exijituko ditu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan baldintzek hil egiten dute

Gaur jakin dugu, atzo, Azkoitian gertatutako lan istripu traumatiko batean, 44 urteko J.A.A.T. basogintzako langilea hil zela, lanean ari zela enbor bat gainera erori...

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko

Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa...

Greba egingo dute abuztuaren 14tik 16ra Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde

Abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...