2024-04-22
HomeEkintza SindikalaSalatzen dugu EAEn ikasleak onartu eta eskolaratzeari buruzko prozesu berrian administrazioak aldebakarrez...

Salatzen dugu EAEn ikasleak onartu eta eskolaratzeari buruzko prozesu berrian administrazioak aldebakarrez eta gardentasunik gabe jokatu duela

EAEko ikasleen onarpenari eta eskolaratzeari buruzko dekretu berriak eta honetatik eratortzen den aginduak 2023/24 ikasturterako ikasleak onartu eta eskolaratzeari buruzko berrikuntzak dakartza. Zehazki, ikasle zaurgarrientzako eskainiko diren plazei eta hauen banaketari dagokionez. LABeksalatu nahi du Hezkuntza Sailak prozesu honen hasieran aldebakarrez jokatu duela eta ez diela sindikatu eta hezkuntza komunitatearen eskaerei inolako kasurik egin. Batetik, eragin eremuak definitzean aurkeztu diren alegazioei muzin egin diotelako, eta bestetik, herrialdeetako berme batzordeetan banatu den dokumentazioan gardentasun eta irizpide bateraturik gabe aritu direlako. Gure ustez, onarpen dekretuak eta bertatik eratortzen diren aginduek hezkuntza sistemaren antolaketa norabide berri batean kokatzeko baliatu beharko lirateke. Horregatik, hurrengoa aldarrikatzen du:

• Eskola publikoa ardatz izatea. Eragin eremuetan eskola publikoaren eskaintza egon eta lehenetsi behar da beharrezko baliabide eta inbertsioak eginez. Ikasle guztiek plaza publiko baterako duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea eskatzen dugu. Auzoko edo herriko eskola publikoko eskaintzak egiten duen gelen arabera mugatuz gainerako plazen eskaintza eta egun dagoen gain eskaintza murrizten hasi.


• Hezkuntzaren alorrean segregazioari aurre egiteko, eskolaratze prozesuak herrika garatzea, tokian tokiko errealitateari egokituta, matrikulazio bulego bakar eta loteslearen bitartez eta kontrol neurri egokiak ezarriz, besteak beste, matrikulazioan egon daitezkeen irregulartasunak ekiditeko. Norabide horretan, hurrengo ikasturtetik aurrera osatuko liratekeen tokiko berme-batzordeetan administrazioek (Hezkuntza Sailak eta udalek) aldebakarrez jokatu ez dezaten exijitzen dugu.

• Zaurgarrienak diren ikasleentzat erreserbatutako plazei buruz, bestelako neurriak hartzea:

o Plazen erreserba 2 urteko mailan egingo da soilik. LABen ustez erabaki hau ez da nahikoa segregazioari aurre egiteko, izan ere, 16 urte pasa beharko dira etapa eta maila guztietan eragina izan dezan. Uste dugu plazen erreserba irakaskuntzako etapa desberdinen hasieran ere egin beharko litzatekeela, ez baita ziurra 2 urteko mailan matrikulatzen den ikasle batek ibilbide osoa ikastetxe berean egiten duenik, are gehiago derrigorrezko eskolaratzea 6 urte arte ez denean, eta beraz, hurrengo ikasmailetan sortzen diren desorekei aurre egiteko ez da neurririk proposatzen.

o Zaurgarrienak diren ikasleentzat erreserbatutako plazen ehunekoa eragin-eremuko ikastetxe guztietan parekatzeari begira, eragin-eremuak berrantolatu dira. Helburuarekin bat egiten badugu ere, eragin-eremuak handitzearekin ez gaude ados, izan ere, ekar lezake ikasle zaurgarri bat berea ez den herri/auzo batera desplazatua izatea. Honek eragin negatiboa dakar bizilekua duen tokian sozialki saretzeari begira, eta bestalde, bermatu beharko litzateke desplazatu ahal izateko baliabideak eskaintzen zaizkiola, ez dadin izan familiarentzat karga gehigarri bat.

o Bizilekutik gertuen dagoen ikastetxeari dagokionez puntuazioa handitzen da. Bat egiten dugu honekin, baldin eta ikasle orok D ereduan ikasteko duen eskubidea galtzen ez bada. Gertatuko balitz gertuen dagoen ikastetxe horretan D ereduko eskaintzarik ez dagoela, ikastetxe horrek ez luke punturik eman beharko, bestela ezinezkoa da auzo eta ikasleen euskalduntzean aurrera egitea. Hain zuzen ere, helburu horretan aurrera egiteko, murgiltze eta mantentze eredu orokor eta inklusiboan oinarritutako hezkuntza-sistemaren aldeko apustua egiten du LABek, eta beraz, egungo errealitateari erantzuten dion behin-behineko neurri gisa ulertzen dugu eskatzen dugun hau.

• Euskara segregaziorako elementu ez bihurtzea. Egungo hizkuntza ereduen sistema mantenduz, ikasle zaurgarriak banatu nahi dituzte. Hizkuntza ereduen sistemarekin ikasle askori euskaraz ikasi eta bizitzeko aukera ukatu egiten zaie, horregatik, gure ustez, eragin eremuan D ereduko eskaintza nahikoa egon beharko litzateke, euskara murgiltze eta mantentze eredu orokor eta inklusibo bat lortu bitartean.

• Norabide berean, eragin eremu guztietan laikoa den eskaintza egon beharko litzateke, izaera erlijiosoa segregaziorako iturri bihurtu ez dadin. Horregatik, uste dugu hezkuntza-sisteman funts publikoak jasotzeko ezinbesteko betebeharra dela laikotasun erreala.

• Matrikulaziorako baremazioari dagokionez neurri gehigarriak ezartzea. Hurbilekoa indartzeko ematen den puntu gehigarria ez nahikoa dela deritzogu eta kooperatibako kideei ematen zaizkien puntuak kendu beharko liratekeela. Bestetik, haurreskolak zein udal haur eskolak eskola maparen baitan txertatzea eskatzen dugu.

Bukatzeko, salatzen dugu Hezkuntza Sailak eskolaratze premia errealetara egokitu eta gain eskaintza eta azpi eskaintza kontrolatzeko mekanismo gisa aurkeztu duela prozesu hau. LABen iritziz, nekez egokitu daiteke hezkuntza-sistema eskolaratze premia errealetara, jaiotze-tasa beherakada dagoen testuinguruan pasa den ekainean argituratu zuten ituntze aginduak aurreko bi ikasturteetako matrikulazioa mantentzeko aukera eskaini duenean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.